Argitalpen-data: 2015/07/03

Eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasa % 7,2koa da Euskadin

Euskadi Europako batez bestekoaren azpitik dago eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasari dagokionez

2014-2015 ikasturtea amaitzear dagoela eta, Gazteen Euskal Behatokiak eskola modu goiztiarrean utzitakoen datuak aztertu ditu. Datuok Eustatek aurkeztu ditu “2020 Europa adierazleak” atalean.

Eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasak honako hau adierazten du: gehienez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu (CINE 2) eta inkesta egin aurreko lau asteetan ikasketa edo prestakuntzarik jaso gabeko 18 eta 24 urte bitarteko biztanleriaren ehunekoa.

Eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasak behera egin du poliki-poliki azken urteetan 2014an % 7,2 izan arte. Tasa hau zertxobait altuagoa da gizonen artean (% 7,7) nesken artean baino (% 6,6). Aldea azken urteetan murriztu da, batez ere gizonen tasak behera egin duelako. Izan ere, 2004an nesken tasa bikoizten zuen.

Europar Batasuneko 28 herrialdeen datuei erreparatzen badiegu, Euskadi Europako batez bestekoaren azpitik kokatzen dela ikus dezakegu (% 11,1). Espainiak, aldiz, eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasarik altuena du Europan (% 21,9).

Eskola modu goiztiarrean utzitakoen tasari buruzko adierazle hau Gazteen Adierazleak 2013 ikerketan ere kontsulta daiteke, “Hezkuntza” atalean, hain zuzen ere.

Gazteen Euskal Behatokiak gazteriaren egoerari buruz eginiko ikerketa zabal horren adierazle bat baino ez da honako hau. Ikerketan 111 adierazle biltzen dira; batzuk Behatokiak berak egindako azterlanetatik datoz eta beste batzuk iturri estatistiko ofizialetatik.

Guztia batuz gazteen egoerari buruzko panoramika zabala eskaintzen du, eta Euskadiko biztanleria osoarekin alderatzeaz gain, Espainia eta Europar Batasuneko gazteen egoerarekin ere konparatzen ditu.

Bertan agertzen den informazioa lau formatu ezberdinetan aurkezten da:

  • Datu base interaktiboa (pdf, 241 kb). Grafikoak eta mapa interaktiboak egiteko aukera ematen du eboluzioa aztertzeko, alderaketak egiteko eta 111 adierazleak aldagai ezberdinen arabera aztertu ahal izateko.
  • Gazteen Adierazleen Panela (pdf, 263 kb), ikerketa osatzen duten 111 adierazleen informazioa biltzen duen laburpen-taula.
  • Adierazleen fitxak (pdf, 973 kb), oinarrizko 64 adierazleei buruzko informazioa.
  • Laburpen exekutiboa (pdf, 238 kb), aztertutako adierazle guztien informazioa laburbiltzen duen testu laburra.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!