Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2024ko abenduaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez merezimendu-lehiaketa bat iragartzen baita Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko, 2025eko ekainaren 30ean kargua hutsik izango duten ikastetxeetan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 5791
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2024/12/02
  • Argitaratze-data: 2024/12/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Agindu honen xedea da deialdi bat egitea zuzendariak hautatzeko prozedura bat egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, baldin eta ikastetxeok Hezkuntza Sailaren mende badaude eta beren zuzendaritza-taldeak agintaldia amaitzen badute 2025eko ekainaren 30ean.

Kontuan izan behar da zer ezartzen duen arlo horretarako estatuko oinarrizko legeriak, eta bereziki Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (133. artikulua eta hurrengoak) (aurrerantzean, LOE) eta hura aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (aurrerantzean, LOMLOE), berrikuntza garrantzitsuak ekarri baititu arlo horretan.

Bestalde, Estatuko oinarrizko araudiari dagokionez, aipatzekoa da urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretua, zeinak garatzen baititu zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-ikastaroaren ezaugarriak, bai eta zuzendaritza-eskumenak eguneratzeko ikastaroenak ere. Hala ere, LOMLOEren 134.1.c) artikuluaren arabera, zuzendaria hautatzeko merezimendu-lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza izatetik, hezkuntza-administrazio bakoitzaren aukerako baldintza izatera igaro da prestakuntza hori. Kasu honetan, Hezkuntza Sailak uste du prestakuntza hori ez dela zuzendaritzarako hautagai izateko baldintza, baina bai zuzendari-lanetan aritzekoa. Horregatik, agindu honen bidez deitutako hautaketa-prozedura gainditzen dutenek zuzendaritza-eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko prestakuntza-programa bat gainditu beharko dute, izendatuak izan aurretik. Prestakuntza-programa horren ezaugarriak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren 2024ko ekainaren 6ko Ebazpenean daude jasota. Ebazpen horren bidez, prestakuntza-ikastaro bat iragartzen da, zuzendaritza-funtzioa betetzeko prestakuntza-programa espezifikoari buruz, Hezkuntzari buruzko otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (aurrerantzean, 29/2023 Dekretua).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak (41. artikulua), eta, batez ere, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuak arautzen dute zer prozedurari jarraitu zuzendariak hautatzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko, eta haiek kargua uzteko, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-arloko eskumenak dituen sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan (29/2023 Dekretua, Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titulartasuneko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, hura ebaluatzeari eta aitortzeari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzko).

Dekretu horretako 7. artikuluak ezartzen duenez, merezimendu-lehiaketa bat egingo da zuzendariak izendatzeko, ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean, berdintasun-, publikotasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera. Artikulu horrek, bestalde, ezartzen du urtero deialdi bat egingo dela, merezimendu-lehiaketa bat egin, eta zuzendariak hautatzeko eta izendatzeko, eta prozesu horretan sartuko direla ikasturtearen amaieran zuzendari-kargua hutsik daukaten ikastetxeak.

Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

Merezimendu-lehiaketa baterako deialdia egiten da Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko, hain zuzen ere agintaldia 2025eko ekainaren 30ean amaituko duten ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen zuzendariak izendatzeko; salbu Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutukoak, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetakoak, zeinak beren araudi espezifikoaren arabera arautuko baitira.

Hautaketa-prozesua LOEn xedatutakoaren arabera egingo da, eta, oinarrizko araudia urratzen ez duen orotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legean, 29/2023 Dekretuan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera.

  1. 29/2023 Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenaren arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte irakasleek merezimendu-lehiaketan parte hartzeko:

    1. Gutxienez, bost urteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.

    2. Gutxienez bost urtez irakasle lanetan aritu izana, karrerako funtzionario gisa, aukeratutako ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean.

    3. Irakaskuntzako lanpostuetako 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailaren baliokidea da).

    4. Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, barnean hartuko dituena 29/2023 Dekretuko 10. artikuluan jasotako alderdiak. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, izangaiak proposatu beharko du nork beteko duen ikasketaburuaren kargua eta nork idazkariaren kargua, bere ikastetxeko klaustroko kideen artean.

    5. Ezingo da ikastetxeko zuzendaritza-proiekturik aurkeztu, baldin eta izangaiak urte sabatiko bat hartzea edo erretiroa hartzea aurreikusten badu proiektua gauzatzeko aldian; izan ere, bi egoera horiek eragozten dute helburuak betetzeko eta proiektuan proposatutako ekintzak egiteko behar den egonkortasuna, jarraitutasuna eta konpromisoa ziurtatzea.

  2. Haur Hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, Lehen Hezkuntzako osatu gabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzakoetan, zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduentzako ikastetxeetan, irakaskuntza artistiko profesionalekin, kirolarekin edo hizkuntzekin lotuak daudenetan, merezimendu-lehiaketan parte hartzeko edozein irakaslek honako baldintza hauek bete beharko ditu:

    1. Gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.

    2. Gutxienez urtebetez aritu izana karrerako funtzionario gisa ikastetxeak eskaintzen dituen irakaskuntzetako batean.

    3. Egiaztatuta izatea euskarazko C1 hizkuntza-gaitasuna, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.

    4. Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, barnean hartuko dituena 29/2023 Dekretuko 10. artikuluan jasotako alderdiak. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, izangaiak proposatu beharko du nork beteko duen ikasketaburuaren kargua eta nork idazkariaren kargua, bere ikastetxeko klaustroko kideen artean.

  3. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean, izangaiak kasu bakoitzean bete behar dituen baldintza guztiak eduki beharko ditu.

  1. Zuzendaria hautatzeko prozesuan, hezkuntza-komunitateak eta Hezkuntza Sailak parte hartuko dute.

  2. Zuzendaria hautatzeko, merezimendu-lehiaketa bat egingo da ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako funtzionario diren irakasleen artean. Hautaketak berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasunen printzipioak izango ditu oinarri.

