Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko irailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez desgaitasunari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako eskola-garraioko banakako esleipenen deialdia egiten baita, ikasle horiek dagokien ikastetxe publikoan edo Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek esleitutako itunpeko ikastetxe pribatuan edo publikoan eskolatuta badaude eta sailaren eskola-garraioa erabili ezin badute.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 177
  • Hurrenkera-zk.: 4015
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/09/07
  • Argitaratze-data: 2022/09/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua. Hala ere, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialei lotutako hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasle batzuk ezin dute eskola-garraioa erabili, dela ibilbidean ez dagoelako Sailak antolatutako garraiorik, dela ibilbideak edo garraioa ez daudelako egokituta haien ezaugarrietara. Kasu horietan ibilgailu partikularra edo garraio publikoa erabiltzen dute egunero ikastetxera joateko.

Eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdi honen helburua da ikasle horien ikastetxerako joan-etorrien kostua finantzatzea, ez dadin izan zailtasun gehigarri bat, ezta beste kostu bat ere, ikasle horiek beren bizilekuagatik dagokien ikastetxe publiko batean edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako itunpeko ikastetxe pribatu edo publiko batean eskolatuta badaude.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plana Hezkuntzako sailburuaren 2022ko otsailaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan elektronikoan argitaratuta dago; hona hemen helbidea: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Deialdi honetarako aurrekontuko diru-zuzkidura nahikoa dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Oro har, agindu hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da:

69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-eskumena duen sailak finantzatua, maiatzaren 26ko 186/2019 Dekretuak eta irailaren 28ko 217/2021 Dekretuak aldatzen dutena.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Agindu honen xedea da eskola-garraiorako banakako dirulaguntzen deialdia egitea desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, baldin eta 2022-2023 ikasturtean dagokien ikastetxe publikoan edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako itunpeko ikastetxe pribatu edo publiko batean matrikulatuta badaude eta ezin badute Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa erabili.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria da.

  1. Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 4.554.000 euro bideratuko dira.

    1. apartatuan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, kontuan hartuta zenbat diren laguntzak jasotzeko eskubidea daukaten eskabideak, Hezkuntza Sailaren konprometitu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da.

  1. Deialdi honetara aurkez daitezke 2022-2023 ikasturtean 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluan eta haren aldaketetan (186/2019 Dekretua eta 217/2021 Dekretua) ezarritako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan maila hauetan aritzea: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

    2. aurreko a) apartatuan aipatzen diren irakaskuntzetako edozeinetan matrikulatuta egotea hezkuntzaren arloan eskumena duen saileko ikastetxe publiko batean, hezkuntzaz bestelako Administrazioko ikastetxe publiko batean edo itunpeko ikastetxe pribatu batean. Azken bi kasu horietan, Hezkuntza Administrazioak berariaz hala adierazita, saileko ikastetxe-sarearen eskaintza nahikoa ez delako edo, salbuespen gisa, aipatutako Administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.

    3. Ez izatea 21 urte beteta 2023ko abenduaren 31n.

      Eta, gainera, honako hauek bete beharko ditu:

    4. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak HPBak dituen ikaslea dela aintzatesten du.

    5. Ezin du erabili joan-etorrietan Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa, eta ezin da ikastetxera joan doako garraio bidez edo aipatutako sailaz bestelako erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutako garraio bidez.

    6. Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat du, eta indarreko Desgaitasun Ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak egina, eta bertan adierazten dira desgaitasun mota eta gradua, eta hala behar bada mugikortasun urri iraunkorra duela.

    7. Ikastetxea bere bizilekutik 2 kilometro edo gehiagora dago, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, eskolatuta dagoen hezkuntza-etapa edozein dela ere, eta 500 metrotik gorako distantziara mugikortasun urri iraunkorra duten ikasleen kasuan. Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxera oinez egindako ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat.

  2. Onuradun izateko, eskatzaileak egunean izan behar ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez du izan behar Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan jasotakorik ere.

    Eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea organo emaileak ofizioz egiazta dezan egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baimen hori ere uka dezake; kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

    Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da gainerako debekuen eraginpean ez dagoela.

  1. Ikasleek jasotzen dituzten 2022-2023 ikasturterako banakako dirulaguntzek garraioaren kostu osoa estali ahal izango dute.

  2. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eguneko bi bidaia hartuko dira kontuan, baldin eta ez badago jantoki-zerbitzurik edo ezin bada erabili; kasu horretan, eguneko, gehienez ere, lau bidaia zenbatuko dira.

