2016ko Joxe Mari Korta Sarien bitartez Jesús Bilbaoren, Matilde Elexpururen, Maria Luisa Galardiren eta Jesús Martínez-Bujandaren enpresa-ibilbideak saritu dituzte

kortasariak16.jpg

2016.eko urriak 19

  • 2016ko Joxe Mari Korta Sariak datorren azaroaren 22an banatuko dira Lehendakaritzan
  • Aurten makina-erremintaren, etxeko altzarien, ekitaldi-zerbitzuen eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko gizon-emakumeak saritu dira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2016ko Joxe Mari Korta Sariak argitaratu ditu, eta aurten gizon-emakume hauen ibilbide profesionala sarituko dute:

  • Jesús Bilbao Aizpiri, BIDETIK Fundazioak proposatuta
  • Matilde Elexpuru Soloaga, CEBEKek proposatuta
  • Maria Luisa Galardi Aduriz, ADEGIk proposatuta
  • Jesús Martínez-Bujanda Irribarria, SEAk proposatuta

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia buru izan duen epaimahaia Eusko Jaurlaritzaren, Confebask, Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteen eta Bidetik Fundazioaren ordezkariek osatu dute, eta pertsona hauek enpresaren esparruan egindako lana nabarmendu eta eskertu nahi izan dute epaimahaikideek.

Enpresa elkarteek eta Bidetik fundazioak erraztatutako Sarituen kurrikulumak:

JESUS MARI BILBAO AIZPIRI

Ikasketak: Gaztetan, Elgoibarren ikasteko zegoen guztia ikasi zuen, Eskola Publikotik, El Pilar Ikastetxetik, Anita andereñoaren Akademiatik eta Elgoibarko Lanbide Heziketa Eskolatik igaro baitzen.

Lan Esperientzia. Bere ibilbide profesionala aprendiz-laguntzaile gisa hasi zuen Danobateko bulego teknikoan, 1956. urtean. Handik hamar urtera bulego teknikoko buru izateari utzi eta kudeatzaile izendatu zuten eta 1967an Danobatek, Eguzkik eta Acme-Debak sortu zuten Maherco aldi baterako enpresa-elkarteko merkataritza zuzendaritza hartu zuen, hiru enpresak Danobat Sociedad Cooperativa pertsona juridiko bakarraren pean 1969. urtean batu ziren arte. Danobat berriaren Merkataritza Zuzendaria izan zen ordutik, bai eta Zuzendaritza Batzordeko Presidente ere 4 urtez. 1974an Danobat utzi eta Maherholding sortu zuen makina-erremintaren arloko beste enpresaburu batzuekin. Bertako Zuzendari Nagusia izan zen, Juan Gabilondorekin batera, 2005eko abenduaren 30ean erretiroa hartu zuen arte. Maherholdingen egon zen bitartean kargu ezberdinak izan zituen bere partaidetzako enpresa zein filialetan. Nabarmentzekoa da Goratuko Zuzendari Nagusia izan zela 8 urtez. Halaber, kargu ezberdinak izan ditu ondokoen kontseilu edo batzordetan: Maherholding, Invema, AFM, Invema, Acomhe, Tekniker, Fatronik (Kontseilari eta Presidente gisa), Ekor, Adegi, Adegilan eta IMH.

Ezkondua dago eta bi alaba ditu. Alaba batek gizarte-osasun arretaren arloan lan egiten du; besteak, makina-erremintaren arloan, aitaren bizitza baldintzatu zuten arloak alegia: arlo teknikoa eta osasuna.

Zaletasunak: Elgoibarko eta Zarauzko bidegorrietatik eta beste bide ekologiko alternatiboetatik paseatzeaz gain, irakurle eta zinemazale amorratua da, solaskide jatorra, giza-jainkozko gai guztien inguruan eztabaidatzeko gai... Nekez kontra egingo diozu! Makina-erremintaren arloak izan dituen bizipen eta pertsona ugarien inguruko “Wikipedia ibiltaria” da, bai eta gerra osteko eta trantsizioko Elgoibarren ingurukoa ere. Harrigarria da Elgoibarrek bizi izan dituen gertaeren datak zenbateko zorroztasunarekin gogoratzen dituen. Gustuko du giza balioei eta ezagutzaren kudeaketari buruzko azken joerak jarraitzea.

