Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko martxoaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2024ko deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan dauden Errioxa JDKko mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak emateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 70
  • Hurrenkera-zk.: 1682
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/03/26
  • Argitaratze-data: 2024/04/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea egoera zailean dago gaur egun, izan ere oraindik ez baita COVID-19aren pandemiatik guztiz suspertu eta, gainera, Errusiak Ukraina inbaditu izanaren eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren ondorioz erregaiak, energia, lehengaiak eta bestelako hornigaiak garestitu izanak ondorio negatiboak eragiten baitizkio. Prezioen garestitzeak, Estatu Batuen politika protekzionistak eta Brexit-ak merkataritzan eragin dituen zailtasunek nabarmen zaildu dute sektorea suspertzea, eta ardoaren salmentak beherazko joera hartu du Euskal Autonomia Erkidegoan. Horrek batez ere Arabako Errioxan eragin ditu kalteak, Errioxa JDK jatorri-deiturako ardoaren ekoizpenean jardun den eskualdean, alegia.

Aurrekoaren ondorioz, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka izan dugu 2023. urtean zehar. Hala ere, egiaztatu da 2023ko kanpainako ardo-ekoizpena txikiagoa izan zela azken bost urteetako batezbestekoarekin alderatuta, zenbait neurri ezartzearen ondorioz. Esate baterako, uzta berdearen esku-hartzea aplikatu zen ekitaldi horretan, baina ekoizpenaren murrizketa hori ez da guztiz eraginkorra izan eskaintza eta eskariaren arteko orekaren helburua lortzeko eta, azkenean, biltegian dagoen ardo-stocka % 7,22 gehitu da, nahiz eta ekoizpena % 2,46 txikiagoa izan.

Merkatuaren egoerak bere horretan jarraituko duela aurreikusten denez, beharrezkotzat jotzen da esku-hartze hori berriz ere Arabako Errioxako mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen eskura jartzea 2023-2024 kanpainarako, sektorea indartzeko eta, beste neurri batzuk ere aplikatuta, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berrezartzen laguntzeko.

Gogoeta horiek eginda, Eusko Jaurlaritzak, 2024ko urtarrilaren 12an, uzta berdea egiteko neurria aktiba zezala eskatu zion Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiari, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren Esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko 34. artikuluari jarraituz. Euskal Autonomia Erkidegoak eta beste autonomia-erkidego batzuek egindako eskaerari erantzunez, 2024. urtean uzta berdea abian jartzeko aurrekontua finkatu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiak Mahastizaintza eta Ardogintza Sektoreari Laguntzeko Programan, 2024ko otsailaren 20ko BOEn argitaratutako 2024ko otsailaren 15eko Ebazpenaren bidez.

Europar Batasunak ezarritako Merkatu Antolakunde Erkidearen (MAE) helburuen artean dago, besteak beste, mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuan eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzea, merkatu-krisirik egon ez dadin. Sostengu-neurrien artean, mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak daude jasota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduko 47. artikuluan. Era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira estatu kideek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari dagokionez (NPBren plan estrategikoak) Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatutako laguntza, eta indargabetzen baitira 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, 58. artikuluan uzta berdea jasotzen du ardoaren sektorean ezarri beharreko esku-hartze moten artean, eta laguntza hori mugatzen du mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuen eta suntsitze edo kentzeak diru-sarreretan eragiten duen galeraren batuketaren % 50era.

Esku-hartze horri erreferentzia egiten dion estatu-mailako araudia urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua da, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duena. Era berean, aplikatzekoak dira hauek denak ere: abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena; 147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen baitira, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituzten errege-dekretu batzuk aldatzen baitira; eta 1046/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEF eta LGENF nekazaritzako Europako funtsen gobernantza arautzen duena. Era berean, uzta berderako laguntzak xedapen hauetan ezarritakoaren mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta bi arau hauetan bildutako oinarrizko erregulazioa: 38/2003 Legea, Dirulaguntzen Lege Orokorra eta 887/2006 Errege Dekretua, azken horren erregelamendua onartzen duena.

Laguntza hauen kudeaketa, berriz, 275/2020 Dekretuak ezarritakoaren mende egongo da (275/2020 Dekretua, abenduaren 9koa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa).

Agindu honen bidez deitzen diren uzta berderako laguntzak bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuekin, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren neurriei dagokienez.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26.4 artikuluaren arabera, sailburuek, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, eskudantzia dute, besteak beste, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko.