  3. Kostua honako arau hauen arabera kalkulatuko da:

    1. Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko desplazamendurako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, metroa) erabiltzen bada, ematen den esleipenaren zenbatekoa garraio ekonomikoenari dagokion kostua izango da.

    2. Bidaia taxiz egiten bada, esleitu beharreko zenbatekoa bat etorriko da eskatzaileari taxilariek edo taxilarien kolektibo edo elkarteek emandako hiru aurrekontuetatik merkeenarekin.

    3. Taxian edo autobusean egindako joan-etorria ikastetxeak antolatzen duenean, esleipen honen zenbatekoa honako hau izango da, gehienez ere: zerbitzuaren benetako kostua zati erabiltzen duten ikasleen kopurua. Esleipen hori ikastetxeak zerbitzu-emaile desberdinei eskatutako hiru aurrekontutik merkeenari emango zaio.

    4. Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko joan-etorrietarako ibilgailu partikularra erabiltzen bada, kostua honela kalkulatuko da: etxebizitzaren eta ikastetxearen artean autoz egindako ibilbide laburrenaren kilometro kopurua bider 0,29 euro, bider eguneroko bidaia kopurua eta bider eskola-egunen kopurua.

      Ibilbidearen kilometroak x 0,29 euro x bidaia-kopurua x ikasturtearen eskola-egunak.

      Distantziak neurtzeko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak (geoEuskadi) eskura dituen informazio eta baliabide geografikoak aztertuko dira.

    5. Erreferentziazko Berritzeguneko HPBen aholkularitzaren irizpidearen arabera, ikasleak laguntza behar badu autobusez, trenez, tranbiaz edo metroz egiten dituen joan-etorrietan, eskabidean sartu ahal izango da laguntzailearen txartelaren kostua. Laguntzailearen bi bidaia zenbatuko dira eguneko, betiere benetan egiten badira, jantokira ezin joateagatik ikasleek egunero lau ibilbide egin behar dituztenean izan ezik.

  1. Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako ematen dituen beste edozein laguntzarekin, Hezkuntza Sail honek emandakoekin izan ezik. Hala ere, xede bererako emandako edo lortutako beste dirulaguntza edo baliabide batzuekiko bateragarritasunak ez du inola ere ekarriko deialdi honen babesean finantzatutako garraioaren kostu osoa gainfinantzatzea. Metaketa horren ondorioz gainfinantzaketarik gertatuz gero, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak, onuradunari entzun ondoren, oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murrizteko ebazpena emango du, eta soberakina jasoz gero, onuraduna behartuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko diruzaintza orokorrera itzultzera.

  2. Ebazpena aldatzea erabaki daiteke baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntza emateko onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

  1. Ikasleak berak izenpetuko ditu eskabideak, adinez nagusia bada eta jarduteko gaitasun osoa badu, edo, bestela, haren legezko ordezkariak.

  2. Eskabideak aurkezteko ohiko epea hilabetekoa da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Eskabideak modu hauetako batean aurkeztuko dira:

    1. Modu telematikoan, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173110 web-orrian sartuz, eta horretarako gaitutako aplikazio informatikoa erabiliz; horretarako, aurretik, ziurtagiri digital baliagarri baten bidez identifikatu beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

      Eskabidea bete ondoren, eskatutako dokumentuak eskaneatuta erantsiko dira, eta elektronikoki sinatuko da.

      Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

      Halaber, eskaera ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    2. Aurrez aurre, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxera bertaratuta eskatutako dokumentazioarekin. Kasu horretan, ikastetxea arduratuko da eskatutako datuak eta dokumentuak aplikazio informatikoan sartzeaz. Eskabidea bete ondoren, inprimatu, sinatu eta aplikazioan gehituko da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan ere egin daiteke. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, hitzordua eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo bestela, hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00).

  4. Eskabidea euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da, eskatzaileak aukeratutakoaren arabera. Halaber, prozedura osoan, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

  5. Eskaera-inprimakian, eskatzaileak «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak beteko ditu. Hori betez gero, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honen 12.4 artikuluan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.

  6. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, eta, era berean, eskabidea aurkeztuta baimena ematen zaio ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ikaslearen ordezkari gisa jardun dezan garraiorako banakako dirulaguntzak esleitzeko izapidetze-prozeduran.

  7. Eskaerarekin batera, eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako hauek egiaztatzeko:

    1. Deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko eskatzen diren betekizun guztiak betetzen dituela (agindu honen 4.1 artikulua).

    2. Ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan jasotako debekurik.

    3. Xede bererako dirulaguntza, laguntzak, diru-sarrera edo bestelako baliabideren bat eskatu edo lortu duen, beste administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

    4. Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak.

