Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko abenduaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2023ko ekitaldian komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko dirulaguntzetarako erregimena arautzen eta iragartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 245
  • Hurrenkera-zk.: 5544
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/07
  • Argitaratze-data: 2022/12/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmen-esparruaren barruan, eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sorkuntzaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komiki, nobela grafiko edo irudidun albumen kasuan. Azken helburua, gaur egun gure herrialdean gorakada handia duen sormen-sektore hori finkatzea bultzatzea eta laguntzea da.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere, lan literario eta lan grafiko bat behar ohi dutenak, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau argitalpena ziurtatua, edo gutxienez, bideratua duten obrei zuzentzen zaie. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.5 eta 25. artikuluek ezarritakoaren arabera, agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira, sormen kulturalaren arloan existitzen diren desberdinkeriak ezabatzera edo gutxitzera bideratutakoak, eta baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzera eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzera bideratutakoak ere.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Horiek horrela, honako hau

Agindu honen xedea komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea da.

Proiektuak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta ez dira aintzat hartuko bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak.

  1. Dirulaguntza horietarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

  2. Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozedura ezberdinetan banatuko da:

    15.000 euroko 4 laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat, gutxienez, emakume batentzat.

    15.000 euroko 3 laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat, gutxienez, emakume batentzat.

  3. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

  4. Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Bakarrik balorazio fasean aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen duten proiektuek izango dute aukera dirulaguntza lortzeko.

    Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenan jarriko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Lehen dirulaguntza 30 urtetik beherako pertsonen artean puntuaziorik altuena lortu duenari egokituko zaio, eta bigarren dirulaguntza puntuaziorik altuena lortu duen emakumeari (emakumea ez bada lehen dirulaguntza lortu duen 30 urtetik beherako pertsona). Ondoren, ezarritako ordenaren arabera emango dira beste dirulaguntzak.

    Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, modalitate bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru osoa aldatu gabe.

  1. Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo eskaerak aurkezteko epearen azken egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

  2. Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

  3. Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, genero-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

  4. Itzultzeagatiko betebeharrak egunean izan behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera.

    Gainera, pertsona onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13.2 artikuluan ezarritako beste baldintzak bete beharko dituzte.

  5. Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Deialdi honetan pertsona berak ezin izango du izan dirulaguntza bat baino gehiago.

  6. Aurreko urteko dirulaguntza hauen deialdiaren edozein modalitatetan dirulaguntza lortu zutenek ezin izango dute deialdi honen ezein modalitatetan dirulaguntza eskatu.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak betetzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

    Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro, establezimendu eta bulegoetan. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko 945 01 90 00 telefonoan.

    Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten den helbideen bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  3. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

  4. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

    Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047012

    Albuma edo irudidun liburua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047013

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

  2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

    1. Ilustratzailearen ibilbidea: adierazi formakuntza, egindako lanak eta argitaratutako liburuak.

    2. Ilustrazio-lanaren oinarri izango den gidoi literario osoa, pertsonaien deskribapena eta gehienez argumentuaren 2 orrialdeko sinopsia. Komiki eta nobela grafikoen modalitatean, gainera, gutxienez 6 orrialdeko gidoi zehatza.

    3. Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

    4. Kasuaren arabera, gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa badago.

    5. Argitaletxe batekiko argitalpen-kontratua edo konpromiso-eskutitz irmoa obra argitaratzeko, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

    6. Sustapen-plana. Bertan aipatuko dira itzulpenak, hedapen-estrategiak edo komunikazio-ekintzak eta nazioartekotze-estrategiak.

    7. Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

  3. Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

    Dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

    Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

Edozein Administrazio Publikok edo erakunde pribatuk xede bererako emandako laguntzarik ez jasotzea.

Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

Proiektu originala dela eta orain arte ez dela hala garatu.

Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo haietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

  1. Bi modalitateetan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek osatuko dute:

    Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

    Kideak: laguntzei dagokien gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

    Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kulturako sailburuordeak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

  3. Balorazio-batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

  4. Prozedura bakoitzean, balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamen egokia. Hartan jasoko dira proposatutako dirulaguntzak, proposatutako pertsonen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta sortu behar diren proiektuak. Halaber agertuko dira baztertzeko proposatutako proiektuak, bazterketaren arrazoiak azalduta. Era berean, zein eskaera ez diren onartu adieraziko da.

  5. Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

  1. Dirulaguntzen ebazpenaren proposamena prestatzeko, balorazio-batzordeak honako irizpide hauek ezarriko ditu:

    1. Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 10 puntu). Ondorengoak baloratuko dira:

      formakuntza (3 puntu),

      egindako lanak (3 puntu),

      eta argitaratutako lanak (4 puntu).

    2. Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 50 puntu). Hauek hartuko dira aintzat:

      ilustrazioaren trataera (30 puntu),

      berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

    3. Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu). Kontuan izango da:

      gidoiaren interesa eta kalitatea (10 puntu),

      argitaratutako obraren sustapen-plana eta hedapen-, banaketa- eta salmenta-estrategiak (10 puntu),

      zein hizkuntzatara itzuliko den eta nazioartekotzea (5 puntu),

      eta argitaletxearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea (5 puntu).

    4. Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Gidoi originala euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira, eta euskaraz argitaratuko direnak, 5 punturekin.

  2. Baztertu egingo dira eta ezingo dira aukeraketa prozesuan sartu, balorazio-baremoaren puntuetatik gutxienez % 60 lortzen ez duten proiektuak.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenetan jasoko dira, alde batetik, onartutako eskaerak eta ez onartutakoak, eta azken horiek baztertzeko arrazoiak. Eta, bestalde, proiektuen balorazioa, eta horren ondorioz dirulaguntza-eskaeren balioespena edo gaitzespena. Balorazio-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta indibidualki jakinaraziko die ebazpena interesdunei, gehienez 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

    Ebazpena horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  2. Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

  3. Ebazteko epea igarota onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122.2 artikuluan (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako emandakoekin.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea, eta amaitutako obra Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari entregatu eta Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzea.

  3. Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

  4. Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

    Gainera, onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

  1. Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez ere, hilabeteko epean onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta biharamunetik hasita.

  2. Proiektuaren aldaketa bakarrik onartuko da, baldin eta agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako eskakizunak mantentzen badira.

Esleitutako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

  1. Dirulaguntzaren % 75, esleipen-ebazpena eman ondoren 13.a) artikuluan ezarritako epea amaituta, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

  2. Gainerako % 25a 2024an ordainduko da, diruz lagundutako sorkuntza Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Argitalpen-kontratua ere aurkeztu beharko da, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ez bada.

    Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Hala badagokio, jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa onuradunak eskatu beharko du.

    Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunek hamabi hilabete izango dituzte gehienez ere behin betiko sorkuntza argitaratzeko moduan, paperean edo euskarri informatikoan, aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

Liburua 6 hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta; liburua argitaratu eta 2 hilabeteko epean bidali beharko da alea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara.

  1. Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

    1. Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, laguntza jaso duten jardueretarako ez beste batzuetarako erabiltzea.

    2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan ezarritakoak.

  2. Aipatutako egoera horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

    Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

    Helburua: Kultura eta sormen sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea

    Lege-oinarria: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

    Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

    Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

    Informazio gehigarria: web-helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

    Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1047012

    Album edo liburu ilustratua: https://www.euskadi.eus/dbao/1047013

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 7a.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.