Estatuaren Administrazioarekiko finantza-harremanak

Printzipio orokorrak

Ekonomia Itunak 48. artikulua jasotzen du, II. kapituluan. Artikulu horrek arautzen du hauek izango direla Estatuaren eta EAEren arteko finantza-harremanetako printzipio orokorrak:

  • Euskadiko erakundeek autonomia izango dute zergen eta finantzen eremuetan.
  • Elkartasunari eutsiko zaio.
  • Aurrekontu-egonkortasunaren arloan Euskadiko erakundeak Estatuarekin koordinatuko dira eta berarekin lankidetzan arituko dira.
  • Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituen Estatuaren zamak direla-eta, Euskadik kontribuzioa egingo du.
  • Toki-erakundeen finantza-tutoretza. Euskadiko erakunde eskudunei dagokie.

Estatuari ordaindu beharreko kupoa. Kupoaren Bosturteko Legeak

Ekonomia Itunaren 49. artikuluak Autonomia Estatutuak bezalaxe definitzen du kupoa: Euskadik Estatuari egingo dion ekarpena kupo orokor bat izango da -lurralde historiko bakoitzaren ekarpenez osatua-, EAEk beregain hartzen ez dituen kargen ordaina emateko Estatuari.

52. artikuluan finkatzen da honako hauek direla Euskal Autonomia Erkidegoak bereganatu gabeko kargak: Autonomia Erkidegoak horiez baliatzeko benetan bereganatu ez dituen eskumenei dagozkienak.

53 eta 56 arteko artikuluetan diru-bilketa hobetzeko doikuntzak eta itundu gabeko sarreren konpentsazioak ezartzen dira, kupo likidoa zehaztea ahalbidetuko dutenak.

Bosturteko legeek aldi bakoitzean aplikatu beharreko metodologia onartu dute, eta lege horiek bere egin zituzten Ekonomia Itunak araututako oinarri orokorrak.

Metodologia horrek, lehenik, bosturteko bakoitzeko abiaburu-urteko kupoa kalkulatzen du, eta horien zenbatekoa eguneratzen du, eguneratze-indize bat aplikatuz. Itundutako zergengatiko diru-sarreren igoera adierazten du indize horrek, Estatuko Sarreren Aurrekontuetan adierazitakoak, kupoari dagokion ekitaldiaren eta abiaburu-urtearen arteko diferentziari erreparatuta.

1981eko Ekonomia Ituna onartu zenetik, honako Kupoa bost urterako zehazteko lege hauek onartu dira:

  • 43/1988 Legea, abenduaren 28koa, 1982-1986 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 44/1988 Legea, abenduaren 28koa, 1987-1991 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 7/1993 Legea, apirilaren 16koa, 1992-1996 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 37/1997 Legea, abuztuaren 4koa, 1997-2001 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 13/2002 Legea, maiatzaren 23koa, EAEko kupoa 2002-2006 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 29/2007 Legea, urriaren 25ekoa, EAEko kupoa 2007-2011 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 11/2017 Legea, abenduaren 28koa,  EAEko kupoa 2017-2021 bosturtekoan zehazteko metodologia onartzen duena.
  • 10/2023 Legea (leiho berri batean irekitzen da) (PDF, 259 KB), apirilaren 3koa, 2022-2026 bosturtekorako EAEko kupoa zehazteko metodologia onartzen duena.

Salbuespen gisa, legearen indarraldia behin amaiturik, 10/2023 Legeak jasotzen duen metodologia bere osoan aplikatuko da 2027tik aurrera, kupo likidoak eta konpentsazioak behin-behingoz zehazteko.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren aktak

Sakatu hemen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren aktak ikusteko

Azken aldaketako data: