Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko urriaren 22koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez 2024rako aparteko dirulaguntzak onartzen baitira ardogintza-sektorerako, Errioxa JDK jatorri-deitura kalifikatuaren babespean dauden mahastizainentzat, Ukrainako gerra dela-eta urrituta ikusi dituztelako enpresa-errendimenduak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 211
  • Hurrenkera-zk.: 4964
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/10/22
  • Argitaratze-data: 2024/10/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea egoera zailean dago gaur egun, izan ere oraindik ez baita COVID-19aren pandemiatik guztiz suspertu eta, gainera, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren ondorioz erregaiak, energia, lehengaiak eta bestelako hornigaiak garestitu izanak ondorio negatiboak eragiten baitizkio. Prezioen garestitzeak, Estatu Batuen politika protekzionistak eta Brexit-ak merkataritzan eragin dituen zailtasunek nabarmen zaildu dute sektorea suspertzea, eta ardoaren salmentak beherazko joera hartu du Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrek batez ere Arabako Errioxan eragin ditu kalteak, Errioxa JDK jatorri-deiturako ardoaren ekoizpenean jardun den eskualdean, alegia. Ildo horretan, salmentak % 7,5 inguru jaitsi dira nazioarteko merkatuetan.

Aurrekoaren ondorioz, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka izan da 2023. urtean zehar. Hala ere, egiaztatu da 2023ko kanpainako ardo-ekoizpena txikiagoa izan zela azken bost urteetako batezbestekoarekin alderatuta, 2023an zenbait neurri ezartzearen ondorioz, hala uzta berdeari nola mahats-ekoizpeneko errendimenduen mugaketari, baina ekoizpenaren murrizketa hori ez da guztiz eraginkorra izan eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka lortzearen helburuari begira; hala, azkenean, biltegian dagoen ardo-stocka % 7,22 gehitu da, nahiz eta ekoizpena % 2,46 txikiagoa izan.

Egoera horren aurrean, Errioxa JDK-k erreakzionatu egin du, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berrezartzen saiatzeko; horretarako, % 10 murriztu du 2024ko kanpainan biltzen den mahats beltzaren errendimendu onargarrien muga (6.500 kg/ha-ko errendimendu estandarraren gainean), eta mahats-sektoreko esku-hartzearen barruan (ISV) uzta berdea bultzatu du, kanpaina honen barruan, eta beste neurri batzuk ere aplikatu ditu.

Kontsiderazio horiek eginda eta aintzat hartuta 2024an, ziurgabetasunak segituko duela Ukrainako gerrak bere horretan dirauelako, jarrera kontserbadorea izan behar da uztaren produkziori dagokionez. Horrenbestez, laguntza finantzarioa behar da; izan ere, Europako Batzordeak luzatu eta zabaldu egin du ekonomiari laguntzeko neurrien denbora-esparrua, Errusiak Ukraina inbaditu eta gero ezarri zena.

Aurreko denbora-esparrua Batzordearen 2022ko martxoaren 22ko Jakinarazpenaren bidez onartu zen (2022/C 131 I/01). Jakinarazpen hori eta denbora-esparruari gerora egin zitzaizkion aldaketa guztiak, berriz, 2022ko martxoaren 24ko EBAO Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean (65. zenbakia) eman zen argitara.

2023ko martxoaren 9an, Batzordeak Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparruaren gaineko jakinarazpena eman zuen, Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren ekonomian laguntzeko estatu-laguntzen neurriei buruzkoa (Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparrua).

Ondoren, EBAOn 2023ko azaroaren 21ean argitaratutako Jakinarazpenaren bidez (C/2023/1188), Batzordeak erabaki zuen 2024ko ekainaren 30era arte atzeratzea Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparruaren 2.1 eta 2.4 atalen ezabatze mailakatua, eskatutako babes-neurriak ezartzeko eta estatu kideei beharrezko neurriak aplikatzeko denbora emateko. Gainera, aldaketa horretan 2.1 atalaren (laguntzako zenbateko mugatuak) arabera emandako laguntzetarako laguntza-atalaseak igo ziren: zehazki, 2,25 milioi eurora enpresa orokor bakoitzeko, eta 280.000 eurora nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioan aritzen den enpresa bakoitzeko, eta 335.000 eurora arrantza- eta akuikultura-sektoreetan.

