Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko urriaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako Administrarien Eskalako lanpostuak (azpitaldea: C1; destino-osagarriaren maila: 20) betetzeko lehiaketa orokorraren deialdia eta oinarriak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 215
  • Hurrenkera-zk.: 4835
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/10/17
  • Argitaratze-data: 2022/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketako eta izendapen askeko sistemen bidez beteko dira, lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera. Legearen 47. artikuluak eta hurrengoek arautzen dute lanpostu hutsak lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Halaber, urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartu zen. Dekretu horren II. kapituluan garatzen da lanpostuak lehiaketaren bidez betetzeko prozedurari buruz legeak ezartzen duena.

Deialdi honen xedea da Administrarien Eskalako (azpitaldea: C1; destino-osagarriaren maila: 20) lanpostu hutsak betetzea. Lanpostu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioentzat dira, aurrekontuetan diruz hornituta daude, eta lehiaketa bidez bete behar dira.

Nahitaezko txostenak eginda, eta bat etorriz Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6.1.e) artikuluarekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluarekin, hau

Lehenengoa. II. eranskinean azaltzen diren lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorraren deialdia egitea.

Bigarrena. Lehiaketa hori arautuko duten oinarriak onartzea (I. eranskinean agertzen dira).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Oinarriak, zeinen bidez arautuko baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden Administrarien Eskalako lanpostuak (azpitaldea: C1; destino-osagarriaren maila: 20) betetzeko lehiaketa orokorra.

  1. Xedea.

    Lehiaketa orokorraren xedea da karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta II. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzea.

  2. Parte hartzeko baldintzak.

  1. EAEko Administrazio Orokorreko Administrarien Eskalako karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan, betiere oinarrietan jasota dauden lanpostuen betekizunak betetzen badituzte.

  2. Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta orobat, esleitutako lanpostuez jabetzean egiaztatu beharko dira. Parte hartzeko eta lanpostua esleitzeko betekizunak egiaztatzen ez dituzten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

  3. Karrerako funtzionarioek deialdi honetan parte hartu ahal izateko, bi urte igaro behar izan dira, nahitaez, lehiaketa bidez hartu zuten azkeneko lanpostua jabetzan hartu zutenetik. Aurreko denbora-muga ez da ezarriko, langileak lehiaketa bidez lortutako lanpostuaren atxikipena galdu duenean.

  4. Lehiaketan parte hartu ezin dutenak:

    1. Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

    2. Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora bete ez duten langileek.

  5. Diziplinazko espediente baten ondorioz lekuz aldatu diren langileek ezingo dute herri berean lanposturik eskatu, zehapena betetzen ari badira oraindik.

  6. Lehiaketa honetan parte hartu beharko dute:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lanpostu batean behin-behineko atxikipena duten karrerako funtzionarioek.

    2. Ente publikoetara eskualdatu diren lanpostuetan behin-behineko atxikipena duten langileek.

  7. Behin-behineko destinoa duten karrerako funtzionarioak, lehiaketan destinorik lortzen ez badute eta ondorioz lekuz aldatu behar badira, behin-behinean atxikiko zaizkio beste lanpostu bati. Lehenik eta behin, lehiaketan parte hartu duten baina destinorik lortu ez duten funtzionarioak atxikiko dira.

  1. Baloratuko diren merezimenduak.

    Lanpostua betetzeko betekizuntzat eskatzen dena ez da baloratuko merezimendu gisa.

    Merezimendu hauek baloratuko dira lehiaketan:

    Administrazio publikoetako lan-esperientzia.

    Tituluak.

    Hobekuntza-ikastaroak.

    Euskara-maila.

    Gradu pertsonal finkatua.

    Antzinatasuna.

    Ingeles- eta frantses-maila.

  2. Beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa eta lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

    Gehienez 212 puntu lor daitezke. Lanpostua esleitzeko, 21 puntu lortu behar dira.

  3. Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak.

    Merezimenduak baloratzeko, bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekiko lotura-maila eta merezimenduaren baliozkotasun formalaren maila.

  1. Lanpostuarekiko lotura-maila: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen zereginen artean loturaren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Lotura egongo da baldin eta egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-arlo eta -esparruen artean harremana badago. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.