Erretiroa hartu badu ere ez du bere burua horrela ikusten, aktibotasuna bera zainetatik dabil eta esku artean dituen gauza guztien egunerokotasunean parte hartzea edo harremanak ahalbidetzea gustuko du, bai eta Elgoibar eta bere ingururako mesedegarriak izango diren proiektu berriak eta garrantzitsuak abiaraztea ere, buru belarri inplikatuz aipatuetan.

MATILDE ELEXPURU SOLOAGA 

Matilde Elexpuru Soloaga Bilbon jaio zen.

Deustuko Unibertsitateko Turismoko lehen promozioko 7 lagunek sortu zuten 1975ean Traductores e Intérpretes SA enpresa. Haietatik, Matildek baino ez du lanean jarraitzen gaur egun. Aitzindaria izan zen enpresa hura itzulpengintzan, eta interpreteak eta ekitaldietarako langileak prestatzen. Bada, ekintza-eremuak zabaltzen joan zen eta beste alor batzuetan espezializatzen, hala nola, kongresu eta bestelako ekitaldien antolaketa integralean, kongresuetarako aretoak kudeatzen, elkarte eta sozietateen idazkaritza iraunkorrean eta informazio eta harrera zerbitzuetan.

80ko hamarkadako krisia igarota, enpresa indartuta atera zen, hasten joan zen eta enpresaren segmentazioa eta hainbat lehiaketa publikotan parte hartzen zuela ikusita, 2000 urtean Matildek bigarren bat sortzea erabaki zuen: TISA CONGRESOS SL.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen ditu bulegoak.

TISAko langileak eta zuzendaritzako kideak beti izan dira emakumeak, bat izan ezik, Kalitatea eta Giza Baliabideetako zuzendaria. Era berean, azpimarratzekoa da erabatekoa izan dela langile horien enpresarekiko fideltasuna, ibilbide profesionala bertan egin dutelarik.

Naturaltasun osoz ezarri izan dira urteetan zehar, lana eta familia uztartzeko neurriak, gaur egun denen ahotan dabilen termino horren berri izan baino askoz ere lehenago.

TISA baina, ez da inolaz ere hain gogorra eta luzea gertatzen ari den krisiaren ibilbidetik kanpo geratu. Hala ere, hazkunde eta berrikuntza fase batean dago, berriz ere; eta etorkizun baikorra eta oparoa izango duelakoan gaude.

Une honetan, bi enpresen ondorengotza-prozesua antolatzen ari dira bete-betean. David Elexpuru Pilliner, Matilderen ilobak hartuko du zuzendaritza eta agintea. Beraz, familiako oinordetza konponduta dagoela esan genezake.

Matilde Elexpuru hainbat entitate eta erakunderen bultzatzaile eta sortzaile izan da. Honako hauek, esaterako:

  • Bilbao Convention Bureau
  • Enpresa batzar-antolatzaileen Euskal Erakundea.
  • 2006tik 2015eko urtarrila arte, Matilde Bizkaiko Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen lehendakaria izan da, baita Euskadiko Emakume Enpresaburu, Zuzendari eta Profesionalen Federazioarena ere.

Bestalde,

  • Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberaren osoko bilkurako kide ere izan da 2006tik gaur egun arte.
  • CEBEKeko Batzorde Exekutiboko eta Zuzendaritza Batzordeko kide 2009tik 2013 arte.
  • Innobasque-ko Batzorde Exekutiboko kide 2012tik 2015 arte.
  • Eusko Jaurlaritzak ematen duen Turismo saria jaso zuen 2015ean eta Bizkaiko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak ematen duen Ibilbide Profesionalaren saria 2016an.

Gaur egun, Tisa Congresos SL eta Traductores e Intérpretes SA enpresen zuzendaria da eta 4.031.000€ fakturatu zituzten iaz.  25 lagunek osatzen dute enpresaren egitura finkoa eta 75 lagunekoa da urteko batez besteko plantilla.

