Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko ekainaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten baitzaie finantzatzeko lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza berezi irekia, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta 2019-2020 ikasturterako ikaskuntza eta errendimendua hezkuntza-itunen araubidearen bidez hobetzeko programak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 3018
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/06/12
  • Argitaratze-data: 2019/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko apirilaren 27ko Aginduak dei egiten du 2016-2017 eta 2021-2022 bitarteko ikasturteetarako hezkuntza-itunak berritzeko eta berriak izenpetzeko.

Abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak (Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena) VI. kapituluan ezartzen ditu berariazko hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako aniztasun-neurriak. Zehazki, hezkuntza-premia bereziak dituztelako pedagogia terapeutikoan espezializatutako irakasleak behar dituzten ikasleak aipatzen ditu 37. artikuluan; 39. artikuluan, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak aipatzen ditu, eta, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak 40. artikuluan.

Bestalde, Hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzko otsailaren 14ko 3/2019 Legean aurreikusten da itunpeko ikastetxeak mantentzeko ekonomia-moduluen arabera finantzatzea Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekia, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.

Agindu honen bidez dei egiten zaie indarreko hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei ituntzeko unitateak zehaztu ditzaten Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2019-2020 ikasturterako.

Hori dela eta, honako hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten zaie eska ditzaten ituntzeko unitateak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2019-2020 ikasturterako.

    Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei, hezkuntza bereziaren arabera beharreko unitateak antolatzeko eskaera egiteko izenpetzeko, 2019-2020 ikasturterako eta Haur Hezkuntzako zentroentzako soilik.

  2. Jarraian zehazten diren irakaskuntzak emateko unitate baimendu eta itunduak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte ituntzeko unitateak:

    1. Haur Hezkuntza, hezkuntza berezi irekiak unitateak eskatzeko, Haur Hezkuntzako ikasleak dituzten ikastetxeetarako soilik.

    2. Lehen Hezkuntza, lehen hezkuntza berezi irekiko unitateak eskatzeko.

    3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, bigarren hezkuntza berezi irekiko unitateak, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak eskatzeko.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean ezarritakoa izango da unitate horietara bideratutako funts publikoen gehieneko zenbatekoa.

  1. Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan ezarritako itun-araubidearen berezko betekizunak bete beharko dituzte ikastetxeek.

  2. Lehen Hezkuntza berezi irekian eta Bigarren Hezkuntza berezi irekian itundu beharreko unitateek aldez aurretik baimenduta egon beharko dute indarreko legeriarekin bat etorriz.

  3. Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

    Organo kudeatzaileak behar adina aldiz egiaztatuko du itunak eskatu dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko.

  4. Ikastetxeek bermatuko dute betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarria.

  1. Ikasgela irekiko unitate bat itunduko badu, ikastetxeak honako betekizun hauek bete beharko ditu, etaparen eta ikasle hartzaileen arabera:

    1. Haur Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako ikasleak duten ikastetxeetarako soilik hezkuntza berezia irekia eskatzeko unitateak hezkuntza-premia dituzten 4 - 6 arteko ikasle eskolatze baldintzarekin, zentzumen, motorra, ezintasun intelektuala, autismoaren espektroaren nahasmenduarekin lotuta daudenak edo Osasun Mentaleko diagnostiko desoreka larriarekin.

    2. Lehen Hezkuntzan, honako baldintza hauetako bat:

      Desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak (4-6 bitartean) eskolatzea, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, honakoa eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin, zabalarekin edo orokortuarekin.

      Honako arazo hauei lotutako hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) dituzten ikasleak (8 eta 12 bitartean) eskolatzea: heltze-atzerapena, mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin hiperaktibitatearekin edo gabe, diskalkulia, irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, eskatzen baitute banakako jarduketa-plan bat eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin.

    3. Bigarren Hezkuntzan, honako baldintza hauetako bat:

      Desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak (4 edo 5) eskolatzea, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, honakoa eskatzen baitute: banakako jarduketa-plan bat eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin, zabalarekin edo orokortuarekin.

      Honako arazo hauei lotutako hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) dituzten ikasleak (8 eta 10 bitartean) eskolatzea: heltze-atzerapena, mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin hiperaktibitatearekin edo gabe, diskalkulia, irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, HPBko aholkularitzaren balorazioaren arabera, eskatzen baitute banakako jarduketa-plan bat eta pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin.