  2. Merezimenduaren baliozkotasun formalaren maila.

    Hauek dira baliozkotasun formalaren maila zehazten duten faktoreak.

    1. Titulu batena: graduondokoen kreditu- edo ordu-kopurua.

    2. Ikastaro batena: espresuki egiaztatzea ebaluazio-proba gainditu dela edo ikastaroa aprobetxatu dela.

  3. Bi irizpide horiek lotura-maila eta baliozkotasun formala ezartzen bazaizkie aurreko ataleko merezimenduei, honako koefiziente hau aplikatuko da merezimendu jakin bat baloratzean. Baremoa hau da: Handia (1), Tartekoa (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Koefizientea 7. oinarrien baremoan kategoria bakoitzari esleitutako gehieneko balioarekin biderkatuko da.

  4. Balorazio-irizpideak eta horiek merezimendu bakoitzari nola aplikatuko zaizkion balorazio-batzordeak argitaratuko du, iragarki-tauletan.

  5. Soilik baloratuko dira ziurtagiriak egiaztatzeko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak (8. oinarria) jasotzen dituzten merezimenduak.

  6. Merezimenduak baloratzeko berariazko irizpideak.

  1. Administrazio publikoei atxikitako lanpostuetan izandako lan-esperientzia.

    1. Beste zerbitzu batzuekin batera aldi berean egindako zerbitzuak ez dira inola ere kontuan hartuko. Horri dagokionez, ez dira zenbatuko egitekoak behin-behinean esleituta emandako zerbitzuak.

    2. Zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako aldiak, azken 10 urteotan denbora luzeagoz bete duten funtzionario-lanpostuan baloratuko dira. Funtzionario-lanposturik izan ez dutenei titular gisa erreserbatuta duten lanpostuaren arabera egingo zaie balorazioa. Lanpostu baten titularrak ez badira, bete duten azken lanpostuaren egitekoen arabera egingo da balorazioa.

    3. Betetzen duten lanpostuko lan-esperientzia moduan hartuko dira egoera hauetan emandako aldiak: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskararen ikaskuntza, norberaren gauzetarako baimenak, aldi baterako ezintasuna edo antzeko egoerak.

    4. Beste administrazio publiko batzuetan lan egin dutenei zerbitzuen ziurtagirien eta betetako lanpostuaren/lanpostuen monografien arabera egingo zaie balorazioa. Monografiarik ez badute, lan-esperientzia frogatzeko agirian jasotzen diren zereginak gauzatzeko eskatutako ezagutzak eta trebetasunak baloratuko zaizkie.

  2. Tituluak.

    1. Ikasketa akademiko berdinetako ziklo desberdinak gainditu dituztela frogatzen duten langileei soilik baloratuko zaie frogatutako zikloetatik gorengoari dagokion titulua.

    2. Ez da merezimendu moduan baloratuko lanpostuan eskatzen den goi-mailako titulua lortzeko behar den titulua.

    Administrazio honen iritziz dagoeneko baloratu diren edo betekizun gisa eskatzen diren beste titulu batzuekiko baliokideak diren tituluak ez dira baloratuko.

    3. Indarrean dagoen araudian titulu akademiko ofizial bati erreferentzia espresua egiten ez dioten lanbide-titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko, hala nola SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (lehengo Enpleguko Institutu Nazionala) eta Lanbide bezalako enplegu-zerbitzu autonomikoek eginiko profesionaltasun-ziurtagiriak.

    4. Graduondoko titulu moduan baloratu ahal izango dira baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak:

    1. Master ofizialaren maila izatea, eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasota egotea.

    2. Unibertsitateko berezko graduondo-titulua izatea, 450 ordukoa edo gehiagokoa, edo gutxieneko iraupena bermatzen duen kreditu kopurua izatea.

    3. Goi-mailako irakaskuntza programa baten agiria edo diploma edukitzea, graduondoko unibertsitate-irakaskuntzaren parekoa eta ospe handiko erakunde akademiko edo profesional batek emandakoa (atzerrikoa ere izan daiteke). Graduondoko irakaskuntza mota hori 450 ordukoa edo gehiagokoa izan behar da gutxienez.

  3. Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroen balorazioa.

    1. Hobetzeko ikastaroak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, unibertsitateek edo administrazio publikoek antolatutakoak eta homologatutakoak izan behar dira; bestela, prestakuntzaren, giza baliabideen garapenaren, lanbide-kualifikazioaren edo ikerketaren esparruetan ospe handiko erakundeek eman behar izan dituzte.

    2. Azken 10 urteotan egindako ikastaroak bakarrik baloratuko dira; hala ere, 150 ordukoak edo hortik gorakoak baloratu egingo dira, noiz egin diren kontuan hartu gabe.

    3. Iraupena kreditutan ematen bada, kreditu bakoitzak 10 orduko baliokidetza izango du, beste zehaztasunik ematen ez bada behintzat. ECTS kreditu bakoitzak, ordea, 25 orduko baliokidetza izango du.

    4. Ikastaro hauek baloratu ahal izango dira: Word aurreratua, Excel aurreratua eta Access aurreratua eta oinarrizkoa.

    5. Softwarearen Europako Institutuak informazioaren teknologiei lotuta ematen dituen erabiltzaileen ziurtagiriak (IT txartela) prestakuntza-ikastaro moduan hartuko dira lehiaketa honetan. IT txartel hauek IVAPek ezarritako orduen arabera baloratuko dira, hau da, ziurtagiri horiek ebaluatzeko tresnak diren eta ikastaroen aprobetxamendua ziurtatzeko betekizunetako bat diren ikastaroetarako ezarri dituen orduen arabera. Dagoeneko baloratuta dauden ikastaroetako IT txartelak ez dira baloratuko.

    6. Gai berari buruzko ikastaroak edo ikastaro beraren edizio ezberdinak behin bakarrik baloratuko dira; arlo horretan ordu-kopuru handiena duena aukeratuko da horretarako.

    7. Konpetentzia-unitateen egiaztapen partzialak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ez dira prestakuntza-ikastaro gisa baloratuko.

    Halere, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-unitateak eta prestakuntza-moduluak baloratu ahal izango dira, betiere prestakuntza-ikastaro ziurtatuen bidez lortu badira, dagozkien orduekin.

    8. Hizkuntzen ikastaroak ez dira baloratuko.

  4. Euskara.

    Euskara baloratu ahal izateko, eskaturiko lanpostuak ezin du eduki derrigortasun-data iraungirik lanpostu-zerrendan.

  5. Antzinatasuna.

    Ondorio horietarako, karrerako funtzionario izan baino lehen eman diren eta aitortuta dauden zerbitzuak ere baloratuko dira. Lehenago alegatu diren zerbitzuekin batera egindako beste batzuk ez dira zenbatuko.

  1. Merezimenduen baremoa.

    Gehienez ere, 212 puntu lor daitezke; prozesua gainditzeko, 21 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

  1. Esperientzia.

    Azken 10 urteotako lan-esperientzia baloratuko da, gehienez 60 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

    Lortu nahi denaren lanpostu berdinean duen lan-esperientzia: 0,6 puntu hilabete bakoitzeko.

    Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen eskalako lan-esperientzia: 0,3 puntu hilabete bakoitzeko.

    Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoena baino goragoko talde edo azpitaldeko eskala batean izandako lan-esperientzia: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

    Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoena baino beheragoko azpitaldean izandako lan-esperientzia: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

  2. Titulu akademikoak.

    Unibertsitateen edo ospe handiko erakundeen titulu ofizialak edo berezko tituluak baloratuko dira, bete nahi den lanpostuaren zereginekiko lotura kontuan hartuta, eta gehienez 40 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

    1. Lanbide-heziketako teknikariaren tituluak: gehienez ere 20 puntu titulu bakoitzeko.

    2. Lanbide-heziketako goi-mailako teknikariaren tituluak: gehienez ere 30 puntu titulu bakoitzeko.

    3. Doktoregoa, graduondokoa, gradua, lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza, diploma, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa: gehienez ere 10 puntu titulu bakoitzeko.

      Maila ezberdinetako zenbait titulu aurkezten badira eta titulu horiek gai berari buruzkoak badira edo heziketa-ziklo ezberdinetako parte badira, titulu bakarra hartuko da kontuan.

