21. Elorrola Goitia korta (OŅATI)
2. ETAPA: ZUMARRAGA • ARANTZAZU
Korta: abeltzaintza- eta baso-erabilera zaharren lekuko
Korta edo saroi bat zer den ulertzeko, bi ikuspegitatik heldu behar zaio kontzeptuari: bata juridikoa da eta bestea fisikoa. Lehenik eta behin, esan dezakegu eremu mugatua dela, araudi berezia duena. Herri-eremu edo erabilera publikoko eremuetan ezarri ziren, baina erabilera pribatiboak zituzten: lursail berezi horietan, jabeak, errentatzaileak edo lursail horretan gozamen-motaren bat zuen erakunde edo pertsonak besteek ez zituzten eskubide batzuk zituen. Ezaugarri fisikoei dagokienez, ziurrenik pixkanaka garatu ziren, beharrak hobeto asetzeko moldatuz.
Ikerketa berrien emaitzak laburbilduz,1100. urtearen inguruan, Euskadin larreen erabilera ez zen librea, eta herrixka edo jurisdikzio jakin batekoa ez zenak ezin zuen ganadua gauez bertan gorde, eguzkia sartzean jatorrizko etxe edo saroietara itzuli behar baitzuen. Beraz, bertakoek bazuten kanpokoen aldean abantaila bat. Kortak, aldiz, arau horren salbuespen gisa eratu ziren: kortak erabiltzeko eskubidea zutenek, bertakoak ez izan arren, gauez ere animaliak han gordetzeko eskubidea zuten.
Denborarekin, Behe Erdi Arotik aurrera, korten funtzioa eta erabilera aldatuz joan zen. Sarritan abeltzaintza baso-erabilerarekin konbinatu zen. Beste batzuetan baserriak eraiki eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak modu egonkorrean egiten ziren bertan. Pixkanaka lursail huts bihurtu dira, eta forma izan ezik ez dute aparteko berezitasunik.
Jakina da Erdi Aroaren amaieratik aurrera kortak erdian jarritako harri batetik sortzen zirela, austarria zeritzona. Izen hori, antza, harriaren azpian errautsak edota teila zati bat ehorzteko erritotik dator, biak etxearen sinbolo baitira. Ardatz hori hartuta, zirkunferentzia bat marrazten zen, lursailaren pribilegioak indarrean zeuden eremua markatuz. Kanpoko muga austarriaren antzeko harriekin ixten zen (batzuetan sinpleagoak) edota inguruko zuhaitzak markatuz. Kortaren diametroa ez zen ausazkoa: neurri estandarizatuak zituzten, eremu geografikoaren eta uda edo negurako izatearen arabera aldatzen ziren.
Elorrola Goitia korta
Elorrola Goitia korta 1439an aipatzen da lehen aldiz. Urte batzuk geroago, 1496an, Arabako Barriako Andre Mariaren monasterioak Urbian eta Urkilla mendilerroan zituen 5 korten artean ageri da. Oñatiko monasterioak eta kontzejuak eztabaida handiak izan zituzten Oñatiko Urbia eta Artiako larreen aprobetxamendua zela eta. Arabako zenobioa korten jabe zenez, mendi horietara joan zitekeen, eta bertan larratzen zen ganadua hango kortetan gordetzen zen.
Gaur egun, kortan (330 x 290 m inguruko hedadura du) inguruko hosto erorkorreko landareen ordez koniferoak hazten dira. Erdian hareharrizko mugarri prismatiko bat aurkitzen da, goialdean angelu zuzenean gurutzatzen diren bi lerro dituena eta elkargunean zulo bat (lurzatiaren neurketarekin lotutako elementuak). Perimetroko harri batzuk ere kontserbatu dira (ekialdean eta mendebaldean). Gaur egun Urbiarratetik iristen da bertara, Urbiako belardietara iritsi aurretik, eskuinera, beherantz, desbideratze bat hartuz.
Azken aldaketako data: