Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko ekainaren 27koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira 2024ko ekitaldirako turismoko lurralde-proiektuetarako laguntzak.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 138
- Hurrenkera-zk.: 3445
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/06/27
- Argitaratze-data: 2024/07/15
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Turismoa Euskadin gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den sektore ekonomikoa da. Izan ere, Eustaten eta Inteligentzia Turistikoaren Sistemaren (SIT) azken datuen arabera, 2023ko lehen 7 hilabeteetan turisten sarrera % 11,3 igo zen, 2022. urtearekin alderatuta Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren % 6,1 sortzen du (2022. urtea), eta gaitasun handia du enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzeko.
Bestalde, turismoa, dituen ezaugarriengatik, mugimendu politikoekiko, krisi ekonomikoekiko eta giza eta natur hondamendiekiko sektorerik sentikorrenetakoa da. Hori dela eta, Ukrainako gatazka belikoak eta Ekialde Hurbileko egungo egoera kritikoak eragindako testuinguru global orokorrak baldintzatu egiten ditu Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren politika publiko eta ildo estrategiko guztien plangintza programatikoa. Zalantzazko egoera aldakor honetan prest egon behar gara sortzen zaizkigun erronken arabera erantzuteko eta ekiteko.
Ildo horretan, oso garrantzitsua izango da lurraldeko jarduera ekonomikoari eusteko Eusko Jaurlaritza dirulaguntzen bidez egiten ari den ahalegina.
Testuinguru horretan, turismoko lurralde-proiektuei (TLP) laguntzeko programak lortu nahi du ekonomia suspertzea eta turismo-jarduera berrabiaraztea, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak legegintzaldi honetarako garatutako bi faseko estrategiaren barruan dago. Programa hori 1. ardatz estrategikoaren barruan sartzen da: Oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa, EAEko XII. legegintzaldiko Gobernu Programa, eta, horren barruan, 7. jarduera-arloa. Turismo jasangarria eta bikaintasunekoa; zehazki, 41. konpromisoa: Euskadi-Basque Country helmuga turistiko segurua, jasangarria eta arduratsua, eta 42. konpromisoa: Euskadi-Basque Country, bikaintasunezko helmuga turistikoa.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezartzea, sektoreko eragile guztien atxikimendua sustatuta eta garapen jasangarriaren helburuak turismoaren sektorean aplikatuta, EAEn turismo seguru, jasangarri eta arduratsua lortzeko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat da, eta, beraz, erakunde onuradunentzako laguntza-programa honen helburua da beren helmugak osatzen dituzten enpresa, zerbitzu eta baliabide turistikoetan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin lotutako jarduketak.
Bestalde, Euskadi-Basque Country bikaintasuneko helmuga turistiko izateko konpromisoa lortzeko aurreikusitako ekimenetako bat, programa honen laguntzaren xede ere badena, turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea da, helmugen dibertsifikazioari eta horien berezitasunari lotuta, eta gastronomia-, enologia-, landa-, kirol- eta kultura-eskaintzarekin eta familia-, industria-, eta LGTBI+-turismoarekin lotuta. Hain zuzen, turismo-produktu eta -esperientzia jasangarriak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea lagunduko da, hauetan laguntzen dutenak, hain zuzen: EAEko esperientzia turistikoa hobetzen; balio erantsi handiagoa emanda turismo-eskaintza sendotzen eta bereizten; eta turismo-fluxu berriak indartzen eta sortzen, turismoa sasoiz kanpo zabaltzeko eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzeko. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da.
Aurrekoa eta Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-eskarirako turismo-politika dibertsifikatua, kalitatezkoa, jasangarria eta erakargarria garatzeko diseinatu da laguntza-programa hau, eta honako hauek dira helburu espezifikoak:
Eskaintza berri, erakargarri eta kalitatezkoa, Basquetourrek bultzatutako produktuetan eta helmuga turistiko bakoitzaren berezitasunean oinarritutako planak eta esperientziak sortzea bultzatzea, bai eta egungo eskaintza finkatzea eta hobetzea.
Produktu klubetan parte hartzen duten enpresen eta Basquetourrek bultzatutako produktuetan parte hartzen duten eragileen kopurua handitzea, euskal turismo sektorea osatzen duen eskaintza turistikoaren eta enpresa sarearen kalitatea eta berezitasuna bermatzera bideratuta, helmugaren erakargarritasuna eta turistaren esperientzia hobetzeko.
Turismo jasangarria eta arduratsua lortzeko eta lehiakortasuna hobetzeko ekintzetan parte hartzen duten enpresen kopurua handitzea (Basquetourrek bultzatzen eta kudeatzen ditu ekintzak), Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezarrita.
Helburu horiek lagungarriak dira aipatutako turismo jasangarriarekiko eta bikaintasunarekiko konpromisoak betetzeko, eta arau hauetan bildutako TLPetarako laguntza lerroetan sartuta daude: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko otsailaren 15eko Agindua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena, eta 2024ko martxoaren 8ko Agindua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena.
Laguntza-programa honek badu behar adina aurrekontu-kreditu. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024rako aurrekontuetan dago aurreikusita eta aurreko paragrafoetan aipatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoetan dago bilduta eta Sailaren webgunean argitaratuta «planak eta proiektuak» atalean (https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-turismo-comercio-consumo/).
Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua), hau
Agindu honen xedea da EAEko helmugen erakargarritasuna eta kalitatea hobetuko duten turismoko lurralde-proiektuei laguntzeko programaren oinarriak ezartzea, 2024ko ekitaldirako turismo-fluxu berriak dinamizatuz, banatuz eta sortuz, betiere lekua badute laguntza-lerro hauetan:
Euskal Autonomia Erkidegoko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak.
Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak.
Agindu honi begira, definizio hauek finkatu dira:
Turismo-produktua: produktutzat hartuko dira baliabide eta zerbitzu nagusi eta/edo osagarri guztiak, turismo-jardueretan erabiltzeko eta gozatzeko direnak, baldin eta erabiltzaileek jarduera bat edo batzuk egin baditzakete berorietan.
Eskualdeko turismo-lankidetzako enteak (aurrerantzean, turismo-lankidetzako enteak): beren konstituzioan eta/edo kudeaketan turismo-sektorearekin lotutako Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) entitate publikoak eta pribatuak barne hartzen dituzten entitateak dira, eta elementu giltzarria dira helmugaren turismo-garapenerako.
Eragile hauen helburua da modu koordinatuan eta parte-hartzearen bidez beren gain hartzea eskualdea helmuga turistiko lehiakor bihurtzeko erronka, horretarako mahai instituzionalak, turismoko mahaiak eta, dagokionean, mahai azpisektorialak erabiliz. Ondorioz, turismo-lankidetzako erakunde bakarra egon daiteke eskualde bakoitzeko.
Hiriburuetan turismoa sustatzeko enteak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan turismoa sustatzeko ardura duten entitate publikoak.
Turismo-produktuak kudeatzen dituzten eskualdez gaindiko enteak (aurrerantzean, turismo-produktuak kudeatzen dituzten enteak): eskualdez gaindiko entitateak dira, eta EAEn bisitariak erakartzeko eta turismo-fluxuak sortzeko ahalmen handia duen baliabide gastronomiko, natural edo kultural jakin bat turismo-produktu gisa abiarazteko, kudeatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko sortu dira.
Turismo-proiektuen garapenerako laguntzak emateko diru-baliabideen zenbatekoa 1.840.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira, urteroko hauen arabera.
2024. urtea: 1.288.000 euro.
2025. urtea: 552.000 euro.
Entitate publiko eta pribatu hauek izango dira laguntzaren onuradun:
Hiriburuetako turismo-sustapenaren ardura duten EAEko entitate publikoak (udalak, toki-organismo autonomoak, tokiko enpresa eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak) eta eskualdeko turismo lankidetzako enteetan integratuta ez dauden udalerrietakoak (horrelakorik ez dagoelako edo haien eremu geografikoan eratu ez direlako), betiere toki-entitate horiek ItourbaskTurismo Bulegoen Euskal Sareari atxikita dauden turismo bulegoen edo turismo-informazioko guneen titularrak badira eta urte osoan jendearentzat irekita badaude.
EAEko entitate publikoak nahiz pribatuak (kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, partzuergoak, entitate publikoek eta pribatuek eratutako merkataritza-sozietateak eta bestelako entitateak eta elkarteak), baldin eta eskualde-mailan nahiz eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzako ente edo turismo-produktuak kudeatzen dituzten ente gisa jarduten badute.
Entitate hauek ezingo dira laguntzaren onuradun izan:
Enpresa taldeak, enpresaburuen elkarteak, kirol-elkarteak eta Eusko Jaurlaritzari edo foru-aldundiei lotuta edo horien mende dauden eta nortasun juridikoa duten sozietate publikoak.
Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ondorio horietarako jasotako kasuren batean daudenak:
Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da eskakizun hau betetzen dela.
Ez ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Laguntza eman eta ordaindu baino lehen egiaztatuko da baldintza horri eusten zaiola.
Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
Berreskuratze-agindu baten zain daudenak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Diruz lagundu daitezke 2024ko ekitaldian hasi eta amaituko diren proiektu mota hauek garatzeko egiten diren jarduketak:
EAEko helmugen erakargarritasuna eta turismo-esperientzia hobetuko duten turismoko lurralde-proiektuak; I. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.
Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak; II. eranskinean zehazten dira haien ezaugarriak, eskakizunak eta baldintzak.
Oro har, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak, eta agindu honen 16. artikuluan dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea baino lehen ordaintzen direnak. Gastu horiek I. eta II. eranskinetan daude zehaztuta.
Zeharkako zergak ere sartu ahal izango dira, baldin eta azken horiek ezin badira berreskuratu edo konpentsatu.
Aurrekoa gorabehera, 2024. urtean garatuko diren jarduketetarako 2023ko ekitaldian egindako gastu-aurrerakinak onartuko dira, kontrataziorako baldintzek hala eskatzen dutenean (azoketarako guneak erreserbatzea, Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateko kuotak).
Dirulaguntzaren xede diren jarduketa guztiak kontratatu ahalko dira, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan jasotako baldintzetan.
