Argitalpen-data: 2017/01/26

Neure hipotekaren eratze-gastuak berreskura ditzaket?

Abusuzko klausularik egonez gero finantza-entitateari erreklamatzeko jarraibideak ematen ditu Kontsumobidek

Hipoteka bat eratzeak hainbat gastu eragiten ditu, hala nola notarioaren zerbitzuak, Jabetzaren Erregistroko inskripzioa eta Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zerga, besteak beste. Galdera hau da: nork ordaindu behar ditu kopuru horiek? Hipoteka-maileguen kontratuetako batzuek, negoziatzeko inolako aukerarik eman gabe, berez jasotzen dute, bertako baldintza orokorretan, mailegu-eskatzaileek beren gain hartu behar dituztela hipoteka formalizatzeko eta eratzeko gastu guztiak.

Auzitegi Gorenak, 705/2015 epaian, abusuzkotzat eta, beraz, deuseztzat eman zuen era horretako klausula bat BBVAk eskainitako hipoteka batean. Deuseztasun horrek esan nahi du baldintza hori ez jasotzat ematen dela, eta, beraz, finantza-entitateak itzuli egin behar duela kontzeptu horiengatik kobratutako dirua. Halaber, kontratuetatik klausula hori ezabatzeko eta etorkizuneko hipoteketan ez erabiltzeko agintzen zion ebazpen judizialak bankuari.

Nola jakin dezaket nire hipotekak abusuzko klausula bat duela?

Lehenengo urratsa hipoteka-maileguaren eskritura irakurtzea da, eta gastu horien ordainketa nori esleitzen dion begiratzea. Higiezin bat erosteko hipoteka bat eskatzen duzunean, bi eskritura sinatzen dituzu: salerosketakoa eta hipoteka-mailegukoa. Azken hori aztertu behar duzu, gastuen % 100 bezeroari egozten dizkion klausularen bat dagoen konprobatzeko, 705/2015 epaiaren kasuan bezala. Kontratu askotan bosgarren klausula gisa azaltzen da. Zehazkiago, epaian aintzat hartzen den BBVAren klausulak hau dio:

"Mailegu-hartzailearen kontura dira, esklusiboki, hauek eragindako tributuak, komisioak eta gastuak: eskriturak prestatzea, formalizatzea, zuzentzea, izapidetzea (...) kontratua betearaztea,  kontratutik eratorritako ordainketak eta itzulketak, eta haren bermea eratzea, kontserbatzea eta kitatzea; horrez gain, haren kargura izango dira kalteen aseguruari dagozkion primak eta gainerako gastuak (…)”.

Kasu honetan, gastu guztiak ordaintzera behartzen du kontratuak bezeroa, nahiz eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera, bankuak alderdien artean "banaketa ekitatibo bat" egitea aukera zezakeen. Batez ere, hipoteka formalizatzeko “interes nagusia” bankuarena dela kontuan izanik; izan ere, horrela higiezina bera bermea da izan litezkeen ez-ordaintzeen aurrean, eta bitarteko arina lortzen du bankuak hipoteka betearazteko; hau da, etxebizitza saldu eta bere dirua berreskuratzeko.

Auzitegi Gorenaren iritziz, finantza-erakundeak bere aldetik jarritako klausula horrek “desoreka garrantzitsua” eragiten dio kontsumitzaileari; izan ere, ez zukeen gastu horiek bere gain hartzea onartuko baldintzak indibidualki negoziatu ahal izan balitu.

Zer dokumentu bildu behar ditut?

Dokumentazio hau jaso behar duzu, gutxienez:

  • Hipotekaren eskritura.
  • Notarioaren faktura.
  • Jabetza Erregistroaren faktura.
  • Agiri bidezko Egintza Juridikoen Zergaren ordainagiria.

Nola jokatu behar dut nire hipotekak horrelako klausula bat badu?

Lehenengo, harremanetan jarri behar duzu finantza-erakundearekin eta erreklamazio bat aurkeztu. Hipotekaren gastuak erreklamatzeko eredu hau deskargatu, bete, eta zure banku edo aurrezki-kutxan aurkez dezakezu. Klausulak deuseztzat jo diren arren, entitateek ez dituzte kopuruak ofizioz itzultzen.

Erantzuten ez badizute, edo erantzuna egokia ez bada, hauetako bat aukera dezakezu:

  • Kontsumobiden erreklamazio bat aurkeztea. Kontsumoko Euskal Institutuak kasua aztertuko du eta bitartekotza egin ahal izango du, alderdien artean akordio batera iristeko. Bankuek edo aurrezki-kutxek administrazioko arau-hausteren bat egin izanaren zantzuak aurkituz gero, zehapen-prozedura bati ekin diezaioke. Bide horrek emaitzarik ez badu, demanda judizial bat jarri ahal izango duzu.
  • Zuzenean demanda bat jartzea. Bide judizialera jo dezakezu, zeure aldetik edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako baten bitartez. Elkarteetako batzuek kanpainei ekin diete ahalik eta kaltetu gehien biltzeko, demanda kolektibo bat aurkezteko asmoz.