Eusko Jaurlaritzak Euskadiko memoria hurbilari buruzko Herenegun! Hezkuntza programaren materialak aurkeztu ditu Historia irakasgairako

Argitalpen-data: 

Helburua da ikasleek Euskadin izandako konbultsio eta indarkeria handiko aldi bat ulertzea, aldi horri buruz gogoeta egitea eta berriro errepikatu ezin dela ulertzea

Materialak ikus-entzunezko 5 pieza ditu, eta eduki espezifikoak dituzten koadernoekin osatzen da

Azaroaren 16ra arte egin ahal izango zaizkio ekarpenak aurkeztutako dokumentazioari

Ikasturteko azken hiruhilekoan esperientzia pilotu bat jarriko da abian DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleekin

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin den prentsaurrekoan, aurkeztu dituzte Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak “Herenegun!” hezkuntza-programaren materialak. Programa horrek, Euskadiko memoria hurbila (1960-2018) jorratuko du Historia irakasgaiaren bidez.

Ekimenaren helburuetako bat da ikasleei laguntzea Euskadiren historia hurbileko konbultsio eta indarkeria handiko aldi hori ulertzen. Baliabideak eskaini nahi ditu ikasleek beren buruari galde diezaioten iraganeko gertakari horiek nola eta zergatik gertatu ziren eta zer eragin duten orainean, eta, era berean, bultzatu nahi du ikasleek beraiek galdera horietarako erantzunak bila ditzaten.

Memoria hurbilari buruzko gogoetak dimentsio etiko argia du, baina, hezkuntzaren ikuspuntutik, zalantzarik gabeko dimentsio historikoa du, eta hori ere islatu beharko da, adierazi du Maite Alonsok. Gaur egun, euskal hezkuntza-curriculumean Memoria Historikoaren aldia aztertzeko materialak eta programazioak daude; alabaina, ez da gauza bera gertatzen Memoria Hurbilarekin. Hori dela eta, “Herenegun!” programak “hutsune hori bete nahi du”, adierazi du Alonsok.

Jonan Fernándezen iritziz, “zeregin horri ekitea lan zaila bezain beharrezkoa da”. Aditzera eman du iraganari beldurrik gabe begiratu behar zaiola, “gertatutakoaz ikasteko” prestasunez eta “berriro errepika ez dadin”. Iragan hurbil horretarako begirada horrek “konpromiso demokratiko bikoitza” du abiapuntu: pluralismoa eta giza eskubideak. Pluralismoa: azken 58 urteetan gertatutakoak irakurketa eta interpretazio pluralak ditu. Giza eskubideak: pluralismoaren baieztapen horrek muga bat du, giza eskubideen urraketa bakar batek ere ezin du legitimaziorik edo justifikaziorik izan.

UNITATE DIDAKTIKOAREN EDUKIAK: IKUS-ENTZUNEZKOA ETA TESTUAK

Unitate didaktiko hau “Oinatz galduak” seriean oinarritzen da. Ordubeteko bost dokumental dira, hamarkadaka antolatuta, 1960. urtetik 2011. urtera. Serie hori 2016an estreinatu zen, eta aurreko legegintzaldian EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak hartutako lankidetza-akordioaren emaitza izan zen. Ikus-entzunezko produktu horrek Juan Pablo Fusiren, Mari Carmen Garmendiaren eta Mariano Ferreren argitalpen-aholkularitza izan zuen. Bost orduko iraupena duen dokumentala gehiegizkoa izan daitekeenez gero, batik bat hezkuntzan erabiltzeko, 20 minutuko bost kapituluko bertsio laburtua ari da prestatzen. Bost orduko iraupena duen dokumentala gehiegizkoa izan daitekeenez gero, batik bat hezkuntzan erabiltzeko, 20 minutu inguruko bost kapituluko bertsio laburtua prestatu da, hiru pertsona horiek gainbegiratuta. Dokumentalak: https://goo.gl/DVsq1e.

