Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2020ko abenduaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketaren deialdia egiten baita Hezkuntza sailaren mendean dauden eta 2021eko ekainaren 30ean zuzendari postua hutsik izango duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 256
- Hurrenkera-zk.: 5506
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/12/09
- Argitaratze-data: 2020/12/23
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
...Erakutsi textu osoa[+]Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren bitartez, maiatzaren 8ko 61/2012, apirilaren 1eko 46/2014, abenduaren 5eko 262/2017 eta ekainaren 19ko 93/2018 Dekretuek xedatutako aldaketekin, hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen da.
Dekretu horren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, hezkuntza arloan eskumena duen sailak zehaztutako ikasturteetan, sailburuaren agindu bidez, merezimendu-lehiaketa deituko da, sail horren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko. Horretarako, ikastetxe horietako zuzendari-postuak hutsik geratu behar du ikasturte horretan.
Hezkuntza Sailaren mendean dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxe askotan, 2021eko ekainaren 30ean amaitu egingo da zuzendaritza-taldeen agintaldia, eta, beraz, egokitzat jotzen da ikastetxe horietarako zuzendariak hautatzeko prozesua eta ondoriozko izendapenak egitea, eta, halaber, eragindako ikastetxeetako gainerako pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea ere. Hori guztia, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Horiek horrela eta eman zaizkidan eskumenez baliatuta, honako hau
2021eko ekainaren 30ean amaituko da Hezkuntza Sailaren mende dauden Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritza-taldeen agintaldia. Hortaz, ikastetxe publiko horietako zuzendariak aukeratzeko prozesurako dei egiten da. Deialditik kanpo geratuko dira Urrutiko Heziketako Euskal Institutua, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eta Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxeak.
Hautatze-prozesua Agindu honetan arabera egingo da, bai eta hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen duen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera ere. Dekretu hori maiatzaren 8ko 61/2012, apirilaren 1eko 46/2014, abenduaren 5eko 262/2017 eta ekainaren 19ko 93/2018 Dekretuek aldatu dute.
Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, merezimendu-lehiaketan parte hartzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte irakasleek:
Gutxienez, bost urteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.
Epe horretan, hautagaiak karrerako funtzionario gisa zuzenean irakasten egon behar izan du, zuzendu nahi duen ikastetxeak eskaintzen dituen irakaskuntzetakoren batean.
Ez egotea ikastetxeko zuzendari gisa izendatuta dagokion deialdian karguaz jabetzeko aurreikusten den datatik harago, salbu eta izendapen hori ezohikoa izan bada otsailaren 3ko 22/2009 dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz.
Hezkuntza arloko administrazioek zuzendaritza-eginkizunei buruz emandako prestakuntza-ikastaroa gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea. Hala ere, urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren 6. zenbakian ezarritakoaren arabera, ziurtagiri hori eman zenetik zortzi urte igaro badira, zuzendaritza-gaitasunak eguneratzeko ikastaro bat gainditu ondoren baino ezin izango dute parte hartu zuzendaria izendatzeko hautaketa-prozeduran.
Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, ikastetxe publikoetako zuzendarien gaikuntzak eta egiaztatzeak, 2014ko urtarrilaren 3a baino lehen eman badira, ziurtagiri horren parekoak izango dira; dena dela, urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren 1. zenbakian ezarritakoaren arabera, gaikuntza eta egiaztatze horiek dituztenek zuzendaritza-gaitasunak eguneratzeko ikastaro bat gainditu ondoren bakarrik parte hartu ahal izango dute zuzendari izendatzeko hautaketa-prozesuan.
Halaber, urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren 2. zenbakian ezarritakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 3an edo hurrengo bost urteetan ikastetxe publiko bateko zuzendari-eginkizunak bete dituztenek ez dute egiaztatu beharko hezkuntza arloko administrazioek emandako zuzendaritza-eginkizunei buruzko prestakuntza-ikastaroa gainditu dutenik; aitzitik, zuzendaritza-gaitasunak eguneratzeko ikastaro bat gainditu ondoren, zuzendaria izendatzeko hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izango dute.
Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, otsailaren 3ko 22/2009 dekretuaren eranskinean adierazitako alderdiak jasoko dituena, bai eta ikastetxeko gainerako kide bakarreko gobernu-organoak betetzeko proposatutako pertsonen izenak ere.
