Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskal Estatistika Erakundea

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak (1979) ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du haren helburuetarako estatistikak egiteko.

Eusko Legebiltzarrak, 1986ko apirilean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea onartu zuen, autonomia erkidegoko jarduera estatistikoa egituratzeko eta antolatzeko, eta EUSTAT -Estatistikaren Euskal Institutua sortu zuen administrazio-izaerako erakunde autonomo gisa.

Lege horren arabera, estatistika-eragiketen planifikazio eta programazioaren marko orokorra ezartzen da, garatzeko behar duen antolamendua zehazten du eta informazioa emateko betebeharra arautzen du, baita informatzaileek beraiek emandako datuen estatistika-sekretua ere.

Estatistika-plan eta programak­

Une bakoitzean egin behar diren estatistika-eragiketak estatistika-planen bidez ezartzen dira, eta plan horiek lege mailaz onartu behar ditu Eusko Legebiltzarrak.­ Plan horiek ezartzen dute zenbat estatistika-eragiketa egingo dituen Euskal Estatistika Antolakundeak lau urteko epe batean, bai eta eragiketa horiek zein erakundek egingo dituen ere.

Estatistika-plan horiek Eusko Jaurlaritzak urtero onartzen dituen Urteko estatistika-egitarauen bidez gauzatzen dira. Egitarau horietan, besteak beste, estatistika-eragiketa bakoitza nolakoa den zehazten da: helburuak, periodikotasuna, informatzaileak, erakunde arduraduna, emaitzen argitaratze-data, kostuak faseka, etab.

Onartutako azken plana 2023-2026koa da. 10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena 258 estatistika-eragiketa egitea aurreikusten du. Eustat estatistika-eragiketen 134 arduraduna da, eta sailek banaketa hau dute:

  • Garapen ekonomikoa, jasangarritasuna eta ingurumena: 32 eragiketa
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 16 eragiketa
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: 15 eragiketa
  • Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: 13 eragiketa.
  • Osasuna: 11 eragiketa.
  • Gobernantza publikoa eta autogobernua: 10 eragiketa
  • Turismoa, merkataritza eta kontsumoa: 10 estatistika-eragiketa.
  • Lana eta enplegua: 9 eragiketa
  • Ekonomia eta Ogasuna: 4 eragiketa.
  • Segurtasuna: 4 eragiketa.

Estatistika-kopuruak, plan guztien arabera, joera hau izan du: 1989-1992 aldian, 111 eragiketa egin ziren; 1993-1996 aldian, 119; 1997-2000 aldian, 133; 2001-2004 aldian, 181; 2005-2008 aldian, 180; 2010-2012 aldian 226 eragiketa; 2014-2017 aldian 234 eragiketa; 2019-2022 aldian 229 eragiketa; eta, orain indarrean dagoen 2023-2026 planean, 258. Beraz, gora egiten dute eraginkortasun eta efizientzia mailek euskal estatistika-sisteman.

2023-2026 Euskal Estatistika Planeko eragiketa estatistikoak 22 arlotan sailkatzen dira. Kostu handiena duena “Azpiegitura estatistikoa” da; guztira 16 eragiketa biltzen ditu, kostu osoaren %13,65 hartzen dutenak. “Demografia eta gizarte-ohiturak” atalak 34 eragiketa biltzen ditu, kostu osoaren %12,85 hartzen dutenak. Hirugarrenik, “Kontu ekonomikoak” 30 eragiketarekin eta guztizkoaren %11,75eko kostuarekin agertzen da.

Antolaketa

Erakunde hauek osatzen dute Euskal Estatistika Antolakundea:

  • Eustat
  • Horretarako sortuko diren estatistika-organo espezifikoak
  • Euskal Estatistika Batzordea: estatistikak egiteaz arduratzen diren administrazio-erakunde guztiek dituzte ordezkariak aholku-organo honetan.
  • Euskal Estatistika Kontseilua: estatistiken produzitzaileak eta erabiltzaileak biltzen dira aholku-organo honetan; eta, herri-administrazioez gain, beste hainbat erakundek hartzen dute parte, hala nola, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, enpresaburu-elkarteak, sindikatu-elkarteak, autonomia erkidegoko unibertsitateak, merkataritza-ganberak, kontsumitzaile-elkarteak, eta estatistika-gaietako zenbait aditu.

Eustat, estatistika-infomazioaren produzitzailea izateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundearen organo planifikatzailea eta koordinatzailea da. Estatistika-planetan eta urteko estatistika-egitarauetan sartutako estatistika-eragiketei dagokienez, besteak beste, eginkizun hauek ditu:

  • Estatistika-jarduera zuzentzea eta koordinatzea.
  • Estatistika-eragiketa bakoitzaren egitasmo teknikoa onartzea, alde batera utzita horretaz zein erakunde arduratuko den.
  • Planetan eta egitarauetan espresuki egozten zaizkion estatistikak lantzea.
  • Estatistika-emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.
  • Estatistika-gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza ofiziala, bai Estatu mailan zein nazioarte mailan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoaren estatistikako datu-bankuaren oinarriak ezartzea, eta banku hori abian jartzea eta iraunaraztea.
  • Biztanleriari, ekonomiari eta gizarteari buruzko estatistika-sistema bateratuak (lurralde-maila guztietakoak) lantzea eta iraunaraztea.
  • Euskal Estatistika Antolakundearen estatistika-jarduera harmonizatzea, bateratzea eta koordinatzea.

Estatistika-organo espezifikoak estatistika-organo ekoizleak dira eta eginkizun hauek bete behar dituzte:

  • Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarrirako baliagarria izango dena.
  • Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan jardutea, Euskal Estatistika Plana eta Urteko Estatistika Programak egitean.
  • Urteko Estatistika Programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, bertan zehazten den eran.
  • Estatistika propioak egitea, zehazki, Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programetan ez daudenak, 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.
  • Aurreko artikuluetatik datozen estatistika-funtzioen ondorioz, beste erakunde batzuekin hartu-emanak izatea; betiere, 4/1986 Legeko 29. artikuluaren c) eta d) idatzi-zatietan ezarritakoaren arabera.
  • Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, 4/1986 Legeko 9. etik 16.era bitarteko artikuluetan adierazitako zehaztapenekin bat etorriaz.
  • Urteko Estatistika Programetan ez dauden estatistika propioen emaitzak argitaratzea, baita Urteko Estatistika Programetan zehazten diren estatistikena ere; betiere, aldez aurretik horien edukia Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazita eta zabalduta.
  • Haren eremu sektorialean, estatistikako fitxategi direktorioak prestatzen eta eguneratzen parte hartzea; betiere, 4/1986 Legeko 2.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Azken aldaketako data: