Arautegia

Inprimatu

34/2016 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Laguardiako Aintzirak (ES2110021) Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena eta Laguardiako Aintziren Biotopo Babestuaren araudia eta mugaketa aldatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 2465
  • Xedapen-zk.: 34
  • Xedapen-data: 2016/03/01
  • Argitaratze-data: 2016/06/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL) onartu zuten 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure Autonomia Erkidegoa. «Laguardiako Aintzirak» eremua (ES2110021) ere jaso zen zerrenda hartan.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Dekretu honen bitartez «Laguardiako Aintzirak» KBEa deklaratzen da eta horri dagozkion helburuak eta neurriak onartzen dira. Alabaina, gune berean, Naturagune Babestuaren tipologia bikoitza biltzen da: Biotopo Babestua da eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da. Horrenbestez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori antolatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira, eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko; horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen araubide desberdinek osotasun koherente bat osatuko dute.

Legeak aurreikusten duen naturagune mota bientzako dokumentu bakar bat sortu behar hori, Laguardiako aintziren kasuan, Biotopoan aplikatzekoa zen irailaren 19ko 417/1995 Dekretuan ezarritako araubidea Dekretu honetan ezarritakoarekin ordeztuta lortzen da.

Beste aldetik, eremu honetan, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (Hegaztientzako BBE) arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretua aplikatu behar da.

Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, «Laguardiako Aintzirak» sakon aztertu da, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen banaketa; horrekin batera, haien kontserbazio-egoera ere ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Laguardiako aintzirek aintzira endorreikoen gune garrantzitsua osatzen dute, banaketa arearen ipar mugan baitaude. Bertan, gutxienez, Batasunaren intereseko bost habitat daudela egiaztatu da; horietatik, bik lehentasuna dute, eta aipagarriak dira landaredi halofiloarekin erlazionaturikoak, ur gezarekin loturikoak eta larre xerofiloak. Lekuan, Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko arriskuan edo kaltebera kategoriako bost flora espezie agertzen dira, gutxienez. Aipatzekoa da 2009/147/EE Zuzentarauren I. eranskineko hamahiru hegazti espezie agertzen direla, gutxienez; eta, anfibio espezie batzuen, bisoi europarraren eta igarabaren presentzia nabarmentzekoa da ere bai. Laguardiako aintziren kasuistika horrek aintzira gune horrentzako berariazko dekretu-proiektuari ekitea gomendatzen du.

Horretaz gain, lan zehatzek erakutsi dute habitat mota desberdinen azalerak ez datozela bat lehenago jasotakoekin eta, Euskal Autonomia Erkidegoak proposaturiko lekuen zerrendarekin batera, Europako Batzordeari jakinarazitakoekin. Lan zehatzek habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzea ahalbidetu dute eta egiaztatu ahal izan da zenbait lekutan inprimakian aipaturiko habitat batzuk ez daudela eta, aldiz, badirela hasiera bateko proposamenean ez zeuden habitat mota batzuk.

KBEaren eta Biotopo Babestuaren amaierako mugaketak lan eskalaren hobekuntza ekarri du eta zabaldu egin dira zenbait lurzati barnean hartzeko, publikoak gehienbat. Lurzati horiek hiru aintzira endorreikoak lotzen dituzte eta Prao de la Paul zabalera nahikoaz inguratzen dute. Horretaz gain, eskalaren eta katastroaren araberako doitzeak egin dira. Azalera hori gutxienezkotzat jotzen da ur ekosistemon arazo nagusiei aurre egiteko, arroko lurzoruaren erabileratik datozenak, alegia. KBEa zabaltzea, benetan eraginkorra izan dadin, Europako Batzordearen Erabakiaren bidez balioetsi behar da, horregatik, eremuaren mugaketaren kartografiak mugaketa-marra biak jasotzen ditu, eta eremu zabalduaren mugaketa berriaren eraginkortasuna eta kontserbazio neurrien aplikazioa Dekretu honen 1.3 artikuluan ezarritakoaren arabera baldintzatuta dago. Hala ere, KBEaren mugaketa berri hori indarrean jartzearen atzerapenak ez dauka kasu honetan inolako eraginik KBEaren eremu zabalduan kontserbazio neurriak aplikatzeari dagokionez, izan ere, KBEaren eta Biotopoaren mugak eta horietan bietan aplikatu beharreko arauak eta helburuak bateratuta, Dekretu honetan ezarritako arauak eta helburuak eremuaren azalera osoan dira aplikatzekoak, Biotopoa baita.