  3. Hobekuntza-ikastaroak.

    Deitutako lanpostuaren berezko zereginei lotutako gaien inguruko hobekuntza-ikastaroak gaindituta dituztenei ikastaro horiek gehienez 60 punturekin baloratuko zaizkie. Hauxe da erabiliko den baremoa:

    1. 10 eta 19 ordu arteko ikastaroak: gehienez 1,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

    2. 20 eta 39 ordu arteko ikastaroak: gehienez 3 puntu ikastaro bakoitzeko.

    3. 40 eta 79 ordu arteko ikastaroak: gehienez 7,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

    4. 80 eta 149 ordu arteko ikastaroak: gehienez 12 puntu ikastaro bakoitzeko.

    5. 150 eta 299 ordu arteko ikastaroak: gehienez 15 puntu ikastaro bakoitzeko.

    6. 300 orduko edo gehiagoko ikastaroak: gehienez 18 puntu ikastaro bakoitzeko.

  4. Euskara.

    Euskara merezimendu gisa baloratuko da, gehienez ere 22 punturekin. Puntuazio honen arabera:

  1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

  1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

  2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 16 puntu.

  3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 22 puntu.

  1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

  1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

  2. , 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 16 puntu.

  1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

  1. , 2., 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

  1. Gradu pertsonal finkatua.

    Funtzionarioak dituen kidego edo eskaletatik parte hartzeko aukeratu duen horretan gradu pertsonal finkatua badauka, gehienez 10 puntu emango zaizkio, banaketa honen arabera:

    1. Eskatutako lanpostuaren destino-osagarriaren maila bereko edo handiagoko gradu pertsonala duenari: 10 puntu.

    2. Eskatutako lanpostuaren destino-osagarriaren maila baino gradu pertsonal txikiagoa duenari: 7,5 puntu.

  2. Antzinatasuna.

    Administrazio publikoetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,05 puntu zenbatuko dira, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira.

  3. Hizkuntzen ezagutza.

    Ingeles- eta frantses-ezagutzak baloratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzen duen ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

    Hizkuntza horien ezagutzagatik gehienez 10 puntu emango dira. Hauxe da erabiliko den baremoa:

    1. B1 mailaren baliokideak diren tituluak eta ziurtagiriak:

      Ingelesa: 8 puntu.

      Frantsesa: 4 puntu.

    2. B2, C1 eta C2 mailaren titulu eta ziurtagiri baliokideak:

      Ingelesa: 10 puntu.

      Frantsesa: 6 puntu.

  4. Merezimenduak eta betekizunak alegatzea eta egiaztatzea.

  1. Irizpide orokorrak.

    1. Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu behar dira baloratu nahi diren betekizun eta merezimendu guztiak. Prozedura honen ondorioetarako soilik, ofizioz baloratuko dira langileen erregistroan azaltzen diren merezimenduak, eta alegatutako merezimendutzat hartuko dira, beste administrazio publiko batzuetako esperientzia izan ezik, hori beti alegatu beharko baita.

    2. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak alegatutako betekizunak eta merezimenduak egiaztatuko ditu, kasuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroei, administrazio publikoen datuen bitartekaritzarako plataformari edo ziurtagiria ematen duen erakundeari kontsulta eginez.

  2. Lan-esperientzia.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean izandako lan-esperientzia ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

    2. Beste administrazio publiko batzuetan izandako lan-esperientzia beti alegatu beharko da, eta egiaztagiriaren kopia arrunt bat aurkeztuz egiaztatuko da. Aipatutako dokumentuak, administrazio bakoitzak erabakitzen duen ereduan, lan egindako aldiak banakatu beharko ditu, taldea, kidegoa, aukera, eskala, mota edo kategoria eta lanpostuaren izena zehaztuz.

  3. Titulu akademikoak.

    1. Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak alegatu egin beharko dira, eta titulu eta ziurtagirien erregistro bateratuari (RUTC) kontsulta eginez egiaztatuko dira.

    2. Titulu ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreek jaulki behar dituzte.

    3. Unibertsitateen graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, berariaz jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.

    4. Goi-mailako gainerako irakaskuntza-programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira, ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu izan dituen zehaztuta.

