Bergara-Oñati
Bergara: Oxirondoko Santa Marina
Bergaran, Deba Goienean, hasten da Gipuzkoako lehenengo ibilbidea. Bertan dago Oxirondoko Santa Marina, Euskal Herriko Rokoko garaiko erretaulagintzaren adierazgarri. Lan honen egile dugu Miguel de Irazusta maisua. Gortean ikasitakoa, Europan gailentzen ziren estiloetan iaioa izan zen trazagile gipuzkoar bikain hau.
Oñati: San Migelen parrokia, Unibertsitateko kapera, Bidaurretako komentua
Ezaguna da Oñatik bere baitan biltzen duen arte- eta eskultura-oparotasuna. Hain zuzen ere, herri honetan aurkituko ditugu Berpizkunde eta Barroko garaietako lau eredu ikusgarri. Horietan zaharrena dugu San Migel parrokiako Errukizko Amaren erretaula, bere kalitate artistiko bikainari nahiz duen handitasunari esker Berpizkunde garaiko eredu bihurtu dena. Erretaula horretan aipagarria da irudiek duten estofatuaren aberastasuna. Bestalde, parrokia berean erretaula nagusia ere ikusteko aukera izango dugu, Juan Bautista de Suso arkitekto maisuaren diseinuz egindako lan txurrigereskoa (barrokoa, XVIII. mendekoa). Ondoren, Oñatiko Unibertsitatera joko dugu, Sancti Spiritus kaperako erretaula mirestera. Bere formazko ezaugarriak direla eta Euskal Herriko Lehen BarRokoko eredu jo izan bada ere, manierismo estilorako aldaera sumarazten duten ezaugarriak ere baditu: horren adierazgarri dira, batez ere, dituen hornigaiak eta kolore-aniztasuna. Lana Pierres Picart-i aitortzen zaio.
Azkenik, Bidaurretako komentuaren erretaula nagusiari gagozkiola, esan beharra dago euskal erretaulagintzak eman duen arkitekturazko diseinurik onenetarikoa duela horrek, eta dinamismoz eta efektuz jositako eszenografia. Horiek dira, hain zuzen ere, lan hau Gipuzkoan 1715 eta 1753 bitartean egin zen erretaula barrokoaren (Rokokoaren) eredu ezin hobea bihurtzen dutena.