Enpresa onuradunek kontratuak egiten badituzte ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak emateko, eta diruz lagundu daitekeen zenbateko garbia 15.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada, enpresa onuradunak, gutxienez, eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziak direla eta merkatuan ez badago zerbitzu hori egiteko, eskaintzeko edo hornitzeko behar beste entitaterik, edo salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz hautatu beharko da aurkeztutako eskaintzen artean (justifikazioan aurkeztu beharko dira), eta, betiere, hautua berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
Dirulaguntza onartu ondoren erakundeari ematen zaizkion funtsen % 70i dagozkion benetako finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko. Horren ondorioz, finantza-etekinen eta emandako dirulaguntzaren baturak jardueraren kostua gainditzen badu, soberakina itzultzeko eskatu ahal izango da. Atal hau ez da aplikatuko onuraduna administrazio publiko bat denean.
Agindu honetan diruz lagun daitezkeen turismoko proiektu mota bakoitzerako laguntzen zenbatekoak hauek dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko helmugen erakargarritasuna eta esperientzia turistikoa hobetzen duten turismoko lurralde-proiektuak (I. eranskina):
Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak (I. eranskinaren 4.1 apartatua): onartutako gastuaren % 60, eta, gehienez, 25.000 euro entitate bakoitzeko.
Diruz lagun daitezkeen gainerako jarduketak: onartutako gastuaren % 50.
Aurrekoa gorabehera, hau da I. eranskinean ezarritako kontzeptu guztiengatik entitate onuradun berak gehienez jaso dezakeen dirulaguntza, bere jardun-eremuaren arabera:
Udal eremuko toki-entitateak: 25.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro.
Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten entitateak: 75.000 euro.
Helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko proiektuak (II. eranskina).
Laguntza onartutako gastuaren % 60koa izango da, eta, gehienez, 25.000 eurokoa entitate bakoitzeko. Onartutako zenbatekoa alderdi hauek kontuan hartuta kalkulatuko da:
Euskal Turismoaren Kode Etikoari atxikitako entitate, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopurua.
Entitate, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoengatik, gehienez 20 ordu ordaindu ahal izango dira entitate parte-hartzaile bakoitzeko.
Orduko diruz lagun daitekeen gehieneko kostua 35 euro da. Horrenbestez, hau da onartutako zenbatekoa eskuratzeko aplikatu beharreko formula: (Atxikitako entitate, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kop.) x (diruz lagundutako ordu kop.) x (kostua orduko).
Hona hemen entitate batek deialdian gehienez jaso ahalko duen dirulaguntzaren zenbatekoa, kontuan hartuta entitatearen jarduketa-eremua eta aurreko apartatuan xedatutakoari jarraikiz:
Udal eremuko toki-entitateak: 50.000 euro; eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, aldiz, 75.000 euro.
Eskualdearen edo eskualdez gaindiko eremuan jarduten duten entitateak: 75.000 euro.
Entitate batek gehienez 35.000 euro jaso ahalko ditu, turismoko lurralde-proiektuak planifikatzeko eta kudeatzeko giza baliabideetan egindako gastua (I.2.1 eranskina) eta helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzen duten programetan parte hartzen duten enpresa eta entitateei laguntzeko gastuak (II. eranskina) ordaintzeko.
Agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste entitate edo organismo batzuek jarduketa bererako emandako beste edozein laguntzarekin.
Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, deialdi honen babespean emandako zenbatekoak, bere horretan edo beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, eta jarduketa eta/edo inbertsio beretarako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez du gaindituko laguntza emateko arrazoia den jarduketaren kostua. Kasu horietan, mugaren gainetik geratzen den zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari.
Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Entitateek elektronikoki aurkeztu behar dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), helbide honen bidez:
https://www.euskadi.eus/servicios/1020611/
Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
Entitate eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta bertan jasoko dira agindu honen I. eta II. eranskinetan zerrendatutako jarduera diruz lagungarri guztiak. Entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egin ezean, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.
Laguntza eskatzeko, interesa duen entitateak behar bezala bete eta sinatu behar du inprimaki normalizatua (ikus III. eranskina), EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos/) onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez, eta artikulu honetan aipatzen diren dokumentazio osagarriak aurkeztu. Sinadura elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:
Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo
«Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua; eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, hirugarren pertsona bati ordezkaritza ematen dion entitatearen legezko ordezkari gisa ahalorde-emailea legitimatzen duen zuzenbidean baliozkoa den agiri bat.
Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.
Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
Eskabidearen inprimaki elektronikoan entitatearen datu orokorrak idatzi beharko dira, eta langileen datuak sexuaren arabera bereizita jaso. Era berean, proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa eman beharko da. Gainera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere jasoko du. Hau, zehazki:
Laguntza jaso duen pertsonaren edo entitatearen izaerari dagokionez:
Pertsona edo entitatea ez dago Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretan, zeinek eragotzi egiten baitute pertsona edo entitate onuradun izatea.
Zehapenei dagokienez:
Ebazpen irmo baten bitartez ez du galdua dirulaguntzak jasotzeko aukera, bat etorriz abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.
Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
Entitatearen kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen, edo ez, Administrazio orokorrak edo EAEko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza batzuen esparruan. Halakorik badago, adierazi zein diren.