    5. Araututako lanbide baten lanbide-kualifikazioa aitortzen duen egiaztagiria aurkeztu ahal izango da, Europar Batasunaren xedapenen babesean, dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.

  4. Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

    1. Langileen Erregistroan jasota ez dauden ikastaroak alegatu egin behar dira; horiek egiaztatzeko, IVAPi kontsulta egingo zaio edo, bestela, kopia konpultsatua aurkeztu beharko da, edo ikastaro horiek antolatu edo deitu dituen organoaren nahiz erakundearen ziurtagiria. Edozein kasutan, datu hauek jaso behar dira bertan:

    1. Titulua.

    2. Hasiera eta amaiera datak, eta iraupena (orduak).

    3. Ziurtagiria egin duen erakundea.

  5. Euskara.

    Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua kontsultatuko da. Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna baino lehenagoko egiaztatze-data duten eta erregistro horretan inskribatuta dauden hizkuntza-eskakizunak joko dira egiaztatutzat.

    Erregistro horretan jasota ez dauden euskara-tituluak edo -ziurtagiriak dituztenek dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko dute eskabideak aurkezteko epean.

    Bi dekretu hauetan dago zehaztuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak zein diren: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

  6. Hizkuntzak.

    Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak edo ziurtagiriak bakarrik egiaztatu beharko dira.

    Honako bi xedapen hauetan hizkuntza eta maila bakoitzerako ezarrita dauden titulu eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko: ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuaren eranskinean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzen duen Dekretua eta abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretuan Egiaztapenaren ondoreetarako oinarrizko mailaren gutxieneko eskakizunak finkatzen eta Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen duen araubide bereziko hizkuntza ikasketen B1 (tartekoa), B2 (tartekoa), C1 (aurreratua) eta C2 (aurreratua) mailen oinarrizko curriculuma eta zenbait ikasketa planetan araututako araubide bereziko hizkuntza-ikasketen eta errege-dekretu honetakoen arteko baliokidetzak ezartzen dituena.

  7. Gradu pertsonala.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako gradu pertsonala ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

    2. Administrazio honek aitortu ez duena eta, beraz, Langileen Erregistroan jasota ez dagoena egiaztatu egin behar da. Horretarako, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Aurreko egiaztapena egiteko, IV. eranskineko eredua bete daiteke; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.

  8. Antzinatasuna.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko antzinatasuna ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

    Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuengatik lortutako antzinatasuna, Langileen Erregistroan jasota ez badago, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiri bidez egiaztatuko da. Aurreko egiaztapena egiteko, IV. eranskineko eredua bete daiteke; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.

  9. Merezimenduen eta betekizunen zuzenketa.

    Interesdunei eskatu ahal izango zaie zerbait argitzeko edo dokumentazio osagarria aurkezteko, baldin eta betekizun bat behar bezala egiaztatzeko edo alegatu diren merezimenduak baloratzeko beharrezkotzat jotzen bada. Horrelakoetan, hautagaiari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean aurkezteko eskatu zaion informazioa.

  10. Erreferentzia-data.

    Merezimenduak baloratzeko erreferentzia gisa hartuko da oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna.

  1. Balorazio-batzordea.

  1. Osaera.

    Balorazio-batzordea kide-kopuru bakoiti batek osatuko du, gutxienez bostek, eta betekizunak egiaztatzeaz, merezimenduak baloratzeaz, deialdia egin duen organoari puntuaziorik onenak lortu dituzten hautagaien esleipena proposatzeaz eta, oro har, oinarri hauek betetzen direla bermatzeaz arduratuko da.

    Balorazio-batzordearen osaeran, emakumeen eta gizonen ordezkaritzak orekatua izan beharko du, non eta ez den behar bezala justifikatzen ez dela egokia. Ordezkaritza orekatutzat joko da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.

    Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa.

    Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketak lehendakaritzan diharduenaren kalitate-botoaren bidez ebatziko dira.

    Balorazio-batzordeak agintari deitzaileari eskatu ahal izango dio adituak izenda ditzala, aholkulari gisa jardun dezaten, hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Kualifikazioa.

    Balorazio-batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak izango dira, eta deitutako lanpostuen titulu-talde bereko edo goragoko talderen bateko kidego edo eskaletakoak izango dira.