Hori dela bide, honako hau

Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan dauden Errioxa JDKko mahastietan uzta berdea egiteko 2024. urteko deialdiaren oinarriak, Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoan ezarritako ardoaren sektoreko esku-hartzearen esparruan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak.

Agindu honetan aurreikusten diren ondoreetarako, ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela aitortu ahal izango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduko 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta onuradunari egotzi ezin zaizkion beste arrazoi batzuk alegatzen diren kasuetan ere, ukaezina den froga dokumental bat aurkezten bada eta Arabako Lurralde Historikoko organo kudeatzaileak berariazko ebazpen baten bidez onargarritzat jotzen baditu, aipatutako erregelamenduko 3. artikuluko 2. apartatuan ezarritako kasuetan izan ezik.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Interes-gatazka, eta iruzurra prebenitzea.

Aurrekontua gauzatzeko kudeaketan zuzenean, zeharka eta modu partekatuan parte hartzen duten finantza-eragile guztiek, prestakuntza-, auditoretza- edo kontrol-lanak egiten dituztenek barne, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko funtzionarioentzako eredu bat sinatu beharko dute.

Halaber, interes-gatazkaren arriskua dagoenean, tarteko den pertsonak hierarkian gorago daukan pertsonari helaraziko dio gaia, eta hark idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zainduko du dena delako pertsonak laguntza-deialdi honen inguruko jarduera oro bertan behera uzten duela.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

  1. oinarria. Helburua, aplikazio-eremua, definizioak eta finantzaketa.

  1. Helburua eta aplikazio-eremua:

    Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan dauden Errioxa JDKko mahastietan uzta berdea egiteko laguntzen 2024. urteko deialdia arautzeko oinarriak onartzea.

    Uzta berdetzat joko da ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren eta mahastiak landatzeko indarrean dagoen araudia betetzen duten mahastietako mahats-mordoak erabat hondatzea edo deuseztatzea, mahats-mordoak oraindik heldu gabe daudenean, eta lurzatiaren errendimendua ezerezean geratzea; laguntzaren xede den lurzatian, ezingo da mahatsik geratu bildu gabe.

  2. Definizioak.

    Agindu hau aplikatzeari begira, definizio hauek ematen dira:

    1. Jabea: mahastia dagoen lurzatiaren jabetza-titulua duen pertsona edo pertsonen taldea, taldearen edo taldekideen forma juridikoa edozein dela ere.

    2. Laguntza-eskatzailea: mahastizainek eskatu ahal izango dute uzta berderako laguntza, eta hauek joko dira mahastizaintzat: pertsona fisiko edo juridikoak edo pertsona fisiko edo juridikoen taldeak taldearen edo kideen forma juridikoa edozein dela ere, mahastiz landatutako azalera bat dutenak jabetzan, edo errentan, apartzeria-kontratu bidez edo dagozkion tributuen likidazioaren bitartez froga daitekeen eta zuzenbidearekin bat datorren beste edozein modutan hartuta, betiere mahats-bilketa mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen merkataritza-ekoizpenera bideratzen badute.

      Deskribapen hori betetzen dutela ulertutako da eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean dagokion mahastizaintza-erregistroan mahastiz landatutako azalera bateko mahastizain gisa dagoeneko inskribatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoen edo titulartasun-aldaketa eskatua dutenen kasuan.

    3. Mahastizain gaztea: laguntza-eskabidea aurkezten duen urtean 40 urte baino gehiago betetzen ez dituen eskatzailea.

      Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko du, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakitzeko ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek; hau da, pertsona juridikoaren kapital sozial osoan % 50etik gorako partaidetza izan behar dute pertsona horiek, edo haren barruan boto-eskubideen erdia baino gehiago.

    4. Mahasti-lurzatia: mahastizain bakar batek mahatsa lantzen duen lursail-azalera jakina. Erreferentzia alfanumeriko bat edo gehiago dituen esparru batek edo esparru-multzo batek osatzen dute, eta Nekazaritza Lurzatiak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) egoten da grafikoki irudikatua.

    5. Laguntzaren xede den mahastizaintza-azalera: mahastiz landatutako azalera, mahats orpoen kanpo-perimetroak eta, horri gehituta, ilaren arteko distantziaren erdia hartzen duen tarteak mugatzen duena, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuko 42. artikuluak ezartzen duen bezala. Erregelamendu horrek osatu zuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza- eta ingurumen-baldintza onen 1. arauari dagokion proportzioari buruzko arauei dagokienez eta esku-hartze jakin batzuei aplikatzeko betekizun gehigarriei dagokionez (esku-hartze horiek estatu kideek zehaztu dituzte Nekazaritza Politika Erkideko 2023-2027 aldirako plan estrategikoetan, erregelamendu horri jarraituz).

    6. Kanpaina edo mahastizaintzako kanpaina: urte jakin bateko abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra bitarteko aldia.

  3. Agindu honetan araututako laguntzak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kontura finantzatuko dira.

    Hasiera batean, 1.800.000 euroko partida bat jarri da. Hala ere, eskabide onargarrien finantza-beharrei erantzunda gainditu egiten badira hasieran jarritako funts horiek, partida handituko da funts propioekin, gehienez ere 1.500 hektareako azalerari laguntza eman ahal izateko. Partida handitzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak horren berri emango du ebazpen baten bidez, laguntzak emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 23.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko.

    Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuko 12. eta 13. artikuluen arabera, erakunde ordaintzaileak zehazki, nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak izango du, zuzenean, ordainketak baimentzeko eginkizuna. Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-organoek eskatzaileei informazioa eta aholkularitza emateko, eskabideak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak egiteko jarduerak egingo dituzte, zeinak dagokien lankidetza-hitzarmenaren bidez artikulatuko baitira.

  1. oinarria. Onuradunek, onartuak izateko, bete behar dituzten baldintzak.

  1. Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko 2023-2027 aldiko Esku Hartzearen esparruan, uzta berderako laguntzak jaso ahal izango dituzte mahastizainek, baldin eta mahastiak Errioxa JDKko ardoa ekoizteko ardogintza-mahatsetarako erabiltzen badituzte eta mahasti horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan badauzkate.

  2. Mahastizainek, eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean, ustiatzaile/kultibatzaile gisa inskribatuta egon beharko dute mahastizaintza-erregistroan, eta haien lurzatiak adierazi beharko dituzte laguntza-eskabidean.

  3. Honako hauek ezingo dute laguntzaren onuradun izan:

    1. Indarrean dagoen araudia urratzen dutenak, bai ustiategiko edozein mahasti-azalerako mahasti-plantaziori dagokionez, bai Batzordearen 2018/273 (EB) Erregelamendu Delegatuko VI. kapituluaren arabera egin beharreko nahitaezko aitorpenei dagokienez (2018/273 (EB) Erregelamendu Delegatua, 2017ko abenduaren 11koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena mahatsondoak landatzeko baimenen erregimenari, mahastizaintza-erregistroari, erlazionatutako dokumentuei, ziurtapenari, sarrera eta irteeren erregistroari, nahitaezko aitorpenei, jakinarazpenei eta jakinarazitako informazioaren argitalpenari dagokionez; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kontrol eta isunei dagozkienez, eta Batzordearen 555/2008, 606/2009 eta 607/2009 (EB) erregelamenduak aldatu eta Batzordearen 436/2009 (EB) Erregelamendua eta 2015/560 (EB) Erregelamendu Delegatua indargabetzen dituena).

      Aurreko paragrafoan aipatutako nahitaezko aitorpenen ondoreetarako, Mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko nahitaezko aitorpenei buruzko uztailaren 31ko 739/2015 Errege Dekretuko 3. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, eta baliozkotzat joko da Errioxa Jatorri Deitura Erregulatzeko Kontseiluko informazioa.

    2. Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektorea Bultzatzeko 2019-2023 Programako aurreko deialdiren batean onartutako eskabideren bat daukaten mahastizainek ezingo dute laguntzarik jaso hurrengo bi deialdietan, ezinbesteko kasuetan eta salbuespenezko inguruabarretan izan ezik, hau gertatzen bada:

      Ez bazuten eskatu onartutako eragiketa baten ordainketa egitea, autonomia-erkidegoak ezarritako epea bukatuta.

      Uko egin bazioten eskatu eta onartutako laguntza-eragiketa bati, salbu eta uko egitea jakinarazi bazuten Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko apirilaren 18ko Aginduak ezarritako epearen barruan (agindu horren bidez, 2023ko deialdia egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Arabako Lurralde Historikoan kokatutako Errioxa JDKko mahastietan uzta berdea egiteko laguntzak emateko).

    3. Frogatzen bada laguntza eskatu dutenek artifizialki sortu dituztela agindu honek, onartuak izateko edo lehentasuna edukitzeko, ezarritako irizpideak betetzeko baldintzak.

    4. Nolanahi ere, ezingo dituzte laguntza hauek jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13. artikuluan adierazten diren egoera galarazleren batean daudenek.