Haur Hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, Lehen Hezkuntzako osatu gabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzakoetan, zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduentzako ikastetxeetan, irakaskuntza artistiko profesionalekin, kirolarekin edo hizkuntzekin lotuak daudenetan, merezimendu-lehiaketan parte hartzeko edozein irakaslek honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Gutxienez, urtebeteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.
Epe horretan, hautagaiak karrerako funtzionario gisa zuzenean irakasten egon behar izan du zuzendu nahi duen ikastetxeak eskaintzen dituen irakaskuntzetakoren batean.
Ez egotea ikastetxeko zuzendari gisa izendatuta dagokion deialdian karguaz jabetzeko aurreikusten den datatik harago, salbu eta izendapen hori ezohikoa izan bada otsailaren 3ko 22/2009 dekretuaren 16. eta 17. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz.
Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, otsailaren 3ko 22/2009 dekretuaren eranskinean adierazitako alderdiak jasoko dituena, bai eta ikastetxeko gainerako kide bakarreko gobernu-organoak betetzeko proposatutako pertsonen izenak ere.
Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen bigarren aldaketari buruzko ekainaren 13ko 3/2008 Legearen lehen xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, lan-kontratudun irakasleak ikastetxeko irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, diren ikastetxeetan, Hezkuntza arloan eskumena duen sailaren mendeko lan-kontratudun edozein irakasle finkok aurkeztu ahal izango du bere hautagaitza, baldin eta eskatutako ikastetxean destinoa badu eta kasu bakoitzean exijitutako gainerako baldintzak betetzen baditu.
Lan-kontratudun irakasleek aurkeztutako hautagaitzak kontuan hartuko dira beste hautagaitzarik aurkezten ez denean edo beste hautagaitzarik aukeratzen ez denean.
Hautagaiek, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratu den egunean, 3.1 artikuluko d) atalean ezarritako baldintza izan ezik. Baldintza hori hezkuntza-administrazioek emandako zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-ikastaro bat edo, hala badagokio, zuzendaritza-eskumenak eguneratzeko ikastaro bat gainditu izana egiaztatzeari dagokio. Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak eragindako alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz, hezkuntza-administrazioak antolatutako prestakuntza-ekintza guztiak etenda geratu ziren. Hori dela eta, baldintza hori betetzen ez zuten hautagaiek betetzearen egiaztapena atzeratu ahal izango dute 2021eko ekainaren 25era arte. Prestakuntza-ikastaro horiek data horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eska daitezkeen ezaugarriak izan beharko dituzte.
Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean xedatutako egutegiaren eta prozeduraren arabera gauzatuko da.
Agindu honen II. eranskineko ereduari jarraituko zaio eskabideak aurkezteko. Eskabidean zehaztu beharko dira prozeduraren bigarren faserako alegatutako meritu guztiak. Soilik barematuko dira eskabidean alegatu diren eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte egin diren merituak.
Agindu honen III. eranskinean daude zehaztuta eskatzaileek zein agiri aurkeztu behar dituzten merituak egiaztatzeko.
Agindu honen IV. eranskinean ageri diren ikastetxeetan konbokatu da prozesua. Zuzendaria hautatzeko prozesua aurrera doan bitartean, eta zuzendaria izendatu baino lehen, ikastetxeren bat Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu edo Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxe izendatzen bada, ikastetxe hori zuzendaria aukeratzeko prozesutik kanpo geratuko da, eta ez dute ondoriorik izango ordura arte egindako izapideek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 9a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
Eskabideak aurkeztea.
2021eko urtarrilaren 18a eta 29a bitartean, biak barne, Agindu honen IV. eranskinean aipatzen diren ikastetxeetakoren bateko zuzendari-karguan aritu nahi duten pertsonek idatzizko eskabidea egin, eta dagokien lurralde historikoko lurralde-ordezkariari igorri behar diote, Agindu honen II. eranskineko ereduari jarraituz. Eskabidean zehaztu bekarko dira prozeduraren bigarren faserako alegatutako meritu guztiak. Eskabidean alegatutako eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte egindako merituak baino ez dira barematuko.
