Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

34. Entziako multzo megalitikoa (ENTZIAKO PARTZUERGOA)

4. ETAPA: ARAIA • ALDA

Legaire goi-lautada karstikoa da, eta zelai berdez osatutako paisaia aparta eta ikusgarria du. Antzina-antzinatik Entziako Partzuergo Orokorrak kudeatzen du, eta Urbasa mendilerroaren mendebaldeko muturrean hedatzen da, Arabako Lurralde Historikoan. Gaur egun, Agurain, Donemiliaga, Asparrena eta Zalduondo udalerriek osatzen dute mankomunitate hori, bai eta Entzia-Arriba Partzuergoa osatzen duten sei kontzejuek ere: Done Bikendi Harana, Kontrasta, Alda, Uribarri Harana, Onraita eta Roitegi. Termino hori, "Partzuergoa", bi eratara erabiltzen da: partekatutako lurralde bati buruz hitz egiteko eta bertako herriek osatzen duten komunitateari buruz hitz egiteko.

Historiaurretik dokumentatuta dago ehiztari-biltzaile nomadak ingurune horretan ibili zirela, urtaroen arabera baliabide naturalak aprobetxatuz. Ondoren, hainbat giza-taldek eremu hori ustiatzen jarraitu dute urtaroen arabera, eta beraz, ez da harritzekoa zenbat testigantza aurki diren bertan. Artzainen komunitatek duela 5.500 urte inguru hasi ziren inguru hori ustiatzen, hau da, Eneolitoan, eta gero Brontze eta Burdin Aroan jarraitu zuten, gaur egun arte.

1919an lehen megalitoa identifikatu zutenetik, gaur egun, mendi-eremu honetan 3 trikuharri, 70 tumulu, 1 harrespil, 14 menhir eta bestelako lekukoak ezagutzen dira eta, horregatik, Arabako Foru Aldundiak Legaireko Parke Megalitikoa izena jarri dio.

Multzo horren barruan, Akarteko menhirra eta Mendiluzeko harrespila, duten handitasunagatik nabarmentzen dira. Biak Burdin Aroari atxikita daude, eta orain dela 3.000 urte eraiki ziren. Akarteko menhirra bertako kareharriz egindako lauza batean zizelkatutako monolito bikaina da, eta 1919an bi piezatan zatituta aurkitu ondoren, 100 urte geroago jatorrizko lekuan jarri dute berriro. 3 metro baino gehiagoko altuera eta batez beste 2 metro baino gehiagoko zabalera du, eta paisaian nabarmen agertzen da. Ezin da ziur esan hileta-funtzioa izan ote zuen, eta haren esanahia zalantzazkoa da; gertaera bat oroitzeko ezarri zen agian.

Mendiluzeko harrespila 1981ean aurkitu zuten, eta 1987an arkeologikok induskatu ondoren, zaharberritua izan zen. 10 metro inguruko diametroko zirkulu bat da, gutxi gorabehera 80 harrizko lekukok mugatzen dutena. Horietako 4, tamaina handikoak, ia puntu kardinaletan kokaturik daude. Erdian harrizko egitura txiki bat aurkitu zuten, pertsona baten hezur kiskalien hondakinak gordetzen zituena.

Harrespila aurkitu zutenean osagai guztiak etzanda zeuden. Zaharberritze arkeologikoa egin eta beren lekuan jarri zitutztenean, egiaztatu zuten bloke handienak ekialde-mendebalde ardatzean kokaturik zeudela, udako solstizioaren ilunabarraren norabidean. Beraz, eraiki zutenek bazituzten ezagutza astronomikoak, solstizioa ezagutzen baitzuten.

Partekatu

Azken aldaketako data: