Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2024ko abenduaren 3koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, Oinarrizko Ikerketako edo-eta Ikerketa Aplikatuko proiektuak egiteko laguntzak emateko deia egiten duena (2025-2027).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 244
- Hurrenkera-zk.: 5795
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/12/03
- Argitaratze-data: 2024/12/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerketa egitea bermatu eta sustatu nahi da; hots, dela beren jarduerak nazioartekotzea eta beren emaitzak garrantzi zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitaratzea, dela euskal gizartearen gizarte-, teknologia- eta ekonomia-arazoak konpontzen laguntzea. Horregatik guztiagatik, sail honek sustatzen dituen proiektuak oinarrizko ikerketakoak eta ikerketa aplikatukoak egiteko programarekin aurrera jarraitu behar da.
Deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta entitate ezberdinetako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu, baliabide materialak eta giza baliabideak bultzatzen, eta bikaintasuneko ikerkuntza-taldeak eta unitateak antolatu eta abian jartzen.
Agindu honen bitartez, sailak lankidetza sustatu nahi du unibertsitateko teknologia-taldeen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen artean. (Azken horiei, deialdiaren ondorioetarako, lankidetzan diharduten entitate parte-hartzaile esango diegu).
Deialdiaren xedea da, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzea eta sailak kudeatutako oinarrizko ikerketako nahiz ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzea, kalitatezko eta interes zientifiko nahiz teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuen bitartez.
Era berean, agindu honek aintzat hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean» (ZTBP Euskadi 2030) jasotako estrategiak plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin; hartara, ezagutzan oinarrituta dauden eta modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira.
Sailaren 2025erako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira agindu honetan araututako dirulaguntzak.
Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, xedapen hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.
Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Oinarri hartu da, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egin beharreko gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa.
Horrenbestez, hau
Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea 2025-2027 aldian oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuak egiteko.
Agindu honen xede diren laguntzetarako 1.000.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura. Diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzari 80.000 euro emango zaizkio gehienez ere.
Entitate onuradunek akreditatuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan (aurrerantzean, ZTBES), zeina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasota baitago. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten entitate eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte:
Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).
Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, zeinek 6. artikuluaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak izan beharko baitituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, ikerketa-taldean ezin izango da egon 2022-2025 aldirako euskal unibertsitate-sistemako ikertzaile-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian A edo B talde gisa akreditatutako ikerketa-talderen batekoa izan den inor, baldin eta deialdi horretan dirulaguntzaren bat lortu bazuen.
Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
Entitate eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:
Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zigor-zehapenik edo administrazio-zehapenik duten entitateek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten entitateek ezin izango dute dirulaguntza hau jaso, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.
Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, entitate onuradunek, dirulaguntzak itzultzeko obligaziorik badute, ordainduta izan behar dute.
Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.
Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan artikulu honetan jasotako egoeraren batean dauden erakundeak: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan.
Ezin izango dira laguntzen onuradun izan LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten erakundeak, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
Proiektuak 1 eta 3 urte osotan egiteko eskatu ahal izango dira, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko, eta horretarako, 16. artikuluan deskribatutako amaierako gastu-ziurtagiria eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.
Deialdiaren ondorioetarako, 2025eko ekitaldian hasiko dira proiektuak egikaritzen, hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, onuradunak emandako dirulaguntza onartzen duenean. Egikaritze-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2028ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu behar dira.
Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.
Diruz lagundutako jardueraren izaerari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.
Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagundu daitezkeen kontzeptu hauen arabera:
1. Doktore ez diren laguntzaileak.
Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:
Doktore ez den langile laguntzaile gisa, lanaldi oso baterako, 23.801 euroko dirulaguntza emango da (horietatik 18.635 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urterokoetan, eta 25.253 eurokoa (horietatik 19.967 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) hirugarren urterokoan. Bigarren, edo, hala badagokio, hirugarren urterokoan, proiektuari eskainiko zaion dedikazioa urtebete baino laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.
Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.
Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez ere, 1.969,35 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa, kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan.
Entitate eskatzailearekin izenpetutako kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.
Laguntzaile horrek gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.
Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasoz gero, oro har, ezingo da soldata-izaera duen beste zenbatekorik jaso.
Gutxienez, urtebete eman beharko du proiektuan lanean.