Hautagai bakoitzak bere burua, gehienez, hiru ikastetxetako zuzendari izateko aurkez dezake. Inor hautagai aurkezten bada bi edo hiru ikastetxetan, ikastetxe bakoitzeko eskabide bana aurkeztu beharko du.
Eskabidearekin batera, Agindu honen 3.1 artikuluan zehaztutako betebeharra bete izana egiaztatzen duten dokumentuak bidali behar dituzte eta, horrez gain, alegatzen diren merituak egiaztatzen dituzten dokumentuak eta Zuzendaritza Proiektua, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. atalaren e) eskakizunean edo 2. atalaren d) eskakizunean ezarritakoa. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, proiektuak jaso beharko ditu aipatutako Dekretuko Eranskinean agertzen diren alderdiak abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera, bai eta ikastetxeko pertsona bakarreko gobernu-organoak osatuko dituzten proposaturiko pertsonak ere. Zuzendaritza-proiektuak (eranskin eta guzti), gehienez ere, DIN A4ko 15 orrialde izango ditu, alde bakarretik idatzita, «Arial» edo «Times New Roman» letra-tipoa eta 11 puntuko letra-tamaina edo handiagoa erabiliz, eta konprimatu gabe. Lerroarteko tartea 1,5ekoa edo handiagoa izango da. Ez dira orrialde gisa zenbatuko azala, aurkibidea eta arau-erreferentziei eta bibliografiari buruzko orrialdeak.
Hautagaiek eskakizunak betetzen ote dituzten jakiteko informazioa eskatzea.
2021eko otsailaren 1a eta 4a bitartean, biak barne, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzuei eskatuko diete egiaztatzeko ea hautagaiak betetzen ote dituen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. artikuluak abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera prozesuan parte hartzeko eskatzen dituen baldintzak. Baldintza horiek egiaztatze aldera, ikastetxe bati Lehen Hezkuntzako Ikastetxe osatugabea esango zaio, baldin eta ez badu, gutxienez, unitate bat etapa horretako maila bakoitzeko; Bigarren Hezkuntzako Ikastetxea izateko, aldiz, honako irakaskuntza hauetatik gutxienez bat izan beharko du: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako Heziketa-zikloak.
Eskatutako informazioa prestatzea.
Hurrengo urratsa da Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzuek datu horiek ematea. Horretarako epea 2021eko otsailaren 12an amaituko da.
Eskabideak onartzeko edo ezesteko behin-behineko ebazpenak.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, jaso dituen datuak kontuan harturik, prozesuan parte hartzeko aurkeztutako eskabideak onartzeko edo ezesteko behin-behineko erabakia hartuko du. Aipatutako erabakia hartzeko epea 2021eko otsailaren 22an amaituko da. Ebazpenetan, halaber, onartzen ez diren pertsonak kanpoan uzteko arrazoiak zehaztuko dira. Onartutako pertsonen kasuan, beste gauza bat ere zehaztu beharko da: ikasturte horretan zuzendarigaiak destinoa ikastetxe horretan duen edo ez. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek auzian dauden ikastetxeetako zuzendariei ebazpenen berri emango diete, ikastetxeko iragarki-taulan jakitera eman dezaten.
Behin-behineko ebazpenak argitaratzea.
Aipatutako ebazpenak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan eta ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira. Aipatutako ebazpenak argitaratzeko epea 2021eko otsailaren 24an amaituko da. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratzearen bidez, interesdunak jakinaren gainean daudela joko da.
Interesdunek erreklamazioa jar dezakete aipatutako ebazpenen aurka dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren aurrean. Erreklamazio horiek aurkezteko epea 2021eko martxoaren 5ean amaituko da.
Eskabideak onartzeko edo ezesteko behin betiko ebazpenak.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, erreklamazioei buruzko erabakia hartu, eta eskabideak onartzeko edo ezesteko behin betiko ebazpenak emango ditu. Aipatutako erabakia hartzeko epea 2021eko martxoaren 10ean amaituko da. Ebazpenetan, halaber, onartzen ez diren pertsonak kanpoan uzteko arrazoiak zehaztuko dira. Onartutako pertsonen kasuan, beste gauza bat ere zehaztu beharko da: ea ikasturte horretan zuzendarigaiak destinoa ikastetxe horretan duen edo ez. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek auzian dauden ikastetxeetako zuzendariei ebazpenen berri emango diete, ikastetxeko iragarki-taulan jakitera eman dezaten.