  3. Merezimendu-lehiaketak bi fase izango ditu. Lehen fasean, zuzendaritza-proiektua eta haren defentsa baloratuko dira. Proiektu horretan, izangaiak ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren gainean duen zuzendaritza-proposamena jasoko da. Bigarren fasean, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten pertsonek alegatutako merezimenduak balioetsiko dira.

  4. Agindu honen hurrengo xedapenetan ezartzen dira zein izango diren hautaketa egiteko irizpide objektiboak eta prozedura, baldintza eta merezimendu akademikoak eta profesionalak egiaztatzeko modua, eta izangaiek akreditatutako merezimenduen eta aurkeztutako proiektuen balioespen-irizpideak.

  5. Hautaketa egiteko, ikastetxeko irakasleen hautagaitzei emango zaie lehentasuna. Ikastetxean behin betiko edo behin-behineko destinoa duen karrerako izangai funtzionarioren batek gutxieneko puntuazioa lortzen badu, hautaketa-batzordeak ez ditu balioetsiko ikastetxean destinorik ez duten izangaien zuzendaritza-proiektuak.

  6. Izangai bakoitza gehienez hiru ikastetxetan aurkeztu ahal izango da.

  7. Hautaketa-batzordeko kideek hautatuko dute zuzendaria, era kolegiatuan, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera. Horretarako, kontuan hartuko dituzte zuzendaritza-proiektuaren eta haren defentsaren balioespena eta izangaiek egiaztatutako ikasketa-, prestakuntza- eta lanbide-merezimenduen balioespen objektiboa.

    Aurkeztutako proiektuak barnean hartu beharko ditu, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak, bai eta hizkuntza-normalizazioari buruzkoak ere.

  8. Hautaketa-prozesua gainditu dutenek, izendatu aurretik, egiaztatu beharko dute zuzendaritza-funtzioa betetzeko konpetentziei buruzko prestakuntza-programa espezifikoan jasotako prestakuntza dutela. Programa hori Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren 2024ko ekainaren 6ko Ebazpenean jasota dago.

  9. Hautagaitzarik ez dagoenean, ikastetxe berriak direnean edo dagokion batzordeak pertsona bakar bat ere aukeratu ez duenean, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Eskola Kontseiluari entzun eta Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena aztertu ondoren, irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, ikasturte baterako, ezohiko izaeraz.

  10. Ezohiko izaeraz izendatutako zuzendariak zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-programa gainditu beharko du, izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen. Gainera, lidergoarekin lotutako helburu bat sartuko du gutxienez, 2025-2026 ikasturteko urteko planean, eta helburu hori jarduketa-plan gisa baloratuko da urteko memorian.

Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean ezarritako egutegiaren eta prozeduraren arabera egingo da.

Eskabidean, dokumentazio hau jasoko da:

  1. Zuzendariak hautatzeko prozesuan onartzeko eskabidea, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera (interesdunak online inprimakia beteko du Hezigunea atarian sartu ondoren). Eskabide horretan, zehaztu beharko da zer ikastetxetan aurkezten den hautagaitza, zer proposatzen duten zuzendaritza-proiektuan zuzendaritza-taldeko beste kideek (ikasketaburuak eta idazkariak), eskabidea aurkezten den ikastetxe bakoitzerako, eta zer merezimendu alegatzen diren prozedurako bigarren faserako. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera bitarte burutu diren alegatutako merezimenduak bakarrik barematuko dira. Eskatzaileek merezimenduen lehiaketaren bigarren faseko baremoko merezimenduak justifikatzeko aurkeztu behar dituzten dokumentuak agindu honen IV. eranskinean daude jasota.

  2. Zuzendaritza-proiektuaren ale bat, aukeratu den ikastetxeko. Proiektua III. eranskinean xedatutakoaren arabera egin beharko da. Aurkeztutako zuzendaritza-proiektuaren barruan, izangaiak zuzendaritza-taldeko kideak proposatu beharko ditu, ikastetxeko langileen artean aukeratuta.

  3. Zuzendaritza-taldeko kideak zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua. Dokumentazio hori soilik aurkeztuko da beharrezkoa denean.

  4. Eskabide-eredua, PEFI_EFD prestakuntza-programako jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteko, V. eranskineko ereduaren arabera.

  5. Eskabide horrekin batera, eskatzaileak zenbait dokumentu aurkeztu beharko ditu, eskaneatuta, agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko, baldin eta dagoeneko Hezkuntza Sailaren esku ez badago. Modu berean jokatuko da alegatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioarekin.

Agindu honen VI. eranskinean zehaztutako ikastetxeetan deitzen da prozesua. Prozesuaren garapenaren uneren batean, eta zuzendaria izendatu aurretik, deitutako ikastetxeren bat ikastetxe integratu edo Lanbide Heziketako ikastetxe bihurtzen bada, ikastetxe hori zuzendariaren hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta ondoriorik gabe geratuko dira ordura arte egindako izapide guztiak.

Salbuespenezko kasu hauetan, ikastetxeko zuzendariak proposamen arrazoitua egin ahal izango du ikasketaburua edo idazkaria zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko:

Ikasketaburu- edo idazkari-kargurako proposatzen den pertsona karrerako funtzionarioa denean.

Karrerako irakasle funtzionarioen ehunekoa % 20koa edo txikiagoa denean (edo 6 irakasle edo gutxiagokoa, % 20a 6 baino gutxiago bada), izangaiak klaustroko bitarteko funtzionarioak proposatu ahal izango ditu ikasketaburutzako eta/edo idazkaritzako karguak betetzeko.

Ehuneko hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da karrerako funtzionario diren irakasleen artean zenbat diren lanaldi osoko eta murrizketarik gabekoak, ikastetxearen hasierako lanpostu-zerrenda (LPZ) osatzen duten irakasle guztiekin alderatuta.

Izangaiak egoera hori jaso beharko du agindu honen I. eranskineko 1.3 atalean jasotako eskaeran. Horretarako, izangaiak txosten xehatua erantsiko dio eskabideari. Txosten horretan, bere klaustroko irakasleen zerrenda jasoko du, eta, irakasle horien artean, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituztenen zerrenda.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako langileak kudeatzeko zerbitzuek ikasketaburu eta idazkari izateko proposatutako pertsonen datuak baliozkotuko dituzte. Izangaiari behin-behineko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio, agindu honen I. eranskineko 2.2 apartatuan jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenaren bidez.