Eta, azkenik, EBAOn 2024ko maiatzaren 2an argitaratutako Jakinarazpenaren bidez (C/2024/3113), Batzordeak Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparruaren bigarren aldaketa onartu zuen, Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaren ondoren ekonomia babesteko Estatuaren laguntza-neurriei buruzkoa; aldaketa horren bidez, 2.1 atala 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu zen.

Bestalde, Batzordearen Denbora Esparru horren arabera, eta Europako Batzordearen SA.102771 (2022/N) Erabakiaren eta ondorengo aldaketen bidez, Denbora Esparru Nazionala onartu zen Espainiarako, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren ekonomia laguntzeko neurriei buruzkoa («aterki» esparrua). Esparru Nazional horren babesean, autonomia-erkidegoetako administrazioek egoki iritzitako laguntza-ildoak ezar ditzakete beren eskumen- eta jarduketa-eremuen barruan. Esparru horren bertsio kontsolidatuak, Bruselaren azken onarpenaren ondoren («aterki» esparrua, SA.102771), esparru hori 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea jasotzen du, bai eta aipatutako laguntzen gehieneko atalaseei eustea ere.

Horrela, bada, denbora-esparru nazional horren babespean, agindu honetan biltzen den aparteko laguntzaren xedea da Araban mahastizainek Errioxa JDK-k bultzatutako neurriengatik eta horrek dakartzan kostu gehigarriengatik izan duten galera arintzen laguntzea eta eskaintza eta eskaria arautzea, Euskadiko mahastizaintza-sektorea berrorekatzeko, horrek lagundu egingo baitu Errioxa JDKren babespean dagoen ardo guztia murrizten.

Horretarako, mahatsa biltzen duten mahastizainei laguntza bat eman nahi zaie, kanpaina honetarako Errioxako JDK-k adostutako mahats beltzaren errendimenduaren % 10eko murrizketa konpentsatzeko.

Asmoa da merkatutik 8 milioi kg mahats ateratzea horrekin guztiarekin: gutxi gorabehera, Errioxako JDK-ko 5,2 milioi litro ardo EAEn.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan jasotako gaikuntzan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-lerroetarako, bitarteko elektronikoak erabili behar dira Administrazioarekin harremanak izateko, kontuan izanik balizko onuradunek beren arduraldi profesionaletik eratorritako ezaugarri batzuk dituztela (gaikuntza hori ahalbidetzen dutenak), eta aintzakotzat hartuta sektoreari laguntzeko eta hura kontrolatzeko araudiak harreman elektronikoak ezartzen dizkiela hartzaileei (informazio-betebehar guztiak betetzeko) eta, edonola ere, kontuan hartuta ohiko ekipamendua dagoela harreman elektronikoak ahalbidetzeko, eta ziurtatuta geratzen dela aukera dagoela beharrezkoak diren baliabide elektronikoak erabiltzeko.

Horregatik guztiagatik, honen bidez argitara ematen da laguntzen deialdi hau, nahikoa zuzkidura baitago Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartua, zeinaren bidez onartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. Laguntza hau ez dago agindu horretan barne hartuta. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren ondorioz gertatu diren aldaketak direla-eta, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak izapideak hasi ditu dirulaguntza horiek Plan Estrategikoan sartzeko.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Onartzea ardogintza-sektoreari 2024ko ekitaldirako egiten zaion aparteko laguntza-deialdiko oinarriak, mahastigintza-sektoreari laguntzeko. Oinarri horiek agindu honen eranskinean jasotzen dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriaren 22a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

  1. oinarria. Helburua eta izaera.

  1. Agindu honen xedea da mahastizainentzat aparteko laguntza-deialdi bat egitea 2024ko ekitaldirako eta haren oinarriak onartzea, Ukrainako gerrak mahastigintzako merkatuan izan duen eraginaren ondorioz mahats-produkzioa txikitzeagatik izandako errendimendu ekonomikoen murrizketa konpentsatzeko. Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua (Errioxa JDK) Arautzeko Kontseiluko Mahastien eta haien Titularren Erregistroan inskribatuta egon beharko dira.