    5. Uraren legez kontrako erabilera egiteagatik uraren arloko eskumena duen agintaritzaren zehapen irmoa jaso duten eskatzaileek ez dute laguntzarik jasoko laguntza jasotzeko aurkeztu dituzten hektarea ureztatuetako mahastien uzta berderako.

  4. Onuradunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. oinarria. Dirulaguntzak jaso ditzaketen ekintzak.

    Eskuz egindako mahats-biltze berderako bakarrik emango da uzta berderako laguntza.

  2. oinarria. Lurzatiek, onartuak izateko, bete behar dituzten baldintzak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan Errioxa JDKrako onartuta dauden barietateekin ardotarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren Arabako Lurralde Historikoko lurzatiei dagozkien eskabideek bakarrik jaso dezakete uzta berderako laguntza.

  2. Eskabideetan, mahastizaintzako lurzati bat edo gehiago adierazi ahal izango dira.

  3. Lurzati bakoitzaren azalerak 0,3 hektareakoa (ha) edo handiagoa izan behar du, eta esparru oso batez edo gehiagoz osatuta egon ahal izango da. Muga hori kontrolatuko da mahastizaintza-erregistroan inskribatuta azaltzen den azaleraren arabera. Mahastizaintzako lurzatia osatzen duten esparru guztietarako laguntzarik eskatzen ez bada, 0,3 ha-ko muga egiaztatuko da, lurzatiaren barruko esparru mugakideen azalera batuz. Mahastizaintzako lurzati baten barruan bata bestearengandik isolatuta dauden esparruen kasuan, esparru bakoitza modu independentean kontatuko da azalera-betekizunei dagokienez.

  4. Laguntza-eskabide bakoitzean 10 ha-ko azalera onartuko da gehienez ere.

  5. Laguntza jasotzeko aurkezten den mahastiak 2023-2024 kanpainaren aurreko hiru kanpainen aurretik landatua behar du izan.

  6. Laguntza jasotzeko aurkezten den mahastiak baldintza begetatibo egokiak izan behar ditu, eta ez du natura-hondamendirik jasan izan behar, uzta eskastu edo ezereztu duen izotzik edo kazkabarrik, esate baterako.

  7. Eskabideek onartuak izateko baldintzak betetzen ez dituztenean, eskabide horiek zergatik baztertu diren adieraziko zaie eskatzaileei.

  1. oinarria. Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

  1. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2024ko apirilaren 29an bukatuko da. Ondorioz, eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko 37. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ez da onartuko apirilaren 30ean aurkeztutako eskabiderik, ez eta hortik aurrerako datetan aurkeztutakorik ere.

  2. Eskabidearekin batera, oinarri honetako 6. apartatuan aurreikusitako agiriak aurkeztu behar dira.

  3. Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzearen esparruan laguntzak eskatu eta jasotzen dituztenek, pertsona fisikoak, pertsona juridikoak edo nortasunik gabeko erakundeak izan, bitarteko elektroniko hutsez izango dituzte harremanak agintaritza eskudunekin, hala ezartzen baitu Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 14.2 artikuluak pertsona juridikoentzat eta nortasun juridikorik gabeko entitateentzat eta, era berean, hala ezartzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legeko 14.3 artikuluak pertsona fisikoentzat, azken kasu horretan haien ezaugarri profesionalak kontuan hartuta.

    Horretarako, agintaritza eskudunak https://www.araba.eus/MahastiAraba aplikazioa jartzen du eskatzaileen eskura, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari laguntza-eskabideak aurkezteko eta ordainketak egiteko.

  4. Eskabidea aurkeztu ondoren beste edozein dokumentazio osagarri aurkeztu nahi izanez gero, Arabako Foru Aldundian aurkeztu behako da, helbide hauen bidez haren egoitza elektronikora sartuz:

    https://egoitza.araba.eus/es/-/tr-registro-electronico-comun gaztelaniaz

    https://egoitza.araba.eus/eu/-/tr-registro-electronico-comun euskaraz

  5. Eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da, eta, horretarako, dagokion baimena aurkeztu beharko da.

  6. Eskatzaileek eskabide-eredu normalizatua bete beharko dute eta, horrekin batera, informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    1. Eskatzailearen identifikazioa:

      Aurkezteko bitarteko telematikoen bidez egiaztatzen da identifikazioa.