CEBEKek proposatu du Matilde Elexpuru 2016ko Korta sarietarako, eta honako arrazoi hauek eman ditu, besteak beste:

  • Bere ibilbide profesional luzeagatik Euskadiko lehenengoetariko enpresa batzar-antolatzaile batean, artean horrelako enpresarik ez zegoenean. Berari esker, ikusgarri egin baitzen zerbitzuetako enpresa-tipologia berri bat.
  • Bizkaiko Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen eta Euskadiko Emakume Enpresaburu, Zuzendari eta Profesionalen Federazioaren lehendakaria izanagatik ikuspegi berritzaile batekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren sare ekonomikoan emakumeen balioak azpimarratzeko hain beharrezkoa dena.
  • Sektoreko solaskidetzarako beti prest egon izanagatik, horrek ekonomian eta gizartean EAEko enpresa txiki eta ertainak indartzeko eta ikusgarri egiteko balio izan duelarik.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko hirietako convention bureau-etan, hirien proiekzio kolektiboko erakundeetan, eta lankidetza publiko-pribatuko ereduetan egindako lanagatik.
  • EAEko enpresaburu-erakundeetan partaide izateagatik eta erakutsi duen irizpide onagatik, eta zehazki CEBEKen, non Batzorde Exekutiboko eta Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen.

MARIA LUISA GALARDI

María Luisa Galardi Aduriz

1954/12/10 Oiartzun

Oiartzungo Gurutze auzoan jaio zen Maria Luisa baserritar familia batean, eta bosgarrena da zazpi neba-arreben artean.    

Zuzenbidea ikasi zuen Donostiako fakultate ireki berrian. Ikasi eta lan egiten zuen bitartean, ingelesa eta frantsesa ikasten ere jardun zuen.       

Lizentziaturarako urte bete falta zuela, ezkondu eta enpresa sortu zuen, Ondarreta, artean 21 urte baino ez zituela. Egoera hori izanagatik ere, ikasketak bukatu zituen handik gutxira.

Hasiera oso gogorra izan zen, lana eta familia uztartu behar izan zuelako. Baina, hiru alaba ditu, enpresaren oraina eta etorkizuna direnak.

Sortu zenetik, 1975ean, enpresa etengabe joan zen hasten 2008 arte, krisia hasi zen urtera arte. Estatuan aitzindari izan zen, 2000 bezero baino gehiago lortu baitzituen sukaldeko altzarien sektore osagarrian.   

Gure lurralde honetako enpresa-sortzaile askok bezala, J. M. Korta ahaztezinari bizitza kendu zion bandaren jazarpena pairatu zuen. Bere kasuan, ordea, jaramonik egin ez eta zortea izan zuen, bere bizitza eta familia errespetatu baitzituzten.      

2008a geroztiko gaizki izendatutako krisian, enpresak oso gaizki pasatu zuen, enplegu erregulazioekin, plantillaren berregituraketekin, garrantzizko galerekin, produktu aldaketekin eta merkatuko aldaketekin.

Baina hori guztia gora behera, komunitateari eta inguruko herritarrei enplegua ematea lortu du, 60 langile arte ere izan baititu. Eta gaur egun, krisia eta negozio-aldaketa gorabehera, horietako langile asko mantentzen ditu, txandakatze gutxirekin, familia handi bat lortzea izan baita helburua.

Oso hurbileko hornitzaileekin jarraitzen du, inguru hurbilean balioa sortzea baita bere helburua.

Gaur gaurkoz, Ondarreta enpresak hasten jarraitzen du, eta finkatzen, enplegua sortzen eta inbertsioak egiten. Egongo zela imajinatzen ez zuen merkatuetan dago presente: EEBB, Europa, Japonia, Australia ... eta abar.       

Espainiako merkatuan jarduten zuen enpresa izatetik, % 40 esportatzen duen enpresa izatera iritsi da.        

Belaunaldi arteko erreleboa abian da, Maria Luisaren hiru alabak baitaude enpresaren garapenerako arlo garrantzitsuenetan: arlo komertzialean, ekoizpenean eta sormen edo diseinuaren arloan.

