Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 25ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dirulaguntzak emateko 2022ko ekitaldirako, udal-informazio geografikoa hobetzeko eta Euskadiko datu espazialen azpiegituran integratzeko geoEuskadi geoatariaren bidez.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 2451
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/25
  • Argitaratze-data: 2022/06/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eman beharreko dirulaguntzak arautzea, 2022ko ekitaldirako, helburu honekin: udal-informazio geografikoa hobetzea eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren osagaiak berrerabiltzean oinarritutako udal-baliabide edo -zerbitzu geografikoak ezartzea, bai eta geoEuskadi geoatarian integratzea ere.

Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura hobetzen lagundu nahi da, geoEuskadiren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko georreferentziatutako datuek eta geozerbitzuek osatuta, lurraldearen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenerako tresna gisa.

Maiatzaren 26ko 69/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia eta informazio geografikoa antolatzeari buruzkoak, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura arautzen du, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografiko eta zerbitzu espazial guztien elementu integratzaile gisa.

Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren helburuen artean honako hauek daude: Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoaren eta kalitatezko geozerbitzuen eskuragarritasuna eta erabilera erraztea eta bultzatzea, eta eskualdeko nodo gisa integratzea Espainiako eta Europar Batasuneko Informazio Geografikoaren Azpiegituran, bai eta foru- eta toki-nodoekin ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez, 2021eko ekainaren 2an, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak agindu bat eman zuen Sailaren 2021-2024 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzeko. Horretan, dirulaguntza-lerro hau aurreikusten da. Plan hori eskuragarri dago Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren web-orrian.

Dirulaguntza-lerro honen bidez, jarraipena eman nahi zaio 2014an orduko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hasitako programari, helburu hauekin: udal datuak eta baliabide geografikoak Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturara migratzeko kanalak egotea, eta udalerriek azpiegitura horrek ematen dituen datu geografikoak erabiltzeko aukera izatea.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10. artikuluaren 2. apartatuak Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari esleitzen dizkio, besteak beste, egiteko hauek:

  1. Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura eta www.geo.euskadi.eus geoataria zuzentzea eta koordinatzea, Euskadiko lurraldeari buruzko informazio geografikoa eta kalitatezko geozerbitzuak eskuratzea, eskuragarri egotea eta ustiatzea errazteko eta bultzatzeko.

    1. Eskura dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzu geografikoak sustatzea eta hedatzea informazio geografikoaren eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturako zerbitzuen erabilera eta ustiaketa bultzatzeko.

      Horrenbestez, eta lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat, honako hau

  1. Agindu honen xedea da dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea, lehia-konkurrentziaren bidez, helburu honekin: udal-informazio geografikoa hobetzea eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren osagaiak berrerabiltzean edo integratzean oinarritutako udal-baliabide edo -zerbitzu geografikoak ezartzea, geoEuskadi geoatariaren bitartez.

  2. Udal-informazio geografikoa biltzeko, egokitzeko edo eguneratzeko eta/edo udal-baliabide edo -zerbitzu geografikoak abian jartzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeak dakartzan gastuak finantzatuko dira, honako helburu hauek lortzen laguntzen dutenak kontuan hartuta:

    1. Informazio geografikoa eta udal-toponimia hobetzea eta biltzea.

    2. Udal-informazio geografikoa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo edo erakundeek kudeatutako datu geografikoen multzoetara migratzeko kanalak harmonizatzea, egokitzea eta hobetzea.

    3. GeoEuskadin integratzea udal-baliabide geografiko osagarri eta integragarri berriak.

    4. GeoEuskadiren osagaiak berrerabiltzea udal-erabilerako baliabide geografikoen garapenean.

  3. Dirulaguntza honen xede diren jarduerak 2022ko ekitaldian hasi beharko dira.

  4. Ez da diruz lagunduko azpiegitura teknologikoko softwarea edo hardwarea erostea, ez eta produktuak lizentziatzea ere.

  5. Dirulaguntza hori jasotzeko, Eusko Jaurlaritzaren esku jarri beharko dira proiektuaren azken emaitzak, bai eta proiektua gauzatzeko erabilitako metodologia eta berariaz garatutako IKT tresnak edo tresna geografikoak ere.

