Terrorismoaren biktimenganako errekonozimendu eta elkartasun ekitaldiak gizarteko parte hartze anitza izango du
2017.eko martxoak 08
Ekitaldia lau orduko elkarretaratze bat izango da, 9:00etatik 13:00etara, ostiralean Vitoria-Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan
Eusko Jaurlaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde terroristen biktimei elkartasuna eta aitorpena erakusteko ekitaldi bat antolatu du datorren ostiralerako, martxoak 10. Helburua da gizartearen eta erakundeen batasuna ikusgai egitea biktimentzat. Helburu horrekin, gizarteko hainbat sektorek hartuko dute parte. Ekitaldi hau Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta antolatu da.
Ekitaldia lau orduko elkarretaratze bat izango da, 9:00etatik 13:00etara, Vitoria-Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan. Lau ordu horietan zehar, erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkaritza izango dira elkarretaratzearen buru, hamabost minutuko txandak eginez.
Lehenengo txandako burua Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza izango dira. Hortik aurrera, barruan idatzi bat daraman lekuko bat txandaz-txanda pasako da ordezkaritzen artean. 13:00etan, mezuaren edukia irakurriko da. Mezua irakurriko duen pertsona Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren presidente José Luis de la Cuesta izango da.
Terrorismoaren biktimen elkarteetako biktimek eta ordezkariek lau ordutan zehar hartuko dute parte nahi duten txandan. Honez gain, gizartea gonbidatuta dago ekitaldian parte hartzera lau orduetako edozein momentutan.
Parte hartzeko txandak
Ordutegia |
Erakunde/Instituzioa |
09:00-09:15 |
Eusko Jaurlaritza, Lehendakaria buru dela. Bertan Gasteizeko Alkate eta Arabako Ahaldun Nagusia izango dira. |
09:15-09:30 |
Euskal unibertsitateetako ordezkariak: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. |
09:30-09:45 |
Foru Aldundietako eta Batzar Nagusietako ordezkaritzak. |
09:45-10:00 |
Bake eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza Elkarteen Foroa bere presidentea buru dela. |
10:00-10:15 |
EUDEL eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateak. |
10:15-10:30 |
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), haren presidentea buru dela. |
10:30-10:45 |
Eusko Legebiltzarra, haren presidentea buru dela. |
10:45-11:00 |
Kirolari lotutako erakundeak: Basque Team eta kirol taldeak. |
11:00-11:15 |
Arartekoaren ordezkaritza bat. |
11:15-11:30 |
Kulturari lotutako erakundeak. |
11:30-11:45 |
Epaileria eta abokatu-elkargoak. |
11:45-12:00 |
Vitoria-Gasteizeko gizarte-eragileak. |
12:00-12:15 |
Hezkuntzari lotutako erakundeak, hala nola Eskola Kontseilua edo Gizalegez Akordioa sinatu duten erakundeak. |
12:15-12:30 |
Erlijio desberdinen ordezkaritzak. |
12:30-12:45 |
Arlo ekonomikoa eta enpresa-esparrua. |
12:45-13:00 |
Hedabideak eta kazetariak. |
13:00 |
Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta mezua irakurriko duen pertsona. |