      1. Pertsona baimendu baten bidez aurkeztuz gero, baimena emateko dokumentua.

      2. Ustiategiaren datuak: kodea, eta lurzatia titutartasun partekatuko ustiategi baten parte den ala ez, Titulartasun Partekatuko Nekazaritza Ustiategiei buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legearen arabera.

      3. Bankuaren datuak, laguntza ordaindu ahal izateko.

      4. Hala badagokio, zerga-datuak eta Gizarte Segurantzako afiliazio-datuak.

      5. Onuraduna enpresa-talde bateko kide den ala ez.

    2. Uzta berderako eskabidean adierazitako lurzatiari edo lurzatiei buruzko informazioa:

      1. Laguntza jasotzeko aurkeztutako mahastizaintzako lurzatiaren edo lurzatien identifikazioa, kokapena eta azalera; lurzatia osatzen duten esparruen zerrenda, eta mahastizaintza-erregistroaren arabera mahastiari dagokion zenbakia. Mahastizaintzako esparru edo lurzati berean mahats-barietate beltz eta zuriak baldin badaude batera, barietate ugariena hartuko da kontuan azalera horretarako.

        Lurzati eta ustiategi bakoitzarentzat, mahastizaintza-erregistroan eta Errioxa JDK Erregulatzeko Kontseiluan azaltzen diren datuak hartuko dira datu balioduntzat; besteak beste hauexek: barietatea, mahats mota, landatze-urtea, azalera inskribatua, esparrua eta mahats-produkzioa (kg-ak).

      2. Uzta berdea egiteko modua: bitarteko propioen bidez edo kanpoko enpresa baten bidez (hirugarrenen bidez).

    3. Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute eskabidearekin batera eta, adierazpen horretan, deklaratu behar dute betetzen dituztela laguntza jasotzeko baldintzak, 905/2022 Errege Dekretuko 3., 35. eta 36. artikuluen arabera, eta, horrez gain, betetzen dituztela 2. eta 4. oinarrietan zehaztutako betekizunak.

    4. Eskatzaileek konpromisoak hartzeko dokumentu bat sinatu beharko dute eskabidearekin batera eta, dokumentu horretan, deklaratu behar dute onuradun izanez gero beteko dituztela konpromiso orokor hauek ere:

      1. Laguntza onartzea, edo laguntzari uko egiten diotela jakinaraztea laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena egiten den egunetik 10 eguneko epean.

      2. Laguntza jasotzeko aurkeztutako lurzatietan uzta berdea gauzatzea, eskuzko metodoak erabiliz. Mahatsondo-enborretako mahats-mordo guztiak deuseztatu beharko dituzte eta moztutako mahats-mordoak lurzatian bertan barreiatuta utzi beharko dituzte.

      3. Uzta berdea gauzatzea eta gauzatzearen berri ematea 2024ko uztailaren 16a baino lehen.

      4. Laguntza emateko onartua izan den mahastizaintzako azalera osoan gauzatzea uzta berdea.

      5. Laguntza-eskabidea aurkeztu baino lehen, ez dute mahats-bilketa oso edo partzialik egin behar laguntza jasotzeko aurkeztutako lurzatietan.

      6. Laguntzaren xede diren mahastiak baldintza begetatibo eta sanitario onetan edukitzea.

      7. Administrazio-kontroletarako eta lekuan bertan egiten diren kontroletarako erraztasunak ematea, eta eskatzen zaizkien neurri zuzentzaile edo konpontzaileak hartzea. Halaber, egin beharreko egiaztatzeetarako beharrezkoak diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

  7. Arabako Foru Aldundiak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, AIZa eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

  8. Eskatutako dokumentazioa beste administrazioren batean entregatuta badago eta eskatzaileak espresuki deklaratzen badu dokumentazio horretan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Dokumentazioa zer administraziotan eta noiz aurkeztu duen adierazi beharko du eskatzaileak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

  9. Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabili behar da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

    Nolanahi ere, egoki iritziz gero, dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango da.

  10. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskabideak ez baditu betetzen 2. eta 4. oinarrietan ezarritako baldintzak edo aplikatzekoa den Europako edo Estatuko legediak eskatutako beste edozein baldintza, eskatzaileei hamar eguneko epea emango zaie gabezia hori zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean eskabidean atzera egin dutela iritziko zaiola, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak horri buruzko ebazpena eman ondoren hura baita Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendaria, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  11. Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioz Erakunde Ordaintzaileari edo, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiari, egiten zaion edozein jakinarazpen, eskabide edo eskaera laguntza-eskaera barne aurkeztu ondoren zuzendu ahal izango da, ageriko akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak baditu eta Erakunde Ordaintzaileak berak edo Arabako Foru Aldundiak aitortu baditu akats horiek.