2. Doktore diren laguntzaileak.
Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:
Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 43.324 euroko dirulaguntza emango da urteroko bakoitzeko (horietatik 32.672 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuari eskainiko zaion dedikazioa laburragoa izanez gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horren arabera kalkulatuko da zenbatekoa, proportzioan.
Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.
Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez, 2.148,30 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa. Ordainketa hori kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan egingo da.
Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.
Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, eta doktore-tesia 2024an lortua izan beharko du.
Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasoz gero, oro har, ezingo da soldata-izaera duen beste zenbatekorik jaso.
Gutxienez, sei hilabete eman beharko du proiektuan lanean.
Material inbentariagarria.
Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta entitate onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua egikaritzen amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.
Material suntsikorra.
Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada. Ez da sartzen bulegoko material orokorraren finantzaketa.
Bidaiak.
Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan ateratako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua egikaritzeko azken urtean egindakoak. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.
Bestelako gastuak.
Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada. Finantzatutako aurrekontuan ez da sartuko laguntzaileei jarduera uzteagatik ematen zaien kalte-ordain gehigarria.
Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako egikaritze-aldia amaitu ondoren egindakoak.
Artikulu honetan diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.
Osaera.
Ikertzaileen zerrenda bat jasoko da eskaeran; ikertzaileok, bada, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute. Gutxieneko ikertzaile-taldea eratuko duten hiru pertsonek osatuko dute, gutxienez, taldea. Horien artean egongo da proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia, zeinak estatutupeko edo lan-kontratuko lotura izan behar baitu entitate eskatzailearekin. Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek proiektuan jarraitu beharko dute, gutxienez, proiektua egikaritzeko fase osoan; ikertzaile nagusiaren kasuan, gainera, 4.1 artikuluan aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Horietako bik, gutxienez, doktore-titulua izan beharko dute, eta horien artean egongo da ikertzaile nagusia.
Ikertzaile-taldean parte hartzen duten gainerako ikertzaileek gradu-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.
Urteko 1.400 ordukoa izango da ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainitako gutxieneko dedikazioa, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa, berriz, urteko 420 ordukoa.
Gutxieneko betekizun galdagarria izango da ikertzaile-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 artikulua), nahiz eta gerora sortutako arrazoiengatik izan, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.
Entitate bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu, ikertzaile nagusien bitartez, 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betez gero, baina betiere honako muga hauekin:
Ikertzaile nagusi bakoitzaren eskaera bat baino ez da onartuko. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.
Era berean, ikertzaile bakoitzak eskaera batean baino ezingo du parte hartu. Eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.
Ezingo dute deialdian parte hartu aurreko proiektuetan parte hartu duten eta eskaera aurkezten duten egunean, betebeharrak egiteke dituztelako, oraindik jarduketak amaitu ez dituzten ikertzaileek, alde batera utzita amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak.
Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 artikuluan deskribatutako gutxieneko betekizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gerora gertatutako ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetarako emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.
Deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu entitate eskatzaileak ikerketa-taldeko kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du entitate eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira egikaritze-fasea eta 4.1 artikuluan zehaztutako lau hileko aldi gehigarria. Artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen den gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek gutxienez proiektuaren iraupen berdineko aldi eta dedikazio baterako kontratatua izan beharko dute, doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonentzat artikulu honetako 6. apartatuan ezarritakoa salbu.
Gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten pertsonek ezin izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik. Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzeari dagokiona baino iraupen txikiagoko kontratua izan dezakete, baldin eta entitate eskatzaileak egiaztatzen badu konpromisoa hartzen duela kontratuari eusteko, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar.
Ikertzaileak obra baterako kontratatu badira, obraren iraupenari eta, hala badagokio, kontratuaren balizko luzapenari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta entitatearen adierazpen bat ere, kontratuaren xede den obrak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu badituela adierazi beharko du argi eta garbi.
Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), berau finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Entitate eskatzailea BERC bat bada, aski izango da aurreko ziurtagiria, zeinetan, gainera, barne hartuko baita finantzaketa-aldi osoa.
Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.
Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako edo IKZetako bati atxikitako UPV/EHUko irakasleak BERCeko edo IKZko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikazioarekin.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.
Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.