  3. Jarduera.

    Balorazio-batzordeak erabateko independentzia izango du, diskrezionalitate teknikoz eta objektibotasunez lan egingo du, eta egiten dituen proposamenak lotesleak izango dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarentzat.

    Jarduteko duten diskrezionalitate teknikoa gorabehera, ebazpenak arrazoitu egin beharko dituzte, eta arauak eta oinarriak bete beharko dituzte.

    Batzordeen jarduna honako hauetan ezarritakoak arautuko du: oinarri hauek; 190/2004 Dekretua, urriaren 13koa, Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko dena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

    Hautaketa-prozesu orotan bete behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak eraginkorragoak izan daitezen (Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 25. artikuluaren arabera), epaimahaien eztabaidak isilpean gordeko dira. Era berean, hartzen diren erabakiak ere isilpean gorde beharko dira, harik eta prozedura egokiaren bidez argitara eman arte. Batzordeak aurkezten diren pertsonen anonimotasuna bermatu behar du probak egitean eta zuzentzean.

    Balorazio-batzordeek oinarriak aplikatzeari buruz sortzen den edozein zalantza ebatzi ahal izango dute, eta, oinarri hauetan ezartzen ez den guztian, lehiaketa behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko dituzte. Orobat, oinarrietan jasota ez dauden kasuak direla-eta ezarri behar diren irizpideak erabakiko dituzte, betiere legeriari eta zuzenbideari estu lotuta.

    Balorazio-batzordeetako kideei eta horien aholkulariei ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoek, halakorik ordaindu behar denean, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua bete beharko dute, zeina ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuaren bidez aldatu baitzen (121/2006 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzekoa).

  4. Izendapena.

    Batzordea osatzen duten kideak hauek dira:

    Batzordeburua:

    Titularra: Cecilia Anitua Trevijano.

    Ordezkoa: Matilde Etxeberia Zuazo.

    Bokala:

    Titularra: Angel Arrieta Rodriguez.

    Ordezkoa: Juan Carlos Prieto Becerra.

    Bokala:

    Titularra: Rosa Fernández Mendizabal.

    Ordezkoa: Santiago Lopez Gutierrez.

    Bokala:

    Titularra: Fernando Saenz de Buruaga Castillo.

    Ordezkoa: Marta Ruiz de Garibay.

    Idazkaria:

    Titularra: M.ª Isabel Monleón Fernández.

    Ordezkoa: Asier Undabarrena Ibargüengoitia.

  1. Lehiaketa nola egingo den.

  1. Eskabideak aurkeztea.

    1. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

    2. Ahal dela, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira eskabideak, helbide hauetan:

    Intranet: Langilearen ataria.

    Internet: https://www.euskadi.eus/lehiaketa

    Parte hartu nahi dutenek gaitutako lehiaketa-atalean dagoen eredua bete ahal izango dute. Eskabideak era horretan aurkezten dituztenei jaso izanaren agiri bat emango zaie, eta, hor, interesdunek egoera egiaztatu beharko dute. Bakarrik onartuko dira egoeran «itxita» daramaten eskabideak.

    3. Halaber, egoera aktiboan ez dauden edo lanpostuan aldi baterako ez dauden langileek deialdi honetako III. eranskin modura datorren eredua aurkeztu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako erregistroetako edozeinetan, eta eskabidea Funtzio Publikoko zuzendariari bidali beharko diote.

    4. Eskabide baldintzatuak. Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, lehiaketa honetan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten bi pertsonak lanpostua herri berean edo hurbileko herrietan lortu nahi izatea; halakoetan, eskabideetan, baldintza modura lanpostua biek hala biek lortu beharra adierazi dezakete, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.

    5. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ez da onartuko eskabideak ezertan aldatzerik. Hala ere, lehiaketan parte hartzen duten pertsonek lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote edozein unetan eta, nolanahi ere, behin betiko esleipena baino lehen, esleipenen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioetarako ezarritako 10 eguneko epean, 10.6.1 oinarriaren arabera.

    6. Deialdiko nahi adina lanpostu huts eska daitezke, lehentasun-hurrenkeran, lanpostu horietan jarduteko bete beharreko baldintzak betez gero.

