Germán Elorzaren "Hiriko begirada: Bilbo" erakusketa abian da, Euskadiko Artxibo Historikoan

Elorza.jpg

2017.eko urriak 31

Germán Elorza (1910-1983) argazkilariaren erakusketa urtarrilaren 5era arte bisitatu ahal izango da Euskadiko Artxibo Historikoko (EHA-AHE) sarreran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren eta Euskadiko Artxibo Historikoaren eskutik. 1932-1974 urteen artean Bizkaian egin zen argazki-kronika luzeenetarikoa den argazki artxibo hau, zeinak orduko Bilbo eta eskualdeko eguneroko bizitza erakusten duen, Euskadiko Artxibo Historikoari laga zitzaion 2016an. Garaiko hainbat erreportaje daude artxibo honetan; tartean, zezenketak, Athleticen partidak eta beste zenbait kirol proba, bai eta zenbait ekitaldi politiko eta instituzional ere.

‘Hiriko begirada: Bilbo’ erakusketak Germán Elorzaren argazkilari begirada nabarmendu nahi izan du eguneroko txoko eta gertakizunak nola ikusten zituen erakutsiz eta haren korrespontsal grafiko edo argazki kazetari izaera alde batera utziz. Erakustaldiak gizon baten begiradari heldu dio, beraren begiek ikusten zuten hori zer zen adieraziz eta orduko egunerokotasuna islatuz.

Euskadiko Artxibo Historikoak hiru xede nagusi ditu ‘Hiriko begirada: Bilbo’ erakusketaren bidez. Batetik, Germán Elorzaren bizitza eta obra herritarrei hurbildu nahi die; bestetik, EHA-AHEk duen dokumentu-ondare publikoaren berri eman nahi du eta berau berreskuratzeko, kontserbatzeko eta herritar guztien eskura jartzeko egiten den ahalegina ezagutarazi egin nahi du. Azkenik, ondare publikoaren inguruan herritarren kontzientzia piztu nahi du; horretarako, EHA-AHE-k Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egin du erakustaldi honen bidez. Jardunaldien aurtengo lema ‘Paisaia bizia: Bizkaiko Paisaien Eraikuntza’ da eta, hain zuzen, Bizkaiko eraikuntzaren beste paisaia bat erakutsi nahi izan da Elorzaren argazkiekin.

 Germán Elorza

Germán Elorza argazkilaria (Vitoria-Gasteiz, 1910; Bilbo, 1983) 1932an hasi zen argazkilari lanetan, Bilboko argazki kazetari ezaguna zen Manuel Torcida Lux-en eskutik. Bere ibilbide profesionala Prensa Española eta Madrilgo Prensa Gráfica hedabideetan hasi zuen, korrespontsal grafiko lanetan. Gerra Zibilak iraun zuen bitartean ere lanean jardun zuen, Bilbon hainbat tokiko hedabiderentzat, eta 1937an Hierro egunkarian hasi zen lanean, 1974era arte. Urte hartan amaitu zen bere ibilbide profesionala, lan-istripu baten ondorioz.

Erakusketaren inguruko nformazioa:

  • Astelehenetik ostiralera 9.00etatik 18.30era.
  • Sarrera doakoa da.
  • María Díaz Haroko Kalea, 3, Bilbo,