  1. oinarria. Hautaketa-prozedura.

  1. Uzta berderako laguntza jasotzeko aurkezten diren lurzatiak, onargarriak diren eskabideetan daudenak, agindu honetako II. eranskinean bildutako lehentasun-irizpideetako haztapena aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

  2. Aurreko apartatuaren arabera onargarriak eta lehenetsi beharrekoak diren lurzatien behin-behineko zerrenda eskatzaileei jakinaraziko zaie, nahi izanez gero alegazioak egin ditzaten.

  3. Behin-behineko zerrendaren aurka aurkeztutako alegazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan deialdi honetarako onargarri eta lehenetsitzat jotako lurzatien behin betiko zerrenda egingo da.

  4. Laguntzaren xede diren lurzati onargarrietako mahastien azalera neurtuko du Arabako Foru Aldundiak, eta azalera hori izango da laguntza jasotzeko eskubidea izango duen behin betiko azalera.

  5. Lurzati onargarri eta lehenetsien behin betiko zerrenda, Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak sinatuta, 2024ko ekainaren 7a baino lehen jakinaraziko zaio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiari.

  6. Aurreko apartatuan aipatzen den informazioa oinarritzat hartuta, lurzati onartuen behin betiko zerrenda egingo du Fruta, Barazki eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiak, eta 2024ko ekainaren 15a baino lehen jakinaraziko dio EAEko Erakunde Ordaintzaileari zer lurzati onartzen dituen, Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren Esparruan Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektoreko Esku Hartzea arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko 40. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

  7. oinarria. Ebazpena eta jakinarazpena.

  1. Aurreko oinarrian deskribatutako prozesua bukatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendaria den aldetik, eskatutako lurzatientzat laguntza berderako laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena emango du.

    Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legeko 45. artikuluaren 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da.

    Hala ere, ebazpena/k Arabako Foru Aldundian nekazaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidaliko da/dira, interesdunei banan-banan jakinarazteko. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

  2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du gutxienez:

    1. Baietsitako eskabideei dagokienez:

      1. Onuradunen izena edo sozietate-izena, NANa, IFK edo AIZa.

      2. Onuradun bakoitzari uzta berdea egiteko onartu zaizkion lurzatiak eta laguntzaren xede den azalera.

      3. Lortutako puntuazioa.

      4. Uzta berdea gauzatzeko epea.

      5. Emandako laguntzaren zenbatekoa.

      6. Onuradunak eman zaion laguntzari uko egiteko daukan epea.

    2. Ezetsitako eskabideei dagokienez:

      1. Eskatzaileen izena edo sozietate-izena, NANa, IFK edo AIZa.

      2. Laguntza ukatzeko arrazoiak.

  3. Ebazpena 2024ko ekainaren 30a baino lehen eman eta jakinaraziko zaie interesdunei. Epe hori bukatu eta oraindik ere ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunak ezetsitzat jo beharko du eskabidea, hala ezartzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 22.5 artikuluan.

    Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

  4. Eskatzaileak 10 eguneko epea izango du, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten zaionetik, onartutako eragiketei uko egiten diola adierazteko eskaera aurkezteko.

  1. oinarria. Laguntzaren kalkulua.

  1. Hauxe izango da uzta berderako laguntza: mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuetarako ekarpen bat eta mahats-mordoak suntsitze edo kentzeak diru-sarreretan eragiten duen galera arintzeko konpentsazio bat.

  2. Uzta berderako laguntza gisa, zenbateko hau emango da hektareako: mahats-mordoak suntsitu edo kentzeak duen zuzeneko kostuen eta suntsitze edo kentze horrek diru-sarreretan eragiten duen galeraren batuketaren % 50.

    Mahats-mordoak suntsitu edo kentzeagatik zer kostu diruz lagundu daitekeen kalkulatzeko, kostu unitarioen baremo estandarrak erabiliko dira.