    Lanpostu-zerrendari buruzko kontsulta langilearen atariaren bidez egin ahal izango da, baita helbide honetan ere: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/-/informazioa/funtzionarioen-lanpostuen-zerrenda-lz/

    7. Lanpostua betetzeko baldintzak egiaztatzeko agiriak eta alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar dira, 8. oinarrian zehazturik datorren moduan.

  2. Dotazio bakoitzerako onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda.

    Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Funtzio Publikoko Zuzendaritzako administrazio-zerbitzuek balorazio-batzordeko buruari bidaliko dizkiote aurkeztutako eskabideak, erantsitako agiriekin batera. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak batzordearen zereginak erraztuko ditu; horretarako, betekizunak betetzen direla eta agiri egokiak aurkeztu direla egiaztatuko du aldez aurretik.

    Nolanahi ere, balorazio-batzordeak betekizunak betetzeari buruzko egiaztapena berretsiko du, dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda egingo du, eta zerrenda hori 11. oinarrian azaltzen diren lekuetan argitaratzea erabakiko du; halaber, 5 egun balioduneko epea emango du interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten.

  3. Erreklamazioak aztertzea eta dotazio bakoitzerako onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratzea.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, balorazio-batzordeak horiek ebatzi, dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu, eta horiek 11. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du.

  4. Merezimenduak baloratzea eta fase hori gainditu duten parte-hartzaileen zerrenda eta behin-behineko emaitzak argitaratzea.

    Dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta gero, balorazio-batzordeak merezimenduak baloratuko ditu, gutxieneko puntuazioa lortu dutenen zerrenda taxutuko du, eta zerrenda hori 11. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

  5. Erreklamazioak aztertzea eta behin betiko emaitzak taxutu eta argitaratzea.

    Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, balorazio-batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda eta gutxieneko puntuazioa lortu duten parte-hartzaileen behin betiko zerrenda taxutu, eta horiek 11. oinarrian azaldutako lekuetan argitaratzea xedatuko du.

  6. Lanpostuak esleitzea eta esleipenen behin-behineko zerrenda argitaratzea. Atzera egiteko epea.

    1. Halaber, esleipenen behin-behineko proposamena 11. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea erabakiko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten. Hori izango da, halaber, parte-hartzaileek lehiaketan parte hartzeko eskaeran atzera egiteko izango duten azken epea.

    2. Esleipen-proposamenean hauek hartuko dira kontuan: lehiaketara atera diren lanpostuak, balorazioaren emaitza eta eskabidean adierazi den hurrenkera-ordena.

    Nolanahi ere, langileek, aurrez betetzen zuten lanpostua utzi egin behar izan badute, edukia aldatzeagatik lanpostua kendu dietelako edo lanpostutik mugiarazi dituztelako, lehentasuna izango dute lehiaketa honetan, behingoagatik bakarrik, udalerri berean sortutako lanpostu hutsak betetzeko, kendutako lanpostuaren destino-osagarri berdina edo baxuagoa badute.

    Puntuazioan berdinketarik egonez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, berdinketa argitzeko:

    Merezimenduetan lortutako puntuazioa, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera.

    Antzinatasuna, funtzionarioak dituen eskaletatik lehiaketan parte hartzeko aukeratu duen horretan karrerako funtzionario gisa lan egindako denbora.

    Antzinatasuna, karrerako funtzionario gisa lan egindako denbora.

    Antzinatasuna, azken behin betiko lanpostuan lan egindako denbora eta Administrazioan lan egindako denbora.

    Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 27.2 artikulua betetze aldera, ez da aplikatuko aipatutako artikuluan aurreikusitako berdinketa hausteko klausula, emakumeak ez baitaude gutxiegi ordezkatuta Administrarien Eskalan, eta, beraz, ez zaie lehentasunik emango.

  7. Atzera egiteko eskaerak aztertzea. Eskaintzen diren lanpostuetarako esleipen-proposamenak Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari helaraztea.

    Erreklamazioak eta atzera egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzean, balorazio-batzordeak horiek ebatziko ditu, esleipenen behin betiko proposamena prestatuko du, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari helaraziko dio.