Baliozkotzea negatiboa bada, izangaiak bere zuzendaritza-taldeko kideen proposamena aldatu ahal izango du ebazpen horren erreklamazio-aldian. Bere proposamenean ezer aldatuz gero edo proposamen berria baliozkotzen ez bada, zerbitzu-eginkizunaren eskaera ezetsi egingo da. Izangaiari behin-behineko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio, agindu honen I. eranskineko 2.4 apartatuan jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenaren bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

  1. Eskabideak aurkeztea. Eskabidea telematikoki aurkeztea, epeak eta dokumentazioa.

  1. Eskabideak aurkezteko, eta deialdi hau arautzen duen dokumentazioa izapidetzeko atari gisa, hau izango da webgunea: https://hezigunea.euskadi.eus/ (aurrerantzean, Hezigunea). Prozedura honetan parte hartzeko, izangaiek aipatutako atariaren bidez egin beharko dute eskabidea. Bertan, gehienez ere, 3 ikastetxe eskatu ahal izango dituzte, lehentasun-ordenaren arabera hautatu ere, agindu honen VI. eranskinean zerrendatzen direnetatik.

  2. Hezigunea atarira sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik eskatzailea identifikatzea (NAN/AIZ + pasahitza, edo XLNets erabiltzailea, lehendik izanez gero). Eskabidea betetzeko, «Zuzendariak hautatzea» bannerrera sartu behar da, eta sistemak identifikazio-zenbaki bat sortuko du, prozedurari balioa eta bakartasuna emango diona.

    Hainbat arrazoi direla medio, izangaiek parte hartzeko eskabide telematiko bat baino gehiago aurkezten badute, aurkeztutako azken eskabidea bakarrik hartuko da kontuan; hots, parte-hartzaile bakoitzeko eskabide telematiko bakarra baino ez da onartuko.

    Ez dira kontuan hartuko bide horretatik aurkeztutako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Prozesu horretatik, eskabide-zenbaki bat lortuko da pdf formatuan deskargatu daitekeen dokumentu batean, eta interesdunak gorde egin beharko du epean eta behar bezala aurkeztu izana egiaztatzeko.

  3. Eskabidean, 6. artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso behar da.

    VI. eranskinean jasotako ikastetxeek, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, aukera emango diete ikastetxearen dokumentuak kontsultatzeko, hala eskatzen dutenei; batez ere honako hauek: hezkuntza-proiektua, antolamendu- eta funtzionamendu-araudia eta datu pertsonalik ez duten urteko planeko elementuak. Horretarako, espazio eta ordutegi bat prestatuko dute, oztoporik jarriko ez diona ikastetxeko jardueren garapen normalari. Kasu guztietan, ikastetxeetako idazkaritzak zainduko du ea kontsulta-prozesu horrek betetzen duen datuak babesteari buruz indarrean dagoen araudia.

  1. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 13tik 24ra bitartekoa izango da, biak barne.

  1. Izangaiak onartzea.

  1. Informazioa eskatzea, izangaiek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

    2025eko urtarrilaren 27tik 28ra bitartean, biak barne, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako lurralde-zerbitzuei eskatuko diete, batetik, egiaztatzeko ea izangai guztiek betetzen dituzten agindu honen 3. artikuluan ezarritako eta prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak, eta bestetik, izangaiek ikasketaburua eta/edo idazkaria zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua egin duten kasuetan, baliozkotzeko ea betetzen diren agindu honen lehen xedapen gehigarrian (zerbitzu-eginkizun hori arautzen duena) jasotako egoerak.

    Baldintzak egiaztatzeko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabetzat hartuko da lehen hezkuntzako etapako maila bakoitzeko gutxienez unitate bat ez duena.

    Hezkuntzako lurralde-ordezkariek zer datu eskatu, datu horiek eman beharko dituzte Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako lurralde-zerbitzuek. Datu horiek emateko epea 2025eko urtarrilaren 29an amaituko da.

  2. Behin-behineko ebazpenak, eskabideak onartzeari ala ezesteari buruzkoak eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarena, Berariazko Prestakuntza Programako zenbait jarduera egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruzkoa, zuzendaritza-eginkizunean hasteko (PEFI_EFD).

    Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eman zaizkion datuak kontuan hartuta, behin-behineko ebazpenak emango ditu aurkeztutako eskabideak onartzeko ala ezesteko. Ebazpen horiek emateko epea 2025eko urtarrilaren 30ean amaituko da. Ebazpenetan zehaztuko da izangaiak zer ikastetxetan onartu diren, eta, baztertuak izan badira, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira.

    Ebazpen horretan bertan, proposamen arrazoitu bat egin badu izangaiak ikasketaburu eta/edo idazkari zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko, jaso beharko da zer emaitza lortu den proposamen horren behin-behinekoz baliozkotzean, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

    Egun berean, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behin-behinean ebatziko ditu izangaiek PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin dituzten eskaerak, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren 2024ko ekainaren 6ko Ebazpenak ezarritakoari jarraituz.

    Ebazpen horiek Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira:

    Prozesuan onartutako hautagaitzen behin-behineko ebazpenerako: «Irakaskuntzak eta ikastetxeak» lan-arloaren barruan «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» «Ikastetxe publikoak» «Zuzendarien hautaketa-prozesuaren deialdia».

    Izangaiek PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin ahal izan dituzten eskaerak behin-behinean ebazteko: «Hezkuntza-berrikuntza» lan-arloaren barruan «Jarduera-eremuak» «Zuzendaritzen prestakuntza».

    Haiek ere Hezigunea atarian argitaratuko dira.

    Argitalpen horiekin, egintzat joko dira interesdunei egin beharreko jakinarazpenak.