  3. Deialdi honetan, hauek izango dira aurreko apartatuan adierazitako balioak Arabako Lurralde Historikoan kokatuta eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuan adskribatuta dauden mahastientzat:

    1. Mahats-mordoak kentzeak eragindako kostua: kostu unitarioa 410,30 /ha izango da.

    2. Diru-sarreretan eragindako galera.

      905/2022 Errege Dekretuko 41. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, laguntza jasotzeko aurkezten den lurzatian uzta berdea egiteak diru-sarreretan eragiten duen galeraren % 50eko konpentsazio ekonomikoa emango da diru-sarreretan eragindako galera konpentsatzeko. Diru-sarreretan eragindako galera kalkulatzeko, laguntzaren xede den lurzatiko mahatsak azken hiru kanpainetan izandako batez besteko prezioa hartuko da erreferentziatzat, eta datuak dauden azken hiru kanpainetan lurzati horrek izandako batez besteko errendimenduarekin biderkatuko da prezio hori. Hala ere, diru-sarreretan eragindako galeraren konpentsazioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren kanpainetako batean edo gehiagotan salbuespenezko inguruabarrak gertatu baziren eta inguruabar horiek oso eragin nabarmena izan bazuten ekoizleek jasotako prezioetan, kanpaina horiek kendu eta, horien ordez, aurreko kanpainak erabili ahal izango dira kalkulua egiteko.

      Aipatutako 41. artikuluan, salbuespen bat ezartzen da zenbateko hori ezartzeko kontuan hartu behar diren erreferentziazko kanpainak zehazteko, eta, salbuespen hori aplikatuz, 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainak hartu dira kanpaina adierazgarritzat. Kanpaina horiek hartu dira kontuan azken hiru kanpainen ordez, 2020an, prezioei dagokienez, ezohiko beheranzko inflexio bortitza gertatu zelako COVID-19aren pandemiaren ondorioz eta hurrengo ekitaldietan ere berdin jarraitu delako, Errusiak Ukraina inbaditzearen eta Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren ondorioz, besteak beste.

      Mahasti-lurzati bakoitzaren batez besteko errendimendua honela kalkulatuko da: 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainetan Mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreko nahitaezko aitorpenei buruzko uztailaren 31ko 739/2015 Errege Dekretuko 3. artikuluaren arabera deklaratutako ekoizpen osoaren batez bestekoa zati ustiategi batean produkzioan dagoen azalera osoari dagokion azalera oso aitortua. Errendimendu horrengatik eskatuko da dirulaguntza. Laguntza jasotzeko eskubidea izateko, errendimenduak ezin du izan 6500 kg/ha baino handiagoa barietate beltzetan, eta 9000 kg/ha baino handiagoa barietate zurietan, Errioxa JDKren baldintza-agirian definitutako gehieneko produkzio teorikoaren arabera.

      2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainetan, mahatsaren batez besteko prezioa 1,21 /kg-koa izan da mahats beltzaren kasuan eta 1,03 /kg-koa mahats zuriaren kasuan, hala ondorioztatzen baita Arabako Foru Aldundiak, Arabako Errioxa JDKn landatutako azalera osoari dagokionez, emandako datu eguneratuetatik. Prezio horiek III. eranskinean azaltzen dira.

  4. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da diruz lagungarritzat hartuko.

  1. oinarria. Uzta berdea gauzatzea.

  1. Uzta berdea zer datetan gauzatuko duten jakinarazi beharko diote onuradunek Arabako Foru Aldundiari, egin beharreko kontrolak egin ahal izan ditzan aldundiak.

  2. Laguntza jasotzen duten lurzati guztiei kontrolak egingo zaizkie lekuan bertan, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz. Gainera, hauxe egiaztatuko da gutxienez:

    1. Kasuan kasuko mahastia existitzen dela eta kontuan hartu den azalera zuzen erabiltzen dela eta, hortaz, baldintza begetatibo onetan dagoela. Egiaztatuko da Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuko 17. artikuluaren 7. eta 8. apartatuen arabera eragiketak ez diola kalterik egiten ingurumenari eta ondorio fitosanitario negatiborik ere ez duela eragiten.

    2. Onartutako azalerako mahats-mordo guztiak guztiz kendu edo suntsitu direla.

    3. Zer metodo erabili den uzta berdea egiteko.

    4. Mahatsa merkaturatzeko moduan dagoen fasera iritsi aurreko hazkunde-garaian egin dela uzta berdea.

  3. Uzta berdeak gauzatuta egon beharko du uztailaren 15erako, hala ezartzen baitu urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko 42. artikuluak, eta kontrolak uztailaren 31 baino lehen egingo dira, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuko 95. artikuluari jarraituz.

  1. oinarria. Laguntza onuradunei ordaintzea.

  1. Uzta berdea bukatu eta hurrengo 5 egunetan eskatuko diote onuradunek Arabako Foru Aldundiari laguntza ordain diezaiela. Ondorio horietarako, uzta berdea gauzatu izanaren data jakinaraztea har daiteke ordaintzeko eskaeratzat.

    Ordaintzeko eskaerarekin batera ordainketen fakturak eta egiaztagiriak aurkezteko eskatu ahal izango du Organo Kudeatzaileak edo, uzta berdea bitarteko propioen bidez egin bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko.

    9.2 oinarrian adierazitako administrazio-kontrolak eta tokian bertako kontrolak egingo ditu Arabako Foru Aldundiak eta, ondoren, kontrolen txostenak eman eta ordaintzeko eskaerak baiesteko edo ezesteko proposamenak egingo ditu. Aurrekoaren ondorioetarako, ez da uzta berdearen laguntza ordainduko:

    1. Dagozkion lurzatian edo lurzatietan uzta berdea 2024ko uztailaren 15a baino beranduago gauzatzen denean.

    2. Lurzatiaren errendimendua ez denean zerora murrizten eta mahats-mordo guztiak ez direnean kentzen.

    3. Uzta berdearen eguna baino lehen ekoizpen osoa edo haren zati bat galtzen bada natura-hondamendi baten ondorioz. Natura-hondamendiak 2022/2472 (EB) Erregelamenduko 2. artikuluaren 2. ata 38. apartatuetan adierazitako definizioaren araberakoak izan behar du (2022/2472 (EB) Erregelamendua,Nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat deklaratzen dituena, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

      Aurreko paragrafoa betetzeko, eguraldi-baldintzak direla-eta (izotza, kazkabarra, euria edo lehortea) lurzati horretako ekoizpenaren % 30 baino gehiago galtzen denean iritziko zaio natura-hondamendia gertatu dela. Ekoizpenaren zenbatekoa zehazteko, aurreko hirurtekoko urteko batezbestekoa hartuko da kontuan, edo aurreko bost urteetan oinarritutako hirurtekoko batezbestekoa, zifra handiena eta zifra txikiena alde batera utzita.

      1. Aurrekoa oinarri hartuta, eta beharrezkoak diren egiaztapenak egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak ebazpena emango du. Horren bidez, onuradunaren ordainketa-eskaera onartu edo ukatuko du, eta dagokion ordainketa-ebazpena emango, hala badagokio.

        Arabako Foru Aldundiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen Bulego Likidatzaile Ofiziala den aldetik, onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak ordainduko ditu, ordainketa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileko zuzendariak emandako ebazpena betetzeko, abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Dekretu horretan ezartzen da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan.

      2. Laguntza 8. oinarrian ezarritako xedapenen arabera kalkulatuko da.

      3. Ordainketa bakarrean ordainduko zaio laguntza onuradunari. Ordainketa hori 2024ko finantza-ekitaldian egingo da, beranduenera ere 2024ko urriaren 15ean.

      4. Azkenean ordaintzen den zenbatekoak ezin du gainditu onartutako zenbatekoa.

      1. oinarria. Kontrolak.

      1. Kontrol-jarduketa eraginkorrak egingo dira Europar Batasunaren finantza-interesak babesten direla bermatzeko.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak kontrol-plan bat ezarriko du Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduko IV. tituluan zehaztutako kontrol-xedapenei jarraituz (nekazaritza-politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da erregelamendu hori).

      3. Kontrol-jarduera guztiak eta haien emaitza dagokion kontrol-txostenean erregistratuko dira. Antzemandako akatsen berri emango zaie onuradunei, eta, hala badagokio, hartu beharreko neurri zuzentzaileen berri ere bai.

      1. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

      1. Agindu honetan, aurkeztutako eragiketa finantzatzeko, aurreikusten diren dirulaguntzak jasotzea bateraezina izango da beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu nazional zein nazioarteko batzuek xede bererako ezartzen duten beste edozeinekin.

      2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduko 36. artikuluaren eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuko 5. artikuluaren ondorioetarako, agindu honetan arautzen den uzta berdearen finantzaketa bikoitza galaraziko duen kontrol-sistema eraginkor bat egongo dela bermatuko du Euskal Autonomia Erkidegoak.

      1. oinarria. Datu-babesa.

        Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Euskadin uzta berdearen neurria aplikatzeko lehentasun-irizpideak, Euskal Autonomia Erkidegoak mahastizaintzaren sektorerako dituen estrategia eta helburuen arabera:

(Ikus .PDF)

Arabako Lurralde Historikoko mahastizainek Errioxa JDK deiturapean 2017., 2018. eta 2019. urteetako uztaldietan ekoiztutako mahatsarengatik jasotako prezio eguneratuak.

(Ikus .PDF)