Lehendakaritza

"Erreglamendu teknikoak" lerrokada

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) letrarekin bat etorriz, Europako Gaietarako Zuzendaritzari dagokio «Jaurlaritzak Europar Batasunaren araudia eta politikak egitean eta aplikatzean esku hartzeko koordinazio-neurriak bideratzea eta garatzea».

Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 98/34/EE zuzentarauak, 1998ko ekainaren 22an onetsitakoak, arau eta erregelamendu teknikoen arloan informazioa emateko prozedura ezartzen duenak (EBAO, L L zk. 204, 1998.07.21), nazioko erregelamendu tekniko ezberdinetatik erator daitezkeen merkantzien zirkulazio askerako oztopoak baliogabetzea edo murriztea du helburu. Horretarako, nazioko ekimenen gardentasuna bultzatzen du Batzordeari, Europako normalizazio-erakundeei eta gainerako estatu kideei dagokienez.

Zuzentarau horren arabera, estatu kide bakoitzeko administrazioek jakinaraziko dizkiote arau teknikoen proiektu guztiak eta ondoren izan ditzaketen aldaketak edota horiek justifikatzen dituzten arrazoiak, eta, hala badagokio, arau-proiektuaren ondorioz ukitutako oinarrizko lege-erregelamenduko xedapen-testua ere bai.

Batzordeak, ondoren, estatu kideen gainerako administrazioei emango die jakinarazitako proiektuaren berri. Hiru hilabeteko epea izango da horren berri emateko, jakinarazpena egiten denetik aurrera.

Batzordearen eta estatu kideen zehaztapenak, ahal den heinean, kontuan hartuko dira arau teknikoaren behin betiko testuan.

Jakinarazteko prozesu horretan, Europako Gaietarako Zuzendaritzak ziurtatzen du EAEn ezarri beharreko arau-proiektuak (98/34/EE Zuzentarauaren barruan daudenak) Europar Batzordeari Estatuko Zuzentarauaren harreman puntu nagusiaren bidez igortzen zaizkiola. Zehazki, Kanpo Politika eta Lankidetza Ministerioko EBko Politika Bateratuen eta Gai Orokorren Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio.

Azken aldaketako data: 2015/11/16