Euskadiko Lan Ikuskaritza - Berriak- Informazio-gutunak bidaltzea iruzurrezkoak izan daitezkeen aldi baterako kontratuen aurrean
BERRIAK, INTERPRETAZIOAK ETA GAURKOTASUNA LEGEDIAN, EUSKO JAURLARITZAREN LAN IKUSKARITZAREN JARDUERAREN ARLOAN.
2021-12-30 | Informazioa emateko ekintzak
Nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako LAN IKUSKARITZAK 2021eko urriko azken astean 5.465 INFORMAZIO-GUTUN BIDALI DITUELA ENPRESETARA, ALDI BATERAKO 15.650 KONTRATUTAN ANTZEMANDAKO USTEZKO HUTSUNEEN ZIOZ.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak 5.465 gutun bidali dizkie urrian iruzurrezko aldi baterako kontratuak egin ahal izan dituzten enpresei, guztira 15.650 kontraturi eragiten dietenak.
Jarduera hori Estatuko Erakunde Autonomoaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzarekin lankidetzan egiten da, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresna garatuz eta elkarrekin erabiliz. Sistema informatiko horrek gizarte-arloko arau-haustetzat har daitezkeen egoera irregularrak detektatzen ditu.
LIruzurraren aurka borrokatzeko tresnak aukera ematen du, BIG DATA teknologia erabiliz, datuak gurutzatzeko eta aldi baterako kontratuen arloan irregulartasunak edo arau-hausteak gerta daitezkeen egoerak detektatzeko.
2021. urtean zehar, bi bidalketa masibo egin dira, bata otsailean eta bestea apirilean, eta ia 3.500 gutun bidali ziren. Horri esker, 6.444 kontratu (orain arte berrikusitako 8.467 kontratuen % 76,11) kontratu mugagabe bihurtu dira, modu boluntarioan.
2021eko hirugarren bidalketa honetan (urrian egindakoan), hiru gutun-mota bidali dira:
• 2.661 gutun, zeintzuetan jakinarazten baita guztira 6.925 kontratuk beharbada ez dutela betetzen indarrean dagoen Langileen Estatutuan aldi baterako kontratuen gehieneko iraupenari dagokionez aurreikusitakoa. Gutun horietan jakinarazten da kontratazio horiek egiteko gehieneko epea hemezortzi hilabetekoa dela, eta kontratazioak ezin direla hamabi hilabetetik gorakoak izan. Horrez gain, “aldi horretan bi behin-behineko kontratu edo gehiago egiteak hamabi hilabeteko iraupena gainditzen badu (Auzitegi Gorenaren 2004ko apirilaren 21eko epaia), edo enpresarekiko lan-harremana luzatzean epe hori gainditzen bada, aldi baterako kontratuaz bestelako behin-behineko beste modalitate baten bidez, eta horren arrazoia ez bada benetakotzat jotzen, aipatutako Langileen Estatutuaren aginduari iruzur egin ahal izan zaiola ulertuko da, iraupenaren muga saihestu nahi izan delako”.
• Gainera, 633 gutun bidali zitzaizkien enpresei, Tresnaren arabera guztira 1.358 kontratutan antzeman baitziren ustezko irregulartasunak legezko gehieneko iraupenak gainditzen zirelako kontratuak kateatzean (obra-kontratuak, aldi baterako kontratuak eta behin-behineko kontratuak barne). Hala, enpresei dei egin zitzaien, kontratu horiek kontratu finko bihurtzeko.
• Eta, azkenik, hirugarren modalitatean, 2.171 enpresari gutun bana bidali zitzaien, 7.367 kontratu ustez irregularrekin lotuta, enpresa berean aldi baterako gutxienez bi kontratu dituzten edo enpresarekiko lotura altua duten langileak daudela antzeman zelako. Lotura altu hori zehazteko, enpresan 24 hilabeteko epean edo luzaroagoan denboraren % 65 gutxienez egon izana zenbatzen da.
Enpresei bidalitako gutunak informazioa emateko baino ez dira. Ikuskaritzak gutun bidez jakinarazten dizkie enpresei iruzurra eragin dezaketen kontratuak. Halaber, aukera ematen diete kontratu horiek erregularizatzeko, hilabeteko epean, kontratuok mugagabe bihurtuz. Hilabetea gainditutakoan, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnak berariaz zenbatuko ditu erregularizatutako kontratuak, eta enpresek beren borondatez kontratu mugagabe bihurtu ez dituzten kasuetan, kontratazioko iruzurraren kontrako kanpaina diseinatuko da, 2022ko urtarrilean hasteko. Kanpaina hasitakoan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskariek ikuskaritza-jarduerak egingo dituzte, eta, une horretan, enpresak funtzionario jarduleei azaldu ahal izango diete zergatik ez dituzten bihurtu kontratuak mugagabe. Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ikuskari edo ikuskariorde jarduleak uste badu gutunen fasean borondatez eraldatu ez diren kontratuak lege-iruzurrean daudela, dagokion eraldaketa-errekerimendua egingo du ezarritako epean, eta enpresak ez badu eraldatu nahi, arau-haustearen akta egin ahal izango da.
Genero-berdintasunaren gaineko kanpainak
Kontratazioaren alorreko talka-plan horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritza genero-berdintasunaren arloan garatzen ari den kanpainak nabarmendu behar dira. Bereziki, honako kanpaina hauek:
• 100 langiletik gorako enpresetako berdintasun-planak kontrolatzeko kanpainak.
(2022ko martxoaren 8an, kanpaina hori abiaraziko da 50 langiletik gorako enpresetan).
• Ordainsari-desberdintasunen edo soldata-arrakalaren kanpaina.
• Segurtasun eta osasunaren arloko kanpainak, genero-ikuspegiarekin.
• Jazarpen-protokoloen kanpaina.
Kanpaina horiek gehiago hedatu eta ezagutzeko, Lan eta Enplegu Sailak ordainsarien desberdintasunei buruzko bi jardunaldi antolatu zituen. Urriaren 27ko jardunaldian ordainsari-desberdintasunak jorratu ziren negoziazio kolektiboaren arloan, eta azaroaren 24an Lan Ikuskaritzan.
Lan Ikuskaritzaren beste kanpaina batzuk
Gainera, Lan Ikuskaritzak etengabeko ikerketa-kanpainak egiten ditu lan-istripuei buruz. Izan ere, guardian dagoen laneko ikuskariak berehala egiten du ikerketa bat EAEn gertatzen diren istripu hilgarri guztiei buruz, eta txandaka edo zonaka ikertzen ditu istripu larri guztiak, bai eta istripu arinak ere, baldin eta ikuskaritza-burutzaren ustez ikertu beharrekoak badira, gertatu diren moduagatik edo inguruabarrengatik.