Zumaia-Azpeitia-Azkoitia
Zumaia: San Pedroren eliza
Zumaiatik abiatuta, Urola Kostaldean zehar doa Gipuzkoako bigarren ibilbidea. Izan ere, Gipuzkoa osoan Zumaiako eliza da Juan de Anchieta eskultorearen lan oso eta dokumentatu bakarra biltzen duena. Ospe handiko eskultore euskaldun honek jakin zuen bai punta-puntako korronte artistikoak bereganatzen, eta garaiko artistarik onenak izan zituen lagun. Erromaniko estiloko erretaula hau 1574tik eta 1577ra bitartean egin zuen. Geroagokoa da, ordea, lanak aurkezten duen polikromia, eta egilea kolore-aniztasun horretaz baliatzen da, hain zuzen, irudigintzak dituen baliabide plastikoak ageri-agerian jartzeko. Azpimarratzekoak dira pintzel-puntaz egindako eszena piktoriko txikiak, erretaularen oinean, lehenengo gorputzaren oinoholean eta San Pedroren irudia gordetzen duen kutxan ikusgai ditugunak. Eliza honetan bertan San Antonen erretaula ere ikustea izango dugu. Gotikotik Berpizkunderako bitartekoaren ispilu hartu izan da hau, baina, horrez gain, Euskal Herri osoan aurkitu daitekeen triptiko tipologiarik osoena jotzeko arrazoirik ere bada: batetik eskultura eta pintura bateratzen dituelako, eta bestetik, erretaularen ateetan ageri diren margoek tipologia horren adierazpenik baliotsuena osatzen dutelako.
Azpeitia: Loiolako Basilika
Azpeitian Loiolako santutegia erretaula nagusiaz gozatzeko parada izango dugu. Estilo barRokoko (txurrigereskoa eta Rokokoa) erretaula dugu. Izaera berezikoa da, dela erabilitako materialengatik, besteak beste, marmola, jaspea, alabastroa, dela diseinuarengatik, izan ere, Ignacio de Iberok eginiko trazarik onenen artean sartzen da. Aipagarri dira ere altzariaren hornidura dotorea eta eskulangintzari dagokion alorra, batez ere, zilarrez eginiko Loiolako San Inazioren irudia. Erretaula horrez gain, Loiolako etxeko kaperaren otoiztegi zaharrean, XVI. mendeko hastapenetako erretaula txiki bat dago ikusgai, hain zuzen ere, gotikoaren azken garaiko adierazgarri nagusietakoa dena Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez. Bada, erretaula horretan Jasokundearen ohola da aipagarri; batetik, antzin-antzinakoa delako, eta bestetik jatorri flamenkoa duelako.
Azkoitia: Klarisen komentua
Santa Klarari eginiko erretaula nagusia Rokoko estilo berriarekin bat etorriz egin zen lehenengotarikoa dugu. Hori dela eta erretaula hau Euskal Herrian izan den oskoldun erretaularen eredu goiztiar jo izan da. Arkitektura aldetik ere lanak badu interesik, batez ere, diseinua Ignacio de Ibero arkitektoari zor zaiola kontuan hartuta. Erretaula 1740 eta 1742 bitarte horretan egindakoa da, eta ordukoa da baita ere irudien polikromia. Erretaularen arkitekturazko egiturak, aldiz, geroagoko polikromia eta urreztatze lana agertzen ditu.