Ezagutu ezazu Etxebizitzaren Arloa
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Gaietako Etxebizitza Sailburuordetzatik ahaleginak egiten ditugu herritarren ondoan egoteko etxebizitzari loturiko funtsezko egoera guztietan. Hala, arreta berezia eskaintzen diegu babes ofizialeko etxebizitzei, eta etxebizitza-politika eraginkorra bultzatzen dugu, herritarrei premiei erantzungo diena eta baliabide publikoak modu efizientean erabiliko dituena.
Etxebizitza-politika publikoaren misioa da herritarrei etxebizitza duin eta egoki bat lortzeko aukerak ematea, batez ere krisialdia dela-eta merkatu libreko etxebizitzarik erosi ezin dutenei. Horretarako, Jaurlaritzak alokairu bidezko etxebizitzen esleipena lehenesten du, epe ertainekoa zein luzekoa, indar eginez, bereziki, dagoneko eraikita dauden etxebizitzen alokairuan, eta, aldi berean, hiri-birgaitzea-, -berritzea eta -berroneratzea bultzatuz. Hori guztia lortzeko, modu koordinatuan eta adostuan dihardu etxebizitzaren sektoreko erakunde eta agenteekin.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ikuspegia da gizartearen premiei erantzungo dien etxebizitza-parke publiko bat eratzea, erabilera eta gozamenerako baldintza ezberdinak eskainiko dituena eta formatu bakoitzean dimentsio egokia izango duena; ildo horretan, dagoeneko eraikitako etxebizitzen epe ertainerako edo luzerako alokairua sustatzeko estrategiak abiaraziko ditu, etxebizitza-parkeak sortzeko eta kudeatzeko eredu-berriak ahalbidetuz, bat datozenak eskueran dauden baliabideekin eta tresna administratibo eta legezkoekin, modu berezian erantzun ahal izateko egoera ekonomikoa dela-eta larrialdi sozialeko egoeran dauden herritarrei.
Helburu horiek betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloak babes publikoko etxebizitzak sustatu eta bultzatzen ditu, prozesuaren hasieratik esku hartuz: sustapenak kalifikatzea; finantzaketan laguntzea; esleipen-prozedura arautzea, inpartzialtasunez jokatzen dela bermatzeko, eta, azkenik, etxebizitzak indarreko araudian ezarritako xederako direla egiaztatzea.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-arloak etengabe erreparatzen dio, organo estatistikoaren eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bidez, higiezinen merkatu aldakorrari, gure gizartearen etxebizitza-premiak aurreikusi eta etxebizitza-arloko baliabide publikoak modurik efizienteenean eta errentagarrienean erabiltzeko.
Arlo horretatik, bestalde, eraikuntza-elementuen kalitatea zaintzen eta erregulatzen da; izan ere, profesionalei eremu bat eskaintzen zaie eraikinen kalitatea kontrolatu ahal izateko, hobekuntzak bultzatzeko berrikuntzaren, efizientzia energetikoaren eta jasangarritasunaren ikuspuntutik.
Horretaz gainera, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dira: finantzaketa; laguntza teknikoa eta juridikoa EAEko eraikinetarako irispidea errazteko; efizientzia energetikoaren hobekuntza eta beharrezko diren birgaitzeak bultzatzea etxebizitzen bizigarritasuna ziurtatzeko.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitzen inguruan abian jarritako ekintza asko etxebizitza-arloaren mende dauden sozietate publikoek egiten dituzte: VISESA era ALOKABIDE. Sozietate publikoen antolaketa-egiturari esker, modu arinean eta dinamikoan erantzun ahal zaie gure gizartearen etxebizitza-eskakizunei.
Eremuaren antolaketa-egitura elkarren osagarri diren bi zuzendaritzatan banatzen da: Etxebizitza eta Plangintza eta Etxebizitzako Prozesu Eragileak. Bi zuzendaritza horiek arduratzen dira Gobernuak gure lurraldeko ostatatze-premiei erantzuteko diseinaturiko etxebizitza-politika kudeatzeaz eta gauzatzeaz. Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzekin batera, etxebizitzei buruzko politika publikoaren ideiak eta gidalerroak bultzatzeaz arduratzen dira, gure gizarteari zuzenean eragiten dioten ekintzak gauzatuz.