Bestelako laguntzei dagokienez:
Proiektu bererako beste entitate publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.
Agindu honen babesean emandako zenbatekoa, beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, dirulaguntza emateko xede den jarduketaren kostua baino altuagoa bada, eskatzaileak konpromisoa hartzen du egoera horren berri emateko.
Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren mende, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
Ez daukala zigorrik, dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dionik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatu zuen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 21.bis.2 artikuluaren arabera.
50 langiletik gorako enpresei dagokienez, indarrean dauka berdintasun-plan bat, eta ezarri ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
Eskabideko datuei dagokienez:
Entitate eskatzailearen organo eskudunak erabaki du jarduketak laguntza-programa honen deialdira aurkezten diren bezala onestea eta finantzaketa-konpromisoa onartzea diruz lagundu ezin daitekeen zatiarentzat.
Betetzen dituela parte hartzeko eta laguntzaren onuradun izateko deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintzak, horren ziurtagiriak dituela horiek Administrazioaren esku jarri beharko ditu hark eskatutakoan, eta aurreko betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen duela deialdi honen indarraldian.
Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen da dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako funtsezko datu edo informazioren bat zehaztugabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
Ekintza-plan bat turismo-produktu bakoitzeko, alderdi hauek bilduko dituena: ekintza-planaren testuingurua, helburuak, laguntzaren helburu izango diren jardueren deskribapena eta aurrekontu banakatua, plana garatzeko behar diren baliabideak, kronograma eta ebaluazio-adierazleak.
Dirulaguntzaren xede den proiektuaren tipologia ez badator bat Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez garatzen dituenekin, entitate eskatzaileak horretarako egindako produktuaren plana aurkeztu beharko da, eta horrek agindu honen I. eranskinaren 3. apartatuan jasotako gutxieneko edukiak izan beharko ditu.
Turismo-lankidetzako enteak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.
Turismo-produktuak kudeatzen dituzten enteak: akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei buruz hartu diren erabakiak jasotzen dituena.
Entitate interesdunek ez dute zertan aurretik administrazioren batean aurkeztutako dokumentuak aurkeztu, betiere adierazten badute noiz eta zer administraziotan aurkeztu zituzten. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, entitate eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntza eskatzen duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, non eta ez den arrazoituta aurka egiten, orduan egiaztagiri horiek aurkeztu beharko baitira.
Helmugen lehiakortasuna eta iraunkortasuna hobetuko duten proiektuetarako laguntza-eskaeran Euskal Turismoaren Kode Etikoaren prestakuntza-ibilbidean parte hartuko duten erakunde, enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen kopuruari buruzko informazioa ematen baldin bada lerro honetako laguntza kalkulatzeko, alegia-, informazio hori Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarekin kontrastatuko da, hura baita Kode Etikoa kudeatzen duen entitatea.
Eskabidea guztiz bete ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak bidaltzeko, eta ohartaraziko diote, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, entitate eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala eta baliabide elektronikoen bidez aurkezteko. Horri dagokionez, eskabidea benetan bide horren bitartez egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
Jakinarazpenak elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion ekintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena ukatu dela ondorioztatu, eta izapidea egindakotzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatu ezean.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote entitate eskatzaileari.
Azterketa horren emaitza eskabide bakoitzeko txosten batean jasoko da, zeinetan identifikatuko baitira gastu hautagarriak eta hautagarri izan ez direnak, eta, kasu horretan, ez onartzeko arrazoiak emango dira, bai eta eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak ere (dirulaguntza teorikoa), agindu honen 7. artikuluan adierazitako mugen arabera.
Gero, egindako txostenak eta programara bideratutako zuzkidura ekonomikoa ikusita, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako antolaketa-arduradunak edo, halakorik ez badago, sustapen-arduradunak ebazpen-proposamen bat bidaliko dio zuzendaritza horretako titularrari.
Baldin eta 3. artikuluan adierazitako zuzkidurarekin nahikoa ez bada 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko ehunekoetan eta zenbatekoetan aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da zuzkidura hori, haietako bakoitzerako hasieran kalkulatutako kopuruek eskabide guztiak betetzeko behar den guztizko zenbatekoarekiko izango luketen proportzio berean.
Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari dagokio prozedura ebaztea, entitate interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita.
Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren. Ematen badira, hauek zehaztuko dira: entitate onuradunen sozietatearen izena, diruz lagundutako jarduera eta kasu bakoitzean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen sozietatearen izenaz gain, laguntza zergatik ukatu den adieraziko da.
Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote, nahi izanez gero interesdunek Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» aplikazioaren bidez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/).
Laguntzak emateko ebazpena entitate interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan, bitarteko elektronikoen bidez. Horretaz gain, entitate esleipendunen eta emandako laguntzen zerrenda argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak entitate onuradunei emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada borondatez itzuli horretarako finkatutako epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du, eta bi epetan ordainduko da, honela: dirulaguntzaren % 70 emandako laguntza onartu ondoren edo, dagokionean, agindu honen 15.1 artikuluan zehaztutako epea dirulaguntzari espresuki uko egin gabe igarotzen denean, eta 2024rako esleitutako kredituaren kargura; eta gainerako % 30a egindako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren, 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta 2025erako esleitutako kredituaren kargura.
