Lehendakariak 2016 Merkataritza eta Turismo sariak banatu ditu
2016.eko urriak 04
Urkulluk Euskadiko turismo-sektorearen indarra azpimarratu du marka guztiak hautsi dituen uda amaitzean
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen dituen 2016ko Merkataritza eta Turismo Sariak banatu ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, eta nabarmendu du Euskadi-Basque Countryk turismo-helmuga gisa duen indarra jartzen dutela agerian turismoari buruzko aurtengo datuek. Gaur bertan jakin den moduan aurtengo udan marka guztiak hautsi dira, eta, berez, sektorea BPGren % 6 da, eta 100.000 enplegutik gora sortzen ditu.
Sari-banaketa Lehendakaritzaren egoitzan egin da, eta bertan izan da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia ere. 2016ko Merkataritza eta Turismo Sarietako epaimahaikideek honako proiektu hauei eman diete saria berrikuntzan, lehiakortasunean, lankidetzan eta dinamizazioan egin duten lanagatik: Gasteizko Mamia proiektuari, Gipuzkoako Aramendia pasteldegiei, Bilboko La Moderna urdaitegi alemaniarrari, Enkartazioetako Loizaga dorreari eta Iruña Okako Santa Katalina lorategi botanikoari. Era berean, BOX saltokiko Gerardo Gonzalez Baragaílaren eta Viajes Azul Marino bidaia-agentziako Juan Mari del Hoyoren ibilbide profesionala saritu nahi izan dute. Bestalde, Turismoko epaimahaiak aipamen berezia eman dio Donosti Cup-ari, 25. urteurrena dela eta.
Lehendakariak aitortu du saridunen konpromisoa eta “lan kolektiboa” Euskadiko jarduera ekonomikoan “funtsezkoak” diren bi sektoreon, turismoaren eta merkataritzaren alde. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gaur bertan jakinarazi du uda historikoa izan dela aurtengoa turismoaren jarduerari dagokionez, eta gainditu egingo dela, beraz, iazko hiru milioi bisitariko zifra. Bere ustez Euskadi-Basque Countryk turismo-helmuga gisa duen “indarra” islatzen du horrek, eta, aldi berean, agerian uzten du turismoa “lehen mailako” jarduera ekonomikoa dela Euskadin, datuak ikusi besterik ez daude: BPGren % 6tik gora da eta 100.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu.