Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana 2013-2019. Osakidetzako langileen herenak egiaztatu du bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna

2017.eko martxoak 07

Azken hamarkadan hirukoiztu egin da ehuneko hori, Osasuneko sailburuak Legebiltzarrean gaur bertan adierazi duenez

 

 Ia 134.000 pertsonak hautatu dute dagoeneko euskara Osakidetzan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza, eta euskaraz gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen jarraitzen du

 

Une hauetan Osakidetzako langileen herenak du egiaztatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna, eta horrek esan nahi du azken hamarkadan hirukoiztu egin dela ehuneko hori. Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordearen aurrean egin duen agerraldian. Agerraldia, iaz bezala, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-2019 aldirako II. Planaren betekuntzaren berri emateko egin du, eta aurten 2016ko datuak eman ditu. Planaren tarteko ebaluazioaren berri datorren udazkenean emango da. 

 

Osasuneko sailburuarekin batera izan dira Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgica eta erakunde publikoko giza baliabideen zuzendari nagusi José María Armentia, eta hauek Osakidetzaren erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea eta Euskadin osasun-arretaren kalitatea hobetzea helburu duen II. Plan hori betetzeko 2016an gauzatu diren jarduera zehatzen berri eman dute. 

         

Legebiltzar-egoitzan azaldutako datuen arabera, ia 134.000 pertsonak hautatu dute euskara Euskal Osasun Zerbitzuan arreta jasotzeko lehentasunezko hizkuntza, eta esan behar da pixkana gero eta zerbitzu gehiago ari dela euskaraz eskaintzen. Berez 2006an Osakidetzako plantillako 2.346 pertsonak (% 11,2k) zuten egiaztatuta hizkuntza-eskakizuna, eta 2016an zifra hori hirukoiztu egin da eta 8.998ra iritsi da (% 33,96). 

 

Osasuneko sailburuak, bestalde, azpimarratu du iaz langileen % 10ek egin zituztela euskara ikastaroak, eta lehenengo aldiz sartu direla euskarari buruzko adierazleak Osasun Sailaren eta Osakidetzako erakundeen arteko harremana antolatzen duen kontratu-programan. 

 

Jon Darpónen esanetan, “gauza asko egin dira, baina oraindik ere beste asko daude egiteko”. Alde horretatik, Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak lanean jarraitzeko hartuta duten konpromisoa berretsi du, beti progresibotasunaren irizpidea jarraituz eta etengabeko hobekuntzaren bidetik osasunaren arloan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, zeregin hori erraztuko duten lan-tresnak garatzeko eta langileei prestakuntza emateko, besteak beste. 

 

Osasuneko sailburuak oso argi adierazi du Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzearen arloan egiten ari diren ahalegina, eta esan du ikusi besterik ez dagoela gora egin duela euskara dakitenen eta euskara erabiltzen dutenen kopuruak belaunaldi gazteen artean, eta “horri esker nabarmen egin ahal izango da aurrera Osasun Zerbitzuko prestazio guztiak pixkana euskaraz eskaintzeko bidean hala eskatzen duten pertsona guztiei”, esan du.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoak 7