Osasun Saila

Elikadura osasungarriaren sustapena eskola-adinean

Fomento de la alimentación saludable en edad escolarGure elikatzeko modua faktore erabakigarria da gure osasunean. Gure elikaduraren arabera, gaixotasun jakin batzuk prebenitzen lagun dezakegu, edo gaixotasun horiek izateko arriskua areagotu.

Gure elikadura-ohiturak haurtzarotik eta nerabezarotik finkatzen dira. Garai horretan sor dezakegu ondoen ezagutza eta, hortik abiatuta, elikadura osasungarriari buruzko hautu arduratsua.

Horregatik, beharrezkoa da pedagogia-arloan lan egitea, elikadura osasuntsuak gure osasunean duen garrantziari buruzko ezagutza, kontzientziazioa eta motibazioa finkatzeko, epe luzera finkatu ahal izateko.

Fitxa didaktiko horiek hezkuntza-ingurunearen eskura jartzen ditugu (irakasleak, begiraleak, familiak, guraso-elkarteak…), modu erraz eta gidatuan erabiltzeko ikasgelan, jantokian eta/edo etxean. Asmoa da jarduera horiek erraz integratzea hainbat irakasgaitan, jantokian, jolastokian edo eskolaz kanpoko jardueretan garatzeko; edo etxera joan eta familian esperimentatzea, erosketak egitean edo afarietan.

Jarduera-fitxa bakoitzak honako hauek deskribatzen ditu: erabilera hobekien egokitzen zaion adina, ikastaroa eta ikasgaia, nola egin behar den, zer denbora edo maiztasun duen, non aplikatzea espero den (gela, jantokia, etxea), behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak, horien eraginkortasuna baloratzeko adierazleak, eta erabilera errazteko informazio gehigarria (bibliografia, material lagungarria, aurretiazko esperientziak).

Fitxa bakoitzean eta beherago aurki dezakezun aurkibide-koadroan ageri da adin-tartea. Aurkibide-taula berean, fitxa bakoitzarekin sustatu nahi den elikagai-mota ikus dezakezu. Fruta, barazkiak, fruta eta barazkiak, arraina eta informazio orokorreko beste batzuk hobeto ezagutzeko fitxak daude.

Aholkuen gida eskola adinean elikadura osasungarria edukitzekoHaurtzarotik elikadura-ohitura osasungarriak sortzeko eta finkatzeko gomendioak, bai eskolako jangelan, bai etxean.

Elikadura osasungarria, oro har da edo ez da osasungarria, eta, beraz, ez da nahikoa ikastetxeetako jangeletan elikadura aldetik zuzenak diren pautak betetzea, eskola adineko ahorakin gehienak horietatik kanpo egiten baitira. Horregatik egin da gida hau, eskola-eremutik kanpoko gainerako otorduetan osatzeko gomendio dietetiko orokor eta espezifikoekin.

Gidak 5 eskuliburu dauzka:

1. Elikadura osansugarria eskola adinean

2. Eskola adinerako aholku dietetikoak

3. Ikastetxeetako menuetarako aholku dietetikoak

4. Ikastetxeetako menuak osatzeko aholkuak

5. Eskola adineko elikadurarekin lotutako beste hainbat alderdi

Gida honetako aholkuen euskarri diren oinarri teknikoek nutrizioan adituak direnen adostasun handia dute, eta horren inguruko dokumentu nagusietatik abiatuta eskaini dira.

Eskola-jantokietan sukaldaritza erakargarria eta osasungarria egiteko aholku praktikoen gida  Eskola-adineko elikadura osasungarriaren esparruan, erakunde ofizialek eta nutrizioan adituek emandako gomendio dietetikoei jarraitzeaz gain, estrategia argiak ezarri behar dira eskola-menuak askotarikoak eta erakargarriak izan daitezen eta, aldi berean, elikadura-beharrak bete ditzaten eta elikadura-ohitura osasungarriak susta ditzaten, elikagai multzo guztien kontsumo egokia bultzatuz.  

Dokumentu honetan bildutako ondorioen bidez, aldaketa sinpleak egitera eta ikuspegi berriak sartzera gonbidatzen da, eskola-jantokietan ikasleek elikagai guztiak onar ditzaten, batik bat barazkiak, arrainak eta frutak. 

Helburua da ikasleen artean elikagai multzo horien benetako kontsumoa hobetzea, elikagai horiek, nutrizioaren aldetik egokiak diren arren, gutxiago jaten baitira. Eta gozatuz egin dezaten lortu nahi da, erakargarri eta gustagarri bihurtuko baititugu, bai plateren osagai nagusi gisa, bai bigarren mailako osagai gisa, hornigai, saltsa, zati, olio erre, pure, krema eta abarren bidez.

Azken aldaketako data: