"Visesa Europako hego-mendebaldeko egurrezko eraikin handiena egiten ari da Hondarribian eta eraikuntza iraunkorreko erreferente bihurtu da

IMG_0413.JPG

2017.eko martxoak 29

 

  • Arriola sailburuak adierazi du etxebizitza publikoko eraikuntza “kalitatearekin eta berrikuntzarekin erabat bateragarria dela, bai eraikuntzako teknikei dagokienean, bai isolamenduarekin, energia-eraginkortasunarekin eta, oro har, bizigarritasunarekin zerikusia duen guztiari dagokionean”.
  • Babes ofizialeko etxebizitza hauetan erabilitako teknikak ingurumeneko iraunkortasuna eta energia-aurrezpena laguntzen ditu, eta eraikitzeko epeak murriztu ditzake.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Vivesa sozietate publikoa Hondarribian egiten ari den egurrezko etxebizitza-blokea bisitatu du gaur goizean. Material hau erabiliz Europako hego-mendebaldean inoiz egin den bizitegi-eraikin handiena eta altuena da. Bisita honen bitartez, teknologikoki aurreratua eta ingurumenari dagokionean iraunkorra den eraikuntzako elementu gisa egurraren alde Visesak egindako apustuari balioa eman nahi izan dio Arriola sailburuak. Bertan, hauxe adierazi du: “kalitatearekin eta berrikuntzarekin erabat bateragarria da, bai eraikuntzako teknikei dagokienean, bai isolamenduarekin, energia-eraginkortasunarekin eta, oro har, bizigarritasunarekin zerikusia duen guztiari dagokionean”.   

Babes ofizialeko 65 etxebizitzako proiektu hau Vivesak sustatu du, EKINN arkitektura-estudioa, Moyua eraikuntza-enpresa eta egurraren Habic Klusterra bezalako Euskadiko beste hainbat erakunderen laguntzarekin. Bi bloke ditu, bata saltzeko dauden babes ofizialeko 32 etxebizitzez osatua eta, bestea, alokairu-erregimeneko 33 etxebizitzez osatua. Hauetatik 15 Hondarribiko Udalari entregatuko zaizkio lurzorua utzi izanaren konpentsazio gisa, eta gainerako 18ak Alokabidek eskuratuko ditu alokairu sozial gisa erabiltzeko.

Eraikinak hormigoi armatuko egituraz egindako lurpeko 2 garaje-solairu eta behe-solairu komertzial bat ditu. Goiko lau solairuetan eta estalkietan egurra era integralean erabili da (hormak, forjatuak, eskailerak…) egur kontralaminatuko panelak (CLT) ezarriz. Mota honetako eraikuntzetan elementu guztiek —horma nagusiek, fatxadek edo barruko banaketek— kargen transmisioan parte hartzen dute eta multzoaren egonkortasuna lortzeko txarrantxatze-funtzioak hartzen dituzte.

Panelak fabrikatzeko eta muntatzeko prozesua industriala da eta Egoin euskal enpresak burutu du Eako bere fabrikan, obratik oso hurbil. Guztira, inguruko basoetatik hartutako radiata pinuko egur kontralaminatuko 2.200 m3 erabili dira. Egurrezko eraikuntza industrializatuen muntaketak oso denbora laburrean egiteko aukera ematen du, klimatologia bezalako aldagaiek eragindako desbideratzeak minimizatuz. Hondarribiko eraikinaren kasuan, egurrezko panelak fabrikatzeko, muntatzeko, garraiatzeko eta ipintzeko prozesuari esker, obraren exekuzioa lau hilabetetan murriztu da.

Panelak instalatzeko fasea amaitu ondoren, panel horiek igeltsuzko plakekin estaliko dira. Hortaz, egurra ikusiko ez den arren, hezetasuna erregulatzea edo airea garbitzea bezalako arlotan antzemango dira haren onurak.  

Bestalde, eraikuntzaren ikuspegitik baldintza tekniko guztiak ondo betetzeaz eta ekonomikoki lehiakor izateaz gain, erabilitako sistemak, ingurumenaren ikuspegitik, beste abantaila asko eskaintzen ditu.

Euskadiko basoetatik jasotako eta bertan fabrikatutako material berriztagarria (laborantzako egurra) da. Horrenbestez, fase guztietan energia aurrezten da, eta ekonomia zirkularra —erabilitako egurraren hondakinak biomasa gisa erabiltzen dira— eta iraunkortasuna ekartzen ditu. Kontuan hartu behar da egurra dela eguzkiarekin eta atmosferatik CO2 xurgatuz fabrikatzen den material bakarra. Gainera, berriztagarria da eta industriarako erabil daiteke, eta gure lurraldean asko dago. Bestalde, bertako materiala erabiliz, lehen sektorea eta tokiko ekonomia indartzen dira.

Aldi berean, eraikin honetan esperimentatzen ari diren egurra erabiliz egindako eraikuntzak obra garbiagoa izatea eragiten du, ur kontsumoa murriztu egiten delako. Izan ere, egurrezko panelen bidez egindako obra erabat lehorra da. Gainera, egurrak hezetasuna erregulatzen du, eta normalean hormigoi armatuko eraikuntzetan gertatzen den ‘Faraday kutxa’ efektua saihesten du. Era horretan, bertan bizi direnen osasuna eta ongizate-sentsazioa hobetzen dira.

Eta oso emaitza onak ditu erresistentziari, isolamenduari eta energiaren kontsumoari dagokienean. Azken alderdi horri dagokionean, eraikina passivhaus estandarretatik —ia energia-kontsumorik gabe— oso hurbil dago.

Hondarribiko eraikinak izugarrizko ikusmina eragin du eraikuntzaren sektorean eta arkitekturaren arloan. Horregatik, obrara bertara bisita informatibo ugari ari dira antolatzen. Gainera, teknika berarekin eraikitzen ari diren beste eraikin batekin —Kanadako Vancouverren kokatutako Columbia Britainiarreko Unibertsitateko ikasleentzako egoitza bat— alderatzeko azterketa baten barruan dago bloke hau.