    Bermatzeko hezkuntza-komunitateak zuzendaritzarako hautagaitzak ezagutu ahal izango dituela, Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak dagokion ebazpena jakinaraziko dio eragindako ikastetxe bakoitzeko zuzendariari, argitaratu dadin ikastetxeko iragarki-taulan.

  3. Behin-behineko ebazpenei erreklamazioak, eta zuzendaritza-proiektua edo -proiektuak eransteko gehieneko epea.

    Aurreko ebazpenen aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari edo, hala badagokio, Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egingo dira, eta aurkezteko epea 2025eko otsailaren 6an amaituko da, egun hori barne.

    Hala ere, zuzendaritza-proiektua aurreko puntuan ezarritako epean aurkezten ez bada, ez da zuzenduko, eta prozeduratik kanpo geratuko da.

  4. Eskabideak onartzeari eta ez onartzeari buruzko behin betiko ebazpenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren behin betiko ebazpena, zuzendaritza-eginkizunean hasteko Berariazko Prestakuntza Programako zenbait jarduera egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruzkoa (PEFI_EFD).

    Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta prozeduran parte hartzeko eskabideak onartzeko edo ez onartzeko behin betiko ebazpenak emango ditu.

    Ebazpen horiek emateko epea 2025eko otsailaren 13an amaituko da.

    Ebazpen horietan zehaztuko da izangaiak zer ikastetxetan onartu diren, eta, baztertuak izan badira, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira.

    Ebazpen horretan bertan, proposamen arrazoitu bat egin badu izangaiak ikasketaburutzako eta/edo idazkaritzako zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko, jasoko beharko da zer emaitza lortu den proposamen horren behin betiko baliozkotzean, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

    Egun berean, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behin betiko ebatziko ditu izangaiek PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin dituzten eskaerak.

    Ebazpenak behin-behineko ebazpenen antzera argitaratuko dira.

    Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi aitortzen zaionik agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Prozesuaren edozein unetan, lortu nahi duen karguaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko balio duen dokumentazioa eskatu ahal izango zaio. Berrikuspenetik ondorioztatzen bada izangairen batek ez duela betetzen baldintzaren bat, interesdunari entzun ondoren, galdu egingo ditu hautaketa-prozesuan parte hartzeagatik izan ditzakeen eskubide guztiak.

    Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi aitortzen zaienik PEFI_EFD prestakuntza-programa gainditu izanaren ziurtagiria izatea.

  5. Onartutako izangaitzak eta aurkeztutako proiektuak jakinaraztea eragindako ikastetxeetako hezkuntza-komunitateei.

    Bermatzeko hezkuntza-komunitateak ezagutu ahal izango dituela aurkeztutako proiektuak eta zuzendaritzarako hautagaitzak, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek dagokion ebazpena jakinaraziko diote eragindako ikastetxe bakoitzeko zuzendariari, argitara eman dadin dagokion ikastetxeko iragarki-taulan. Aldi berean, ikastetxeari dagokion zuzendaritza-proiektuaren edo -proiektuen ale bana bidaliko die Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikastetxe bakoitzari, 2025eko otsailaren 20ra arteko epean. Epe hori amaituta, eta hezkuntza-komunitateak proiektu horietarako sarbidea izango duela bermatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak 24 orduko epean jakinaraziko du zer espazio fisiko edo birtualetan egongo diren eskuragarri dokumentu horiek.

  6. Hautagaitzarik aurkeztu ez den edo onartu ez den ikastetxeetan esku hartzea.

    2025eko otsailaren 24tik aurrera, Hezkuntza Ikuskaritza agindu honen 4.9 artikuluan aipatzen diren nahitaezko txostenak egiten hasiko da, zuzendaria izendatzeko, izangai-zerrendarik aurkeztu ez den edo onartu ez den ikastetxeetan. Txosten horiek amaituta beharko dute 2025eko apirilaren 30a baino lehen.

    Eskola Kontseiluari entzun ondoren, ikuskaritzaren nahitaezko txostenak, besteak beste, zuzendaritzaren egoera eta ikastetxean egindako esku-hartzea jasoko ditu, zuzendariei hezkuntza-lidergo egonkorra lortzen laguntzeko.

  1. Hautaketa-batzordeak.

  1. Hautaketa-batzorde bat eratuko da hautaketa-prozesua egin behar den eta gutxienez hautagaitza bat onartu den ikastetxe bakoitzean.

  2. Hautaketa-batzordeetako kideak.

    Ikastetxe bakoitzeko hautaketa-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

    1. Hezkuntzako ikuskari bat. Ikuskari nagusiak proposatuko duena, eta batzordeko lehendakari gisa jardungo duena.

    2. Lau kide, ikastetxearen ordezkari:

      1. Bi kide irakasleak izango dira, klaustroak horretarako egindako ezohiko bilkuran aukeratuak. Kiderik gazteenak idazkari gisa jardungo du.

      2. Eskola Kontseiluko kideek beste bi kide aukeratuko dituzte, irakasle ez diren Kontseiluko kideen artean, lehendakariak horretarako deitutako bilkuran.

    3. Zuzendari bat, bokal gisa, hezkuntza-administrazioaren ordezkaritzan, honako baldintza hauek betetzen dituena:

      1. Zuzendaria jardunean izatea, hautaketa-prozedura garatzen den ikastetxearen irakaskuntza berdinak ematen dituen ikastetxeren batean, edo, hala badagokio, antzeko ezaugarriak dituen ikastetxeren batean.

      2. Zuzendariak egindako lanaren ebaluazio positiboa izatea ekitaldi batean edo gehiagotan. Hori ziurtatu ezin den kasuetan, beren eginkizunak betetzean gutxienez hiru urteko ezohiko izendapena duten zuzendariak izendatuko dira.

  3. Hautaketa-batzorde hori, kide anitzeko organo gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikulutik 18. artikulura xedatutakoak arautuko du, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie batzordekideei. Erabakiak hartzean berdinketarik badago, ikuskariak ebatziko ditu, kalitatezko botoarekin.

