Arautegia

Inprimatu

74/2008 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 86
  • Hurrenkera-zk.: 2784
  • Xedapen-zk.: 74
  • Xedapen-data: 2008/04/29
  • Argitaratze-data: 2008/05/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Uztailaren 6ko 137/2004 Dekretuaren bidez Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortu zen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako kide anitzeko organo gisa eta helburu honekin: Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan segurtasuna hobetzeko beharrezko baldintzak ezartzea.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea iraunaldi mugatuaz sortu zen, hain zuzen ere 2003-2006 Laneko Osasun eta Segurtasunerako 2003-2006 Plan Zuzentzaileari zegokion iraunaldiaz, eta iraunaldi hori 2006ko abenduaren 31n amaitu zen.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea tresna baliagarria suertatu da batzordearen sortze-helburua lortzeko eta, horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Osasun eta Segurtasunerako 2007-2010 Plan Zuzentzaileak, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko uztailaren 3an onartutakoak, bere kudeaketa-ereduan, Batzorde hori sartzen du eta garrantzi berezi ematen dio honako jardute-esparru hauetan: eraikuntza alorrean, azpikontratazioaren arazoetan eta erakunde arteko konpromiso eta koordinazioan.

Erabilgarritasun-arrazoiengatik, halaber, Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Ekintzarako Batzordeak, 2007ko urriaren 22an egindako bilkuran, Laneko Osasun eta Segurtasunerako 2007-2010 Plan Estrategikoaren aurkezpen eta eztabaida dela zio, honako ebazpen-proposamena onartu zuen:

Egungo planak dirauen bitartean Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea izaera formalez atzera birgaitzeko eskatzen dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

Horrenbestez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. – Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortzen da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikitako kide anitzeko organo gisa eta helburu honekin: Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan segurtasuna hobetzeko beharrezko baldintzak ezartzea.

  2. – Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak iraunaldi mugagabea izango du.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordearen funtzioak honako hauek dira:

  1. Administrazioek sustatutako edo titularitate publikopeko obretan lan-segurtasunari eragiten dioten politiken koordinazioa ezartzea.

  2. Obra publikoetan segurtasun-baldintzak hobetzeko diren ekimenei dagokienez laguntza ematea eta txostenak egitea.

  3. Obra publikoen arloan laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez indarreango araudia betetzea zaindu eta sustatzea faboratzen duten neurriak proposatzea.

  4. Arlo honetan herri-administrazioen lankidetza bultzatzeko neurriak proposatzea.

  1. – Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak honako kideak izango ditu:

    1. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea, zeinak lehendakari jardungo baitu.

    2. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria.

    3. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendari orokorra.

    4. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkari bat.

    5. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren ordezkari bat.

    6. Garraio eta Herri Lan Sailaren ordezkari bat.

    7. Foru Aldundien ordezkari bana.

    8. EUDELen ordezkari bat.

    9. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendariorde teknikoa, zeinak idazkari jardungo baitu.

      Gutxienez zuzendariaren eta edo antzekoaren maila izango dute Batzordeko kideek, eta eurak hartzen dituzten erakundeen edo administrazio-organoen titularrek izendatuko dituzte.

  2. – Bilkurako aztergaiek berariaz eragiten dien entitate edo erakundeen ordezkariak, batzarretara etor daitezen, dei ditzake lehendakariak.

  3. – Zuzendariordetza Teknikoaren bitartez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari dagokio Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeari laguntza teknikoa ematea; eta, horretarako, dokumentazioaren eta gaien gaineko prestakuntza- eta programazio-funtzioak izango ditu.

  1. – Ekimenak eta proposamenak garatzeko, Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak lan-talde bereziak eratu ahalko ditu. Euren eskumen-arloaren arabera taldeen osaeran parte hartzen duten sail eta erakunde bakoitzak izendatutako teknikari adituek parte hartu ahalko dute taldeotan.

  2. – Sail eta erakundeei dagokie, euren eskumenen barruan eta bakoitzari dagokion zatiaren arabera, ekimen eta proposamen horiek onartu eta ondoren gauzatzea. Hala ere, eskumena duten erakundeek akordioak eta hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte ekimen eta proposamenak batera gauzatzeko.

  3. – Esleitutako proiektua gertatu ostean lan-taldeak ezeztatuko dira.

Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordeak bi bilkura egingo ditu urteko, gutxienez. Lehendakariaren ekimenez ezohiko bilkurak ere egin ahalko dira.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-kredituen kargura izango dira Herri Lanetarako Erakunde Arteko batzordearen funtzionamendu-gastuak.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko apirilaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.