Goi-mailako lizentziadunak dira alabak, lau edo bost hizkuntza hitz egiten dituzte eta lanean denbora gutxi eraman arren, jaso dituzte dagoeneko diseinuari buruzko aipamenak Alemanian eta Bruselan.

Marilis emakume eredugarria da, sakrifizioaren eta lanaren balioak oso barneratuta dituena.

JESUS MARTINEZ BUJANDA IRIBARRIA

1946ko ekainaren 19an jaio zen.

Mahastizain eta sotolarien familia bateko 4. belaunaldikoa da, Errioxan mahastizaintzan 1889 ezkero diharduen familiakoa, hain zuzen.

Jesús Global Wine familia-taldeko presidentea da. Horrek honako enpresa hauek biltzen ditu: Bodegas Valdemar, Viñedos Valdemar, Inspiración Valdemar, Fincas Valdemar eta Bodegas del Mundo. Taldeak 51 langile ditu, urtean zehar landako zereginetan diharduen aldi baterako pertsonalaz gainera. Hamar milioi euroko fakturazioa dauka.

Gasteizko Marianistas ikastetxean batxilergoa egin zuen, barneko ikasle gisa.

Industria Ingeniaritzako karrera egin zuen Bilboko Ingeniarien Goi-mailako Eskolan.

Karrera amaitu ondoren, 1972an, aitarekin lanean hasi zen familiaren upeltegi txikian. Lehen urteetan, denbora luzez aritu zen bere grinetako batean: enologia ikastea. Upeltegiak bisitatuz ibili zen Europan zehar.

Bere prestakuntza eta esperientziari esker, Bodegas Valdemar diseinatu zuen 1981ean; eta, ondoren, gaur egun arte hainbat upeltegi sortu ditu.

Bodegas Valdemar, fundatu zenean, orduko upeltegi berritzaile eta teknologikoki aurreratuenetako bat izan zen. Haren ardoak, Conde Valdemar markapean, Errioxako ardoen estilo-aldaketaren erreferentetzat aintzatetsi ziren 80ko hamarkadan. Haren espiritu berritzaileak Bodegas Valdemar-en islatu da beti. Izan ere, barriketan irakindako ardo zuria, Errioxako gorri sangratua, erreserbako garnatxa-ardoa eta abar landutako lehen upeltegia izan zen; eta, azken urteotan, ahalegin izugarria egin du ia desagertuta zeuden Errioxako barietateak berreskuratzen eta barietate horretako ardoak lantzen (adibidez, tempranillo zuria, maturana eta gracianoa).

Haren enpresa-kudeaketaren beste ezaugarri bat izan da esportatzeko bokazioa. Egun, familia-taldeak 5 kontinenteetako 55 herrialde baino gehiagotara esportatzen ditu bere ardoak. 2015ean, salmenten % 70etik gora esportatu zuen.

Bodegas Valdemar Wine and Spirits iparramerikar aldizkari ospetsuak aintzatetsi zuen, 2007an, azken 25 urteetako 5 upeltegi hoberenen artean. Aintzatespen horri gehitu behar zaizkio lortu dituen ehunka urrezko dominak bere ibilbide profesionalean, munduko nazioarteko lehiaketa ospetsuenetan. Beste lorpen askoren artean, bere ardoetako batzuk munduko 100 hoberenen artean posizionatu ditu behin baino gehiagotan.

Errioxa ardoaren Kontseilu Arautzailearen kide izan da garai desberdinetako bi legealditan.

Arbor upeltegi-taldearen presidente izan zen Grupo Riojan sartu arte, eta haren batzorde betearazleko kide bihurtu zen.

Gaur egun, Euskadiko Enpresaburuen Bilguneko kide da.

Gastronomiarekiko duen zaletasuna dela-eta, Euskal Gastronomi Akademiako kide da, eta Bodegas Valdemarren marketin-ahaleginaren parte handi bat ostalaritzari, ardandegiei eta denda espezializatuei laguntzera dago bideratuta.

Ildo horretatik, Bodegas Valdemar, egun, Basque Culinary Center-en babesle da eta Eurotoques-ekin babesle gisa lankidetzan aritzeko hitzarmena finkatu berri du.