82. Eskola publikoak, La Unión plaza eta bunker-bebeslekua (Gernika-Lumo)
6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO
Gernika eta Lumoren arteko batasuna ospatuz
1882an, Gernikako hiribilduaren eta Lumo elizatearen elkartze behartua gertatu zen. Gauza bera gertatu zen, adibidez, Bilboren eta Abandoren artean. XIX. mendearen amaierako legediak horrelako anexioak bultzatzen zituen, hiri-hazkunderako lur berrien beharrak justifikatzen baitzuen. Elkartze hori gogorarazteko, Lumoko biztanleen aurkakotasuna piztu zuen arren, Gernikako Udalak plaza berri bat eraiki zuen bi biztanle-entitateen artean, eta Batasunaren plaza deitu zion.
Bertan, 1883an, mutilentzako eskola eta, 1927an, neskena prestatu ziren. Hala, XX. mendean leku berean bateratu ziren, nahiz eta oraindik bananduta egon, bi sexuentzako irakaskuntza publikoko zentroak.
Antzinako Erregimenean, “lehen letren” irakaskuntza modu informalean edo, hobeto esanda, planifikatu gabe egiten zen. Haurtzarotik hezkuntza ematearen onurei buruzko nozioa bazegoen ere, eta kargu publikoei, baita tokikoei ere, alfabetatuta egotea eskatzen bazitzaien ere, lan hori ekimen partikularreko erakundeen (ondoren babes publikoa jaso zezaketenak), parrokietako elizgizonen (prestakuntza hori igandeko katekesian sartzen zen) eta etxeko esparruaren artean banatzen zen.
1857ko Moyano Legearekin, Estatuak irakaskuntza arautu eta onura publiko gisa bere gain hartzea erabaki zuen. Araudi horrek probintzia bakoitzean egon behar zen eskola kopurua jasotzen zuen, biztanle kopurua kontuan hartuta. 1860an Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan defizita bazegoen ere, XIX. mendearen amaierarako egoera hori zuzendu egin zen.
Bestalde, plaza horretan haur-hezkuntzako bi zentro zeudenez, Gerra Zibilean (1936-1939) babesleku antiaereo bat egin zen plazaren atzeko horman, zeina lur naturalean zulatu zen. Instalazio hori bisitatu daiteke gaur egun.
Eraikuntza- eta estetika-ezaugarriak
50 bat metroko aldea duen plaza karratu bat da. Mendi-mazela hustu egin zen, eta, beraz, eskailera monumental bat egin zen, goiko kotan dagoen kaletik dagoen altuera gainditzeko. Eraikin post-neoklasiko monumentala, izatez data ezberdinetan eraikitako bi gorputzez osatua, estalitako galeria bat osatzen duten erdi-puntuko 27 arkuren gainean altxatzen da.
Mutilen eraikinak, iparraldean, gorputz nagusi bat du, leiho zuzenak ditu, eta, horien artean, udal-armarria. Gainean, triangelu-formako frontoi bat du, eta, bertan, bao obalatu bat irekitzen da. Alboetako gorputzak simetrikoki daude antolatuta erdiko ardatzarekiko, eta zirkuluerdiko arkuko leihateak dituzte.
Nesken eraikinak, 1927koak, aurrekoaren diseinua imitatzen du, baita bao moten banaketa ere, frontoia baxuagoa den arren, eta, okulu obalatu baten ordez, bao zirkular itsu bat du, non eraikitze-urtea adierazita dagoen.
Bi kasuetan, frontoiaren azpiko frisoak eraikinen funtzioa adierazten du: “Eskola publikoak”.