Behin betiko ebazpenak argitaratzea.
Aipatutako ebazpenak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan eta ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira. Aipatutako ebazpenak argitaratzeko epea 2021eko martxoaren 12an amaituko da. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratzearen bidez, interesdunak jakinaren gainean daudela joko da.
Interesdunek gorako errekurtsoa jar dezakete aipatutako ebazpenen aurka Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, erabakiak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratu eta hilabeteko epean.
Hezkuntza-ikuskaritza, 2021eko martxoaren 15etik aurrera, Eranskin honen p) paragrafoaren 3. puntuan aipatzen diren derrigorrezko txostenak egiten hasiko da, hautagaitza bat aurkeztu edo onartu ez den ikastetxe horietan zuzendaria izendatzeko. Hezkuntza-ikuskaritzak 2021eko ekainaren 9a baino lehen bukatu beharko ditu txosten horiek.
Hautagaien merituei buruzko informazioa eskatzea.
Ikastetxe batean hautagai bakar baten eskaera soilik onartu bada, ez da beharrezkoa izango hautagaiak bigarren faserako aurkeztutako merezimenduak balioestea; izan ere, halakoetan, bigarren fasea ebaluatzeak ez du pisurik hautaketa-prozesuaren azken emaitzan.
Hautagai bat baino gehiago onartu dituzten ikastetxeetan, 2021eko martxoaren 15a eta 18a bitartean, biak barne, kasuan kasuko gaiaren arabera, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Saileko lurralde-zerbitzuei eskatuko diete egiaztatzeko ea hautagaiak lehiaketaren lehen faserako alegatzen dituen merituak zuzen dauden, gero datu horiek dagokion aukeraketa-batzordeari emateko.
Eskatutako informazioa prestatzea.
Hurrengo urratsa da Hezkuntza Sailaren lurralde-zerbitzuek datu horiek ematea. Horretarako epea 2021eko martxoaren 31n amaituko da.
Aukeraketa-batzordea eratzea.
Gutxienez hautagai bat onartu den ikastetxeetan aukeraketa-batzordea eratuko da. Horretarako:
2021eko martxoaren 15a eta 17a bitartean, auzian dauden ikastetxe guztietan ezohiko klaustroa egingo da. Klaustroa zuzendariak edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoak iragarriko du eta bera izango da burua.
Klaustro horretan, aukeraketa-batzordean klaustro horren ordezkaria izango den pertsona hautatuko da. Horretarako, bozketa sekretua egingo da, eta botoa emateko eskubidea duen pertsona bakoitzak pertsona bakar bati emango dio botoa. Izen bat baino gehiago dauzkaten botoek ez dute baliorik izango. Ikastetxeko zuzendari izateko aurkeztu diren irakasleek ezohiko klaustro horretan egoteko, parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea dute. Zuzendari izateko eskabidea egin duten irakasleek jasotzen dituzten botoak baliogabeak izango dira.
Baliozko boto-kopururik handiena lortzen duen hautagaia izango da klaustroaren ordezkaria. Berdinketa izanez gero, bigarren bozketa egingo da eta, behar izanez gero, baita hirugarren bat ere. Bozketa horietan, berdindutako pertsonen alde baino ezingo da bozkatu. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketarik badago, zozketa publikoa egingo da.
Klaustroaren ordezkaria izango den pertsona hautatu ondoren, haren ordezkoen zerrenda egingo da. Botoren bat jaso duten guztiek osatuko dute ordezkoen zerrenda. Boto gehien lortu dituena egongo da lehenengoa, eta azkena, berriz, boto gutxien jaso dituena. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
2021eko martxoaren 15a eta 17a bitartean, auzian dauden ikastetxe guztietan, ikastetxeko irakasle ez diren baina ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kide badirenen batzarra egingo da. Ordezkaritza-organo gorenean ikasleen ordezkaritza duten ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gorako ikasleei baino ez zaie batzar horretara deituko. Zuzendariaren beraren edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoaren ardura izango da batzarra konbokatzea eta batzarreko burua izatea.
