Eusko Jaurlaritzak adierazi du "ez datorrela bat" ETB-1eko "Euskalduna naiz, eta Zu?" programaren edukiarekin
2017.eko martxoak 05
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazpenak egin ditu antenatik kendu den ETB-1eko “Euskalduna naiz, eta Zu?” programaren inguruan. Erkorekak azaldu du Eusko Jaurlaritza “ez datorrela bat” programaren edukiarekin eta, hortaz, ETBri eskatu diola bere programaziotik eta web-orritik ere programa horrekin zerikusia duen guztia kentzeko ez ezik, horrelakorik berriz gerta ez dadin behar diren neurri guztiak hartzeko ere.
Eusko Jaurlaritzak ulertzen du “humore-kutsuan” egindako programa dela eta “ez zuela, seguruenik, inor iraintzeko asmorik”, baina ulertzen du, orobat, zenbait edukik beharbada ikus-entzule batzuen sentiberatasuna mindu dutela. Hori dela-eta, “argi eta garbi baztertzen du” programazio-parrilan egotea. Hala ziurtatu du bozeramaileak, Matxitxakoko guduaren 80. urteurrena ospatzeko gaur eguerdian Bermeon egin den ekitaldian komunikabideek auziaren inguruan galdetu diotenean.