  4. Izangaien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa betetzeko, bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen nahikoa ezagutza duten kide nahikoa egongo dela hautaketa-batzordeko kideen artean. Baldintza hori hautaketa-batzordeko kide guztiek bete beharko dute, Eskola Kontseiluko ordezkariek izan ezik, haientzat gomendio bat izango baita.

  5. Batzorde horien osaerak, ahal den heinean, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatua) arautzen duenaren arabera.

  6. Hautaketa-batzordeen eginkizunak.

    Hautaketa-batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

    1. Ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko prozesua egiteko prozedurak antolatu eta garatzea.

    2. Dagozkion prozedurak gauzatzeko egutegia ezartzea eta argitaratzea, agindu honetan ezarritako epeen arabera.

    3. Izangaiei deialdia egitea zuzendaritza-proiektua ahoz defenda dezaten.

    4. Izangaiek aurkeztutako zuzendaritza-proiektuak era arrazoituan balioestea.

    5. Izangaiek aurkeztutako merezimendu akademikoak, prestakuntzakoak eta profesionalak barematzea.

    6. Erreklamazioak ebaztea, beren eskumenen esparruan.

    7. Onartu eta argitara ematea zuzendaritza-proiektuari emandako kalifikazioa eta, hala badagokio, izangaiek merezimendu-baremoan eskuratutako behin-behineko puntuazioa ere bai.

    8. Aurkeztutako izangaien behin betiko zerrenda onartu eta argitaratzea, apartatu bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta.

    9. Amaierako guztizko puntuazio handiena eskuratu duen ikastetxe bakoitzeko izangaia aukeratzea.

    10. Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari helaraztea aukeratutako pertsonaren izena, ikastetxeko zuzendari izendatzeko proposamenarekin batera.

    11. Dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan entregatzea aurkeztutako dokumentazioa eta hautaketa-prozesutik eratorritakoa, izangaia aukeratu ondoren.

  7. Beren eginkizunak betetze aldera, hautaketa-batzordeek behar duten informazioa bildu ahal izango dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetatik, izangaiei bidezko dokumentazioa eskatu ahal izango diete, eta, halaber, ikastetxean eskuragarri dauden baliabide eta bitarteko telematikoak erabili ahal izango dituzte hezkuntza-komunitateari zuzendaritzaz arduratuko den pertsonaren hautaketa-prozesuari buruzko alderdi guztiak jakinarazteko eta beren eskumenetatik eratorritako ekintza guztiak deialdian zehaztutako epeetara egokitzeko.

  8. Hautaketa-batzordean klaustroa eta Eskola Kontseilua ordezkatuko dituzten pertsonak aukeratzea.

    2025eko otsailaren 24tik martxoaren 4ra bitartean, biak barne, zuzendariak deialdia egingo du klaustroaren ezohiko bilkura bat egiteko; ondoren, beste deialdi bat egingo du Eskola Kontseiluaren beste bilkura bat egiteko, onartutako hautagaitzen berri eta dagozkien zuzendaritza-proiektuen berri emateko, dagozkien aktak eman ditzaten (ikus VII. eta VIII. eranskinak).

    Deialdi horretan, ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi beharko du zer espazio fisiko edo birtualetan egongo den eskuragarri izangai bakoitzak aurkeztutako zuzendaritza-proiektua, kide anitzeko organo horietako kideek kontsultatu ahal izan ditzaten. Bilkura horretan, bi organoei dagozkien bokalak eta bokal bakoitzeko ordezko bat aukeratuko dira, zeinak hautaketa-batzordeko kide izango baitira.

    Eskola Kontseiluaren ezohiko bileraren kasuan, ez zaie deialdia egingo irakasleen klaustroko ordezkariei.

    Klaustroaren zein Eskola Kontseiluaren buru ikastetxeko zuzendaria edo haren ordezkoa izango da, irizpide hauek aplikatuz:

    Beren ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko merezimendu-lehiaketara aurkezten diren jarduneko zuzendariek ezin izango dituzte bete hautaketa-prozesuan ikastetxeko zuzendariari esleitutako eginkizunak. Eginkizun horiek ikastetxeko zuzendariordeak eta/edo zuzendaritzako ondokoak beteko ditu, edo, ondoren, ikasketaburuak, ikasketaburuaren ondokoak, ikastetxeko idazkariak edo idazkariaren ondokoak, baldin eta dagokion pertsonak ere bere hautagaitza aurkeztu ez badu, betiere.

    Baldin eta arestian aipatutako karguak betetzen dituzten pertsona guztiek ere hautagaitza aurkeztu badute ikastetxeko zuzendari izateko, irakaskuntza-sektoreko kide ordezkari zaharrena izango da kide anitzeko organoaren buru.

    1. Nola hautatu nork ordezkatuko duen klaustroa hautaketa-batzordean:

      Hautaketa-batzordean klaustroa ordezkatuko dutenak aukeratzeko, isilpeko bozketa egingo da, eta, bertan, boto-eskubidea duen pertsona bakoitzak pertsona bati eman ahal izango dio botoa. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten irakasleek ezohiko klaustro horretan egoteko, parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea izango dute. Zuzendaritza-taldeko kide gisa aurkeztutako zuzendaritza-proiektuetan agertzen diren pertsonekin ere berdin jokatuko da.

      Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketa badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan, berdinduta geratu direnei baino ezingo izango zaie botoa eman. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketak bere horretan badarrai, zozketa publikoa egingo da.

      Klaustroaren bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, boto gehien jaso duenetik hasi eta boto gutxien jaso duenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.

    2. Hautatzea nork ordezkatuko duen Eskola Kontseilua hautaketa-batzordean:

      Eskola Kontseiluan ikasleen ordezkaritza duten ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gorako ikasleei baino ez zaie deialdia egingo bilkura horretara joateko. Klaustro ordezkariei ere ez zaie deialdirik egingo bilkura horretara joateko.

      Eskola Kontseiluaren ordezkariak aukeratzeko, bozketa bat egingo da, eta, bertan, pertsona bakar bati eman ahal izango diote botoa Eskola Kontseiluko kideek. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketarik badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan, berdinduta geratu direnei baino ezingo izango zaie botoa eman. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketak bere horretan badarrai, zozketa publikoa egingo da.

