Euskadiko Landa Garapeneko 7/2022 Legea
Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenaren 7/2022 Legeak, 2022ko ekainaren 30ean Eusko Legebiltzarrean onartuak, landa-garapeneko estrategia berri bat ezartzen du, euskal landa-ingurunearen garapen jasangarria funtsezko faktoretzat hartzen baitu Euskadi osoaren aurrerapenean eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioan, EBk bultzatzen duen Lurralde Kohesiorako Politikaren ildotik garapen-ikuspegirantz aurrera eginez.
Gaur egun, Euskadiko biztanleriaren % 12 landa-eremuetan bizi dela kalkulatzen da, eta ehuneko hori apur bat hazi da azken urteotan.
Legearen xedea da euskal landa-ingurunea herrialdearen garapenean eta kohesio ekonomiko, sozial eta lurraldekoan funtsezko faktore gisa posizionatzea, lurraldearen gainerako eremuaren baldintza berdinetan sartzeko, berrikuntza, modernitate eta ekintzailetzari dagokienez, eta horrekin herrialdearen ikuspegi berria, integratuagoa lortzen laguntzeko. Hori guztia, alde batera utzi gabe nekazaritza-jarduerak Euskadiko lurraldearen eta ingurumenaren kudeaketan duen eginkizun estrategikoa, bai eta ekonomian eta elikagaien hornitzaile gisa duen eginkizuna ere.
Lege berriak “rural proofing” (landa-lente) ikuspegia dauka eta euskal landa-eremuan izango duen eragina diseinatuko eta kontuan hartuko duten politikak egin nahi dira. Horretarako, aurreikusten da landa-eremuei eragingo dieten erakunde-plan, -programa eta -ekimenek, onartuak izan aurretik, Eusko Jaurlaritzako zein foru-aldundietako landa-garapeneko sail eskudunek horiei buruko txosten lotesleak egin beharko dituztela.
Era berean, landa-ingurunean zeharka jardungo duen gobernantza aurreratu berri bat ezartzea aurreikusten du, eta Landa Garapeneko Elkarteek (ADR) gaur egun egiten duten lana indartu nahi du. Halaber, lurralde-garapenera bideratutako kudeaketa-zerbitzu berri bat sortzea aurreikusten da, HAZI Fundazioaren barruan, Lurralde izenekoa.
Gainera, legeak Landa Garapeneko Euskal Sarea sortzea aurreikusten du. Sare horretan, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, EUDELeko, ACOA-AKEko (Arabako Kontzeju Elkartea), kuadrilletako, HAZIko (Lurralde), landa-garapeneko elkarteetako, tokiko ekintza-taldeetako eta, oro har, erreferentziazko lurralde- eta sektore-erakunde mota guztietako eta landa-garapenerako eskualdeko programen hedapenean parte hartzen duten agenteetako kargu instituzionalak eta teknikariak txertatuko dira.
Azken aldaketako data: