Artziniega-Kexaa-Urduña
Artziniega: Arteako Andra Maria
Ibilbide honetan Aiarako bailara eta Urduñako hiria ezagutu ahal izango ditugu. Artziniegaraino joango gara, Aiarako bailaran barrena, Arteako santutegia ezagutzeko. Santutegi horrek hainbat artelan eder du ikusgai, baina aipagarrietan aipagarri, Erretaula nagusia du. Bada, XVI. mendeko erretaula hori bere aintzinatasuna dela-eta da ezagun, izan ere, laukirik lauki eraturiko egituren artean, berau da lehenengoetarikoa geure Erkidegoari dagokionez, eta Lekeitiokoaren ostean, liturgia?altzariz eraturiko aurrenetariko egitura osoetako aurrenetakoa eta adierazgarrienetakoa. Historian hainbat esku-hartze jasan behar izan baditu ere, hein handi batean eusten dio bere jatorrizko polikromiari. Beraz, margozko osagarri horiek egoki gertatzen dira altzariaren eskultura eta egitura nabarmentzeko. Horregatik, eskultura, erliebe lan eta polikromia garaikidea izateak, lekukotasun estetiko handiko multzo bilakatzen du erretaula.
Handik kilometro gutxira, ostera, Kexaako monumentu-multzo ederra dago, Aiarako bailararen erdigune historiko eta, aldi berean, izen bereko leinuaren orube.
Urduña: Santa Maria eliza, Antiguako Andra Mariaren santutegia
Urduñan Santa Mariako elizan hasiko dugu bisita, hortxe baitago, Olasotarren hil?kaperan, hain zuzen, San Pedroren erretaula. XVI. mendeko lehen laurdenekoa da (1500-1510) eta estilo gotikoa eta hispanoflandestarra nahasten ditu. Egile ezezagunarena da. Erretaula horretan osagai gotiko nabarmenak ikus ditzakegu, hala nola, hornigaietan: berpizkunde-izaerako ezaugarriak, bai egiturari dagokionez bai eskulturen estilo- eta konposizio-ezaugarriei dagokienez. Halaber, erretaula hori eredu da lanaren esparru guztietan: egituran, eskulturan eta margoan.
Gero, Antiguako Andra Mariaren santutegira joango gara eta bertako erretaula nagusia ikusteko aukera izango dugu. Erretaula neoklasikoa da, Esteban Alegriak eginikoa 1804 eta 1805 bitartean. Sorkuntza neoklasiko landuenari jarraituz, ezin hobeto egokitzen da Alejo de Mirandak diseinaturiko presbiteriora. Bertako irudi nagusia Andra Mari gotiko bat da, XIV. mendekoa, lau kerubinen artean ageri dena. Bizkaiko neoklasizismoaren lanik aipagarrienetakoa da, hala edukiaren aberastasunaren aldetik, nola trazaren, atikoko estiloaren eta tenpluko arkitekturaren osotasun ezin hobearen aldetik.