      Eskola Kontseiluaren bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, boto gehien jaso duenetik hasi eta boto gutxien jaso duenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketa badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.

      Botoa zuzena eta isilpekoa izango da, eta ezingo da eskuordetu.

      Irakasle-klaustroak edo Eskola Kontseiluak hautaketa-batzordean izango dituzten ordezkariak aukeratu edo izendatu ez izanak ez du eragotziko haiek eratzea.

      2025eko martxoaren 6an, ikastetxeko zuzendariak edo, apartatu honetan ezarritakoa aplikatuz, haren ordezkoak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio aipatutako partaidetza-organo bakoitzaren bilkuraren aktaren kopia, Hezigunea aplikazioaren bidez («Nire egunerokoa» apartatua. Ikastetxeko Hezkuntza Ikuskaritzaren informazioa. Dokumentuak). Ikus VII. eranskina, klaustroaren akta-eredua, eta VIII. eranskina, Eskola Kontseiluaren akta-eredua.

  9. Izendatzea zer ordezkari izango dituen Hezkuntza-administrazioak hautaketa-batzordeetan.

    Hezkuntza ikuskari nagusiak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari proposatuko dio Hezkuntzako ikuskari izango diren hautaketa-batzordeetako lehendakari (izen-abizen eta guzti). Proposamen horiek egiteko epea 2025eko martxoaren 3an amaituko da.

    Era berean, dagokion hezkuntza-ordezkariak zuzendari-talde bat izendatuko du hautaketa-batzordeetan parte hartzeko, eranskin honetako 3.2.c) apartatuan jasotzen den bezala.

    Pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen dituztela bermatzeko moduan egingo dira proposamen eta izendapen horiek.

  10. Hautaketa-batzordeetako kideak izendatzea.

    Hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte dagokion lurralde historikoan eratu behar diren hautaketa-batzordeetako kide guztiak. Izendapen horiek egiteko epea 2025eko martxoaren 10ean amaituko da.

    Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautagaitza bat baino gehiago onartu den ikastetxeetako batzorde bakoitzeko burutzari emango dizkio hautagaitza onartu zaion pertsona bakoitzaren lehiaketako bigarren faseko merezimenduak egiaztatzeari buruzko datuak. Datu eta dokumentu horiek emateko epea 2025eko martxoaren 11n amaituko da.

  11. Hautaketa-batzordeen funtzionamendua.

    Hautaketa-batzordeen egoitza ofiziala zentro berean egongo da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako beste administrazio-bulego batzuetan, egoerak hala gomendatzen badu eta prozeduran interesa duten pertsonei inolako kalterik eragiten ez bazaie, eta horiek eratzeko prozedura amaitzen denean amaituko da haien jarduna.

    Hautaketa-batzordearen eraketa eta funtzionamendua baliozkoa izan dadin, ezinbestekoa izango da bertan egotea kideen erdia gehi bat, baldin eta haien artean batzordeburua eta idazkaria badaude. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.

  1. Hautaketa-prozesuaren lehenengo fasea.

    Lehenengo fasean, zuzendaritza-proiektua balioetsiko da, zeinetan jasoko baitira, ikastetxeko hezkuntza-proiektuarekin lotuta, izangaiaren helburuak eta jardun-ildoak. Zuzendaritza-proiektuak ikasle guztien eskola-arrakasta lortzea izan beharko du helburu, eta, besteak beste, hezkuntza-inklusioari, gizonen eta emakumeen berdintasunari eta diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak jaso beharko ditu, baita hizkuntza-normalizazioari buruzko edukiak ere.

  1. Zuzendaritza-proiektuak klaustroari eta Eskola Kontseiluari aurkeztea.

    Eranskin honetako 3.8 apartatuan aipatutako irakasle-klaustroko ezohiko bilkura berean, izangai bakoitzak bere zuzendaritza-proiektua aurkeztu ahal izango du, eta horri buruz egiten zaizkien galderei erantzungo die. Jarraian, akta egingo da, eta, hor, egindako esku-hartzeak jasoko dira (VII. eranskina).

    Era berean, eranskin honetako 3.8 apartatuan jasotako Eskola Kontseiluaren ezohiko bilkuran, izangaiek beren proiektua azalduko dute, eta egiten zaizkien galderei erantzungo. Jarraian, akta egingo da, eta, hori, egindako esku-hartzeak jasoko dira (ikus VIII. eranskina).

    Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren ezohiko bilkuretako buruak zuzendaritza-proiektuak helaraziko dizkie hautatutako ordezkariei, bileran bertan.

  2. Hautaketa-batzordeak zuzendaritza-proiektua balioestea.

    Hautaketa-batzordeak balioetsiko du, lehenik eta behin, 2024-2025 ikasturtean hautagaitza aurkeztu duten ikastetxean destinoa duten izangaien zuzendaritza-proiektua. Hautagaitzarik ez badago edo pertsona horietako batek ere ez badu prozeduraren lehenengo fasea gainditzen, hautaketa-batzordeak destinoa beste ikastetxe batean duten izangaien proiektuak balioetsiko ditu.

    Bilkura berean, hautaketa-batzordea eratuko da, eta izangaiek aurkeztutako eta defendatutako zuzendaritza-proiektuak balioetsiko dira, agindu honen III. eranskinean jasotako ebaluazio-irizpideak aplikatuz. Lan hori egiteko epea martxoaren 17tik 21era bitartekoa izango da, egun biak barne.

    Apartatu honetan aipatutako zuzendaritza-proiektua aurkeztu ez bada edo frogatzen bada osorik edo zati batean plagiatu dela, 0 puntu emango zaizkio.

    Hautaketa-batzorde bakoitzak, alfabetikoki, ikastetxeko zuzendaritzarako izangaiak zitatuko ditu, zuzendaritza-proiektua azaldu eta defendatzeko. Zitazioa bakarra izango da izangai guztientzat, eta ikastetxeko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, gutxienez 48 ordu lehenago, izangaiak non, noiz eta zer ordutan aurkeztu behar diren adierazita.