Ikus-entzunezko produktuaz gain, Herenegun! programak bost koaderno ditu:

1go. koadernoa. Irakasleentzako oinarri-testua. 1960. urtetik aurrerako Euskadiren historiaren 10 orrialdeko laburpen bat da. Izenburu hau du: “ETA, euskal testuinguru soziopolitikoan: sintesi historikoa, 1960-2018”. Koaderno horrek sarrerako esparrua eskainiko dio irakasleari, ikuspuntu historiografikotik. Gainera, datuak, kronologiak eta informazio osagarriak eskainiko dituzten eranskinak ditu.

2go. koadernoa. DBHko 4. mailako Historia irakasgaiaren barruan lan egiteko plana. Lan-proposamen erraz eta bideragarria eskaintzen du, gai honi 55 minutuko sei saio eskaintzea aurreikusten duena. Bost saio dokumental bakoitzarekin lan egitera zuzenduko dira, eta seigarrena ondorioetara eta ebaluazioetara zuzenduko da.

3go. koadernoa. Batxilergoko 2. mailako Historia irakasgaiaren barruan lan egiteko plana. 55 minutuko sei saiotan egin daitekeen lan-proposamena egiten du; alabaina, ikuspuntu pedagogikotik ñabardurak ditu, adinaren eta ikaskuntza-prozesuaren arabera egokitzen baitira.

4go. koadernoa. Dokumentazio osagarria. Koaderno honek irakasleentzat erabilgarriak izan daitezkeen bestelako testuak eskaintzen ditu.

Herenegun! programak 1960 eta 2018 arteko aldia du aztergai, ETA egon zen aldia hain zuzen ere. Aldi hori aztertzean, ikuspegi bikoitza erabiltzen du: batetik, ETAren historia; eta, bestetik, Euskal Herriko testuinguru soziopolitikoaren bilakaera. 58 urte horietan euskal gizarteak izan duen bilakaerak bizitza propioa du, eta besterik gabe azal daiteke. Ekonomiak, gizarteak, instituzionalizazioak eta abar haien bidea egin dute, ETA gorabehera, baina bide hori ezin da deskribatu ETAren baldintzapena kontuan izan gabe. Ideia hori 1. koadernoaren azken paragrafoetan islatzen da.

HURRENGO URRATSAK

Hemendik aurrera prozesu honi jarraituko diogu material horrekin:

  1. Materiala gaur bidaliko zaie Legebiltzarreko talde guztiei, Euskadiko Eskola Kontseiluari, “Gizalegez” akordioa sinatu zutenei, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluari eta Bizikidetza eta Giza Eskubideen Planaren Aholku Batzordeari.
  2. Gaurtik azaroaren 16ra arteko epea zabaldu da material honetarako ekarpenak jasotzeko.
  3. Azaroaren 17tik urtarrilera bitartean, Eusko Jaurlaritzak ekarpenak txertatzeko aukera aztertuko du.
  4. Materiala urtarrilaren amaierarako egongo da prest.
  5. Une horretatik aurrera, ikasturteko azken hiruhilekoan (apirila/ekaina) esperientzia pilotua 8 ikastetxetan, gutxi gorabehera, abian jartzeko lan egingo da. Ikastetxe horiek ikastetxe publikoen eta itunduen artean aukeratuko dira (DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan jarriko da abian).
  6. Eusko Jaurlaritzak, 2019ko bigarren seihilekoan, ebaluatuko du esperientzia pilotua eta esperientzia pilotu horren arabera zuzendutako materialak, ondoren hezkuntza-sistemaren osotasunera hedatzeko.

Material hori hezkuntza-tresnen eraikuntza ordenatuko prozesu batetik sortu da, eta lau erreferentzia ditu: (1) Heziberri 2020 Plana, Historia irakasgaiaren oinarrizko ildoak ezartzen dituena; (2) 2013-16 aldirako Bake eta Bizikidetza Planaren kanpo-ebaluazioa, zeregin horri ekitera gomendatzen duena; (3) Gogora institutuaren jardun-plana, aurreikuspen hori bera barnean hartzen duena; eta (4) Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren hezkuntza-programa osagarria, material hau prestatzeko konpromisoa barnean hartzen duena.