36. Elizmendiko Andra Maria ermita (KONTRASTA, HARANA)
4. ETAPA: ARAIA • ALDA
Elizmendiko Andre Mariaren lehen aipamen dokumentalak
Kontrastako herrigunea Arabako Mendialdeko eskualdean dago, mendialdean, Arabako probintziaren ekialdeko muturrean, goi aldean, Nafarroako Amescoa harana mendean duela. Erdi Aroan gune kultural, ekonomiko eta politikoekiko isolatuta egon zela pentsa daiteke, baina badira ikuspegi horrekin bat ez datozen ebidentziak: hala nola leku horretan patronatu laikoko monasterio bat egotea, Elizmendiko Andre Maria monasterioa, eta Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunak XIII. mendean hiri-gutuna eman izana, herriak defentsa-gune estrategiko gisa bazuela garrantzia erakutsiz. Izan ere, pasabide babestu batean zegoen, Nafarroarekiko mugan, eta bertatik bailara bat kontrolatzen zen, Nafarroa, Gaztela edo Kantauri aldera zihoazen bideak hartzen zituena.
Elizmendiko Andre Mariaren ermita Kontrastako herrigune nagusiaren hegoaldean dago, harresiz kanpo eta muino baten gainean. Dokumentu-aipamen zaharrena 1203. urtekoa da, eta Antsa Pedriz Uztuniga andreak Iratxeko monasterioari egindako dohaintza da: monasterioak zituen hiru zatiak eta beste etxe, orube eta lursail batzuk eman zizkion. Horrek adierazten digu XIII. mendearen hasierarako han bazela monasterio bat, baina ez dakigu noiztik.
Antzinatasun ezezaguneko ermita
Jatorrian tenplu erromanikoa izan zen, baina gaur egun absidea baino ez da kontserbatzen, eraikinaren gainerakoa ondorengo garaietan berreraiki baitzen. Oinplano angeluzuzenekoa da, eta zirkuluerdi-formako abside txikia du eta sakristia bat iparraldeko isurialdean atxikita . Barrualdean, nabearen estalkia laua da; burualdean, berriz, labe-ganga du, eta garaipen-arku batetik sartzen da bertara. XVIII. mendeko erretaula barrokoa du, erdian XVI. mendeko Ama Birjinaren tailu bat duela.
Tenplu berezia da; izan ere, hainbat galdera sortzen dituzten elementuak ditu, eta horien ondorioz hainbat hipotesi egin daitezke antzinatasunari buruz. Batzuek XI. mendearen amaieran kokatzen dute eraikinaren sorrera. Alde batetik, II. mendeko hileta-harlauza erromatarrak ditu hormetan betegarri gisa: ez dakigu hasierako garaian jarri ziren edo geroago, izan ere, absidean eta Erdi Aro ondoren eraiki zen nabearen hormetan txertatuta daude. Dekorazio-motiboak dituzte, hala nola mahatsondoa eta mahats-mordoak (Arabako ekialdean ohikoak diren apaingarri erromatarrak) eta disko erradiatuak eta irudi antropomorforen bat.
Absidearen egitura-eraketa da elementu ezezagun nagusia: haren neurri eta altuera txikiak primitibismo eta sinpletasun funtzional batekin lotzen dira. Bestalde, harlanduzko fabrika handia eta erregularra du eta ez du garrantzia emateko elementu eskultoriko eta arkitektonikorik. Erdian gezileiho ñimiño bat zuen, baina ezkutatuta geratu da, itsutu egin baitzuten. Leiho bat du, geroago eskuineko aldean ireki zena. Kanpoaldean 10 hagaburutxo prerromanikoren sekuentzia bat ageri da, biribilki-modiloiz osatua; bolumen handikoak direnez absidearen proportzioekin alderatuta, antzinatasunaren teoria indartzen dute. Dekorazioak dituzte bi aldeetan: izar-formak, gurutzeak, errosetak eta baita otso baten protomo bat ere irudikatzen dira.
Azken aldaketako data: