Elkarbizitza positiboa
Gizartean gertatzen diren aldaketak direla-eta, hezkuntza-sistema etengabe egokitu behar da. Ezagutzak helarazi baino askoz ere gehiago egin behar du XXI. mendeko hezkuntzak. Hain zuzen ere, belaunaldi berrien integrazio pertsonala, gizarteratzea eta laneratzea errazteko gaitasunak garatu behar ditu etengabe aldatzen den gizarte-testuinguru batean.
Guri dagokigunez, "elkarrekin bizitzen ikastea" da hezkuntza-sistemaren oinarrizko helburuetako bat. Izan ere, Hezkuntzasistemaren helburu nagusia herritar bakoitzari, norbanako aske eta gizarte osasuntsu eta moderno baten partaide gisa, osotasunezko eta gogobeteko bizitza lortzen lagunduko dioten baliabide pertsonalak, sozialak, kulturalak, emozionalak eta profesionalak ematea da, gure gizaki-duintasuna eta denok kabitzen garen eta partaide gaitun gizartea garatzeko balio eta irizpide etikoak dituzten baliabideak, alegia. Helburu horiek lortzeko baliabiderik lagungarrienetako bat gure ikasleengan elkarbizitzarako eta elkarbizitzarako gaitasuna garatzea da, giza-eskubideen defentsa sustatzeko balio etiko eta moral sakonetan oinarritua.
Ikasleak eskola uztean izan behar duen profil orokorra Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen 236/2015 Dekretuan (2016/01/15eko EHAA) finkatuta dago. Bertan zehazten da ikasleak zer gaitasun izan behar dituen Oinarrizko Hezkuntza Orokorra amaitzean, hezkuntzahelburuak lortu eta bizitzako esparru eta egora guztietan moldatzen jakin dezan. Gaitasun horien artean dago elkarbizitzarako gaitasuna, modu honetan zehaztuta: «Pertsonen arteko,taldeko eta komunitateko egoeretan elkarrekikotasunez parte hartzea, eta norberari aitortutako eskubideak eta betebeharrak besteri aitortzea, norberaren zein guztion ongirako».(7.2.c. artikulua)
Ikastetxeen erronka da hezkuntza-komunitateak bere egingo duen bizikidetza-eredu bat lantzea, balio demokratikoetan oinarritutakoa. Hezkuntza-komunitateak bizikidetza-eredu hori bere egingo badu, familiek, irakasleek eta ikasleek guztiek batera egin eta landu behar dute.
Oinarrizko gaitasun guztiekin lotuta dago "elkarrekin bizitzen ikastea". Gaitasun horien mami eta "elkarrekin bizitzen ikasteko" ezinbesteko ikaskuntza dira honako hauek: norberaren herritartasuna arduraz erabiltzea, ikastetxean eta gizarte-bizitzan inplikatzen ikastea, elkarrizketaren bidea ikastea, giza eskubideak errespetatzea, biktimekiko enpatia izatea, gatazkekiko jarrera positiboa izatea, gizarte-trebetasunak eta emozioen kontrola lantzea, ideiak proiektu bihurtu eta horiek burutzeko gai izatea, nork bere burua ezagutzea eta autoestimua lantzea, eta abar.
Sail honen nahia da gure erkidegoko ikastetxe guztiek elkarbizitza positiboa sustatu eta ikasleak balio etiko eta sozial sendoetan hezteko jarduerak adostu eta garatzea.
Ikuspuntu horretatik begiratuta, elkarbizitza-planak oso tresna baliagarriak dira ikastetxeek gaitasun horiekiko dituzten hezkuntza-helburuak berriz pentsatzeko, diseinatzeko eta bistaratzeko. Hori horrela, uste dugu guztiz beharrezkoa dela ikastetxe guztiek Elkarbizitza Plana izatea eta Bizikidetzaren Behatokia osatuta edukitzea.