Euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu euskararen eremu osoan azken 25 urtean, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera

zupiria_baiona_03.jpg

2017.eko uztailak 05

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak aditzera eman dituzte gaur, Baionan izandako prentsaurreko batean. Analisi honen arabera, euskararen eremu osoa kontua harturik, 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 da euskalduna, eta % 16,4 euskaldun hartzailea. Orain dela 25 urte egindako lehen Inkesta Soziolinguistikoarekin alderatuz gero, euskarak 223.000 hiztun irabazi ditu 1991tik. Halaber, inkestak argi erakusten du nola gaztetu den euskal hiztunaren profila. Inkestak hartzen duen adin-talderik gazteenak (16-24 urte) du euskaldun ehunekorik altuena (biztanleen % 55,4), eta orain 25 urte euskaldunena zenak (65 urtetik gorakoena) du gaur egun euskara gaitasunik apalena (% 20,4 da euskal hiztuna).

Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroako Foru Komunitateko datuak orain dela hilabete batzuk jakinarazi ostean, gaurko prentsaurrekoan Iparraldeko datu bereiziak ere ezagutarazi dira. Horren ostean, euskararen eremu osoa hartzen dutenak azaltzeko momentua izan da. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak eman ditu aditzera datuak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendari nagusiarekin eta Mathieu Bergé Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidentearekin batera.

Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan), eta euskararen sustapenari buruzko jarrera. Aditzera eman diren datuak 2016koak dira eta, lehen Inkesta Soziolinguistikoa 1991koa denez, gaurko prentsaurrekoak 25 urteko bidea aztertzeko beta eman du.

Ezagutza gora

Inkesta Soziolinguistikoak 16 urte edo gehiagoko biztanleen unibertsoa hartzen du kontuan; adin horren azpikoak inkestatik kanpo geratzen dira (kontuan hartuko balira, adin-talderik euskadunena izango litzateke). Inkestak aniztasun handia islatzen du; izan ere, heterogeneotasun handia dago euskararen eremu osoan. Hortaz, lurraldeen edota adinen arabera, dinamikak aldatu egiten dira, baina inkestaren emaitzek euskararen berreskuratze prozesua islatzen dute argi eta garbi.

 Ezagutzari dagokienez, 25 urteko bilakaera positiboa islatzen dute. Euskal hiztunen kopurua 1991ko % 22,3tik 2016ko % 28,4ra igaro da, 223.000 hiztun horiek irabaziz. Horri beste datu bat gehitu behar zaio: euskararen eremu osoko biztanleen % 16,4 euskaldun hartzailea da (beti ere 16 urtetik gorakoak). Eremuka, EAEn izan da hazkunderik nabarmenena: 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 33,9 euskal hiztuna da (beste % 19,1 euskaldun hartzailea), duela 25 urte baino % 9,8 gehiago (% 24,1 ziren 1991n).

Adinaren arabera, neurtzen den adin-talderik gazteena da euskaldunena: 16-24 urte bitarteko gazteen % 55,4 euskalduna da euskararen eremu osoan, adin-tarterik euskaldunena diferentzia handiz (25-34 adin-taldean % 39,7 da euskaraz hitz egiteko gai). Orain dela 25 urte adin-talderik euskaldunena zena, 65 urtetik gorakoena (% 28,5), gaur egun euskararen ezagutza apalena duena da (65 urtetik gorako biztanleen % 20,4 da euskaldun). Iparraldean apalagoa da joera hau.

Euskaldunen profila

Adinari loturiko datu hauek argi erakusten dute euskararen biziberritze prozesuak euskal hiztunen profilaren aldaketa ekarri duela. Euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntzaren bidez edota euskaltegien bidez jaso dute euskara. Hortaz, euskal elebidunen, elebidun orekatuen eta erdal elebidunen pisu erlatiboa aldatu egin da.

Gaur egun, 16 urtetik gorakoen % 26 euskal elebidunak dira, % 29,5 elebidun orekatuak dira eta % 44,5 erdal elebidunak.       1991an euskaraz hitz egiteko gai zirenen % 34,6 ziren euskal elebidunak, % 27,7 elebidun orekatuak eta % 37,8 erdal elebidunak.

Euskararen erabilera

Beraz, euskararen biziberritze prozesuak euskal hiztunen euskara hitz egiteko erraztasunean eragin du, baina euskararen erabilera, hala ere, igo da azken 25 urtean. Era nabarmenean igo da gainera. Gaur aurkeztu den inkesta soziolinguistikoaren arabera, biztanleen % 25,7k hitz egiten du euskaraz neurri batean edo bestean (% 10,3k euskaraz erdaraz baino gehiago, % 6,2k euskaraz erdaraz beste; eta % 9,2k euskaraz erdaraz baino gutxiago); horri gehitu behar zaio beste % 5,2, euskara ‘oso gutxi’ erabiltzen dutenena.

Halaber, euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago edota euskaraz erdaraz beste) ere igo egin da. 1991n % 13,7k egiten zuen euskararen erabilera trinkoa euskararen eremu osoan, eta gaur egun % 16,5ek egiten du euskararen erabilera trinkoa. Euskararen eremu osoan euskararen erabilera trinkoak izan duen hazkundea EAEko hazkundeagatik izan da neurri handi batean, EAEn 5 puntuko igoera izan baitu. Inkestaren arabera, neurturiko adin-talderik gazteena da euskara era trinkoa gehien erabiltzen duena: 16-24ko gazteen % 20,1ek erabiltzen du euskara erdara beste edo gehiago (orain 25 urte % 11,1 ziren). 

Transmisioa

Euskararen transmisiori dagokienez, 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituzten familien hizkuntzaren portaera nolakoa den jakiteko, inkestatuei galdetu zaie zein hizkuntza transmititu dieten seme-alabei. Transmisio hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza izan dira kontuan.

Gurasoak biak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 93k euskara soilik transmititu du etxean eta % 7k euskara eta erdara. Gurasoetako bat baino ez denean euskalduna eta bere lehen hizkuntza euskara denean, % 83k euskara eta erdara  transmititu ditu eta % 17k erdara.

Jarrera eta hizkuntza hautua    

Euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 55,8 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 28,2 ez alde ez aurka eta % 16 aurka. Horrela, euskara sustatzearen aldeko jarrerak gora egin du azken 25 urteotan. 1991ko eta 2016ko datuak alderatuz, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 8 puntuko igoera izan du (% 47,5 versus % 55,8).

Euskararen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 85,8k uste du euskaraz eta erdaraz hitz egin beharko litzatekeela etorkizunean. % 9,2k euskaraz soilik egin beharko litzatekeela uste du eta % 4,1ek, halaber, gaztelaniaz/frantsesez soilik. Irakaskuntzari dagokionez, euskararen eremu osoko biztanleen % 57,6k D eredua nahiko luke seme-alabentzat (dena euskaraz, gaztelania/frantsesa ikasgai gisa) eta B eredua nahi luke % 23,7k (euskaraz eta gaztelaniaz/frantsesez).