Gaur hasi dira "Natura 2000 Sareko ibai eremuen kudeatze eta leheneratzea: erronka, aukera eta eskarmentuak" jardunaldiak, Busturiako Dorre Madariagako ekoetxean

Argitalpen-data: 

Natura 2000 Sareko ibai eremuen kudeatze eta leheneratzea: erronka, aukera eta eskarmentuak jardunaldiak

Gaur hasi dira ibaien leheneratzeari buruzko “Natura 2000 Sareko ibai eremuen kudeatze eta leheneratzea: erronka, aukera eta eskarmentuak” jardunaldiak, Busturiako Dorre Madariagako ekoetxean; Centro Ibérico de Restauración Fluvial-CIREF eta  Wetlands International-ek antolatuta; eta laguntzaile izan ditu Eusko Jaurlaritza, URA, Bizkaiko Foru Aldundia, Donostiako Udala, Iberiar Limnologia elkartea eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala.

Jardunaldiek ibai-leheneratzeari buruzko foroa eskainiko dute, eskarmentu nabarmeneko adituen eskutik: CEDEX-eko Fernando Magdaleno; Euskal Herriko Unibertsitateko Iñaki Antigüedad; Bordeleko Institut national de Reserche en sciences et technologies pourl’environnement et l’agriculture (IRSTEA)-ko  Denis Salles; Extremadurako unibertsitateko Pedro Brufao; edota  Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako Marta Rozas.

Halaber, era askotariko kudeatze-eskarmentuak ere plazaratuko dira; besteak beste: Lurgaia Fundazioa, AEMS Ríos con Vida, Dam Removal Europe, Uraren Euskal Agentzia, Donostiako Udala, Kantauri, Miño-Sil eta Dueroko Konfederazio Hidrografikoak, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoa Foru Aldundiko Basanimalien eta Basalandareen Zerbitzua edota Gestión Ambiental de Navarrako ur-zerbitzuaren eskutik. Bihar, hilak 15, jardunaldiak burutzeko Artikutzara (Goizueta, Nafarroa) egingo da bisita, bertatik bertara ezagutzeko abian diren leheneratze-lanak.

Jardunaldiek xede dute ibai eta ibaiertzen izaeraz edota gizarteari luzatzen dizkioten zerbitzu ekosistemikoei buruzko jakintza zabaltzea, eta bertaratutakoen artean esperientziak trukatzea. Hartara, Estatuan abian diren kudeatze adibide zehatzak aurkeztuko dira.

Jardunaldiek, hortaz, Iberiar penintsulako esparru atlantikoan egindako leheneratze egitasmo nabarmenen berri emango dute; eta horietako denek ala denek ildo komuna dute: ibaiek egun pairatzen duten presio handienetakoari aurre egitea. Era berean, ageriko aukera sortuko dute Natura 2000 Sareko ibai-eremuak kudeatzeko proposamenez jarduteko, eta horren harian elkarrizketa  pizteko zein ikuspuntu bateratzeak lortzeko.

Natura 2000 Sarea europar sare ekologiko sendoa da: bere baitan kontserbazio bereziko eremuak biltzen dira; besteak beste: Batasunaren garrantzizko lekuak, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak eta Bereziki Zaindu beharreko Guneak.  Hegazti eta Habitat-en Zuzentarauak dira horien sortzea ahalbidetzen duten arau-oinarriak: alegia, saihestezineko esparru-markoa Europan Batasuneko bioaniztasunaren babesaren alde. Izan ere, xede dute Batasunaren garrantzizko habitat eta espezieen aldeko babes-egoera hobetsi, bere horretan eutsi edota leheneratzea.

Bere aldetik, Uraren Esparru Zuzentarauak (UEZ-k) xede du ekosistema urtarren kaltetze gehigarria ekiditea, zein haien babesa eta hobetzea; baita ekosistema urtarren mende diren hezegune edota ekosistema lurtarrena ere.  Hartara, UEZak Gune Babestuen Erregistroak sustatzen ditu: bertan, bildu behar dira demarkazio hidrografiko bakoitzean babes berezia aitortu zaien zonaldeen datuak –Batasunaren arau berezi batek ezarritakoari jarraiki-. Baita, habitat edota espezien babeserako uraren egoera mantentzea edota hobetzea muina den kasuetan ere.

Izan ere, zuzentarau bien ala bien xedeak komunak dira, eta beren aurreikuspenek elkarrekin sinergia nabarmenak sortzeko parada dira. Horra hor abiarazi beharreko neurrien plangintza eta egikaritzea ondo koordinatzearen garrantzia: bai balizko erasan berriak saihesteko –araudia ezarri eta lortutako emaitzak jarraituz-, baita atzemandako erasanei aurre egiteko azpiegiturak egiteko.

URAko zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredoren aburuz “ibai-eremuen okupazioa eta artifizializazioa saihestearen beharraz ari gara; bereziki, Natura 2000 Sareko gunean; sareko ekosistemak eusten dituzten uren kalitate fisiko-kimikoa gordetzeaz; ekosistema urtarren egoera ona ahalbidetzen duten emari ekologikoen erregimena lortzeaz;  ibaiertzetako landaredia babestu eta berreskuratzeaz; eta nola ez, ibaiak leheneratzeaz, galdutako ibai-tarteen jarraitasunak berreskuratzeaz, edota jada erabiltzen ez diren oztopo artifizialak erauzteaz”.

Jardunaldien hasierako ekitaldian, URAko zuzendariak gehitu zuen “Jabari Publikoaren Kudeaketarako lanok hala behar dutenean, zer esanik duten kudeatzaileen arteko koordinazio sakontzeaz ari gara; egitasmo komunen diseinatze eta egikaritzeaz -hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiarazitako Guratrans eta Irekibai, edo Arabako Foru Aldundiarekin abiarazitako Tremedal-; edota Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarekin ur-masen egoeraren diagnosi komuna egitea ere.”