Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

41. Elorriaga herrixka (Deba)

3. ETAPA: ZARAUTZ • DEBA

Erdi Aroko herrixka txiki bat

Elorriaga Itziarko herrixka txiki bat da, Debako udalerrian. Herrixkaren erdigunean San Sebastian baseliza dago, baserriz inguratuta, gertuago edo urrunago, eta belardiak eta lur landuak ere baditu. Erdi Aroko kutsu handiko multzoa da. Hain zuzen ere, Elorriaga herrixka lehen aldiz aipatzen da Zumaia eta Deba hiribilduek beren mugak finkatzeko sinatu zuten elkartasun-itunean. Jatorrian, bere parrokia propioa zuen herrixka zen, biztanleen benetako gune espiritual eta politikoa. Izan ere, bere koruaren azpian, antzinako bataiarri bat aurkitu zen, tenplu honek iraganean zuen parrokia-izaera berresten duena. XIII. mendean zehar, San Sebastian elizak bere parrokia-maila galdu zuen eta herrixka Itziarko parrokiara batu zen, aipatu mendearen amaieran hiribildu mailara iritsi zena.

Pagoetagañako muino leunaren tontorraren gainean dagoen Elorriagako elizatik itsasoa ikusten da. Izan ere, iragan mendeetan, inguruetako marinelek elizarekiko debozio handia sentitzen zuten. Gertaera hau, beharbada, bere barnean gurtzen zen Ama Birjinaren irudi gotiko ederraren jatorriaren inguruko elezaharragatik izan zen. Esaten denez, irudia itsasoan aurkitu zuten, eta, jatorrian, itsasontziren baten brankako irudia zen. Oso irudi maitatua da, eta herriak “Joxepatxo” izenez ezagutzen du.

San Sebastian baseliza

Elorriagako Andra Mariren taila gotiko handia, 85 zentimetroko altuera duena, tenplu honetatik datorren elementu historiko-artistiko nabarmenena da, ziurrenik. Dena dela, gaur egun ez dago Elorriagan, Itziarko elizara eraman zutenetik. Gaur egun, tenplu honetan dauden irudi bakarrak dira, San Sebastian santu titularraren irudi bat, Debako patroiaren San Rokeren tailu txiki batekin batera. San Sebastianekiko debozioa mantentzen jarraitzen da, eta horrela, patroiaren egunean meza ospatzen da, eta ondoren erromeria.

San Sebastian eliza eraikin txikia da, oinplano angelu-zuzenekoa, bi isurkiko teilatua eta sakristia atxikia dituena. Herrixkaren Erki Aroko girotzean asko laguntzen du, fatxada nagusian bi leiho baititu, dobeladun portadaz gain, ojiba-arkuz eraikiak, gotiko estiloko kanonei jarraituz.

Partekatu

unesco