Aurrerakina ordaintzeko laguntza onartu arren, errekurtsoa aurkeztu ahalko da laguntza onartzen duen ebazpenaren aurka.
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta entitate onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo sozietatearen izeneko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero, datuak Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez eman beharko dira, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenak/).
Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluek ezartzen dituztenak:
Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunak ukoa idatziz eta espresuki adierazten ez badu, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako dirulaguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.
Dirulaguntza emateko edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen dieten informazio oro.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketak onartzea, laguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoak ere.
Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
Hezkuntza, promozio eta marketinerako euskarriek, beren formatua eta hedatzeko modua edozein delarik ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua/) eta Euskadi-Basque Country turismo-marka erakutsi beharko dituzte, horri buruzko eskuliburuetan jasotako aplikazioen arabera, salbu eta bidaia-agentziekin edo turismo-preskriptoreekin egindako promozio-ekintzetan erakunde onuradunaren, helmugaren edo produktu-klubaren logotipoa erabiltzen ez bada. Euskadi-Basque Country markaren eskuliburua eta logoa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren web-orrian daude (Turismoa): https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa /
Gainera, eta hala badagokio, webgunean, turismoaren web-orri ofizialaren banner bat jarri beharko da: www.euskaditurismo.eus.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egin beharrekotzat jotzen dituzten ikuskaritzei eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapen eta betearazpenarekin zerikusia izan dezakete ikuskaritzek eta egiaztapenek, eta entitate onuradunek eman egin beharko dute horien inguruan eskatzen zaien informazio oro, baita eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio oro ere.
Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/) «Nire karpeta» aplikazioa erabiltzea.
Dokumentuak elektronikoki aurkeztuta frogatu beharko du entitate onuradunak bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela laguntza ematean ezarritako helburua. Justifikazioa egiteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da.
Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek errekerimendua egingo diote entitate onuradunari, hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesa itzuli beharko dira.
2. apartatuan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
Dirulaguntzak justifikatzeko, justifikazio-kontua modalitatea erabiliko da, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuta. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:
Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.
Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Hauek jasoko ditu:
Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura noiz eman den (data), kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da. Fakturen koadroa egoitza elektronikoan garatutako eta emandako ereduaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Fakturek (elektronikoak izan daitezke), merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuek edo administrazio-eraginkortasuna dutenek bat etorri beharko dute aurreko apartatuan zehaztutakoekin. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), ordainagirien ordez, posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, arduradunaren edo baimendutako pertsonaren sinadurarekin (udal-ikuskatzailea, entitatearen kudeaketa ekonomikoaren arduraduna, eta abar), betiere zenbateko hori emandako dirulaguntzaren % 10 baino txikiagoa bada. Diruz lagundutako gastuen kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu eta datuak eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
Lan-kontratua eta dagozkion nominak, pertsona kualifikaturen bat kontratatzeko dirulaguntza jasotzen den kasuetan.
Hala badagokio, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluari jarraikiz eta agindu honen 6.3 artikuluan ezarrita dagoen moduan, entitate onuradunak eskatu dituen hiru aurrekontuak.
Gainera, kasu guztietan:
Promoziorako materiala egiteko dirulaguntza eskatu dutenek aurkeztu beharko dute sortutako material bakoitzaren ale bat edo, materiala Interneten argitaratu bada, interneteko sarbidea.
Dagokionean, bankuko dokumentu bat, dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinak ordaindu zenetik dirulaguntzaren justifikazio aurkezteko egunera arte sortu dituen benetako finantza-etekinak adierazita.
Turismo eta ostalaritzaren arloko teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.
Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela entitate onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira entitate onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak, bai eta, hala badagokio, laguntzaren aurrerakinaren finantza-etekinak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izango da inola ere dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa izan. I. eranskinean jasotako jardueren justifikazioen zenbatekoak, dirulaguntzaren ehuneko berekoak badira, elkarrekin konpentsatu ahal izango dira, baina ezin izango dute gainditu jarduketa horietarako emandako gehieneko zenbatekoa.
Justifikaturiko eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, laguntzak emateko ebazpenean jasotako dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.
Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute, eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari igorriko diote; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Hala ere, justifikazioaren azterketaren emaitzak emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioaren ebazpena proposatu baino lehen, hamar eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio interesdunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, hala badagokio.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, aldatu egin ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, deialdi honetako artikuluetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Laguntza-programa honen onuradun izateko, gutxieneko baldintza horiek bete behar dira. Baldintzak agindu honen 4. artikuluan daude, eta dirulaguntzak jasotzeko jarduerak, ordea, 5. artikuluan eta I. eta II. eranskinetan. Horretarako, Turismo eta Ostalaritza zuzendariak, onuradunari entzun ondoren, dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
Aurrekoa gorabehera, entitatearekin zerikusirik ez duten zirkunstantziek eragindako aldaketak, hala nola diruz lagundutako turismo-produktuak sortzeko, sustatzeko edo merkaturatzeko aurreikusitako ekintza zehatzen ordez antzeko izaera eta helburua duten beste batzuk ezartzea, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaizkio Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari, gauzatu aurretik. Hori guztia, baldin eta deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza ematean ezarritako xedea mantentzen bada.