Eskaeraren edukia agindu honen II. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia IV. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://https://www.euskadi.eus/servicios/0120706
Eskaera bi urratsetan egin beharko da:
Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusia ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu beharko da aplikazioan (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz), eta zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.
Ondoren, behin eskaeraren alderdi guztiak aipatu aplikazioaren bitartez beteta (aurreko urratsari jarraikiz) eta agindu honen II. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehituta, entitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskaera elektronikoki sinatzeko entitate-txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezaten aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.
Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du organo kudeatzaileak baimena izatea erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako moduan.
Dena dela, entitate eskatzaileak aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango du. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:
Dirulaguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko errekerimendua egingo zaie entitate eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.
Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenaren ondoriorik izango.
Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko du zein eskaera onartu izapidetzeko, eta zein ez.
Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Ikerketaren zuzendaria (batzordeburua izango da); Sara Urionabarrenetxea Zabalandikoetxea, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; eta Iban Ariznabarreta Barrutia, Ikerketa Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).
Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari, zeinak 11.1 artikuluan aipatzen diren irizpideen araberako puntuazioa eman beharko baitu, 8 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera.
Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak 8. irizpidea baloratuko du, proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantziari buruzkoa.
Ebaluazioaren bi fase horien emaitza izango da puntuazio orokorra.
Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:
(Ikus .PDF)
8. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa baita, Hautaketa Batzordeak agindu honen III. eranskinean deskribatutako itemei jarraituko die.
Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren III. eranskinean, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.
Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa; gero 3. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere berdinketak jarraitzen badu, ebazteko oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak eskaera bakoitzari ematen dion ausazko zenbakia, txikitik handira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
Dirulaguntzak lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, eta proiektuaren iraupen osorako izango dira. Horretarako, Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaerak ebaluatu ondoren.
Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagundu daitezke diruz.
Onartutako aurrekontua eskatutako aurrekontua izango da, 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz, diruz laguntzekoak diren kontzeptu eta gastuetara egokitzen dela egiaztatu ondoren. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran adierazitako kredituak agortu ez badira eta 2. artikuluan ezarritako mugarekin. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.
Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak kasuan kasu lortutako puntuazio orokorraren arabera.
Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleitu egingo ditu, eskuragarri dagoen kreditua agortu delako dirulaguntzarik jaso ez duten eskaerekin erreserba-zerrendak egingo ditu, eta, hala badagokio, eskabideak ukatu, eta bazterketak zehaztuko ditu, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri artikulu honetako 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.
Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:
Finantzatutako eskaeretarako:
Eskaeraren kodea.
Ikerketa-proiektuaren titulua.
Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.
Entitate onuraduna.
Proiektua burutuko den urteroko bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.
Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako, hau adieraziko da:
Eskaeraren kodea.
Ikerketa-proiektuaren titulua.
Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.
Entitate eskatzailea.
Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da (ebazpena iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteen barruan), adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza emango zaien.
Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenari buruzko abisuak helarazi ahalko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpenaren ondoriorik izango.
Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 10.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin beharreko txostenak direla medio, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Etenaldiak ezingo du, behin ere, hiru hilabete baino gehiago iraun.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio, onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua egikaritzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.
Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko eginez gero, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez emango zaizkie laguntzak erreserba-zerrendan agertzen diren eskabideei.
Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskabideei emango zaizkie, baldin eta 12. artikuluan xedatutakoaren arabera beharrezko puntuak lortu badituzte. Esleitu beharreko zenbatekoa, gehienez, uko egindako eskabideari legokiokeen zenbatekoa izango da, Hautaketa Batzordearen balorazioaren arabera.
Organo emaileak erakunde interesdunei jakinaraziko die emakida-proposamena, 10 egun naturaleko epe luzaezinean proposamena onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emango da eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie.
Deialdi honetan parte hartu duen entitate onuradunen batek beste erakunderen baten finantzaketa lortu badu proiektu bererako, eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Ikerketa Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, gainfinantzaketarik baldin badago, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.
Dirulaguntza hau bateragarria da helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, salbu eta sail honek euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerei laguntzeko deialdian ematen dituen dirulaguntzekin. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztizko finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.
Entitate onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa.
Urterokoak aurretik ordainduko dira, egikaritze-faseko urte bakoitzean. 13.5 artikuluan deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urterokoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urterokoen ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren egikaritzearen justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran. Halaber, justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko da nahitaez, aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloiaren bidez.
Proiektua egikaritzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urterokoari dagokion bigarren ordainketa egindako ordainketaren ondoren gelditzen den zenbatekoa, entitate onuradunak dagokion dokumentazio guztia aginduaren 16. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoa bidali eta Ikerketa Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren onartutakoan egingo da.
Hala badagokio, laguntzaileek jarduera uzten badute, erakundeari kalte-ordainak ordainduko zaizkio, azken urteko bigarren ordainketarekin batera.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Dirulaguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza egikaritzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazitako epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):
Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) artikuluaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea entitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da. Kontratuan zer proiektutan parte hartuko duen zehaztuko da, eta urteko dedikazioa berariaz jaso beharko da. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da.
Urteko txostenak: 15.2 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa edo ondorengoak baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Entitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, egikaritze-urte bakoitza amaitzean, gastuen justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari, aplikazioan sartutako txantiloiaren arabera, bai eta dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko ekintzen inguruko memoria bat ere, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta gainerako froga-balio baliokidea duten agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.
Jarduera-planaren edozein ataletan aldaketak egin nahi badira, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak eta Hautaketa Batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Ikerketa Zuzendaritzak zehaztuko du aldaketa horiek konprometitutako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten, aurretik dagokion espedientea egin ostean.
Amaierako gastu-ziurtagiria: proiektua egikaritzeko azken urtea amaitzerakoan, aurreko apartatuan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, egindako gastu guztiaren ziurtagiriarekin batera, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren balantzea halakorik balego eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko lau hilabeteko epean aurkeztu behar da. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta gainerako froga-balio baliokidea duten agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.
Guztira gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzen ez bada gutxienez eska daitekeen eskakizuntzat hartzen denez, dirulaguntza-eskubidea galdu egingo da (18.2 artikulua).
Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea izango du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua egikaritzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.
Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren babesletzaren berri eman beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bana bidali beharko da Ikerketa Zuzendaritzara.
Ikerketa Zuzendaritzak berrikusiko ditu amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak, eta, gainera, egiaztatuko du ikerketa-proiektuaren hasierako eskaeran onetsitako helburuak eta lan-plana bete direla. Desadostasunik ikusiz gero, txosten horien ebaluazio zientifikoa egin ahal izango zaie, 10. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. artikuluari jarraikiz jardungo da.
Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, entitateko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua egikaritzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Ikerketa Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektua egikaritzeko materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urterokoen betearazpenari. Egikaritze-amaiera gisa aurreikusitako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.
Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak hirugarrenek esku hartzeko aurreikusitako epeen luzapenari (hornidurak eta argitalpenak) edo laguntzaileek aurreikusitako aldietan beren jarduera egiteko duten ezintasunari buruzkoak bakarrik izan ahalko dira, betiere behar bezala justifikatzen bada.
Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan xedatutakoak; zehatzago esanda, hauek:
Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete behar diren betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.
Dirulaguntza ematen duen organoak edo erakundeak egin beharreko egiaztapen-jarduketen mende jartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez egin beharreko kontrol-jarduketen mende ere, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoen eta finantzazioa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.
Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu aurretik edo unean.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektiboren aldaketaren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo unean.
Dirulaguntza ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeari buruzkoak, eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, ezartzen duen moduan, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitateko liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikagarri zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatzen duen moduan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.
Jasotako funtsak zertan erabili diren egiaztatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeenean.
Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
Hizkuntzaren eta irudien erabilera intersekzionala errespetatzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia, diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan.
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean euskararen erabilera bermatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina dirulaguntzen helburua bete dela ulertzen bada, edo beste instituzio publiko edo pribatu batek emandako laguntzarik ere eskuratu bada, dirulaguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzeko ebazpena emango da.
Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:
Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.
Entitate onuradunak ikerketa-proiektu bererako beste edozein administrazio edo ente publiko zein pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak Hautaketa Batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena gainditzen badu, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.
Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, baldin eta agindu honen bitartez lagundutako proiektuek gutxieneko baldintza hauek betetzen badituzte:
1 artikuluan deskribatutako ikerketa-taldeen osaera.
Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 artikuluaren laugarren paragrafoan deskribatua.
Proiektuaren guztizko gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzea, (16.3 artikuluan deskribatutako amaierako gastu-ziurtagirian jasotakoa).
Baldintza horietako edozein betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko obligazioa sortuko da.
Ikusiz gero ez direla betetzen dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean laguntzen eta dirulaguntzen arlorako ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduren 21eko 20/2023 Legean azaldutako kausez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:
Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.
Ikerketa proiektu bera egiteko beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo ikerketa proiektuaren aldaerak, behar bezala justifikatu gabeak, beste entitate, erakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta haren onarpena jaso gabe.
Ikerketa-proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.
Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osoa edo partziala), honako hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastu-ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzkoak (16. artikulua) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 artikulua).
Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 16. artikuluaren 1.5 apartatuan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.
Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza murriztea justifikatu gabeko zenbatekoan, eta jasotako dirulaguntzen itzulketa proportzionala egingo da.
Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak).
Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena.
20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
Hartzaileak:
Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Ogasun eta Finantza Saila.
Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: entitate eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: entitate eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Agindu honetako laguntzak ebatziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa badago.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 3a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:
Adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako baldintzak.
Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoaren uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.
Era berean, lege horri lotuta egongo dira jatorria giza enbrioietan duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.
Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek 1090/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa bete behar dute (1090/2015 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, sendagaiekin egiten diren saiakuntza klinikoak, sendagaien ikerketarako etika batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa arautzen dituena).
Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak ezartzen dituena.
Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretua.
Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten errege-dekretuetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.
Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoena.
Eskaeran informazio hau jasotzen da:
Entitate eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez; eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZren bidez.
Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.
Eskatutako proiektua garatzen ari den bitartean ikerketa-taldeak aktibo edo eskaera-fasean dauden beste ikerketa-proiektu batzuetan parte hartu behar badu, haien identifikazioa eta ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien.
Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; horretaz gain, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.
Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera, eta kostu ekonomikoa, urterokoen arabera (5. artikulua).
Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 artikuluan jasotako eskakizunei buruzkoa. Adierazpen horretan jasoko du, halaber, aurkeztutako proiektuak printzipio bioetikoei buruz 4.3 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.
Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:
Dokumentazio teknikoa:
Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioa baliatuko da aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egiteko.
Ikerketa-proiektuaren memoria, alderdi hauek jasoko dituena:
Laburpena.
Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.
Bibliografia aipagarriena.
Proiektuaren interes orokorra.
Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.
Proiektuaren azken emaitza eta emaitzak ustiatzeko plana.
Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.
Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.
Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.
Arduren banaketa.
Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.
Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta errendimendua.
Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.
Bi entitateren edo gehiagoren arteko lankidetza, hala dagokionean.
Ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan, horretarako prestatutako txantiloian aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik aurrera). CVa titularrak sinatu beharko du. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei dokumentuak zuzentzeko eskatuko zaie.
Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.
Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.
Dokumentazio-administratiboa:
Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2025-2027 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 artikuluaren arabera.
Ikertzaile bakoitzak entitate eskatzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duen dokumentazioa.
Kontratu mugagabea duten langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.
Gutxieneko ikerketa-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren egikaritze-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, 4 hilabeteko aldi gehigarria, 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen duten pertsonek EZIN izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik, 6.4 artikuluaren arabera.
Ikerketa-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, entitate eskatzailearen konpromisoa, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan kontratuari eutsiko zaiola diona, 6.4 artikuluaren arabera. Obra-kontratua duten langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 artikuluaren arabera.
Ikerbasquek kontratatutako eta entitate eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta entitate eskatzailearekiko atxikipen-agiria aurkeztu beharko dituzte, eta UPV/EHUk kontratatuta eta entitate eskatzaile den BERC bati atxikita badaude, UPV/EHUk egindako kontratua eta dagokion atxikipen-agiria.
Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko edo-eta izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.
Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.2.a) artikuluan xedatutakoarekin lotutako dokumentazioa.
Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.2.b) artikuluan aipatutakoak, baldin eta eskatzaileek, 8.6 artikuluan aurreikusi bezala, aurka egiteko eskubidea erabili badute.
Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)