Batzar horretan, ordezkaritza-organo gorenak aukeraketa-batzordean izango duen ordezkaria hautatuko da. Horretarako, bozketa sekretua egingo da, eta irakasleak ez diren baina ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kide badirenek pertsona bana bozkatu ahal izango dute, ez gehiago. Izen bat baino gehiago dauzkaten botoek ez dute baliorik izango.
Baliozko boto-kopururik handiena lortzen duen hautagaia izango da ordezkaritza-organo gorenaren ordezkaria. Berdinketa izanez gero, bigarren bozketa egingo da eta, behar izanez gero, baita hirugarren bat ere. Bozketa horietan, berdindutako pertsonen alde baino ezingo da bozkatu. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketarik badago, zozketa publikoa egingo da.
Ordezkaritza-organo gorenaren ordezkaria izango den pertsona hautatu ondoren, haren ordezkoen zerrenda egingo da. Botoren bat jaso duten guztiek osatuko dute ordezkoen zerrenda. Boto gehien lortu dituena egongo da lehenengoa, eta azkena, berriz, boto gutxien jaso dituena. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
Ikastetxeko zuzendariak edo otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren araberako zuzendariaren ordezkoak, 2021eko martxoaren 18an, dagokion lurralde historikoko lurralde-ordezkariari igorriko dio aipatutako parte hartzeko organo bakoitzaren batzarretako aktaren kopia.
Ikastetxe bakoitzari dagokion lurraldeko ikuskari buruak hezkuntza-ikuskariaren izena proposatuko dio dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, batzordeko buru izendatu dezan. Aipatutako proposamenak egiteko epea 2021eko martxoaren 18an amaituko da. Halaber, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak dagokion ikastetxean ematen diren irakaskuntzetako bat ematen duten ikastetxe publikoetan (Hezkuntza Administrazioaren menpekoak) zuzendari diharduten bi pertsona izendatuko ditu, aukeraketa-batzorde bakoitzean parte hartzeko. Eta horietako bat batzordeko lehendakariorde izendatuko du. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 5. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betetzeko, proposamen eta izendapen horiek egitean bermatu behar da aukeraketa-batzordeko kideen artean Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ondo ezagutzen dituzten pertsonak egongo direla.
Lurralde historikoetan osatu beharko diren aukeraketa-batzordeetako kide guztiak Hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte. Izendapen horiek egiteko epea 2021eko martxoaren 24an amaituko da.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek hautagaitza bat baino gehiago onartu duten ikastetxeetako batzorde bakoitzeko lehendakaritzari emango dizkiote onartutako hautagaien lehiaketaren bigarren faseko merezimenduak balioesteari buruzko datuak. Horrez gain, onartutako hautagai bakoitzak aurkeztu duen zuzendaritza-proiektuari buruzko dokumentazioa emango diote. Ikastetxeek hautagaitza bakarra badute, hautagai bakarrak aurkeztutako zuzendaritza-proiektuari buruzko dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko. Aipatutako datuak eta dokumentazioa emateko epea 2021eko martxoaren 26an amaituko da.
Zuzendaritza-proiektua balioestea.
2021eko martxoaren 12a eta apirilaren 23a bitartean, aukeraketa-batzordeek hautagaien zuzendaritza-proiektua balioetsiko dute. Lehenik eta behin, 2020-2021 ikasturtean behin-behineko edo behin betiko lanpostua ikastetxean izan duten eta karrerako funtzionario diren hautagaien zuzendaritza-proiektua balioetsiko dute. Aipatutako proiektua balioesteko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera merezimendu-lehiaketaren lehen faseko balioespenerako aurreikusten diren irizpideak hartu beharko dituzte oinarri.
Lehen fase horretan, hautagaiek 35 puntu lortu behar dituzte, gutxienez. Gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira. Ikastetxean behin-behineko edo behin betiko destinoa duten eta karrerako funtzionarioak diren hautagaietako batek gutxieneko puntu-kopurua lortzen badu, aukeraketa-batzordeak ez ditu balioetsiko ikastetxean destinoa ez duten hautagaien zuzendaritza-proiektuak, ez eta lan-itunpeko irakasle diren hautagaienak ere.
