Euskaraldia: Herriek parte hartzeko izen-ematea zabalik

2018.eko otsailak 21

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzeko herrien izen-ematea zabalik dago. Euskal Herri osoan aldi berean abiatuko den euskararen aktibaziorako egitasmoaren lehen izen-emate fasea aurkezteko, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bildu dira Arrate Illaro, Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, eta baita dagoeneko izena eman eta martxan diren bi herritako ordezkariak ere: Sonia Rodriguez, Arrigorriagako Udaleko euskara zinegotzia eta Karmelo Ayesta, Arrigorriagako Euskarak 365 Egun batzordeko kidea, eta Nekane Iribar, Zarauzko udaleko euskara zinegotzia eta Maite Egiguren euskaltzalea. Bertan izan dira baita ere Mikel Arregi, Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Josu Labaka, UEMA-ko lehendakaria, eta Aitor Aldasoro, Eudeleko ordezkaria.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz 2017ko azaroaren 23an aurkeztu zenetik, egitasmoa herrietan aurkeztu eta lanari ekin ahal izateko batzordeak sortzen ari dira. Batzordeak elkarlanetik loratutakoak dira, izan ere Euskaraldia: 11 egun euskaraz aurrera atera dadin, herrietako erakunde publikoak, euskalgintzako eragileak, zein bestelako erakunde eta entitateek elkarrekin lanean ari dira. Komenigarria da apirilaren 8a baino lehen herrien izen-ematea egitea, baina ez da beharrezkoa batzordea sortua egotea izena eman ahal izateko.

Herriz herri batzordeak sortzen eta antolatzen hasiak direla nabarmendu du Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak. Bi ezaugarri azpimarratu ditu sortzen ari diren batzorde horietan: aktibazio sozialerako proposamena garatzen ari direla, batetik, eta tokian tokiko eragile publiko eta gizarte eragileen arteko elkarlanerako eremu izaten ari direla. Batzorde hauen egiteko garrantzitsuetako bat Euskaraldia tokiko egoera soziolinguistikora egokitzea da. Tokian tokiko egoerara egokitzeko proposamenen artean, UEMAk herri euskaldunetarako egindakoa aipatu da eredu modura.

Orain arte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriak daude izena emandakoen artean, baina Ipar Euskal Herrian ere Euskaraldiarekin bat egingo duen dinamika abiatuta dago jadanik. Gaurko prentsaurrekoan, bi herritako batzordeetan ari diren ordezkariek parte hartu dute, herri horietako dinamiken berri emateko. Beste herri askotan gertatzen ari diren prozesuen adibide direla azpimarratu dute Euskaraldiko koordinatzaileek.

Zarautzen udalak eta hainbat euskaltzalek elkarlanean abiatutako prozesu parte hartzaile baten ondoriotako bat izan da Euskaraldiaren antolaketarako eratu den gunea. Euskaltzaleak antolatuz batera aritzeko beharretik eta euskararen erabileran eragiteko kezkatik sortu da herriko dinamika. Euskaraldia prestatzeko dinamizatzailea hasi da jadanik lanean Zarautzen.

Arrigorriagan azken bi urteetan egindako aktibazio ekimenari jarraipena emango dio aurtengo Euskaraldiak. Horrela azaldu dute eratu berri den Euskarak 365 egun batzordeko kideek eta herriko euskara zinegotziak.

Herrien izen-ematea amaitu ondoren, udaberrian, euskaltzale eragile bila egingo du 
Euskaraldiak eta ahobizi zein belarriprestak ezagutzeko aukera izango dugu, hurrengo pausoa izango baita, irailaren 20an, alegia, udazkenean, herritarren izen-ematea abiatzea.

Hurrengo urratsen berri emanez amaitu du prentsaurrekoa Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak.

  • Urtarrilaren 24a eta apirilaren 8a artean zabalik dago herrien izen-ematea.
  • Martxoaren 14an egingo da Nafarroan Euskaraldiaren aurkezpena.
  • Martxoaren 17an Ipar Euskal Herrian aurkeztuko da Euskaraldia.
  • Martxoaren 17an, era berean, herrietako batzordeen mintegia egingo da Bilbon.
  • Irailaren 20tik aurrera abiatuko da herritarren izen-ematea.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3a bitartean abiatuko da. Egitasmoaren helburua hizkuntza ohiturak aldatzeko eta inertziak astintzeko ariketa soziala da. Egitasmoaren protagonistak herritarrak izango da eta hizkuntzaren jakintza mailari lotutako bi rolen arabera parte hartu ahal izango dute: belarriprest eta ahobizi.

Elkarlanetik abiatutako egitasmoa da Euskaraldia, Euskal Herri osoko erakunde publikoak, euskalgintzako eragileak, hau da, herritarrak, zein bestelako erakunde eta entitateen lan eta gogoarekin ari da aurrera egiten eta dinamika berdina da Euskaraldiak herrietarako proposatzen duena.