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

  3. Laguntza horiek ematen dira, halaber, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko Estatuaren laguntza-neurriei buruzko Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparruan (2023/C 101/03) eta Ukrainaren inbasioaren ondoren Errusiak ekonomia babesteko laguntza-neurriei buruzko Denbora Esparru Nazionalean (2023/C 101/03), Europako Batzordearen 102771 (2022/N) erabakiaren eta haren aldaketen edukiaren arabera. Zehazki, 2024ko maiatzaren 2an, Europako Batzordeak beste aldaketa bat egin zuen Krisiaren eta Trantsizioaren Denbora Esparruan, esparru horretako 2.1 atalean nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresentzat ezarritako laguntza-neurria 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzeko; horren babesean ematen dira laguntza horiek.

  1. oinarria. Laguntza-lerroa.

    Agindu honen 1. oinarrian finkatutako xedea lortzeko, laguntza-lerro bat ezartzen da, Errioxa JDKren babespean dauden mahats beltzaren ustiategien errendimendu ekonomikoak murriztu izana konpentsatzeko.

  2. oinarria. Aurrekontu-zuzkidura.

    Bost milioi seiehun mila (5.600.000) euroko aurrekontu-kreditua bideratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako 2024.1001832200.1.71110.45001.2024/001019 aplikazioaren kontura deialdi honetara.

  3. oinarria. Onuradunak.

    Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte mahastizaintzako ustiapenetako titularrek:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularra izatea, edo Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan inskribatutako eta Errioxako JDKren babespeko mahastiak dituen edozein lurralde historikokoa.

    2024ko ekitaldian, mahats beltza uztatzea, Errioxa JDKren barruan ardo bilakatzeko.

    Ez gainditzea mahats beltzerako onartzen den errendimendu produktiboaren topea: 5.850 kg/ha (6.500 kg/ha-ko errendimendu estandarraren % 90).

  4. oinarria. Onuradun izateko debekuak.

  1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetan zehazten diren egoeretan dauden erakundeak:

    1. Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.

    2. Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtso-deklarazioa jaso dutenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende daudenak edo desgaituta daudenak Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

    3. Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

    4. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

    5. Ez ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

    6. Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

    7. EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, egunean egotea itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude edo erabaki bada dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea. Onuradun bihurtzeko eta emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izateko eskatzen da eskakizun hori, eta, hortaz, betetzen ote den egiaztatuko da esleipena eta ordainketak egitean.

    8. Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsona fisikoak nahiz juridikoak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

    9. Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

    10. Ez betetzea desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

  2. Gainera, onuradun izateko, interesduna ezingo da egon berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ostean.

  3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute, apartatu honetan xedatzen den bezala egiaztatu ere, ordainketa-epealdiak betetzen dituztela, lege horretan ezartzen direnak onuraduna edo entitate laguntzailea izateko.

    Eskakizun hori betetzen dela egiaztatzeko, honako frogabide hauek erabiliko dira, eta, betiere, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik:

    1. Pertsona fisikoek eta juridikoek, baldin eta, aukerarik badute kontabilitate-araudiaren arabera urteko kontu laburtua aurkezteko ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona baten ziurtagiriaren bidez; urteko kontu laburtu horretan, aditzera eman beharko dute iritsi direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

    2. Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

      1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iritsi izana.

        Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

      2. Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarrian oinarrituta, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

        Kasu horretan, eskatzen den eskakizuna betetzat joko da baldin eta Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiagokoa bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila.

        Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. bis artikuluan ezarritakoa betez egingo da adostutako prozedurei buruzko txostena.

        1. paragrafoko g) letran jasotako debekua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko da. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.

      1. Pertsona eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dute ez daudela gainerako debekuetan sartuta, zeinetan, espresuki, honako hauek adieraziko baitira: onuradun izan daitezkeenek kalte ekonomikoak jasan dituztela Ukrainako inbasioaren ondorioz, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenen ondorioz edo Errusiak zehapen horien aurka hartutako neurrien ondorioz. Gainera adierazi beharko dute ea beste laguntzarik jaso duten, Denbora Esparru Nazionala eta Ukraina Europako Denbora Esparrua aplikatzearen ondorioz. Erantzukizunpeko adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen administrazio-espediente bakoitzaren parte izan beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta aurkeztutzat joko da, 8. artikuluko 7. apartatuan xedatutakoari jarraituz.

      2. oinarria. Aplikazio-eremua.

        Aplikazio-eremua izango da Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan jaso, eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluko Mahastien eta haien Titularren Erregistroan izena emanda duten lurzatiena.

      3. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.

