Gobernuak % 1era igo du euskal langile publikoen Itzarri-BGAE-rako ekarpena, azarotik aurrera (Gobernu Bilera 2018-11-13)

logoconsejo.jpg

2018.eko azaroak 13

Euskal sektore publikoan lan egiten duten ia 90.000 pertsonak izango dira igoera horren onuradun; igoerak aurrekontu orokorrean urtean 20,8 milioi euroko eragina izango du

Gobernu Kontseiluak, gaur, langile publikoen Itzarri-BGAErako ekarpenak % 1 igotzea onetsi du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, azarotik aurrera, bikoiztu egingo ditu gizarte-aurreikuspeneko erakundearentzako euskal sektore publikoan lan egiten duten 90.000 pertsonen ekarpenak.

2018an Itzarri-BGAEri eginiko ekarpen orokorrek aurrekontuan 20,8 milioi euroko eragina izango dute:

  • Euskadiko administrazio orokorra eta erakunde autonomoak: 10,5 milioi euro
  • Erakunde publikoak, sozietate anonimo publikoak eta fundazio publikoak: 10,3 milioi euro

GOBERNUAREN KONPROMISOAK

Onespen horren bidez, Eusko Jaurlaritzak bete egiten du pasa den irailean Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean sindikatuei jakinarazitako konpromisoa. Kontuan hartu behar da, horrez gainera, 2018rako soldata % 1,75 igo dela oraintsu eta lehen laneko baja-egunetik ordainsarien % 100 berreskuratzeko konpromisoa hartu duela, zeina aurtengo irailaren 1etik aurrera hasiko baita ondorioak izaten eta, laster, Gobernu Kontseiluak ere onetsiko baitu.

Itzarri-BGAE 

Itzarri-BGAE borondatezko gizarte-aurreikuspenerako erakundea da; 2004ko maiatzaren 6ko “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean” hartutako akordioaren ondorioz sortu zen.

Euskadin inbertsio gehien duen BGAEa da. BGAEk kudeatzen du Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Erakunde Administrazioko langile publikoen aurreikuspen-plana, eta, gaur egun, 90 mila langile baino gehiago batzen ditu. 

Hamabi urteotan, Itzarri-BGAEk urtean % 4,33ko batez besteko errentagarritasuna lortu du.