Babeserako Eremu Periferikoari dagokionez, lau aintzira endorreikoen arro osoak hartzen ditu (intereseko habitatak barnean hartzearren han-hemenka zabalduta) eta, Prao de la Paulen kasuan, lehendik zeuden lurzatietara eta errealitatera egokituta.

Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.net/natura2000 guneari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.

Laguardiako Aintzirak kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE Zuzentarauan jaso eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, Dekretuak izendapena bera, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta flora-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat ere jasotzen ditu.

Beste aldetik, aipaturiko Legearen 22.5 artikuluaren lehen paragrafoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak «eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Jarraibide horiek onartzea lurralde historikoen foru-organoei dagokie kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari- eta onartu egin behar dira Eusko Jaurlaritzak Dekretu honetan onartzen dituen kontserbazio helburuetan oinarrituta. Horretarako, Dekretu honetako 3.4 artikuluak, Azken Xedapenetako Bigarrenarekin batera, baimena ematen dio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari agindu horretan adierazitako moduan kudeaketa jarraibideak argitaratzeko, behin Arabako Foru Aldundiak onartuz gero.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5 artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. «Laguardiako Aintzirak» eremua (ES2110021) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.

  2. Kontserbazio Bereziko Eremu horren mugaketa dekretu honen I. eranskinean dago jasota, eta bat dator Mediterraneoko eskualde biogeografikoan Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda onartzeari buruzkoa den Europako Batzordearen 2006/613/EE Erabakian jasotakoarekin. Eranskin horretan eremuaren Babeserako Eremu Periferikoa ere jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.2 artikuluari jarraikiz.

  3. Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako KBEaren mugaketa I. eranskinean adierazitako muga geografikoetara zabalduko da, Europako Batzordeak onartuz gero.

  4. Laguardiako Aintziren Biotopo Babestuaren eta dagokion Babeserako Eremu Periferikoaren mugaketa aldatzen da, Dekretu honetako I. eranskinean jasotzen diren KBEaren mugaketa zabalduarekin eta dagokion Babeserako Eremu Periferikoarekin bat etor daitezen, hurrenez hurren.

  5. Onartu egiten dira KBEa eta Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin eta eta NKLTBaren 18. artikuluan xedatutakoarekin.

  1. Arau honen xedea honako hau da: Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion banaketa-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. KBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

  1. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren garrantzizko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak ez ezik, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.

  2. Eranskin horretan jasotzen diren helburu eta arauak Laguardiako Aintziren Biotopo Babestua izendatzea arrazoitu zuten balioak babesteko dira, halaber.

  3. Era berean, eremu honetan, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (Hegaztientzako BBE) arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretua aplikatu behar da.

  4. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren Erabakiaren bidez, Dekretu honen eranskin gisa, Arabako Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituen jarraibideak eta neurriak argitaratuko dira, Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5 artikuluarekin bat.

  1. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Dekretu honi ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

Indarrik gabe geratzen dira Laguardiako Carralogroño, Carravalseca eta Prao de la Paul aintzirak babestutako biotopo deklaratzeko den irailaren 19ko 417/1995 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Arabako Foru Aldundiak onartutako kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko, Dekretu honen 3.4 artikuluan ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Laguardiako Carralogroño, Carravalseca eta Prao de la Paul aintzirak babestutako biotopo deklaratzeko den irailaren 19ko 417/1995 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

Arabako Laguardiako Aintziren Biotopo Babestuak Carralogroño, Carravalseca eta Prao de la Paul aintziretako ohantzeak eta urbazterrak hartuko ditu, Laguardiako Aintzirak KBE (ES2110021) izendatzeko den martxoaren 1eko 34/2016 Dekretuaren I. eranskinean jasotako mugaketari jarraikiz. Gainera, eranskin horretan, KBEaren Babeserako Eremu Periferikoaren mugaketa jasotzen da.

«3. artikulua. Biotopo Babestuaren araudia.

Laguardiako Aintziren Biotopo Babestuko eta dagokion Babeserako Eremu Periferikoko erabilera- eta jarduera-araubidea Laguardiako Aintzirak KBE (ES2110021) izendatzeko den martxoaren 1eko 34/2016 Dekretuaren II. eranskineko Kontserbazio Arauak izeneko atalean jasotzen dena da.»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ingurumenean eskumena duen sailburuak Europako Batzordeak Laguardiako Aintzirak (ES2110021) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) zabaltzeari buruz hartzen duen Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea aginduko du.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

MARTXOAREN 1EKO 34/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAPEN MAPA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_34_2016/laguardia.json&lang=eu

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.