"Sexual Minorities Uganda"-ri eman dio Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2017 saria, Afrikan LGTBI kolektiboaren giza eskubideak defendatzen egiten duen lanagatik (Gobernu Bilera 2017-12-05)

rene_cassin_2017.jpg

2017.eko abenduak 05

Epaimahaia elkartu egin da LGTBI komunitateak Ugandan bizi duen egoeraren salaketara eta sari horren bitartez haien eskubideak, segurtasuna eta duintasuna errespetatu daitezela eskatzen du

Lehendakariak datorren abenduaren 11n emango du saria, abenduaren 10ean, igandean, ospatuko den Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta

Eusko Jaurlaritzak gaur jendarteratu du Giza Eskubideen René Cassin 2017 Saria ”Sexual Minorities Uganda (SMUG)”-ri emango diola Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak.

Aldi honetan, Afrikako herrialde batzuetan eta Ugandan bereziki LGTBI komunitatearen egoera salatzeko zeregina nabarmendu du epaimahaiak, baita haien eskubideak, segurtasuna eta duintasuna defendatzen betetzen duten lana ere.

“Sexual Minorities Uganda – SMUG” GKE 2004an sortu zuen Victor Mukasa aktibista transgeneroak, eta arlo desberdinetako 18 erakundek osatzen dute, lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta intersexualak diren pertsonak aintzatestearen eta haien duintasuna eta eskubideak errespetatzearen alde borrokan dihardutenek. René Cassin 2017 sarirako “SMUG” proposatu duen erakundea “Ortzadar LGTB” euskal elkartea izan da, Euskadin helburu horiek berak bultzatzen diharduena.

LGTBI pertsonek bizi duten egoera bereziki dramatikoa da Afrikako herrialde batzuetan. Herrialde askotan auzi penalak ezartzen dizkiete, eta biziarteko espetxealdia ere izan daiteke zigorra, Ugandaren kasuan, esate baterako. Testuinguru horretan, “Sexual Minorities Uganda”-k gune seguruak eskaintzen dizkie LGBTI pertsonei; ahalduntze afektiboari eta identitarioari lotutako ekimenak sustatzen ditu; aholkularitza ematen du sexu-transmisiozko gaixotasunen aurrean; eta hedabideen eta salaketa sozialaren eremuan dihardu lanean.

Iñigo Urkullu Lehendakariak emango du saria datorren abenduaren 11n, 16:30ean, Lehendakaritzan egingo den ekitaldi batean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, abenduaren 10ean, igandean, ospatuko dena.

*** René Cassin Saria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen jendaurrean aintzatesteko gure gizartean giza eskubideen balioak sustatzen nabarmen laguntzen diharduten pertsona fisikoen edo juridikoen lana. Sariaren izena René Cassin-i zor zaio; 1887an Baionan jaioa, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen da, eta Bakearen Nobel Saridun izan zen 1968an.