Argitalpen-data: 2016/01/26
2015eko laugarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 25,6koa da
Hirugarren eta laugarren hiruhilekoen artean bi puntu jaitsi da
Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren 2015eko laugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAEko) gazteen langabeziaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak.
EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 25,6koa da 2015eko laugarren hiruhilekoan.
Euskadiko gizon gazteen langabezia-tasa emakume gazteena baino altuagoa da (% 28,5 eta % 22,5, hurrenez hurren) 2015eko laugarren hiruhilekoan. Langabezia-tasaren bilakaera ez da berdina izan gizon gazteen artean eta emakume gazteen artean. Hirugarren hiruhilekotik laugarren hiruhilekora gizonen artean gora egin du eta emakumeen artean, berriz, behera, ia lau puntutako jaitsiera izanik.
Lurralde historikoei joz gero, ikus dezakegu Gipuzkoan gazteen langabezia-tasa beste lurraldeetan baino baxuagoa dela (% 24,3, hain zuzen ere). Bizkaian, aldiz, tasarik handiena jaso da (% 26,3). Aipatzekoa da Araban 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasak ia lau puntutako jaitsiera izan duela 2015eko hirugarren hiruhilekotik (% 29,7) laugarren hiruhilekora (% 25,9).
Datuok Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan daude eskuragarri, Lanari dagokion atalean, hain zuzen ere.
Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du inkesta hau eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitartekoen datuak helarazi dizkio. 2015eko bigarren hiruhilekoan Eustatek kalkulatzeko metodologia aldatu zuen zertxobait, fenomenoari hobeto heltzeko asmoz eta, hori dela-eta, ezin izango dugu oraingo datuak aurreko urteetakoekin konparatu (horiek beste metodologia batekin kalkulatuta baitzeuden).
Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren pertsona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.