  1. Dirulaguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eska ditzakete, baina udal bakoitzak eskabide bakarra egin dezake.

  2. Ezin dira onuradun izan 2021eko deialdian dirulaguntza esleitu zaien erakundeak, berariaz uko egin ez badiote.

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

  2. Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezin izango dute izan dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat.

  3. Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da 38/2003 Legearen 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

  1. Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioetako garaiko zuzendariak Platea e-administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko emandako 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

  3. Erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016608 helbidean eskura daitezke. Eskaera-inprimakia ere helbide horretan eskuratu ahal izango da.

  4. Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  6. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  2. Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016608

  3. Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

    1. Proiektuaren azalpen-memoria. Bertan, gutxienez, alderdi hauek guztiak jaso beharko dira, berariaz eta ezarritako hurrenkeraren arabera:

      1. Proiektuaren deskribapen orokorra eta laburtua.

      2. Lana egiteko arrazoiak, udalerriaren egoerarekin eta premiekin zerikusia dutenak.

      3. Udalerriari buruz dauden informazio geografikoaren eta baliabide geografikoen diagnostikoa, erakundekoak ez direnak barnean direla. Baliabide geografikoen egungo erabilera erakundean, eta atzemandako ahuleziak.

      4. Lanen irismena eta proiektua garatzeko metodologia, hauek banakatuta: datu geografikoen multzoak, zerbitzuak edo egin edo hobetu beharreko beste baliabide geografiko batzuk eta horien eremu geografikoa. Zer proiektu edo arlo korporatibotan gehituko diren, erabiliak izan daitezen.

      5. Proiektuaren arduraduna eta taldearen osaera.

      6. Jarduerak gauzatzeko mugarri nagusien egutegia.

    2. Diruz lagundutako jarduera bakoitzaren laguntza teknikoaren gastuen aurrekontu banakatua, BEZa kanpoan dela, hau ez baita diruz laguntzekoa.

    3. Honako obligazio eta alderdiak egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

      1. Jakinaraztea ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

      2. Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

      3. Entitate eskatzailea ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

      4. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak egunean izatea.

        Eskabideak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.

        Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

  5. Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean, ez bada edukian sartu, ukatutzat hartuko da eta izapidea egindakotzat joko; beraz, prozeduran aurrera egingo da baldin eta, ofizioz edo jasotzaileak eskatuta, egiaztatzen bada ezin izan dela teknikoki edo materialki sartu.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira egindako jakinarazpentzat hartuko.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, honako kide hauez osatua:

    1. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria, zeina epaimahaiburua izango baita.

    2. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurralde Informazioko Zerbitzuaren arduraduna.

    3. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurralde Informazioko Zerbitzuko kartografiako teknikari bat.

    4. Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat, zeinak epaimahaiko idazkari-lanetan jardungo baitu.

  2. Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatzeko, erakunde eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie bitarteko elektronikoetatik, mahaia eratzen denean.

  3. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzako titularrari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du hurrengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

  4. Proposamen horretan, diruz lagundu nahi diren eskabideen lehentasun-hurrenkera jasoko da, aipatutako esleipen-irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera aurrekontu-kreditua amaitu arte. Zerrenda horretan, erakunde onuraduna, diruz lagun daitekeen proiektua eta proposatutako zenbatekoa adieraziko dira. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

  5. Puntuazio goreneko eskabideei dagozkien zenbatekoak esleitzeko prozesuaren ostean, deialdiko zuzkidura agortzeko falta den saldoa ez bada nahikoa sailkapenean hurrengoa den eskabidearen gehieneko zenbatekoa ordaintzeko, soberako saldo horren zenbatekoa esleituko zaio.

1. 6.4.a artikuluan jasotako Proiektuaren Memoriari 5 puntu emango zaizkio gehienez, honako hauen arabera:

  1. Memorian jasotako atal guztien arteko koherentzia. 1,5 puntu gehienez.

  2. Diagnostikoaren zehaztasuna, kalitatea eta garapen zehatza, irismena, metodologia eta proposamenak. 2 puntu gehienez.

  3. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. 1,5 puntu gehienez.