      1. Laguntzaren balioa finkatzeko, pizgarri bat ezartzen da mahats beltzeko hektareako, baldin eta Errioxako JDK-k 5.850 kg/ha-ko gehieneko errendimendua aplikatzen badie. Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan erregistratutako eta Errioxako JDKren babespeko hektarea kopuruaren arabera ezarriko dira ustiategiko hektarea-tarteak. Hauek izango dira pizgarrien zenbatekoak:

        1. <= 50 hektareako ustiategiak: 487,5 euro/ha

        2. > 50 - <= 100 hektareako ustiategiak: 325,0 euro/ha

        3. Ustiategiak > 100 hektarea: 130 euro/ha

      2. Ustiategi onuradunen titularrei laguntza ordaintzeko, Errioxako JDK-k egiaztatu beharko du mahats beltzeko zenbat hektarea baztertu diren, eta, hala dagokionean, zenbat atxiki zaizkion uzta berdeari mahats-sektoreko esku-hartzearen barruan (ISV 2024).

      3. Gehienez 280.000 euroko laguntza emango da eskatzaileko.

      1. oinarria. Laguntzak kudeatzea eta ebaztea.

      1. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatu eta ebazpen-proposamena egiteko organo eskuduna.

      2. Izapideak egiteko, soilik erabili beharko dira bitarteko elektronikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

      3. Laguntzak kudeatzeko, kontuan izango da zer datu dauden Arabako Foru Aldundiko Ardoaren Etxeko erregistro eta espedienteetan, eta, hala dagokionean, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseilukoetan, zeinak 4. eta 7. oinarrietan aipatzen baitira; bestalde, laguntzak ofizioz emango dira Nekazaritzaren, Arrantzaren eta Elikagai Politikaren sailburuordearen ebazpen baten bidez, aintzakotzat hartuta 7. oinarriko artikuluan aurreikusitako zenbatekoak, eta egiaztatu eta gero ea betetzen diren eskakizunak.

        Hala ere, ustiategietako titularrek ukatu ahal izango dute datu horiek kontsultatzea, eta, ukatuz gero, deialdi honetan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

      4. Eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibideak eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango dizkie onuradun izan daitezkeenei, laguntza behar bezala ebazteko.

      5. Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko aldibereko lehia-prozedurari jarraituko zaio, eskatutako eskakizunak betetzen dituzten ustiategien titular guztien artean. Horretarako, 7. oinarrian aurreikusitako modulu ekonomikoak eta gehieneko muga kuantitatiboa kontuan hartuta kalkulatuko da eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa. Hirugarren oinarrian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa balitz aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen dirulaguntzak esleituko dira. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, zuzkidura hori baterako estaldurarako nahikoa izan arte.

      6. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko du zein den 4. artikuluan aipatzen diren eta eskakizunak betetzen dituzten ustiategien titularren behin-behineko zerrenda (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), non adieraziko baita zenbat hektarea zenbatu diren. Zerrenda hori argitaratzeko epea, gehienez 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

      7. Onuradun proposatutako pertsonek 10 egun balioduneko epea izango dute, aurreko apartatuan aipatutako argitaratzen denetik aurrera, hauek egiteko:

        1. Zerrendan badaude: hori onartu, ukatu edo datuak aldatzeko eskatzea. Epe berean, laguntzari espresuki uko egitea, edo aldatzeko eskatzea; horretarako, adierazi beharko dute zer aldatu nahi duten, eta ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, eskatzen duten aldaketaren oinarri gisa. Uko egiteak atzera egitearen ondorio berak izango ditu. Ulertuko da onarpena isilbidez egin dela, baldin eta, 10 egun baliodunak igarota, interesdunak inolako jakinarazpenik egiten ez badu. Epe berean, laguntzari espresuki uko egitea, edo aldatzeko eskatzea; horretarako, adierazi beharko dute zer aldatu nahi duten, eta ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, eskatzen duten aldaketaren oinarri gisa. Uko egiteak atzera egitearen ondorio berak izango ditu.

        2. Behin behineko zerrendan azaldu ez, baina 4. oinarrian ezarritako eskakizunak betez gero, zerrendan sartzeko eskatzea, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.

      8. Aurreko apartatuan xedatutakoaren babesean aurkeztutako alegazioak gehienez hilabeteko epean ebatziko dira, alegazioak aurkezteko aurreikusitako 10 eguneko epea amaitu, eta hurrengo egunetik aurrera.

