Eusko Jaurlaritzak lehenengo Gobernuaren 80. urteurrena ospatu du
2016.eko urriak 07
Gobernu hark akordioaren eta elkarlanaren alde egindako apustua nabarmendu du Urkulluk, eta “gaur egun orduan bezain beharrezkoa da Euskadin" esan du
Eusko Jaurlaritzak lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko eta Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu zeneko 80. urteurrena ospatu du. Ekitaldia Gernikako Juntetxean egin da eta Urkullu lehendakaria izan du buru sailburuek lagunduta, bertan Exekutibo haren akordiorako eta elkarlanerako gogoa azpimarratu du, "gaur egun orduan bezain beharrezkoa dena Euskadin".
Ospakizunean izan dira lehenengo Eusko Jaurlaritzako eta erbesteko Eusko Jaurlaritzako kideen senitartekoak; lehen eta bigarren Eusko Kontseilu Nagusiko kideak; lehendakari ohiak; exekutiboetako kide ohiak; Eusko Legebiltzarraren ordezkariak; egungo diputatu nagusiak eta Batzar Nagusien arduradunak; eta hiru hiriburuetako, Gernika-Lumoko, Getxoko (Agirre lehendakaria bertako alkate izan zen) eta Turtziozeko (erbestera joan aurretik Jaurlaritzak bertan egin zuen azken bilera) alkateak. Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira bertan.
Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurreneko ospakizunekin amaitu dira Retrato de lo que somos, Gure izaeraren ispilu goiburuarekin urtean zehar efemeride hau ospatzeko antolatu diren ekimenak. Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz izenburua jarri zaion ekintzak eduki sinboliko sakona izan du. Urkullu lehendakaria eta bere karguan aurretik egon diren lehendakari ohiak Gernikako arbolaren aurrean makila eskuan hartuta ikustea izan da unerik gogoangarrienetako bat. Gaudeamus abesbatzak Mikel Laboaren “Gernika” bertsioa abestu du, kroniken arabera, Agirre lehendakariak bere kargua hartzean entzuten ziren tiroak eta frontearen hurbiltasuna oroitzen dituena.
Funtsezko unea historian
Ekitaldia Agirre lehendakariaren eta bere emazte Mari Zabalaren papera egin duten bi aktorek bideratu dute, eta, besteak beste, nabarmendu dira Kukai dantza-taldearen eta Donostiako Orfeoiaren emanaldiak eta Kirmen Uribe idazlearen eta Xabi San Sebastian musikariaren saioak. Iñigo Urkulluren hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari, eta bertan lehenengo Eusko Jaurlaritzaren eta Agirre lehendakariaren lana azpimarratu du.
Urkulluren esanetan, lehenengo Exekutiboa eratzea "funtsezko unea izan zen historian”, eta gogoratu du une huraxe izan zela Euskadiren instituzionalizazioaren hasiera eta “euskal herriaren sugarra" erbestean bizirik mantendu zuena. Bestalde, azpimarratu ditu haren konpromiso soziala, jarrera berritzailea, nazioarteko ikuspegia eta Europa berri bat eraikitzen parte hartzeko borondatea. Lehendakariak gobernu haren aniztasuna eta akordioaren, elkar ulertzearen eta elkarlanaren aldeko apustua ere nabarmendu ditu, eta “gaur egun orduan bezain beharrezkoa da Euskadin” esan du.
Bestalde, Urkullu lehendakariak ziurtatu du bere gain hartzen duela Gobernu hark herriaren zerbitzura eta herrialdea eraikitzeko hartu zuen konpromisoa, eta horregatik berretsi du euskal autogobernuaren itun izaera eguneratu behar dela Euskadi sendotu eta mundura proiektatzeko.