Ikastetxean behin-behineko edo behin betiko destinoa duten eta karrerako funtzionarioak diren hautagairik ez badago, edota pertsona horietako batek berak ere ez badu gutxieneko puntu-kopurua lortu, aukeraketa-batzordeak destinoa beste ikastetxe batzuetan duten eta karrerako funtzionario diren hautagaien proiektuak balioetsiko ditu. Pertsona horietako batek aukeraketa-batzordeak eskatutako gutxieneko puntu-kopurua lortzen badu, aukeraketa-batzordeak ez ditu ikastetxeko lan-itunpeko irakasle diren izangaien zuzendaritza-proiektuak balioetsiko.
Azkenik, hautagaien artean funtzionariorik ez badago edo pertsona horietako inork ez badu lortu eskatzen den gutxieneko puntu-kopurua, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatuan zehaztutako ikastetxeetako aukeraketa-batzordeak ikastetxean destinoa duten lan-itunpeko irakasleen hautagaitzen proiektuak balioetsiko ditu.
Aurreko puntuan zehaztu den denbora-tartearen barruko zeinahi unetan, aukeraketa-batzordeak hautagaiak elkarrizketatu ahal izango ditu gutxienez 48 ordu aurretik hitzordua jarrita zuzendaritza-proiektuan jasotako informazioa osatzeko, eta proiektua ikastetxerako eta eskatutako posturako egokia den aztertzeko.
Aukeraketa-batzordeko kide bakoitzak balioztatuko du zuzendaritza-proiektua, eta 0 eta 70 arteko puntuazioa emango. Pertsona bakoitzak emandako puntuazioak zenbaki osoa izan beharko du. Aukeraketa-batzordeak kalifikazioa ematearren egiten duen bileran elkartutako kideek emandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da zuzendaritza-proiektuagatik lehiakide bakoitzak lortuko duen puntuaketa, eta bi zenbaki hamartarrekin kalkulatuko da. Emandako kalifikazioetan 20 puntu edo gehiagoko aldea dagoenean, automatikoki kenduko dira gehieneko eta gutxieneko kalifikazioa, eta gainerako kalifikazioen artean kalkulatuko da batez besteko puntuaketa.
Bigarren faseko merezimenduen balorazioa, hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan.
Zuzendaritza-proiektuak balioesten bukatu ondoren, hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan, aukeraketa-batzordeak, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak batzordeari emandako informazioa kontuan izanik, lehenengo fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten hautagai guztien bigarren faseko merezimenduak balioetsiko ditu. Horretarako, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera ezarritako baremoa aplikatuko du. Merezimendu horiek balioesteko epea 2021eko apirilaren 16an amaituko da.
Hautagai bakoitzak eskuratutako puntuazioari buruzko ebazpena.
2021eko apirilaren 26an, aukeraketa-batzordeek ikastetxeko iragarki-taulan eta Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratuko dute hautagaiek fase bakoitzean eta baremoko alderdi baloragarri bakoitzean eskuratutako puntuazioak jasoko dituen behin-behineko ebazpena.
Behin-behineko ebazpen horren kontra, interesdunek dagokion erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute dagokion hautapen-batzordearen aurrean, 2021eko apirilaren 27a eta 30a bitartean, biak barne.
Aurkeztutako erreklamazioak aztertuko dituzte hautapen-batzordeek, eta hautagaiek fase bakoitzean eta baremoko alderdi baloragarri bakoitzean eskuratutako puntuazioak jasoko dituzten behin betiko ebazpena onartuko dute. Aipatutako ebazpena onartzeko eta ikastetxeko iragarki-taulan eta Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan jakitera emateko epea 2021eko maiatzaren 14an amaituko da.
Zuzendari-kargurako nor hautatu behar den proposatzea.
Hautagai bat baino gehiago duten ikastetxeetan, aukeraketa-batzordeek batu egingo dituzte zuzendaritza-proiektua balioetsi zaien eta balioespen horretan gutxieneko puntu kopurua jaso duten hautagaiek bi fasetan jaso dituzten puntuak. Bi faseetako puntuak baturik, punturik gehien lortu dituen hautagaiaren aukeraketa proposatuko dute. Ikastetxeek hautagai bakarra badute, aukeraketa-batzordeak izangai bakarraren aukeraketa proposatuko du, baldin eta haren zuzendaritza-proiektua baloratu ostean gutxieneko puntuazioa lortu badu.
Hautagaien guztizko puntuaketa batu eta berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, ebazteko:
Zuzendaritza-proiektuaren puntuaketa altuena.
Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera agertzen den hurrenkerari jarraituta, bigarren faseko merezimenduen baremoko ataletan izandako puntuaketa altuena.
Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren eranskinean abenduaren 5eko 262/2017 Dekretuaren arabera agertzen den hurrenkerari jarraituta, bigarren faseko merezimenduen baremoko azpiataletan izandako puntuaketa altuena.
Aurreko irizpideak aplikatu ondoren oraindik berdinduta daudenen artean pertsona bat aukeratzeko, Batzordeko kideen arteko bozketa egingo da. Bozketan berdinketa gertatzen bada, lehendakariaren kalitate-botoak erabakiko du.
2021eko maiatzaren 14an, batzordeko idazkariak akta idatziko du hautagai guztiek fase bakoitzean lortutako puntuaketak egiaztatzeko, eta, norbaiten aukeraketa proposatzen badute, pertsona horren izena jasoko du, aurreko paragrafoetan ezarritako irizpideak kontuan hartuta. Akta batzordeko kide guztiek sinatuko dute.
2021eko maiatzaren 14an bertan, batzordeko lehendakariak jendaurrean jarriko du akta hori ikastetxeko iragarki-taulan, eta dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio.
Hezkuntzako lurralde-ordezkarien ebazpenak.
Aukeraketa-batzordeek egindako proposamenak ikusita eta, prozedura urratu ez bada behintzat, horiek erabakitakoari jarraiki, aukeratutako hautagaiak aitortzen dituzten ebazpenak egin eta jakitera emango ditu dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Ebazpen horiek emateko eta jakinarazteko epea 2021eko maiatzaren 26an amaituko da.
Ebazpen horiek Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzaren egoitzako iragarki-taulan argitaratuko dira. Argitaratzearen bitartez, interesdunei jakinarazpena egin zaiela ulertuko da.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebazpenaren berri emango dio eragiten dion ikastetxeko zuzendariari, bertako iragarki-taulan ere argitara emateko.
Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote dagokien lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariari.
Zuzendariak izendatzea.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek dagozkien ikastetxeetako zuzendari izendatuko dituzte hautetsiak. Pertsona horiek lau urtez egongo dira karguan, 2021eko uztailaren 1etik aurrera.
Hautagaitzarik aurkeztu ez den ikastetxeetan edo aukeraketa-batzordeak inor aukeratu ez duen kasuetan, dagokion lurralde historikoko hezkuntzako lurralde-ordezkariak, salbuespen modura, karrerako funtzionario den irakasle bat izendatuko du zuzendari, gehienez ere lau urterako, 2021eko uztailaren 1etik aurrera. Hezkuntzako Ikuskaritzak aurretiko txosten bat argitaratu beharko du horretarako.
Apartatu honetan jasotako kasu guztietan, ikastetxean lan egiten duten irakasleen ehuneko berrogeita hamar gutxienez lan-itunpeko irakasle badira, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak zuzendari izendatu ahal izango du Hezkuntza Sailaren mende dauden lan-itunpeko irakasle finkoetako bat.
Ikastetxeetako pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoen izendapena.
Aurreko apartatuan jasotako edozein kasutan (zuzendaria izendatzeko kasuistikaz ari gara), ikastetxeko zuzendari izendatu duten edo izendatuko duten pertsonak dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariari ikastetxeko pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko proposatuko dio. Proposatu aurretik, zuzendariak bertako klaustroari eta ordezkaritza-organo gorenari jakinaraziko dio. Izendapenaren datan lanpostua ikastetxean bertan duten irakasleak izan beharko dira.
Ikastetxeko pertsona-bakarreko gainerako gobernu-organoak betetzeko proposatutako pertsonak izendatu, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu, proposatu dituen zuzendariaren agintaldi-epe berbererako.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Zuzendutakoa: AGINDUA, 2021eko otsailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, 2020ko abenduaren 9ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketaren deialdia egiten da Hezkuntza Sailaren mendean dauden eta 2021eko ekainaren 30ean zuzendari postua hutsik izango duten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan.
- Ikus: 262/2017 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedurari buruzko dekretua hirugarrenez aldatzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari-karguaren berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: 61/2012 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta horietako karguak uzteko prozedurari buruzko dekretua aldatzen duena.