  2. Hezkuntza indartzeko proiektuetan unitate bat ituntzeko, baldintza hauek bete beharko ditu aldi berean ikastetxeak:

    1. DBHko lehen edo bigarren mailako 13 edo 14 urteko eta salbuespenez 15 urteko ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek hezkuntza-laguntzako berariazko premiak (HLBP) edukitzea ahulezia-egoeran dagoen gizarte- edo kultura-ingurune bateko kide direlako, edo eskolara egokitzeko arazo larriak edo eskola-porrota dutelako.

    2. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren oniritzia izatea ikastetxeko zuzendaritzak proposatutako hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak.

    3. Hezkuntza berariaz indartzeko proiektua aurkeztea deialdi honen 4. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera.

  3. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitate bat ituntzeko, ikastetxeak honako baldintza hauek bete beharko ditu ikasleen adinaren eta programaren iraupenaren arabera:

    DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulatutako ikasleen % 15 baino gehiago ez proposatzea curriculum-aniztasunerako. Bi talde baino gehiago ituntzea eskatuz gero, ikastetxean 300 ikasle baino gehiago egon beharko dira DBHko 3. eta 4. mailetan matrikulaturik.

    Gainera, programaren iraupenaren arabera:

    Programa bi ikasturtetarako bada, 15 edo 16 urteko ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek baldintza hauek betetzea:

    Oinarrizko Hezkuntzan mailaren bat errepikatzea.

    2018-2019ko ikasturteko aparteko deialdiaren ondoren, DBHko 1. eta 2. mailetako gehienez lau ikasgai gainditu gabe edukitzea.

    DBHko 3. mailara igarotzeko baldintzak ez betetzea.

    Programa ikasturte bakarrekoa bada, 16 edo 17 urteko ikasleak eskolatuta edukitzea (gutxienez 8 eta gehienez 15), eta horiek baldintza hauek betetzea:

    Oinarrizko Hezkuntzan mailaren bat errepikatzea.

    2018-2019ko ikasturteko aparteko deialdiaren ondoren, DBHko 1., 2. eta 3. mailetako gehienez lau ikasgai gainditu gabe edukitzea.

    DBHko 4. mailara igarotzeko baldintzak ez betetzea.

    Ikasturte bateko programan curriculum-aniztasunerako programa jada egin duten 18 urteko ikasleak sartu ahal izango dira, baldin eta graduatu-titulurako proposatu ez badituzte.

  4. Artikulu honetan adierazitako adin-eskakizuna betetzeko, ikasleak 2019ko abenduaren 31n duen adina hartuko da kontuan.

  1. Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzea lortzen duten ikastetxeek honako konpromiso hauek bete beharko dituzte:

    Ikastetxeko Urteko Planean hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak sartzea.

    Programaren jarraipenean laguntzea eta Berritzeguneek antolatutako jardueretan parte hartzea.

    Ikastetxeak programaren garapena azaltzen duen memoria egingo du ikasturtearen amaieran, eta ikastetxeko urteko memorian txertatuko du hori, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora bidaliko du: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/hezkuntza_inklusiboa/y22-izapide/eu

    Programan sartu diren ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei informazioa emateko eta entzuteko konpromisoa hartzen du ikastetxeko zuzendaritzak.

  2. Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzea eskatzen duten ikastetxeek honako jarraibide hauek bete beharko dituzte proiektua garatzean:

    Eskola inklusiboko planteamendu baten barruan garatzea proiektua, ikastetxeko ikasleen aniztasunari globaltasunez eta batera erantzunda, eta itxaropen handiak sortzea hartzaile diren ikasleengan.

    Programaren jarduketak, baita ohiko eta ezohiko baliabideak ere, ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratzea, programaren hartzaile diren ikasleei arreta berezia emanez.

    Metodologia aktiboak eta estrategia inklusiboak erabiltzea, hala nola taldeko irakasle-kopurua murriztea, hau da, irakasle bakoitzak ikasgai bat baino gehiago ematea; bi irakasle ikasgelan; talde interaktiboetan lan egitea; solasaldi dialogikoak; tutoretzadun liburutegia; ikaskuntzaren elkarlaneko antolaketa; IKTak erabiltzea ikaskuntzak aberasteko; horrelako estrategiek ez dute inola ere eragingo programako ikasleentzat taldeak eta saioak berariaz sortzea, hizkuntzetako komunikazioa lantzeko banaketa heterogeneoei dagokienez izan ezik.

    Proiektuaren hartzaile diren ikasleei talde naturalaren barruan banakako arreta emateko neurriak antolatzea (banakako tutoretzak, berdinkideen arteko tutoretzak, kontratu pedagogikoak, ikasle enbaxadoreak, babesak, berbalagunak...).