    1. Proiektuak Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren eta geoEuskadi geoatariaren hobekuntzan duen eragina, 1.2 artikuluan ezarritako helburuen arabera. 5 puntu gehienez.

      Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:

      Gehienez 5 puntu a) helburuarentzat.

      Gehienez 5 puntu b) helburuarentzat.

      Gehienez 3 puntu c) helburuarentzat.

      Gehienez 3 puntu d) helburuarentzat.

    2. Dirulaguntza jasotzeko, proposamenek 5 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

    3. Berdinketa badago, memorian lortutako puntuaziora joko da, lehentasun-hurrenkerarako.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Ebazpen horrek balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udalak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu.

    Ebazpen horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz eta egoitza elektronikoaren bidez erakunde eskatzaileei bana-banako jakinarazpena eginez. Halaber, informazio-ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taularen helbidea hau da: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa

    Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

  2. Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

  3. Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honetako 10.1 artikuluarekin bat etorriz egingo da jakinarazpena).

  2. Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

  4. Laguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari jakitera ematea edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

  5. Egindako dokumentuak publikotasuna adierazi beharko du; hau da, berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta jasota izan behar du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza daukala; jarduerarako karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala agertu behar da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

  6. Lana idazteko mugarri nagusien egutegia betetzea, deialdi-agindu honen 6.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, dirulaguntza onartzen denetik sei hilabete igaro ostean, onuradunek egiaztatu beharko dute bete dituztela egutegi horretan ezarritako mugarriak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, edo helburu horietarako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena, betiere laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira.

Inbertsioaren behin betiko kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Baldin eta eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu dirulaguntza erakunde onuradunak, dirulaguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, dirulaguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluak xedatutakoaren arabera.

  1. Laguntza teknikoa kontratatzeko gastuen % 75 lagunduko da diruz, proiektuko 12.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inolaz ere diruz lagunduko.

  2. Diruz laguntzekoak diren gastuei aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua.

  3. Salbuespen gisa, hautaketa-prozedura amaitzean ez bada agortu eman daitekeen gehieneko zenbatekoa, gainerako zenbatekoa hautatutako proiektuen artean esleitu ahal izango da, proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoaren proportzioan banatuta. Prozesu horretan, 12.000 euroko gehieneko zenbatekoa gainditu ahal izango da, betiere zenbateko hori proiektuaren aurrekontuaren % 75 baino txikiagoa bada.

Agindu honen bidezko deialdiko dirulaguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

Guztira, 200.000 euro bideratuko dira aipatutako dirulaguntzak emateko; horietatik, 40.000 euro 2022. urteari dagozkio, eta 160.000 euro 2023.ari.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako titularrak emango ditu dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak, eta honela ordainduko da:

  1. Lehen ordainketa emandako dirulaguntzaren % 20ri dagokiona esleipen-ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean egingo da.

  2. Bigarren, eta azken, ordainketa egiteko dirulaguntza justifikatu ondoren, emandako dirulaguntzan ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokiona, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean aurkeztu beharko da justifikazioa, 2023ko urriaren 15a baino lehen, agiri hauekin batera:

    1. Burututako jarduerak justifikatzeko memoria.

    2. Azken emaitzak, erabilitako metodologia eta proiektua egikaritzeko berariaz garatu diren IKT tresnak edo tresna geografikoak.

    3. Laguntza teknikoa kontratatzeko ordaindutako gastuen ziurtagiria, udal-idazkariak emandakoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30.4 artikuluan jasotako baldintzen egiaztagiria.

      Egindako justifikazioa ez bada heltzen eskabidean aurkeztutako aurrekontura, ordaintzeko, kontuan hartuko da diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, 15. artikuluan aipatua, eta 13. artikuluan adierazitakoa.

      Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota egon behar bada, hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, dagokion zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori egoitza elektronikoan ere eskura daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.