Arautegia
Inprimatu40/2016 DEKRETUA, martxoaren 8koa, Gorbeia kontserbazio bereziko eremu (ES2110009) izendatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 97
- Hurrenkera-zk.: 2183
- Xedapen-zk.: 40
- Xedapen-data: 2016/03/08
- Argitaratze-data: 2016/05/24
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, hegaztientzako babes bereziko sei eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa; Gorbeiako eremua (ES2110009) ere tartean zegoen.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Dekretu honen bidez, Gorbeia KBE izendatu, eta hura kontserbatzeko helburuak eta neurriak ezartzen dira. Baina eremu horrek naturagune babestuen tipologia bikoitza biltzen du, parke naturala eta Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremua baita; gainera, eremu horretan, Itxinako Biotopo babestua dago. Beraz, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira, eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute.
Parke naturalen kasuan, hiru tipologiak arautzen dituen dokumentu bakarraren lege-aurreikuspena ezin da gauzatu, legeak berak ezartzen baitu tipologia horiek Natura Baliabideak Antolatzeko Plan (hemendik aurrera, NBAP) batek (NKLTBaren 20. artikulua) eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (hemendik aurrera, EKZP) batek (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar dituztela. Beraz, horrelako kasuetan, bi dokumentu egon beharko dira: bata parke naturalerako izaera bikoitza duen BNAPa eta KBErako helburu eta erregulazioak jasotzeko; eta, bestea, izaera bikoitza duen EKZPa eta kudeaketa neurriak jasotzeko. Gainera, kontuan hartuta eremu horretan Itxinako Biotopo babestua dagoela, horri dagozkion erregulazioak BNAPean eta KBEaren helburu eta erregulazioen dokumentuan jasotakoekin koordinatu beharko dira.
Gainera, onartzean, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteek koordinazio-ahalegin berezia dakartela. Izan ere, NBaren tipologia desberdinen deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio edonola ere (NKLTBaren 19.1 artikulua). Parke naturalei dagokienez, NBAPa bideratzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua); EKZPrako, aldiz, prozedura bifasikoa jarraitzen da. Hau da, lehenik, foru-organoek bideratzen dute eta organo horiek onartzen dituzte parke naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak; eta bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak bideratzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29.e artikulua). Bestalde, KBEei dagokienez, helburuak eta araudiak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, baliabide desberdin horiek guztiak EHAAn argitaratu behar izaten dira beti. Azkenik, biotopo babestuari dagokionez, horren izendapenean, erabilerak eta jarduerak arautzeko araudia jaso beharko da.
Horregatik, dekretu honen helburua da Gorbeia Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu izendatzea eta izendapen honekin batera aurkeztu beharreko kontserbazio-neurriak onartzea (Eusko Jaurlaritzako eskumenekoak dira). Geroago, eta Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek aldi berean tramitatzen ari den EKZPa bidaltzen dutenean, Eusko Jaurlaritzak plan horren araudiaren zati bat onartuko du eta baliabide osoa EHAAn argitaratzeko aginduko du. EKZP horrek NKLTBaren 18. artikuluak eskatutako bikoiztasuna beteko du, hau da, parke naturalaren EKZP gisa eta KBEa kudeatzeko jarraibide gisa erabiliko da, 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoari jarraikiz. Horrela, eremu honen erregulazioa osatuko da eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua beteko da guztiz.
Horretarako, orain onartzen den dekretuak bi eranskin ditu. Lehenak KBEaren kartografia jasotzen du; bigarrenak, aldiz, NKLTBaren 22. artikuluak ezarritakoa betetzen du. Azken hori Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da, KBEari buruzkoa da soilik eta dagoeneko izendatu diren gainontzeko Natura 2000 Sareko eremuen planteamendu berean oinarritzen da.
Dekretu honen azken xedapenetatik bigarrenean jasotzen denez, arau hau argitaratu ondoren, II. eranskin honek jasotzen duen Gorbeiako parke naturalaren NBAParen eta Itxinako Biotopoa izendatzeko dekretuaren aldaketari ekin beharko zaio, aipatutako dokumentu bakarra Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa dena egiteko, betiere NKLTBaren 7. artikuluan aurreikusitako prozedura luze eta konplexua konfiguratzen duten izapide prozesalak betez, baina Europarekiko betebeharrak ere beteta.
Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak kontserbazio bereziko eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, Gorbeia sakon aztertu da, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen banaketa; horrekin batera, haien kontserbazio-egoera ere ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
Ikuspuntu teknikotik Ikusi ahal izan denez, Gorbeian, 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako Batasunaren intereseko 27 habitat-mota daude. Hortaz, Gorbeiak ekosistemen aparteko aberastasuna du; gainera, ondo kontserbatuta dago. Horretaz gain, gizakiek milaka urtetan abeltzaintza-erabilera eman diote. Horrek guztiak balio natural handiko eremua eta ingurune-aniztasuna sortu ditu; horren ondorioz, baso naturalak, mendiko txilardiak eta larreak, harkaitzak, hezeguneak (Altubeko urmaelak, Saldropoko hezegunea, esfagnalak, etab.) eta errekak batera existitzen dira. Gainera, Gorbeiak Habitat Zuzentarauaren II. eranskineko flora-espezieak dituen habitatak izateagatik da nabarmentzekoa, adibidez, Narcissus pseudonarcissus ssp.nobilis (Iberiar Penintsularen iparraldeko endemismo horretarako, eremu hau ekialdeko mugarik urrunena da), Narcissus asturiensis, Trichomanes speciosum edo Spiranthes aestivalis orkidea. Azpimarratzekoa da galzoriko espezietzat katalogatutako 8 flora-espezie eta 7 kaltebera daudela, Espezie Mehatxatuen EAEko Zerrendari jarraikiz. Bestalde, faunari dagokionez, Gorbeiak ondoen kontserbatuenetako hegazti-faunaren multzoa du, baita EAEko mendi inguruneko adierazgarrienetakoa ere, basoko, harkaiztiko eta goi-mendiko inguruneen espezie adierazgarrien komunite egituratua baitu. Ugaztunak ere interes bereziko taldeak dira; besteak beste, honako hauen presentzia da azpimarratzekoa: muxar grisa (Glis glis), marta (Martes martes), ipurtatsa (Mustela putorius) edo basakatua (Felis silvestris). Bisoi europarra (Mustela lutreola) eta igaraba (Lutra lutra) noizbehinka agertzen dira; bi espezie horiek galtzeko arriskuan daude EAEn. Bestalde, Gorbeian, interes bereziko narrastiak daude, hala nola apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis) edo Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), baita anfibio-espezie asko (4 urodelo eta 7 anuro), arrainak eta ornogabeak ere. Eremu hori BGL izendatzea arrazoitu duten natura- eta ekologia-balioetatik haratago, Gorbeia eta bere ingurua paisaiaren erreferente dira EAEn, oro har bertako biztanleentzat karga sinboliko eta kultural izugarria baitu, baita bereziki inguruko biztanleentzat ere. Horregatik guztiagatik eta parke naturala izateagatik, komeni da Gorbeia eremurako berariazko dekretu-proiektua egitea.
Horretaz gain, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.
KBEa behin betiko mugatzeko, lan-eskala hobetu da eta zabaldu egin da. NBa zabaltzeak hasierako mugaketan ez parke naturalaren zatian ez BGLan ez zeuden bi eremu sartzea dakar, fauna mehatxatua eta intereseko habitatak kontserbatzeko duten garrantziarengatik. Bi eremu horietan, garrantzi handiko bi urmael daude, Habitat Zuzentarauak babestutako ornogabe-espezie batzuk baitaude bertan: Kukulupadrako urmaela (Zuiako udalerriko Altube) eta La Yesera (Urkabustaizko udalerriko Belauntza). Biak EAEko Hezeguneen Inbentarioan daude jasota (III. taldea). Gutxi gorabehera, Kukulupadrako urmaelean, gehitutako azalera 5,3 ha da; eta, La Yeseran, 6,5 ha da.
Guztiz eraginkorra izateko, KBEa zabaltzeak Europako Batzordearen Erabaki bidezko aldez aurretiko balidazioa eskatzen du; beraz, eremuaren mugaketaren kartografiak eremu hori mugatzeko bi lerroak jasotzen ditu. Horrela, mugaketa berriaren eraginkortasuna eta zabaldutako eremua kontserbatzeko neurrien ezarpena dekretu honen 1.3 artikuluan eta azken xedapenetatik lehenean jasotako baldintzapean daude, hurrenez hurren.
Kontserbazio bereziko eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita eta egoitza elektronikoaren bitartez. Zehazki, http://www.euskadi.eus/natura2000 webgunean, eremuari buruzko informazio eguneratua egongo da beti.
Gorbeia kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betetzeko, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Gorbeia (ES2110009) kontserbazio bereziko eremu izendatzen da, Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan.
KBEaren mugaketa dekretu honi atxikitako I. eranskinean jasotakoa da eta bat dator Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako batasunaren garrantzizko lekuen mugaketarekin. Era berean, eranskin horrek eremuaren babeserako eremu periferikoa jasotzen du, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 19.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da I. eranskinean jasotako mugetara arte, Europako Batzordeak onetsi ondoren.
Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
Arau honen xedea honako hau da: kontserbazio bereziko eremu an (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
Kontserbazio bereziko eremuan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren garrantzizko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako araudiak eta jarraipen-programa ere jasotzen ditu.
KBEa kudeatzeko jarraibideak eta neurriak Gorbeiako parke naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean txertatuko dira.
eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
Dekretu honen aplikazio-eremuaren eraginpeko gune babestuetan, honako hauek ezarritako zehapen-erregimen hau aplikatu behar da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
Ingurumenaren alorreko sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuko Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honen 3.1 artikuluak aipatzen dituen kontserbazio-neurriak KBEa zabaltzeko 1.3 artikuluak ezarritako eremuan jarriko dira indarrean, Europako Batzordeak batasunaren garrantzizko lekuaren muga geografiko berrian onartzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen eta ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuaren agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hala ere, dekretu hau indarrean jartzearekin batera, zabaldutako eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. idatzi-zatiek ezarritakoa ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau onartzen denean, parke naturalaren eta KBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta parke naturalaren NBAPa Gorbeia eremuan dauden naturagune babestuen hiru tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakarra bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
MARTXOAREN 8KO 40/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
MUGAKETA-MAPA
http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_40_2016/gorbeia.json&lang=eu
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2016ko ekainaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Gorbeia parke naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari eta parke naturalaren mugak aldatzeko
- Ikus: EBAZPENA, 2015eko ekainaren 12koa, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita izendapen hau: Araba eta Bizkaiko lurralde historikoetan Gorbeia (ES2110009) Batasunaren Intereseko Lekuko (BIL) Ko