    Izangaiek beren burua identifikatu beharko dute hautaketa-batzordearen aurrean, beren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztuz: nortasun-agiri nazionala edo pasaportea eta, hala badagokio, atzerritarraren nortasun-txartela.

    Ekitaldi horretan agertzen ez diren izangaiak prozeduratik kanpo geratuko dira, behar bezala justifikatutako eta hautaketa-batzordeak aintzat hartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Alegatutako arrazoia baiesten bada, presidenteak beste egun eta ordu bat ezarriko du eragindako izangaiaren bigarren eta azken deialdirako, eta batzordearen egoitzako iragarki-taulan eta ikastetxearen webgunean argitaratuko du.

    Izangaiak gehienez 30 minutu izango ditu proiektuaren ezaugarri garrantzitsuenak azaltzeko. Ondoren, eta gehienez 15 minutuz, izangaiak proiektua defendatuko du, galderei erantzunez eta batzordeko kideek eskatzen dizkioten argibideak emanez.

    Zuzendari izateko izangaiek azaldu eta defendatuko dute zuzendaritza-proiektua. Zuzendaritza-taldeko beste kargu batzuetarako proposatutako pertsonek ere parte har dezakete ekitaldian.

    Ahozko azalpena egiteko, izangaiari ordenagailu bat eta proiektagailu bat utziko zaizkio, eta Interneteko konexioa jarriko zaio. Bere aldetik, izangaiak aukera izango du egokitzat jotzen duen material osagarria erabiltzeko.

    Hautaketa-batzordeko kide bakoitzak balioetsiko du zuzendaritza-proiektua, 0 eta 70 puntu artean emanez. Kide bakoitzak emandako puntuazioak zenbaki oso bat izan beharko du. Batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa atzemanez lortuko da proiektuaren puntuazioa. Hala ere, proiektu horren guztizko kalifikazioan batzordekideek emandako puntuazioen artean 15 puntu oso edo gehiagoko aldea badago, gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak baztertu egingo dira, eta puntuazioak baztertzen jarraituko da harik eta alde hori desagertu arte. Azkenik, gainerako kalifikazioen batez besteko puntuazioa kalkulatuko da.

    Lehenengo fase honetan, izangaiek, gutxienez, 35 puntu lortu beharko dituzte. Gutxieneko puntuaziora iristen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

    Beraz, zuzendaritza-proiektuak kalifikatu ondoren haietako bakarra balioesten bada gutxienez 35 punturekin, izangaia hautagai hautatu gisa proposatuko da. Zuzendaritza-proiektu batek baino gehiagok lortzen badute 35 puntu edo gehiagoko kalifikazioa, kasuan kasuko izangaien merezimenduak barematuko dira prozeduraren bigarren fasean.

  1. Hautaketa-prozesuaren bigarren fasea.

    Zuzendaritza-proiektuaren balioespena amaitu ondoren, lehen fasea gainditu duten hautagaitza bat baino gehiago dagoen ikastetxeetan, hautaketa-batzordeak merezimenduen balioespena gehituko dio izangai bakoitzari (IV. eranskina).

    Merezimenduen balioespenaren gehieneko puntuazio orokorra ez da, inola ere, 30 puntutik gorakoa izango.

    Balioespen hori egiteko epea 2025eko martxoaren 28an amaituko da.

  2. Ebaztea zer puntuazio lortzen duen hautagaitza bakoitzak eta proposatzea zer pertsona hautatzen den zuzendari-lanposturako.

    Hautaketa-batzordeak puntuazioa aterako du; horretarako, batu egingo dira zenbat puntu lortu diren zuzendaritza-proiektuaren balioespenean eta zenbat merezimenduen ebaluazioan. Berdinketa badago, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ostean:

    1. Puntuaziorik handiena zuzendaritza-proiektuan.

    2. Merezimendu-baremoko apartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, agindu honen IV. eranskinean agertzen den hurrenkeraren arabera.

      2025eko martxoaren 28an, batzordeetako idazkaritzek argitara emango dute behin-behinean zenbat puntu lortu duten izangaiek merezimendu-lehiaketaren fase bakoitzean. Informazio horren berri izangaiek hautagaitza aurkeztu duten ikastetxeetan emango da. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena.

      2025eko martxoaren 31tik apirilaren 2ra bitartean, izangaiek egoki irizten dieten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, esleitu zaien puntuazioari buruz, dagokien ikastetxeko idazkaritzetan; horretarako, idazki bat idatzi, eta hautaketa-batzordeari zuzendu beharko zaio.

      Behin aztertuta zer erreklamazio jarri diren behin-behineko puntuazioen aurka, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte, eta argitara emango dituzte behin betiko puntuazioak, behin-behinekoekin egin duten modura. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena. Argitalpen hori egiteko epea 2025eko apirilaren 9an amaituko da.

      Izangai batek ikastetxe baterako baino gehiagorako lortzen badu puntuaziorik handiena, parte hartzeko eskabidean lehenengo jarri duen ikastetxerako proposatuko da.

      2025eko apirilaren 9an bertan, batzordeburuak behin betiko puntuazioak helaraziko dizkio dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, eta jakinaraziko dio, hala badagokio, nor proposatzen duen zuzendari-lanposturako.

      Hautaketa-batzordeetako jarduketa guztiak 2025eko apirilaren 10a baino lehen egin eta amaitu beharko dira.

  3. Hezkuntzako lurralde-ordezkarien ebazpenak.

    Hautaketa-batzordeek egindako proposamenak ikusita, eta haiekin bat etorriz, prozedura urratu ezean, hautatutako pertsonak adierazteko ebazpenak emango eta argitaratuko ditu dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Ebazpen horiek emateko eta argitaratzeko epea 2025eko apirilaren 16an amaituko da.

    Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenak Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira («Irakaskuntzak eta Ikastetxeak» lan-arloaren barruan «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» «Ikastetxe publikoak» «Zuzendariak hautatzeko prozesuaren deialdia» eta «Hezigunea» atarian. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena.

    Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari.

    Izendatutakoak ez badu destinorik zuzendari hautatua izan den ikastetxean, dagokion lurralde-ordezkariak 2025eko apirilaren 30a baino lehen eman beharko dio horren berri irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta hark ebazpen bat onartuko du ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko, izendapenak irauten duen artean.

  4. Atzera egitea eta uko egitea.

    Atzera egitea da bertan behera uztea eskabidea eta hasitako prozedura. Izan ere, 39/2015 Legearen 94. artikuluaren arabera, hautaketa-prozesuan parte hartzeari uko egin ahal izango zaio prozeduraren edozein unetan, betiere prozesua amaitzeko ebazpena eman aurretik. Atzera egiteko eskaera idatziz aurkeztuko zaio dagokion lurralde-ordezkariari.

    Halaber, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautatutako pertsonek deklaratzen dituzten ebazpenak eman eta argitaratu ondoren, esleitutako lanpostuari uko egiteko eskatu ahal izango dute honako kasu hauetan:

    1. Uko arrazoitua, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak onartua.

    2. Gerora sortutako ezintasun fisiko edo psikikoa.

  5. Hautatutako izangaien izendapena.

    9,1. Dagokion lurralde historikoko hezkuntzako lurralde-ordezkariak izendatuko du ikastetxeko zuzendari hautatutako pertsona, baldin eta zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziei buruzko prestakuntza-programa espezifikoa gainditu badu (programa hori Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren 2024ko ekainaren 6ko Ebazpenean dago jasota).

  1. Hautatutako izangaien kasuan, 2025eko ekainaren 2tik 6ra bitartean egun biak barne, Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak ofizioz emango du ziurtagiri bat, egiaztatzen duena izangaiek gainditu dutela zuzendaritza-eginkizunean hasteko prestakuntza-programa espezifikoa.

    Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren behin-behineko ebazpen baten bidez jakinaraziko zaie horren berri interesdunei. Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko dira:

    1. Zer zuzendarik lortu duten PEFI_EFD prestakuntza-programa gainditu izanaren ziurtagiria.

    2. Hautatutako zer zuzendarik ez duten gainditu prestakuntza-programa espezifikoa eta zergatik ez duten gainditu.

      Aurreko ebazpenaren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egin beharko dira, eta aurkezteko epea 2025eko ekainaren 11n amaituko da, egun hori barne.

      Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta behin betiko ebazpena emango du. Ebazpen hori emateko epea 2025eko ekainaren 20an amaituko da.

      Behin betiko ebazpenaren arabera prestakuntza-programa espezifikoa gainditu ez duten zuzendarien kasuan, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak egindako izendapenak ezohiko izaera izango du automatikoki.

  2. Izendapenak eta karguaz jabetzeak 2025eko uztailaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak. Zuzendari kargua betetzen ari zenak eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideek aurreko egunean utziko dute beren kargua, ondore guztietarako.

    9,4. Agintaldia lau urtekoa izango da, ezohiko izendapenen kasuan izan ezik; kasu horretan, agintaldia urtebetekoa izango baita.

  1. Hautagaitzarik ez dagoenean, ikastetxe berriak direnean edo dagokion batzordeak pertsona bakar bat ere aukeratu ez duenean, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Eskola Kontseiluari entzun eta Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena aztertu ondoren, irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, urtebeterako, ezohiko izaeraz. Ebazpen horiek emateko eta argitaratzeko epea 2025eko maiatzaren 5ean amaituko da.

  2. Pertsona horrek ez badu destinorik zuzendari izendatu den ikastetxean, horren berri emango zaio irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, 2025eko maiatzaren 9a baino lehen, eta hark onartuko du ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko ebazpena, izendapenak irauten duen artean.

  3. Zuzendariek PEFI_EFD prestakuntza-programa espezifikoa egin eta gainditu beharko dute, izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen. Jarduketa-planean, lidergoarekin lotutako helburu bat sartu beharko da gutxienez, 2025-2026 ikasturteari buruzkoa, eta helburu hori urteko memorian balioetsiko da.

  1. Zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena eta kargu-uztea.

  1. Agindu honetan aurreikusitako zuzendari-izendapenetan, ikastetxeko zuzendari izendatu den edo izendatuko den pertsonak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinaraziko dio nor proposatzen dituen zuzendaritza-taldeko gainerako kideak izendatzeko. Kide horiek ikastetxeko irakasleak izango dira, eta, haien artean, ahal dela, emakumeen eta gizonen ordezkaritza haztatua edo, halakorik ezean, orekatua izango da. Proposamen hori egiteko epea 2025eko maiatzaren 9an amaituko da.

  2. Proposamen hori bat etorri beharko da, hala badagokio, prozeduraren hasieran aurkeztutako zuzendaritza-proiektuarekin, baldin eta ezohiko inguruabarrik ez badago. Azken kasu horretan, inguruabarrak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak balioetsiko ditu, eta, hala badagokio, baietsiko.

  3. Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak izendatuko ditu zuzendaritza-taldeko gainerako kideak, proposatzen dien zuzendariaren agintaldi-epealdi bererako. Izendapen hori 2025eko maiatzaren 30a baino lehen egingo da.

  4. Zuzendariak dagozkion proposamenak egiten ez baditu, edo proposatutako pertsonek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu pertsonarik egokienak, ikastetxeko zuzendaritzaren eta Hezkuntza Ikuskaritzaren txostenak jaso ondoren.

  5. Agindu honen lehen xedapen gehigarrian jasotako salbuespenezko egoeretan, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu irakasleak, behin betiko destinorik ez dutenak, ikastetxeko zuzendari ez den zuzendaritza-taldeko kide izan daitezen, baldin eta proposamen horren baliozkotze positiboa badu. Kasu horietan, irakasle-arloan eskumena duen zuzendaritzak onartuko du dagokion ebazpena, ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizun bat emateko. Ezohiko zuzendaritzen kasuan, baliozkotzea 2025eko maiatzaren 9tik aurrera egingo da.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)