  8. Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

  1. Desgaitasunaren indarreko ziurtagiria, lurralde-erakunde eskudunak emana, desgaitasun-mota eta -maila, eta, hala badagokio, mugikortasun urri iraunkorrekoa den adierazten duena. Aldez aurretik ikastetxean aurkeztu ez bada, erantsi egin beharko da.

  2. Joan-etorria taxiz egiten bada, hiru aurrekontu, honako hauek adierazita: eskola-egunen kopurua, eguneko bidaia-kopurua, bidaiako kilometro-kopurua eta kilometroko prezioa, Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoaren tarifa berriak onartzen dituen 2021eko azaroaren 24ko Aginduarekin bat etorriz. Hirurak aurkeztea ezinezkoa bada, ezinezkoa dela justifikatu beharko da. Justifikatzeko arrazoia izango da aurrekontuak idatziz eskatzeari erantzunik eman ez izana.

  3. Agindu honen eranskinak eskabidearen eta erantzukizunpeko adierazpenaren edukiak jasotzen ditu.

  1. Behin 7.2 artikuluan ezarritako ohiko epea amaituta, hilabeteko epea izango da laguntza-eskabideak aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, baldin eta ikasleak honako baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

    1. Ikastetxeko matrikulazioa eskabide-epea bukatu ondoren egin da.

    2. Eskaera egiteko epea amaitu ondoren sortutako inguruabarrak (bizileku-aldaketa, desgaitasuna aitortzea, hezkuntza-premia bereziak aitortzea...), baldin eta ohiko eskola-garraioa modu iraunkorrean erabiltzea eragozten badute.

  2. Banakako garraio-esleipen horien onuradunek emandakoaren laguntza osagarri bat eskatu ahal izango dute ohiko epean, emandako zenbatekoaren eta zerbitzuaren azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira (bizilekua aldatzea...). Eskabide berri horri gerora sortutako inguruabarren egiaztagiria eta zerbitzu berriaren zenbatetsitako aurrekontua gehituko zaizkio.

  3. Ezohiko eskabideak aurkezteko prozedura ohiko eskabideen berbera izango da, 7. artikuluan adierazitakoa, hain zuzen. Hala ere, ezohiko eskabideak aurkezteko epea gerora sortutako inguruabarra gertatu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen. Egun hori Zuzenbidean onartutako edozein modutan egiaztatu beharko da. Ez da onartuko, inola ere, 2023ko apirilaren 30etik aurrerako eskabiderik.

  1. Dirulaguntzaren eskabideak osorik beteta iristen ez badira, edo 8. artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

  2. Zuzenketa telematikoki egin ahal izango da, eskatzaileak ziurtagiri elektronikoa badu. Halakorik ez badu, ikastetxera, Zuzenean Zerbitzura (hitzordua eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo bestela, hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez, 945 01 90 00) edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako erregistrora joan beharko du, eskatutako dokumentazioa eta zuzenketa-inprimakia beteta aurkeztera. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan ere egin daiteke.

  1. Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako lurralde-teknikariek aztertuko dituzte eskabideak, deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, Berritzeguneak babes-zerbitzuetako HPBen aholkularitzei behar diren txostenak eskatu ahal izango dizkie, baita Saileko bestelako unitate teknikoei ere.

  2. Eskabideak aztertu ondoren, lurralde bakoitzak bere ebazpen-proposamena egingo du, zeinak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako lurralde-arduradunaren oniritzia beharko baitu.

  3. Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak aztertuko dituzte, eta ebazpen-proposamena bidaliko diote Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari. Proposamen horretan, batetik, ikastetxe bakoitzean dirulaguntza emango zaien ikasleen zerrenda egongo da, emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa adierazita. Bestetik, dirulaguntza ukatu zaien ikasleen zerrenda egongo da, ikastetxeen arabera sailkatuak eta ukatzeko arrazoia adierazita.

  1. Zerbitzu zentralek proposatuta ebatziko du deialdia Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak, sei hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea. Horretarako, eskatzaileak informazioa emango du itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez jakiteko, eta, hala bada, zeinetan adierazteko.

  3. Deialdi honen ebazpena https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ web-orriaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, eskatzaile guztiei emandako zenbatekoak adierazita.

  4. Aurrekoa eragotzi gabe, ikasle eskatzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeetako zuzendariei bidalitako komunikazioaren bidez, laguntzen ebazpenaren berri emango da eta eskatzaile bakoitzari emandako zenbatekoa zehaztuko da, edo, hala badagokio, zergatik ukatu zaion adieraziko da.

