Lehendakariak 2015ean ikerbasquen hasitako ikertzaileei harrera egin die

2015-11-18

Research Professor eta Research Fellow programei esker, jakintza esparru guztietako 25 zientzialari Euskadiko unibertsitate eta ikerkuntza-zentroetan lanean hasi dira.

2007tik, 194 ikertzaile kontratatu ditu Ikerbasquek. Nazioartean eskarmentua dute guztiek, eta 31 herrialdetatik datoz, Euskadiko unibertsitateetara eta I+Gko zentroetara lanera.

Iñigo Urkullu lehendakariak 2015ean IKERBASQUEko ikerkuntza-postuetan hasi diren 25 zientzialariei harrera egin die gaur arratsaldean, Lehendakaritzan. Ekitaldian, diplomak banatu dizkiete 25 zientzialariei. Jakintza esparru guztietakoak dira, eta Euskadiko unibertsitate eta ikerkuntza-zentroetan lanean hasi dira, Research Professor eta Research Fellow programei esker. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek, eta Ikerbasqueren zuzendari zientifikoak, Fernando Cossíok; haiez gain, bertan izan dira Euskadiko unibertsitate, ikerkuntza-zentro eta zentro teknologikoetako arduradunak ere.

Research Professor deialdia 2007an sortu zen, eta bai nazioartean eskarmentua bai lidergo-gaitasuna duten ikertzaile finkatuei zuzentzen zaie; 2015ean, beste zazpi zientzialari erakarri ditu. Haien lan-ibilbide bikainen adibide gisa, ikertzaile iritsi berri horiek ikerketa-zentroak zuzenduko dituzte edo ERC Grants diru-laguntzak dituzte: Europak ikerkuntza zientifikoaren arloan emandako diru-laguntza handiena da hori.

Research Fellow programa, bestalde, berariaz diseinatutako ekimen bat da, helburu hauxe duena: jakintzaren hainbat adarretako adituak Euskadira erakartzea eta bertan finkatzea, zientzialari eta ikertzaileen «harrobi» bat sortzeko asmoz. 2012an abiarazi zuten, eta zeregin bikoitza du: batetik, beren egitekoa atzerrian betetzen duten zientzialariak erakartzea, baita ikasketen uneren batean joandako bertako ikertzaileak ere; bestetik, dagoeneko Euskadin ikertzen ari direnei lan-ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Research Fellow programari esker, 2015ean hemezortzi pertsona hasi dira.

Orain artean, IKERBASQUEk Research Professor eta Research Fellow programetako 194 ikertzaile erakarri ditu, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sisteman sartu dira. Horrenbestez, Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak, hala publikoak nola pribatuak, jakintza esparru desberdinenetako adituen ekarpenen onuradun ari dira izaten: zientzia esperimentaletan, humanitateetan, medikuntzan, ikasketa teknikoetan eta ingeniaritzakoetan nahiz gizarte-zientzietan.

IKERBASQUE Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten ondorio da. Helburua zera da: EAEko administrazio, unibertsitate eta enpresek duela hainbat urtetatik ikerkuntza zientifikoaren alde egindako apustua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planean taxututakoa, indartzea. Euskadi I+G+Baren arloko indar garrantzitsuenen artean kokatzeko ahaleginean laguntzeko, IKERBASQUEren funtsezko jardunbide bat da ikerkuntzako talentuaren erakargune izatea.