      9. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

      10. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, berak aurkeztu beharko du ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

      11. Taulan, zerrenda bat argitaratuko da, zerbait zuzendu behar duten pertsona guztiekin, hamar egun balioduneko epean zuzen dezaten akatsa edo erants ditzaten nahitaezko dokumentuak. Halaber, adieraziko zaie ezen, hori egin ezean, ebazpena eman, eta ulertuko dela atzera egin dutela. Ebazpen hori, berriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan eman beharko da. Orduan emango da behin betiko ebazpen-proposamena.

      12. Segidan, onuradunak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu eta gero, laguntzak eman ala ukatu, jakinarazi eta ordaindu egingo dira, Nekazaritza, Arrantza eta Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.

      13. Agindu honek ondorioak dituenetik aurrera hiru hilabete igarota, ebazpen espresurik edo jakinarazpenik ez badago, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

      14. Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari jarraikiz.

      1. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

      1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan araututako betebeharren araubideari atxikituta daude, hauei zehazki:

        1. Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari beren-beregi uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

        2. Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.

        3. Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

        4. Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

        5. Beste ezein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari. Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

        6. Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari. Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

        7. Egiaztatzea, emate-ebazpena eman baino lehen eta berau ordaintzeko unean, egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

        8. Duen izaera juridikoak hala eskatuko balu, kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako agiriak edukitzea, merkataritzako eta sektoreko legediak kasu bakoitzean onuradunari eskatzen dion bezala, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak eta berariazko erregistroak ere, egiaztatze- eta kontrolatze-jarduketak behar bezala egiten direla bermatzeko helburuarekin.

        9. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

        10. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

        11. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

        12. Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

        1. Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

      2. Azken 5 urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren dirulaguntzarik jaso ez bada, eta emandako laguntza ordaintzeko, onuradunak Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko zerbitzuaren bidez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-sede/eu/), dirulaguntza ordaindu aurretik.

      1. oinarria. Atzera egitea.

      1. Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularra izango da, ebazpen bidez, bete-betean onartuko duena atzera egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez.

      2. Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Uko egiteko, halaxe egin dela egiaztatzea ahalbidetzen duen edozein modu erabiliko da, eta organo emailea izango da, ebazpen bidez, berariaz onartuko duena uko egite hori eta prozedura bukatutzat joko duena erakunde horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

      1. oinarria. Ez-betetzeak.

      1. Onuradunak ez badu betetzen agindu honetan ezarritako betebeharren bat edo, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, edo ez badu betetzen laguntza ematea eragin zuen helburua, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (guztiz edo partez, proiektuaren egikaritze-mailarekiko modu proportzioan) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta berandutze-interesak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena) eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

      2. Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

      1. oinarria. Bateragarritasunak.

      1. Oro har, agindu honetan jasotzen diren laguntzak metatu ahal izango dira beste edozein administraziok Ukraina Europako Denbora Esparruaren babespean edo Denbora Esparru Nazionalaren babespean ematen dituen beste laguntza batzuekin, baldin eta errespetatzen badira esparru horiek ezartzen dituzten gehieneko zenbatekoak eta gehieneko intentsitate-atalaseak

      2. Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira COVID-19aren Denbora Esparruan emandako beste batzuekin, baldin eta metaketa-arauak betetzen badira.

      3. Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin, baldin eta errespetatzen badira minimis erregelamendu horietan aurreikusitako metatze-arauak.

      4. Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin, baldin eta errespetatzen badira minimis erregelamendu horietan aurreikusitako metatze-arauak.

      5. Agindu honetan jasotako arauak metatu ahal izango dira EBFTren 107. artikuluko 2. apartatuko b) letraren ondorioz emandako laguntzekin (hondamendi naturalek eragindako edo salbuespenezko beste gertaera batzuen kalteak konpontzeko laguntzekin), baldin eta gainditzen ez badira Denbora Esparru Nazionalean eta Ukraina Europako Denbora Esparruan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak.

      6. Metaketak zenbateko horiek eta gehieneko atalaseak gaindituz gero, behar beste gutxitu egingo da hasieran kalkulatutako kopurua, muga horiek gaindi ez daitezen. Nolanahi ere, ofizioz konprobatuko da ea gainditzen den Ukraina esparrurako gehienez eman daitekeen laguntza (280.000 euro/ustiategia).

      1. oinarria. Datuak babestea.

        Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz tratatuko dira.

        Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara:

        https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik