Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 13koa, Funtzio Publikoko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko kidegoei eta eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legeak sortutako kidego eta eskaletan integratzeko prozedura.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 98
  • Hurrenkera-zk.: 2211
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/05/13
  • Argitaratze-data: 2022/05/23

Testu legala

Kidegoei eta eskalei buruzko lege berriak (7/2021 Legea, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzkoa) aldatu egiten ditu EAEko Administrazio Orokorreko funtzionarioak sailkatzeko kidegoak eta eskalak.

Kidegoek eta eskalek funtzionarioak eginkizun eta ezagutza komunen inguruan sailkatzeko, ordenatzeko eta taldekatzeko balio dute. Funtsezko elementuak dira hautaketa- eta hornikuntza-sistemetarako.

Kidego eta eskala berrietan integratzeak eta Lanpostuen Zerrenda berrian postu bakoitza zein kidego eta eskalari atxikiko zaion zehazteak zehaztuko dute funtzionarioaren etorkizuneko karrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen 18. eta 19. artikuluetan jasotako aurreikuspenak betetzen ditu ebazpen honek.

  1. Lege hau argitaratu eta gehienez ere sei hilabetera, prozedura-deialdi bat egingo da, funtzionarioak lege honetan sortzen diren kidego eta eskaletan integra daitezen.

Artikulu horrek ezartzen ditu, halaber, integratzeko prozedura-lerro nagusiak, Administrazioaren aurretiazko proposamen batean oinarrituta, ezarritako parametro jakin batzuen arabera, eta langileek proposamen hori aldatzeko aukera.

Bestalde, Legearen eranskinak ezartzen du indarrean dauden kidegoen eta aukera eta eskalen eta Legeak sortzen dituen kidegoen eta eskalen arteko korrespondentzien taula bat.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen 18. eta 19. artikuluekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 17. artikuluarekin bat etorriz, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren eta organo eskudunek nahitaezko txostenak eman ondoren,

Ebazpen honen xedea da funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legeak sortutako kidegoetan eta eskaletan integratzeko prozedura-deialdia egitea.

  1. Prozedura honetan parte hartuko dute:

    1. A taldeko karrerako funtzionarioek, edozein dela ere haien administrazio-egoera.

    2. 2022ko maiatzaren 12an jardunean edo parekatutako egoeran dauden A taldeko bitarteko funtzionarioen izendapena duten langileek eta lotura hori mantentzen dutenek integrazioen ondorioetarako datan, ebazpen honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  2. Ezin izango dute prozedura honetan parte hartu:

    1. Kidego eta eskala bakarretako titulazio-azpitalde jakin bateko karrerako funtzionarioek edo jarduneko bitarteko funtzionarioek, zeinak ofizioz integratuko baitira lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintzetan.

    2. Laguntzaile teknikoen kidegoko aukera eta eskala desberdinetako karrerako funtzionarioek edo jarduneko bitarteko funtzionarioek, zeinak ofizioz integratuko baitira bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintzetan.

  1. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak kidego eta eskala berrietan integratzeko proposamen baten berri emango du, interesdunak proposamen hori aldatu dezakeen kontuan hartu gabe. Proposamen horretan kontuan hartuko da interesdunak eskalara sartzeko eskatzen den titulazioa izatea, eta eskala funtzionarioen jatorrizko kidegoaren azpitalde eta aukera edo eskala berekoa izatea.

  2. Funtzionarioak izendapeneko kidego, aukera eta eskalekin bat egiten duten kidego eta eskala berrietan integratzeko proposamena egingo da lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen eranskinean ezarritako zerrendaren arabera.

  3. Korrespondentziarik ez balego, funtzionarioak zein kidego eta eskalatan duen esperientzia handiena, han integra dadin proposatuko da. Esperientzia hori neurtzeko, lanpostuen zerrenda berrian betetako lanpostuak atxikita geratu diren kidego eta eskaletan betetako egun-kopurua hartuko da kontuan.

  4. Bi eskalatan esperientzia berdina badu, betetzen ari den lanpostuaren edo azkenekoz bete duen lanpostuaren lehentasunezko eskalan integratzea proposatuko da, eta, posible ez bada, bigarren mailako eskalan.

  5. Esperientzia kontatzeko, plaza bati atxikita emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

    Beste zerbitzu batzuekin batera aldi berean egindako zerbitzuak ez dira inola ere kontuan hartuko. Horri dagokionez, ez dira zenbatuko eginkizunak behin-behinean esleituta emandako zerbitzuak.

    Zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako aldiak bete duten funtzionario-lanpostuan balioetsiko dira. Karrerako funtzionarioa izanik, lanpostu baten titularra ez bada, bete duen azken lanpostuaren eginkizunen arabera balioetsiko da.

    Betetako lanpostuko lan-esperientzia gisa hartuko dira hauetan igarotako aldiak: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskararen ikaskuntza, norberaren gauzetarako baimenak, aldi baterako ezintasuna edo antzeko egoerak.

  1. Karrerako funtzionarioak, mota kontuan hartuta, lotura duten kidego eta eskaletan integratuko dira.

  2. Ezin bada integrazio-proposamenik egin 3. artikuluan jasotako irizpideekin, titulartasunean izan duen azken lanpostuko kidego eta eskalaren batean egingo da proposamena. Titulartasunik izan ez badu edo irizpide horren arabera integratzea ezinezkoa bada, azken lanpostuaren kidego eta eskalaren batean sartzea proposatuko da.

  3. Nolanahi ere, karrerako funtzionarioak Administrazioaren proposamena alda dezake, eta, bere borondatez, hauetako batean integratu:

    Titular den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskaletako batean.

    2022ko maiatzaren 12an betetzen ari den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskaletako batean.

    2022ko maiatzaren 12ra arte azken hamar urteetan gutxienez bost urteko esperientzia izan duela egiaztatzen duen kidego edo eskaletako batean. Esperientzia horrek ezaugarri berdinak izan beharko ditu, eta 3. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera neurtuko da.

  1. Jardunean edo parekatutako egoeran dauden bitarteko funtzionarioak kidego eta eskala bakarrean integratuko dira, ebazpen honen 3.2 eta 3.3 artikuluetan ezarritako irizpideen arabera.

  2. Bitarteko funtzionarioak Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren proposamena alda dezake, eta, bere borondatez, hauetako batean integratu:

    2022ko maiatzaren 12an betetzen ari den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskaletako batean.

    2022ko maiatzaren 12ra arte azken hamar urteetan gutxienez bost urteko esperientzia izan duela egiaztatzen duen kidego edo eskaletako batean. Esperientzia horrek ezaugarri berdinak izan beharko ditu, eta 3. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera neurtuko da.

  1. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 10 egun balioduneko epea irekiko da Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak egindako integrazio-proposamena onartzeko ala aldatzeko.

  2. Epea irekitzearekin batera, integrazio-proposamena prozedura honetan parte hartu behar duten langileen eskura jarriko da, Nire Karpeta atalean, hain zuzen. Era berean, proposamen hori Enplegatuaren Atarira bidaliko da, jarduneko langileei jakinarazteko.

    Integrazio-proposamen horretan, gainera, 4. artikuluko 3. paragrafoan eta 5. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz eta langileen erregistroan dauden datuen arabera, beren borondatez integratzeko zer aukera duten jasoko da.

    Funtzionarioek proposamena onartu ala aldatu beharko dute, Enplegatuaren Atarian horretarako berariaz gaitutako prozesuan parte hartuz. Prozesuan parte hartu ezean edo hauturik egin ezean, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak proposatutako kidegoan edo eskalan integratuko da.

    Halaber, aplikazioaren bidez eta 10 egun balioduneko epe berean, dagozkion erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira proposamenaren aurka.

  3. Jardun-egoeraz edo parekatutako egoeraz bestelakoan dauden eta, beraz, Atarira sartzerik ez duten langileek, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak egindako proposamena aldatu nahi badute, Internet bidez egin ahal izango dute: www. euskadi.eus/integrazioa. Horretarako, PINa eskatu beharko dute Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan, honako helbide honen bidez: provisionseleccion@euskadi.eus

  4. Karrerako funtzionarioen kasuan, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren agindu baten bidez sartuko da dagokion kidegoan eta eskalan, eta bitarteko funtzionarioen kasuan, aldiz, Funtzio Publikoko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

  1. Egoitza elektronikoko Nire Karpeta atalean jasoko dituzte ebazpen honen aplikazio-eremuko langileek prozesu honetako komunikazioak eta jakinarazpenak. Nire Karpeta atalean sartzeko, identifikazio-ziurtagiri bat eta sinadura digitala behar dira (Administrazio honen egoitza elektronikoan onartutako identifikazio- eta sinadura-bitartekoak).

    Era berean, jarduneko langileek Langilearen Atariko Nire Kudeaketak postontzian jasoko dituzte prozesu honen komunikazioak eta jakinarazpenak.

  2. Postontzi horietan, hauek jarriko da interesdunen eskura:

    A taldeko langileei Funtzio Publikoko Zuzendaritzak egindako integrazio-proposamenaren komunikazioa, baita 4. eta 5. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zein eskalatan integra daitezkeen ere.

    Langile guztiei egindako jakinarazpen elektronikoa, adieraziz eskala berrian sartu direla.

  3. Jakinarazpenen kasuan, sarbidea egiaztatu eta gero, jakinarazpentzat joko da ondorio guztietarako, eta prozesuaren ebazpenari errekurtsoa jartzeko epea abian jarriko da.

    Halaber, jakinarazpenak postontzian eskura jarri direla jasota geratu bada, eta hamar egun naturaleko epea igarotzen bada edukira jo gabe, jakinarazpenaren izapidea gauzatutzat joko da, eta abian jarriko da ebazpenari errekurtsoa jartzeko epea, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezinezkoa dela hartarako irispidea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.5 eta 43.2 artikuluen arabera.

  1. Integrazioak ondorioak izango ditu integrazio-aginduan edo -ebazpenean ezarritakoaren arabera, eta iraungi egingo da jatorrizko kidego, eskala eta aukerarekiko lotura.

  2. Integratzeak ez du inolako ondorio ekonomikorik izango. Funtzionarioak bere lanpostuari esleitu zaizkion ordainsariak jasotzen jarraituko du.

  3. Funtzionarioak ez baditu betetzen lege honetan sortzen diren kidego eta eskaletan sartzeko eskakizunak, jatorrizko kidego, aukera edo eskalan geldituko da, «desagertzeko» kalifikazioarekin.

  4. Jarduneko bitarteko funtzionarioak integratzeak ekarriko du haien integrazio-kidegoari eta -eskalari dagokion lan-poltsan sartzea, hargatik eragotzi gabe beste lan-poltsa batzuetan sartu ahal izatea horretarako deitutako prozesuan.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio-talde edo -azpitalde batean eskala bakarretan integratzea.

  1. Mendekoen, administrari laguntzaileen eta administrarien kidegoetako karrerako funtzionarioak eta jarduneko bitarteko funtzionarioak kidego eta eskala hauetan integratuta geratuko dira, ebazpen honen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioekin:

    1. Mendekoen kidegoko langileak laguntzako langileen lanbide-taldean integratuko dira.

    2. Administrari laguntzaileen kidegoko langileak administrari laguntzaileen kidegoko administrari laguntzaileen eskalan integratuko dira.

    3. Administrarien kidegoko langileak administrarien kidegoko administrarien eskalan integratuko dira.

  2. Zuzenean Agentea lanpostuan izendapena duten jarduneko bitarteko funtzionarioak administrarien kidegoko administrarien eskalan integratuko dira.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Laguntzaile teknikoen kidegoko eskaletan integratzea.

    Laguntzaile teknikoen kidegoko aukera eta eskala desberdinetako karrerako funtzionarioak eta jarduneko bitarteko funtzionarioak laguntzaile teknikoen kidegoko eskala hauetan integratuta geratuko dira, ebazpen honen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioekin:

    1. Obren eta instalazioen delineazioko eskalan:

      Aukera: fabrikazio mekanikoko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: eraikuntza-proiektuen eta -aplikazioen garapeneko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: obren planak gauzatzeko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: fabrikazio mekanikoko diseinuko goi-mailako teknikaria.

    2. Kudeaketa informatikoko eskalan:

      Aukera: aplikazio informatikoak garatzeko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: sistema informatikoen administrazioko goi-mailako teknikaria.

    3. Hazien eskalan:

      Aukera: nekazaritza eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolamenduko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolamenduko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: elikagaien industriako goi-mailako teknikaria.

    4. Arrantzako eskalan:

      Aukera: itsas nabigazio, arrantza eta garraioko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: itsasontziko makina eta instalazioak ikuskatu eta kontrolatzeko goi-mailako teknikaria.

    5. Laguntzaile laborategiko eta osasun- eta ingurumen-ikuskaritzako eskalan:

      Aukera: ingurumen-osasuneko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: kimika industrialeko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: analisi eta kalitate-kontroleko goi-mailako teknikaria.

      Aukera: diagnosi klinikoko laborategiko goi-mailako teknikaria.

      Eskala: laborategia.

      HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

      Enplegu-harremana 2022ko maiatzaren 12aren ondoren hasten duen bitarteko funtzionarioa formalizatutako izendapenaren kidego/aukerari dagokion eskalan integratuko da. Korrespondentziarik ez balego, izendatua izan den lanpostuaren lehentasunezko eskalan integratuko da.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 13a.

Funtzio Publikoko sailburuordea,

JOSE MARÍA ARMENTIA MACAZAGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.