Argitalpen-data: 2017/01/27
Martín-Casallo fiskalburuorde ohia, Unai Aberasturi irakaslea, Abokatuen Elkargoa eta Ertzaintza, Datuak Babesteko Sarien irabazle
Ibilbide profesionalagatik, ikerkuntza lanagatik eta prebentzioan eta eskubidearen zabalkundean egindako lanagatik
Datuak Babesteko Euskal Bulegoa
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak gaur ospatu du, Bizkaiko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren egoitzan, Datuak Babesteko Sari-banaketa ekitaldia. DBEBk urtero ematen dizkie sariak ibilbide profesionalagatik, ikerkuntza lanengatik, komunikazioa eta zabalkundeagatik eta datuak babesteko jardunbide onengatik urtean zehar nabarmendu diren pertsonei, enpresei eta erakundeei.
Ekitaldiaren buru izan da DBEBren zuzendari Margarita Uria, eta berarekin batera egon da Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Josu Erkoreka. Biek artean banatu dituzte sariak.
Datuak Babesteko Sarien IV. Edizioko sarituak honakoak izan dira: Juan José Martín-Casallo López, Auzitegi Goreneko fiskal ohia, bere ibilbide profesionalagatik, datu babesa ezerezetik ezartzea egokitu zitzaiolako, eta AEPDren lehenengo zuzendaria izan zenean egindako lanagatik; Unai Aberasturi Gorriño, “Datuen babeserako printzipioak osasunaren alorrean” izeneko doktoretza-tesiagatik; Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsua, datuak babesteko eskubidea komunikatzen eta zabaltzen etengabe egindako lanagatik; eta Ertzaintza, datu babesaren arloko jardunbide onengatik, “Prebentzioa Komunikazioaren bitartez landuz” programagatik. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak jaso du Ertzaintzaren saria.