Dirulaguntza eman duen organoari aldaketaren justifikazioa jakinarazi eta 15 eguneko epean ez bada jakinarazten ukatu egin dela, entitateak onartutzat jo dezake. Nolanahi ere, administrazio-organoak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du. Aldaketa onartzeak ez du inola ere ekarriko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea.
Laguntza eskatzen duen entitateak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori ebazpen baten bidez, eta prozedura bukatutzat joko du.
Entitate onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du emandako ukoa, eta ordurako ordainketaren bat egin bada, dirulaguntza itzultzeko obligazioa adieraziko du, sortutako berandutze-interes eta guzti; halaber, amaitutzat emango du prozedura.
Ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.
Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (pertsona interesdunari entzun eta gero), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1911Dekretuak EAEko aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa xedatutakoarekin bat, hargatik eragotzi gabe dagozkion beste ekintza batzuk. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:
Egiaztagiriak ezarritako epetik kanpo aurkeztea, horretarako errekerimendua jaso ondoren.
Laguntza edo dirulaguntza eskuratzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena da ez-betetzearen espedienteak hasteko eta ebazteko eskumena. Ez-betetzearen espediente hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/).
Prozedura administrazioko arau-haustea izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
Entitate onuradunaren ez-betetzea ia erabatekoa bada, eta entitate onuraduna bere konpromisoak bete nahian argi eta garbi diharduela egiaztatu badu, itzuli beharreko kantitatea proportzionaltasun printzipioaren arabera xedatuko da.
Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.
Xedea: 2024ko TLP laguntza-programako eskabideak kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak irispidean izateko, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu eta haren aurka agertzeko ere (ikusi informazio gehigarria).
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara:
https://www.euskadi.eus/web01-sede/es/contenidos/informacion/egoitza_datuen_babesa/es_egoitza/index.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 27a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
Atal honetan oinarrituko dira helburu hauek lortzeko turismo-produktuak sortu, abiarazi, sustatu eta merkaturatzea dakarten proiektuak: EAEko esperientzia turistikoa hobetzea; turismo-eskaintza sendotzea eta bereiztea, balio erantsi handiagoa emanez; eta turismo-fluxu berriak indartzea eta sortzea, horrela kontsumo turistikoa urte guztian modu uniformean banatzen laguntzen badute eta turisten batez besteko egonaldia eta gastua handitzen badute. Zeharkakoak izango dira, ahal dela, eta eskualdez gaindiko eragin handiagoa izango dute, eta, horretarako, helmugen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatuko da. Ekimen pribatuaren parte-hartzea sustatuko dute fase guztietan, ea berariaz merkaturatzean; eta konponbide teknologikoak erabiltzeko joera izango dute, helmugaren, turismo-enpresaren eta bisitariaren arteko interakzioa ahalbidetzeko.
Diruz lagun daitezkeen proiektuak izango dira Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak Basquetourren bidez sustatutako turismo-produktuen planen arabera egindako jarduerak dituztenak. Produktuen jarduketa-planaren helburuak betetzeko, eskatzaileek Basquetourrera bidali beharko dute turismo-lankidetzako erakundeek, hiriburuetako turismoa sustatzen duten erakundeek eta turismo-produktuak kudeatzen dituzten erakundeek produktu bakoitzerako aurreikusitako urteko ekintza-plana:
Touring produktua: Euskadi Basque Country Grand Tour bere 8 etapetan zehar osatu eta garatuko duten proiektuak.
Turismo enogastronomikoa: lehenetsi egingo dira, alde batetik, Turismo Enogastronomikoa Bultzatzeko Planarekin bat datozen proiektuak, eta, bestetik, «Euskadi Gastronomika» produktu-klubaren testuinguruan garatzen diren «Euskadi Gastronomikaren Balioen Gutunean» jasotako printzipioekin bat datozenak.
Naturarekin lotutako turismoa: kategoria hauetan bildutako turismo-produktuei dagozkien proiektuak baino ez dira hartuko kontuan:
Mendi-ibiliak: Euskadiko mendi-ibilien plana.
Zikloturismoa: Euskadiko zikloturismo-plana.
Ekoturismoa: Euskadiko ekoturismo-plana.
Bilera eta pizgarrien turismoa (MICE): Basquetourrek eginiko MICE turismoaren garapen-planarekin bat datozen hiriburuetako proiektuek izango dute lehentasuna.
Kostaldeko turismoa: Euskal Kostaldeko Gida Planarekin bat datozen proiektuak.
Familia-turismoa: Familia-turismoaren Planarekin bat datozen proiektuak.
Industria-turismoa: Industria-turismoaren Planarekin bat datozen proiektuak.
LGTBI+ Turismoa: LGTBI+ Turismoa produktu-planarekin bat datozen proiektuek izango dute lehentasuna.
Halaber, aurreko atalean identifikatutako planetan ez dauden baina ezarriko diren helmugen turismo-garapenerako estrategikotzat jo daitezkeen beste produktu-mota batzuk (txangoak, ibilaldiak, interes bereziko turismoa, eta abar) sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jardunak sustatuko dira, eta, horrela, produktuaren planean justifikatuko, baita onartutako Turismoko Estatu Idazkaritzako (SETUR) Helmugetako Turismo Iraunkortasuneko Planetan jasotako jarduerak ere. Planak honako atal hauek jaso beharko ditu, gutxienez:
Planaren justifikazioaren diagnostikoa (hala badagokio, eskaintzaren, ahalmenaren eta eskariaren azterketa eta AMIA diagnostikoa identifikatuta).
Planaren helburuen identifikazioa.
Turismo-produktuaren definizioa eta ezaugarriak.
Produktuaren marketin-plana (sustapena eta merkaturatzea).
Garapen-estrategia (aurreikusitako ekintzak, kronograma, markaren irudia hala badagokio, eta abar).
Helburuen lorpenaren amaierako ebaluazioa.
Diruz lagundu ahalko dira, zalantzarik gabe, jarraian adierazitako ardatz bakoitzean zehaztutako jarduerak egiteko behar diren gastuak:
Plangintza eta kudeaketa:
Proiektuak kudeatzeko, horien jarraipena egiteko eta dinamizatzeko giza baliabideak. Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakundeetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta laguntzaren xede diren proiektuak kudeatzea, horien jarraipena egitea eta dinamizatzea xede badute.
Erakundea Espainiako eta nazioarteko sareetako kide izateari dagozkion gastuak, hala nola kuotak, bidaiak eta ekitaldiak.
Produktuak kudeatzeko tresna teknologikoak ezartzea eta mantentzea (produktuak garatzeko beharrezkoak diren prozesuak eta baliabideak planifikatzeko eta kontrolatzeko sistemak, bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak).
Produktua sortzea:
Produktua dinamizatzeko tailerrak. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren eta haren kudeaketaren garapenean interesa duten entitateek parte hartzen duten tailerren garapenari lotuta dauden gastuak, horiek hobetzen edo sortzen eta gauzatzen laguntzeko, besteak beste: aretoak eta materiala alokatzea, tailerrak garatzeko kanpo-enpresak kontratatzea, eta abar. Barne hartzen dira, halaber, webinar bidez egindako mintegiei, hitzaldiei eta prestakuntzei lotutako gastuak.
Jardunbide egokien bidez ezagutza eman dezaketen beste helmuga batzuetara azterketak egiteko bidaiak. Diruz lagundu ahalko dira ostatuari eta garraiori dagozkien bidaia-gastuak.
Proiektua abiaraztea. Diruz lagundu ahalko dira produktuaren inguruan eskaintza antolatzeko aukera ematen duten ekimenak abian jartzearen ondoriozko gastuak, bai eskariaren jokamoldearen azterlanei buruzkoak (IBILTUR estatistika-operazioaren planteamendu metodologikoaren arabera), bai horiek eraginkor bilakatzeko laguntza ematen duten zerbitzuei eta jarduerei zabalkunderako behar diren euskarriei dagozkienak.
Kanpoko sentsibilizazio-ekintzak, foroak, jardunaldiak eta produktuen aurkezpenak, indarrean dagoen Euskadiko Marketin Planarekin bat datozenak, aurrez aurre nahiz modu birtualean. Diruz lagundu ahal izango dira ekintza horiek abiaraztearen ondoriozko gastuak, hauei dagokienez: euskarri fisiko eta teknologikoen garapena, espazioen alokairua, materialaren garapena, zabalkundea, hizlariak, eta abar.
IKTekin lotutako soluzio teknologikoak ezartzea, produktua osatzen duten baliabideen bisita turistikoa eta interpretazioa errazteko: seinaleztapena eta informazio-panelak teknologia berrietan oinarrituta, audio-giden edukien garapena, errealitate areagotua, eta abar.
Sustapena:
Interes handiko ekitaldiak sortzea edo martxan jartzea, deialdirako eta/edo oihartzun mediatikorako duten ahalmenagatik, bai eta produktuarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak ere, izan aurrez aurre nahiz birtualki.
Web-euskarriak eguneratzea edo hobetzea (webguneak, blogak, newsletterrak, eta abar).
Sare-sozialen kudeaketaren eta mantentze-lanen gastuak.
Ikus-entzunezko edukiak garatzea: irudi-bankuak, ikus-entzunezko erreportajeak eta abar egitea, betiere erakunde eskatzailearen esku geratzen badira eta material hori eta doan erabiltzeko eskubidea Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren esku geratzen badira, erakunde onuradunari aplika dakizkiokeen baldintza beretan.
Proiektuarekin zerikusia duten sustapenerako materialak editatzea eta sortzea eta emango diren euskarrietara fisikoa edo digitala egokitzea. Gainera, zehazki, Euskadi Gastronomika eta Familia Turismoa produktu-klubei lotutako helmugetarako, produktu-klubari ikusgaitasuna emango dieten euskarri fisikoak lagunduko dira diruz, eta, naturako produktuari dagokionez, mendi-ibilaldiei, zikloturismoari eta ekoturismoari buruz egindako euskarrien inprimatzeen ondoriozko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.
Produktuan espezializatuta dauden turismoko azoka profesionaletara eta amaierako publikoari zuzendutako produktuan espezializatutako azoka turistikoetara joatea: diruz lagunduko dira espazioa eta standa alokatzearen eta pertsona baten ostatuaren, bidaiaren eta mantenuaren ondoriozko gastuak, baita jendearentzako arreta-zerbitzua emateko pertsona baten kontratazioarenak ere. Azoka birtualen kasuan, partaidetza-gastuak. Ez dira diruz lagunduko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetourren bidez bisitatzen dituen azokak.
Publizitatea sartzea (online eta offline), «press-trip» delakoak eta kaleko ekintzak.
Merkaturatzea:
Eskaintza dinamizatzea, eragile espezializatuen bidez, eta/edo eskaintza kokatzeko ekintza interesgarriak egitea; besteak beste, fam tripak, alderantzizko jardunaldiak, zuzeneko jardunaldiak, workshopak, eta abar.
Lineako merkataritza-estrategiak.
Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
Inbertsio-gastuak.
Informatikako ekipamendua erostea.
Funtzionamendurako ohiko gastu orokorrak (hornidurak, ura, argia, telefonoak, aseguruak, bulegoko materiala, alokairua eta antzekoak); Internetera sartzeko kuotak; beste elkarte batzuei ordaindutako kuotak, eta egon ohi diren antzeko beste gastu batzuk. Diruz laguntzen den egitatearekin zuzeneko harremana dagoela egiaztatzen duten frogak aurkezten ez badira.
Entitate eskatzaileko langile finkoen edo egonkorren gastuak, eranskin honen 4.1) apartatuan zehaztutakoak izan ezik.
Luntxak, bazkariak eta antzekoak, gastu horiek ekintza garatzeko zuzeneko harremana daukatenean eta beharrezkoak direnean izan ezik; baina, betiere, eskabidean arrazoitu beharko dira.
Gonbidapenen, merchandisingaren eta oparien ondoriozko gastuak.
Web orria erregistratzeko gastuak eta mantendu eta ostatatzeko («hosting»a) kuotak.
Turismo-produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzen garapena diruz lagunduko da eremu hauetan:
Euskal Autonomia Erkidegoa.
Espainian eta nazioartean, batez ere indarreko Euskadiko Marketin Planean lehentasunezkotzat jotzen diren merkatuetan, hiru hiriburuetako eta Arabako Errioxako turismoa sustatzen duten erakundeek egiten dituzten jardueretarako. Era berean, gainerako erakunde onuradunek eremu horietan egiten dituzten sustapen- eta merkaturatze-ekintzak ere onartuko dira, baldin eta Espainiako eta/edo nazioarteko sareetako kide izateagatik badira eta hala justifikatzen bada eskabidean.
Honako hau izango da produktuak sustatzeko eta merkaturatzeko ekintzetan aplikatu beharko den logotipoa duten markak elkarrekin agertzeko politika:
Entitate onuradunen logotipoa duten markak Euskadi-Basque Country markarekin eta, hala badagokio, produktu-klubaren markarekin batera agertuko dira.
Euskadi-Basque Country logotipoa duen markak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logotipoak erakunde onuradunaren logotipoa duen markaren garrantzi hierarkiko bera edo handiagoa izango dute.
Aurrekoa gorabehera, bidaia-agentziekin edo preskriptore turistikoekin sustapen-ekintzak egiten badira, entitate onuradunaren logotipoa duen marka erabili gabe, ez da beharrezkoa izango Euskadi-Basque Country logotipoa duen marka erabiltzea, ez eta produktu-klubarena ere.»
Entitate onuradunei Basquetourrek sustatutako eta kudeatutako jarduerak antolatzen eta ezartzen lagunduko zaie, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan, bai entitateen bai helmuga bateko enpresa, baliabide eta zerbitzu turistikoen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa ezinbesteko tresna da Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda garatzeko; izan ere, bere helburu nagusia garapen jasangarrirako 17 helburuak (GJH) betetzea da.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Basquetourren bitartez, euskal turismo-lehiakortasunaren eraldaketa jasangarri eta arduratsua egiten ari da, Garapen Jasangarriaren 17 Helburuak (GJH) betetzea lortzeko. Eraldaketa hori proiektu integratzaile bat zabaltzean datza, eta proiektu hori Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari (euskal enpresak eta helmugak) atxikitzearekin hasten da, iraunkortasunarekin eta erantzukizunarekin duten konpromisoa erakusteko. Behin entitateak atxikita, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako 8 printzipioak betetzeko konpromisoa hartzen dute. Printzipio horiek gobernantzaren, teknologiaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta irisgarritasunaren arloekin lotuta daude, eta kode horri lotutako jarduketak inplementatuta gauzatzen dira.
Diruz lagundu ahal izango da langile kualifikatuak aldi baterako kontratatzeko gastua laguntza teknikoaren bidez edo obra, zerbitzu edo antzeko kontratu baten bidez, bai eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 2. artikuluaren arabera «toki-erakundetzat» hartzen ez diren erakunde onuradunetako langile finkoen edo egonkorren gastua ere, baldin eta haien xedea bada Euskadiko Turismoaren Kode Etikoko prestakuntza-ibilbidean, memoria lantzen eta lotutako ondorengo jardueretan laguntzea.
(Ikus .PDF)