  5. Organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara.

  6. Lehenengo apartatuan aurreikusitako epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  7. Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Telematikoki edo aurrez aurre egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.

Ordainketa bi zatitan egingo da, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen bitartez, honako aurreikuspen hauen arabera:

  1. Lehenengo ordainketa, zenbateko osoaren % 70, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, tartean berariaz uko egin ez bazaio.

  2. Bigarren ordainketa, gainerakoa, ikasturtea amaitutakoan egingo da, 14. artikuluan laguntzaren justifikazioari buruz ezarritakoaren arabera.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

  2. Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

  3. Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei buruzko edozein gorabehera; batez ere, edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako beste laguntzarik eman badie.

  4. Laguntzaren zenbatekoa justifikatzea. Ikasturtea amaitzean eta 2023ko ekainaren 24a baino lehen, ikasle onuradunek ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko dizkiote laguntzaren zenbatekoa justifikatzen duten garraio-ordainagiriak (txartelak, taxi-kontratazioaren fakturak, erantzukizunpeko adierazpena ibilgailu partikularra bada, etab.). Ordainagiri horietan, ikaslea ikastetxera ez joateagatik joan-etorria egin ez den egunei dagokien murrizketa jaso beharko da. Garraioa ikastetxeak antolatzen badu, onuradunak ez ditu aurkeztu beharko arestian deskribatutako justifikazioak.

  5. Soberakina ikastetxeari itzultzea, baldin eta gehiegizko finantzaketarik badago edo kobratutako dirua egindako garraio-gastuak baino handiagoa bada.

  6. Lurralde Ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz fiskalizazio-eginkizunak betetzean eskatzen duten informazioa ematea.

Ikastetxeek laguntzak izapidetzeko egin behar dituzten lanei dagokienez, betebehar horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren hirugarren tituluan aurreikusitakoaren arabera arautu eta gauzatuko dira. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, itunpeko ikastetxe pribatuak, agindu honen ondorioetarako, erakunde laguntzailetzat hartuko dira, eta ikastetxe publikoei dagozkien betebehar berberak izango dituzte.

  1. Hala eskatzen duten familiei horretarako gaitutako aplikazio informatikoan eskabidea aurkezten laguntzea.

  2. Aurkeztutako eskabideen datuak egiaztatzea, 10 egun balioduneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

  3. Laguntzak eskatzen dituzten familiei Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariaren ebazpenaren edukiaren berri ematea.

  4. Jasotako funtsak onuradunei ematea, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

  5. Ikasle bakoitzaren justifikazio-dokumentazioa eskaneatzea eta aplikaziora gehitzea.

  6. Justifikatzeko agiri horiek (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, ibilgailu partikularren kasuan erantzukizunpeko adierazpena, etab.) ikastetxean artxibatzea, geroago egiaztatu ahal izateko.

  7. Ikastetxeetako zuzendariek ziurtatu egin beharko dute ikasleak ikastetxera joan direla, eta hori izango da onuradunek egindako gastua egiaztatzeko erabiliko den arrazoia.

  8. Emandako dirulaguntza murriztuko zaien ikasleen zerrenda aplikazioan gehitzea, onuradunari laguntza osorik edo zati batean itzultzeko eskatzeko prozedura hasteko. 2023ko uztailaren 1a baino lehen egingo dute, eta kontuan hartuko dituzte aurkeztutako egiaztagiriak eta ikasleen hutsegiteak, edo, hala badagokio, ikastetxean baja hartu zuen eguna.

  9. Hala badagokio, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzultzea bertaratzen ez diren, ikastetxean baja hartu duten edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako itzulketa-kausaren bat duten ikasle onuradunei emandako esleipenen zenbatekoa.

  10. Dirulaguntza ematen duen erakundeak funts horien kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

Dirulaguntzen onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, honako kasu hauetan:

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat dagoenean.

  2. Dirulaguntza ez denean erabiltzen hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

  3. Dirulaguntza eragin zuen jarduera gauzatzen ez denean.

  4. Dirulaguntza eman zen xede espezifikoetarako erabili dela justifikatzen ez denean.

  5. Oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean.

  1. Dirulaguntza itzuli egingo da laguntza eman zen xede espezifikorako erabiltzen ez bada, laguntza lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

  2. Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, dagozkion gainerako ekintzak gauzatu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Organo kudeatzaileak auditoretza bat egiteko eskubidea izango du. Horretarako, onuradunei eta ikastetxeei egokitzat jotzen dituzten dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango die.

Zure datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

Xedea: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145100-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)