    Irakasle guztien arteko koordinazioa bermatzea, bai bertikala bai horizontala; batez ere, proiektuaren xede diren ikasleak dauden taldeekin harremanak izango dituzten irakasleen arteko koordinazioa.

    Senideen harremana eta parte-hartzea lantzea, eta haien prestakuntza ahalbidetzea, eta ikasleekin elkarrekintzan dauden inguruko eragileekin ere koordinazioa sustatzea.

    Irakasleen barneko prestakuntza antolatzea (tutoreak, ikasketa-buruak, orientazioa...).

    Proiektuan berariaz jasotzea II.B eranskinean jasotako atalak.

  3. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzea lortzen duten ikastetxeek honako konpromiso hauek bete beharko dituzte:

    Programako kide bakoitzarentzat oinarrizko programa eta banakako programa egitea. Dokumentu horiek Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo dira 2019ko urria amaitu aurretik.

    Banakako plana egitea, non irakasleek oinarrizko edukiak eta ebaluazio-irizpideak zehaztuko baitituzte. Ikasleak oinarrizko gaitasunak eskuratu ditzan, irakasleek beharrezko jotzen dituzten oharrekin osatuko da programa ikasturtean zehar.

    Programaren garapena azaltzen duen memoria egitea ikasturtearen amaieran, eta ikastetxeko urteko memorian txertatuko du hori.

    Programan sartu diren ikasleen gurasoei edo legezko tutoreei informazioa emateko eta entzuteko konpromisoa hartzen du ikastetxeko zuzendaritzak.

    Ikastetxeak adierazten du, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 40.2 artikuluaren arabera, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programari ekiteko onartutako ikasle guztiek ebaluazio akademikoa eta psikopedagogikoa izan dutela, eta ikasleak eta gurasoak edo legezko tutoreak entzunda egin dela.

  4. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzea lortzen duten ikastetxeek honako jarraibide hauek bete beharko dituzte curriculum-aniztasunaren oinarrizko eta berariazko programazioa egiteko orduan:

    Curriculum-aniztasunaren programa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua lortzera bideratzea; horrenbestez, ebaluazioak Bigarren Hezkuntzaren oinarrizko gaitasunak eta helburuak izan beharko ditu funtsezko erreferentziatzat.

    Programaren hartzaile diren ikasle guztiek jarraituko duten oinarrizko programa zehaztea; metodologia, edukiak eta ebaluazio-irizpideak zehaztuko ditu horrek, eta berariazko taldetan, eremuka, edo talde arruntetan, modu integratu batez, egin ahal izango da:

    Berariazko taldeak: programa horietako ikasleek, gutxienez 23 ordu eskainiko dizkiete hizkuntza-gizarte eta zientzia-teknologia arloei. Irakasle batek edo gehiagok emango du arlo bakoitza; irakasle horietako batek ikasleen banakako tutoretza hartuko du bere gain, astean bi orduz gutxienez.

    Talde arruntak: proposamen integratuan, curriculumaren antolaketa eremuka, diziplinarteko proiektuka edota jakintza-arloka egin daiteke, eta curriculum-aniztasuneko ikasleek ikasgai guztiak talde arruntetan egingo dituzte. Ikastetxeko proposamenak ikasgelan sendotu beharreko ikasgaiak eta noiz egin zehaztuko du, baita irakasle-taldeko zein irakaslek hartuko duten banakako tutoretzen ardura ere.

    Taldeko ikasle bakoitzarentzat banakako programa egitea; horrek barnean hartuko ditu, besteak beste, ibilbide akademiko pertsonala, eduki-egokitzapena eta dagozkion ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak. Curriculum-aniztasuneko ikasleak ebaluatu egin beharko dira ikasturte bakoitzaren amaieran, eta bi ikasturteko programetan nahitaezkoa izango da lehenengotik bigarrenera igotzea.

2019-2020 ikasturterako ituntzeko unitateen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Hezkuntza Saileko hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez. Era berean, prozedura honetako gainerako izapideak aplikazio horren bidez kontsultatu eta egingo dira, edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taularen bidez: https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu

    Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari eta gainerako izapideei buruzko argibideak eta erabili beharreko txantiloiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/hezkuntza_inklusiboa/y22-izapide/eu

  2. Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Hezkuntza bereziko ikasgela irekien unitateak ituntzeko eskabideetan, banakako planaren eta Pedagogia Terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntzaren hartzaile diren ikasleen zerrenda, V. eranskinaren arabera.

    2. Hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan unitateak ituntzeko eskabideetan: konpromisoak izenpetzea, II.A eranskinaren arabera; ikasleei arreta emateko ikastetxeak proposatutako proiektua, II.B eranskinaren arabera; eta proiekturako proposatutako ikasleen zerrenda, II.D eranskinaren arabera.