  8. Lehiaketaren behin betiko ebazpena argitaratzea.

    Behin betiko esleipen-proposamena jasotzen duenean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak onetsi egingo du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu. Agindu horren kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  1. Argitaratzeko lekua.

  1. Lehiaketan parte hartzen dutenentzako informazio garrantzitsu guztia eta, zehazki, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen balorazioaren behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen zuzenketa, erreklamazioak eta esleipenen behin-behineko eta behin betiko zerrendak helbide hauetan argitaratuko dira:

    Intranet: Langilearen ataria.

    Internet: https://www.euskadi.eus/lehiaketa

    Oinarri hauetan ezarritako epeak zenbatzeko, argitalpen horrek bakarrik balio izango du. Horrenbestez, ez da beharrezkoa izango bestelako iragarki-ohol edo hedabideetan argitaratzea.

  2. Deialdia, halaber, harpidetza pertsonalizatuaren bidez zabalduko da; hala, lehiaketaren fase bakoitzari buruzko informazio zehatza posta elektronikoz jaso ahal izango da. Zerbitzu hau erabiltzeko, helbide elektronikoa eduki behar da, besterik ez, eta «Langilearen ataria» edo «Jakina» guneetan eska daiteke, edo, bestela, posta elektronikoko mezu bat bidaliz provision-seleccion@euskadi.eus helbidera.

  1. Destinoak esleitzea. Lanpostua uztea eta lanpostuaz jabetzea.

  1. Esleipendunek lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko dute, eta, horrenbestez, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, horrelakorik izanez gero, ez badute beste destinorik lortu lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez, gerora agertutako ezintasunagatik, zerbitzu aktiboaz bestelako egoera batera igarotzeagatik edo deialdia egin duen organoak bidezkotzat jotzen dituen aparteko arrazoiengatik.

  2. Antolaketa-arrazoiak direla eta, esleipen-ebazpenean zehaztuko da zein diren esleipendun guztien kargu-uztearen eta lanpostuaz jabetzearen data zehatzak; kasu guztietan, kargua utzi eta hurrengo egunean jabetuko dira lanpostuaz esleipendunak.

  3. Lehiaketa honetan lanpostu-erreserba dakarten egoeraren batean daudela parte hartu duten langileek aurrerantzean ere administrazio-egoera berean jarraituko dute, destinoa lortzen badute, kasu batean izan ezik: bueltatzea espresuki eskatzen badute, aurreko atalean azaldutako bost egun balioduneko epean.

  4. Esleitutako destinoa borondatezkoa dela ulertuko da, eta, beraz, ez du eskubiderik emango inolako arrazoirengatik kalte-ordainak jasotzeko.

  1. Lehiaketako datu pertsonalen babesa eta kudeaketa.

    Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

    Arduraduna: Funtzio Publikoko Zuzendaritza. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

    Helburua: enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzen lan-poltsak nahiz aldi baterako langile lan-kontratudunak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa).

    Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

    Informazio-hartzaileak:

    Sindikatuak eta langileen batzordeak.

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

    Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsultatu dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml

    Araudia:

    Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

    3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

    Balorazio-batzordeak aginduta, 11. oinarrian aipatutako lekuetan argitaratuko dira honako hauek: onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda, gutxieneko puntuazioa gainditu duten hautagaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak eta esleipenen behin-behineko zerrenda. Horietan guztietan, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira: publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez. Datuok bere horretan utzi beharko dira harik eta esleipen-prozesua amaitzen den arte eta erreklamazioak edo errekurtsoak gauzatzeko beharrezkoa den aparteko denbora guztian.

    Zerrenda horiek klausula bat edukiko dute, ohartarazteko zerrendotan datu pertsonalak ageri direla, datuak babesteko gaur egungo legedia betetzen dutela eta datuon helburu bakarra dela lehiaketaren fase zehatz horri publikotasuna ematea eta, hala egokitzen denean, parte-hartzaileei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute, adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu -ez osorik ez zatika-, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, ukitutako hautagaiek berek horretarako baimenik eman gabe.

    Lehiaketan deitutako lanpostuen behin betiko esleipenen zerrenda onartzeko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira, publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)