    3. Curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan unitateak ituntzeko eskabideetan: konpromisoak izenpetzea, III.A eranskinaren arabera; eta programarako proposatutako ikasleen zerrenda III.B eranskinaren arabera.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzaren ardurapean dago Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan agindu honetan aurreikusitako unitateak ituntzeko prozedura kudeatzea.

Deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira ituntzeko eskabideak, eta unitate edo zerbitzu konprometituen txostenak helarazi beharko dira.

Hezkuntza indartzeko proiektuetarako ituntzeko ikastetxeak aukeratzeko, II.C eranskinean ezarritako baremoa aplikatuko da, eta proiektuaren balorazioan 35 puntutik gutxienez 18 lortzen ez duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, aipatutako txostenetan oinarrituz eta agindu honen 3. eta 4. artikuluei jarraikiz, behin-behineko proposamen bat egingo du, eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

Aurrekontu-kredituari dagokionez, Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak proposamen horren gaineko txostena egingo du.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/) jakinaraziko da ituntzeko behin-behineko proposamena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, organo kudeatzaileak aukera izango du posta elektronikoaren bidez ikastetxeei jakinarazpena argitaratu dela abisatzeko. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.

Proposamen horren aurka, ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar eguneko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, Hezkuntza Saileko hezkuntza-itunen aplikazio informatikoaren bidez.

Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrek aurrekontu-kredituari buruzko txostena egingo du, berriro.

Era berean, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak Hezkuntzako sailburuari helaraziko dio ebazpen-proposamena.

  1. Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko du deialdia agindu baten bidez, non zehaztuko baititu ikastetxe bakoitzerako itundu beharreko Lehen eta Bigarren Hezkuntza berezi irekiko unitate-kopurua, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta curriculum-aniztasuna, 2019-2020 ikasturterako, aplikatu beharreko modulua eta zenbatekoa.

  2. Deialdi hau sei hilabeteko epean ebatziko da, agindu honetako 5. artikuluan aipatzen diren eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

  1. Ikastetxeek, 2019ko urriaren 31 baino lehenago, Hezkuntza-ikuskaritzari eta eskualdeko Berritzeguneari bidaliko diete hezkuntza berariaz indartzeko proiektuen eta ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programen hartzaile izango diren ikasleen behin betiko zerrenda, IV. eranskinaren arabera. Eranskin hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/hezkuntza_inklusiboa/y22-izapide/eu

    Hezkuntza Ikuskaritzak egiaztatuko du goian aipatutako programetarako proposatutako ikasleak bat datozen.

    Eskualdeko Berritzegunea arduratuko da proiektuaren aholkularitzaz.

  2. Agindu honen bidez itunduko diren unitateek deialdi honetan jasotako ikasle-ratioak bete beharko dituzte, eta ofiziozko aldaketa baten mende egongo dira.

  1. Ikasturtea bi aurrekontu-ekitaldiren kontura finantzatuko da, eta hezkuntza-itunak finantzatzeko aurrekontu-partidetan erabilgarri dauden kredituen arabera baimenduko da gastu hori.

  2. Itundu beharreko ikasgela kopurua zehazteko izapidea hasi aurretik, iraila-abendua aldiari dagokion kreditu-erreserba ezarriko da. Kreditu-erreserba hori 2019ko ekitaldirako luzatutako aurrekontu-partiden kontura finantzatuko da, eta Hezkuntza alorrean 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei buruzko otsailaren 14ko 3/2019 Legean jasotako itunpeko ikastetxeak mantentzeko modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

  3. Era berean, urtarrila-abuztua aldiari dagokion gastua horrexetarako gaitutako konpromiso-kredituaren kargura izapidetuko da. Zenbateko hori itundutako unitate kopuruaren eta 2020ko ekitaldirako Aurrekontuen Legean adierazitako modulu ekonomikoen arabera ezarriko da.

  1. Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilerik behin, ordainketa eskuordetua arautzen duen urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren arabera, ordainketa-mota horrek eragina duen etapetan.

  2. Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak hezkuntza-itunen ordainketa jasotzeko.

  3. Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar hainbestetan eta eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Itundutako gelak Agindu honen VI. eranskinean jasota dagoen agiriaren bidez formalizatuko dira, Hezkuntza Itunen Araubidea onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren 29., 30. eta 31. artikuluetan ezarritako prozedurari eta epeei jarraituz.

Onuradunak Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dagozkien legezko interesak gehituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian diru-sarrera eginez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)